56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

115/2006 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2005. urtean ingurumenari buruzko boluntariotza eta hezkuntza jarduerak eskolaz kanpo egiteko dirulaguntzetarako deialdia eta haren arauak onesten dituena.

Urriaren 26ko 327/1992 Foru Dekretuak ezarri du zein araubidez eman behar zaizkien dirulaguntzak ingurumenarekin lotutako jarduerei. Foru dekretu horretako 2. artikuluak xedatzen du dirulaguntzok emateko deialdia urtero eginen dela, hartarako Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak foru agindu bat emanik eta ondoren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzen bidez gizartea informatu eta sentsibilizatzeko, parte harrarazteko, ingurumenari buruz hezteko eta programak ebaluatzeko egiten dituen programetan, guztiz on da eskolaz kanpo ere hainbat jarduera sustatzea, gure komunitateko populazioan ingurumenaren gaineko hezkuntza garatzea bultzatzeko. Horrez gain, garrantzitsua da ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetan elkarlanean aritzea, jendeari bide ematen baitiote tokian tokiko ingurumen arloko arazoetan parte hartzeko. Horrek onura dakarkio gizarte osoari.

Ikusirik Informazio eta Hezkuntza Atalak egin proposamena eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna aurrekontuaren aplikazioarekiko, eta otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri duenak, eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onestea 2006. urtean eskolaz kanpo Ingurumenari buruzko boluntariotza eta hezkuntza jarduerak egiteko dirulaguntzentzako deialdia.

2. Deialdi horren arauak onestea, foru agindu honen eranskinean datozenak.

3. Gastua 95.656,00 eurokoa izanen da eta 2006rako gastu aurrekontuko "Ingurumenari buruzko hezkuntza programetarako dirulaguntzak" izeneko 330002-31200-4819-456300 kontusailetik finantzatuko da.

4. Deialdia eta haren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Gobernuaren webguneko atarian argitara daitezela xedatzea.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hura aldatzen duen 4/1999 Legearen 114. artikuluan eta Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

6. Foru agindu hau bidaltzea Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntza Atalera, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Ekonomiko-Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 6an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

2006. URTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN INGURUMENARI BURUZKO BOLUNTARIOTZA ETA HEZKUNTZA JARDUERAK ESKOLAZ KANPO EGITEKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIA

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, nafar jendea informatu, gaitu eta Nafarroako baliabide naturalak zaintzen eta oro har ingurumenaren iraunkortasuna handitzen gehiago parte har dezan lortu beharrez, jarduera horiek finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdi hau ezarri du. Hona arauak:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen helburua da dirulaguntzak ematea ingurumenari buruzko boluntariotza eta hezkuntza programak egiteko, eskolaz kanpo, 2006. urtean Nafarroako gobernuko eta gobernuz kanpoko erakundeek bultzaturik. Programa horien helburua izanen da herritarrak beren ingurumenaz ohartaraztea, bai bakarka eta bai haien elkarte eta beste herritar erakunde edo instituzioen bidez, bai gaur bai gero batean gure komunitatean izan daitezkeen ingurumen problemen kontra bakarka nahiz taldeka jokatzeko gaitasuna izan dezaten.

Diruz lagunduko diren jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte.

Bigarrena._Laguntza-hartzaileak.

Nafarroako edozein erakunde publiko nahiz pribatuk izanen du zilegi dirulaguntzok eskatzea, baldin legez eraturik badago, irabazi asmorik gabekoa bada, dirulaguntza eskatzen duen egunean helbidea Nafarroan badu, eta 2006. urtean Nafarroako Foru Komunitatean bakarka nahiz elkarlanean ingurumenari buruzko boluntariotza eta hezkuntza jarduerak egin nahi baditu eskolaz kanpo (deialdi honetan sartzen diren jarduerak). Entitate horiek ez dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren inguruabarretan egonen.

Elkarlanean egindako proiektuen kasuan, entitateetako batek eginen du eskaera, laguntzen zuzeneko hartzaileak hain zuzen, eta dokumentazioan jasoko da zein beste entitatek (modalitate berekoak nahiz beste batekoak) parte hartzen duten proiektuan eta zein baldintzatan.

Hirugarrena._Modalitateak.

Entitateek aurkezten dituzten proiektuak hiru modalitatetan sailkatuko dira:

_A modalitatea

Nafarroako toki entitateek eta zerbitzu mankomunitateek aurkezturiko eskolatik kanporako ingurumen hezkuntzarako edo ingurumen boluntariotzarako proiektuak.

_B modalitatea

Legez osaturik dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi asmorik gabeko elkarteek eskolaz kanporako aurkezturiko ingurumen hezkuntzarako proiektuak.

_C modalitatea

Legez osaturik dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkezturiko ingurumen boluntariotzarako proiektuak.

Laugarrena._Proiektuen eremua.

_A modalitatea

Ekintza eremua:

1. Ingurumenari buruzko hezkuntza eta sentsibilizaziorako proiektuak (informazioa, prestakuntza, komunikazioa, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta herritarren partaidetza udalen ingurumena kudeatzen, B modalitaterako zehazten diren esparruen arabera) 21 Toki Agendako toki ekintzako planean bilduak.

2. Ingurumen boluntariotzarako proiektuak (C modalitaterako zehazten diren esparruen arabera) 21 Toki Agendako toki ekintzako planean bilduak.

_B modalitatea

Ekintza eremua: ingurumenari buruzko hezkuntza proiektuak, ingurumen kudeaketaren arlo hauetako bat aintzat hartzen dutenak:

_Energia aurreztu eta hobeki erabiltzea (mugikortasunari eta garraioei loturiko kontuak ere biltzen ditu).

_Energia berriztagarrien garapena.

_Hirietako ingurumena.

_Ingurumenerako praktika egokiak.

_Ingurumenaren kudeaketa eta biodibertsitatearen zainketa.

_Kutsadurari aurrea hartu eta haren kontra borroka egitea.

Deialdi honetara aurkezten diren hezkuntza proiektuek zilegi izanen dute ikastaro, jardunaldi, lantegi, mintegi, sinposio eta kongresu moduan egitea.

_C modalitatea

Boluntariotza programak ekintza zehatz eta tinkoak izanen dira, jarduketa esparru hauetariko baten batean izanen direnak:

.Naturgune babestuak zaindu edo lehengoratzea.

.Flora eta fauna zaintzea.

.Oihana babestea.

.Hiri ingurunearen naturalizazioa eta ingurumenaren kalitatea.

.Naturgunearen erabilera publikoa.

Proiektuetako ekintzek natur ondarea (oihan lurrak), naturgune babestuak, Europar Batasunaren intereseko lekuak, ondare historikoko ondasunak eta/edo flora nahiz faunako espezie babestuak hartzen badituzte beren baitan, proiektatu den ekintzari dagokion aldez aurreko txosten bat aurkeztu beharko da, organo eskudunak emanda. Proiektuak dirulaguntza lortzen badu, ezinbestekoa da behar diren baimenak irmo bilakatzea, ekintzak gauzatu ahal izateko. Proiektua gauzatu behar denerako baimen guztiak eskuratu ez badira, dirulaguntza osoa kenduko da berehala, eta irekitzen ahal den zehapen espedientearen ondorioen erantzule izanen da entitatea.

Auzolanean egiten diren ekintzak ez dira ingurumenaren arloko boluntariotza proiektu gisa onartuko, nahiz eta horien bidez ingurumenaren aldeko ekintzak gauzatu, horien oinarri kontzeptual eta historikoak bateraezinak direlako. Ezagutza kartografiatuak eta esparru haiek zuzenean hobetzen ez dituztenak handitzeko proiektuak ere ez dira modalitate honetan onartuko.

Esku-hartze proiektuak ondasun publikoen gainean eginen dira eta Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen babesean.

Bosgarrena._Dirulaguntza hartzeko moduko kontzeptuak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28. artikuluarekin bat, kontzeptu hauek izan daitezke dirulaguntzen xede (2005eko 146. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 14koa):

A._A eta B modalitateak

Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizaziorako proiektuak:

a) Material grafikoak formatu fisikoan zein elektronikoan argitaratzeko, proiektu bat osatzen dutenean.

b) Ikastaroetarako eta bestelako prestakuntza jardueretarako entitate antolatzaileetatik kanpoko irakasleak kontratatzeko gastuak.

c) Txostengileen eta hizlarien kontratazio, ostatu eta mantenu gastuak

d) Jarduerak aurrera ateratzeko material suntsikorra erosteko gastuak.

e) Lokalak alokatzea (hirugarren batenak) berariazko jarduerak egiteko. Elkarteen kasuan ez da kontuan hartuko entitatearen bulegoa alokatzeko gastua.

f) Proiektuak zabaltzeko, jendarteratzeko eta publizitatzeko gastuak.

g) Istripuen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeko gastuak, bai langile boluntarioak eta bai esku-hartze proiektuan parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik izaten bada) babesteko modukoa. Aseguruak diruz laguntzen den jarduera besterik ez du babestuko.

h) Garraio gastuak (edozein ibilgailuren kilometrajea) edo salgaiak eta pertsonak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko gastuak (20 eserlekutik aurrera), jarduerak egiteko beharrezkoak badira eta proiektuaren memoria teknikoan behar bezala justifikaturik badaude (abiapuntu eta helburua, garraioaren beharra eta kilometro kopurua zehaztuz).

Entitate antolatzailekoak diren irakasle, txostengile, begirale eta hizlariak kontratatzeko gastuak horretatik kanpo daude. Horien kasuan joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak bakarrik onartuko dira.

Garraio gastuetan (kilometrajeagatik), kilometro bakoitzerako moduluaren zenbatea ezin izanen da Foru Administrazioak bere langileendako onetsirikoa baino handiagoa.

B._A eta C modalitateak

A puntuan aipatu gastuez gain, honakoak era hartuko dira aintzat boluntario lanerako proiektuen kasuan:

a) Mantenu gastuak.

b) Garraio gastuak (edozein ibilgailuren kilometrajea) edo salgaiak eta pertsonak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko gastuak (20 eserlekutik aurrera), jarduerak egiteko beharrezkoak badira eta proiektuaren memoria teknikoan behar bezala justifikaturik badaude (abiapuntu eta helburua, garraioaren beharra eta kilometro kopurua zehaztuz).

c) Makinak alokatzeko gastuak.

d) Istripuen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeko gastuak, bai langile boluntarioak eta bai esku-hartze proiektuan parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik izaten bada) babesteko modukoa.

Garraio gastuetan (kilometrajeagatik), kilometro bakoitzerako moduluaren zenbatea ezin izanen da Foru Administrazioak bere langileendako onetsirikoa baino handiagoa.

C._Proiektua kudeatzeko orotariko gastuak ez dira dirulaguntzen xede izanen, alegia, koordinazio lanak, komunikazioak (telefonoak, internet, eta abar), gutunak, paperak, material suntsikorra eta antzekoak.

D._Kontzeptu hauek ere ez dira dirulaguntzen xede izanen:

.Buletinak, posterrak, kartelak edo antzekoak argitaratzea.

.Bideo, CD-ROM, DVD edo antzeko multimedia produktuak edo elektronikoak diseinatu, muntatu, kopiatu edo banatzea.

.Interneten entitateari, proiektuari edo kasuan kasuko ingurumen gaiari edo antzekoei buruzko guneak argitaratzearen inguruko diseinu, sortze eta ostatu gastuak eta beste gastu batzuk.

Salbu eta proiektuaren helburu bakarra ez bada eta proiektua burutzeko ezinbestekoa bada.

E._Material inbentariagarria ere sartzen ahalko da, hura erosteko behar bezalako arrazoiak ematen badira, dirulaguntzaren xede den jarduerari dagokionez, eta proiektua bukatzean amortizatutzat jotzen ahal bada.

F._Dirulaguntzaren zenbatekoa proposaturiko jarduera edo proiektuen kostu guztiei edo batzuei dagokieke, Balorazio Batzorde Teknikoaren irizpidearen arabera (zazpigarren klausula).

G._Ematen den dirulaguntzak ez du behin ere 18.000 euro baino gehiago eginen entitate batek aurkezturiko proiektu guztietarako.

H._Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Puntu honek ukitzen dituen proiektuetarako entitateko lehendakariaren agiri bat aurkeztuko da, kontu hau betetzeko erabili den prozedura azaltzen duena.

Seigarrena._Eskabideak eta eskaturiko agiriak aurkezteko epea.

A._Epeak.

Eskabideak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Armadaren etorbidea, 2-behea, 31002 Iruña), Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean. Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetu beharko ditu.

Dokumentazioa postetxean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/99 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

B._Agiriak.

Entitate eskatzaileek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera eredua

b) Dirulaguntza xede den jardueraren memoria teknikoaren edo proiektuaren paperezko kopia (eranskineko 2. orrialdea).

.Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko bulegoetan emanen den ereduaren araberakoak (paperean emanen da);

.Internetetik jaisten ahalko da (Word97 eta Excel97ko dokumentua), Departamentuko Katalogoen zerbitzuko Laguntza eta Beken gunean (www.navarra.es).

c) Word97 eta Excel97 agiriak (proiektuari eta aurrekontuari dagozkienak) biltzen dituen CD-ROMa.

d) B eta C modalitateetan hasierako 100eko 75 pagatu ahal izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 33. artikuluaren arabera, beharrezkoa izanen da entitateak aurrerakin horren beharra agirien bidez froga dezala, alegia, ezin dituela bere gain hartu dirulaguntzaren bidez kobratu arteko gastuak abenduan ordainagiriak aurkeztu artekoak, alegia.

e) A modalitatean, toki entitateek eta mankomunitateek zortzigarren klausulan zehazten den gastu konpromisoko agiria aurkeztuko dute.

f) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari lehenbizikoz laguntzak eskatuz gero eta elkarteak izanez gero, transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen kopia, IFZ daukana, aldez aurretik Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztua.

g) Gobernuz kanpoko elkarteak izanez gero, Elkarteen Erregistroko ziurtagiria, Barne Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak emana.

h) Entitateek, administrazio publikoak izan ezik, zerga guztiak pagatu eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dituztela dioen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.

i) Proiektu bera egiteko hartu dituzten dirulaguntza guztien adierazpena, deialdikoekin batzen ahal direla zehaztuz.

C._Baldintza teknikoak betetzea

Prestakuntza arautugabeko proiektuetariko bakoitzak deialdi honetako eranskinean eskatzen diren irizpide teknikoak bete beharko ditu.

D._Kontsultak

Entitateek zilegi izanen dute egoki iruditzen zaizkien kontsulta guztiak egitea laguntza eskaerak Administrazioan formalizatu baino lehen. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntza Atalarekin harremanetan jarri, ahal bada idatziz subvenea@navarra.es helbide elektronikoan, edo bestela 848 427865 telefonoan edo Iruñeko Armada etorbideko 2ko 2. oineko 9. mailara joanez.

Zazpigarrena._Laguntzen balorazioa.

A._Aurkeztutako eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu. Honako kideak izanen ditu:

.Ingurumenari buruzko Hezkuntza eta Informazioaren Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

.Hiri Ingurumenaren Ataleko burua edo bere ordezko teknikari bat.

.Oihanak Kudeatzeko Ataleko burua edo bere ordezko teknikari bat.

.Kutsaduraren Kontrol Integraturako Ataleko burua edo bere ordezko teknikari bat.

.Habitaten Ataleko burua edo bere ordezko teknikari bat.

B._Proiektuak ondoko irizpideen arabera baloratuko dira, eta 0 puntutik 100era bitarteko puntuazio orokorra emanen zaie:

_Proposatutako jarduerek Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenari begira duten interes maila (20 puntu bitarte).

Interes hori baloratzerakoan kontuan hartuko da: administrazioei zer onura ekarriko dien, haien lehentasunen artean sartutako ekintza bat baita, administrazioak berak gauzatzerik ez izatea, proiektuan lortzen diren datuen erabilgarritasuna eta ekintzak zer ondorio izanen duen populazio parte-hartzaileen, lur berreskuratuaren eta abarren arabera.

_Memoria teknikoan aurkeztutako proiektuaren kalitatea (50 puntu bitarte). Kalitate hori baloratzeko kontuan hartuko da helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideen egokitasuna eta lanaren oinarri izanen diren euskarri dokumentalak aurkeztea. Honako alderdi hauek begiratuko dira bereziki:

.Errentagarritasun ekonomikoa eta, batez ere, giza errentagarritasuna (jardueraren kostuaren eta onuren edo onuradunen arteko balantzea).

.Aurreikusi diren ekintzen bitartez helburuak lortzeko aukeren bideragarritasuna edo zenbatespena.

.Eraginkortasuna, jarduera garatzeko baliozkotasuna, indarra, egokiera eta metodoa aintzat hartuta.

_Aurrekontuko kontzeptuen gardentasun eta zehaztasuna (10 puntu bitarte), unitateko prezioetan banatuta ahal deneraino, eta kostu orokorrak egin beharreko lanarekin eta lortu nahi diren helburuekin duen erlazioa.

_Baliabideen zerrenda (20 puntu bitarte) eta entitate edo elkarte eskatzaileak aurkeztutako proiektua gauzatzeko duen esperientzia. Garrantzi berezia izanen du proiektua honako arlo hauetan txertatzeak:

.laguntza eskatzen duen entitatearen curriculumean, ingurumenari lotutako hezkuntzan dauzkan helburuei eta gauzatzen dituen ekintzei dagokienez.

.ingurumenaren aldeko ekintzen multzoan, aurkeztutako proiektua entitateak gauzatzen dituen beste batzuekin zer lotura duen kontuan hartuta.

Baloratu beharreko kontuei dagokien gehieneko puntuazioa galarazi gabe, B puntuan zehaztu bezala, Balorazio Batzorde Teknikoak ahaleginak eginen ditu proiektu osoa batera aztertzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da kalitateko memoria tekniko bat eta aurrekontu oso eta zehatz bat aurkeztea.

C._Proiektu hauek ez dira baloratuko:

.deialdiko arauetatik kanpo daudenak,

.bosgarren klausulan aipatzen den zerrendaren arabera dirulaguntzen xede izan daitezkeen kontzeptuak ez dauzkatenak.

D._Nahiz eta aurrekontuan behar beste diru izan, ez dute dirulaguntzarik jasoko 50 puntutik beherako balorazioa duten proiektuek.

E._Baloraziorako Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren arabera emanen da dirulaguntza. Dirulaguntza ematen denean entitateari adieraziko zaio zein kontusail onartu den eta horietako bakoitzaren zenbatekoa zein den, eskatzaileak aurkeztutako aurrekontu zehatza oinarri hartuta.

F._Dirulaguntzaren esleipena proiektu guztietarako batera eginen da, modalitate batekoak edo bestekoak izan, puntuazio handiena dutenetatik hasi eta 50 puntukoetaraino, kreditua agortu arte.

Zortzigarrena._Laguntzen zenbatekoa eta pagatzeko modua

_A modalitatea

Toki entitateek eta zerbitzu mankomunitateek aurkezturiko proiektuen zenbatekoen 100eko 50 finantzatuko da, dirulaguntzen onuradunak izanez gero, baldin eta zenbatekoak arau honetako 5.G klausulan aurreikusirikoa gainditzen ez badu.

Entitate horiek hitza emanen dute, beren idazkari edo kudeatzaileak idatzitako agiri baten bitartez, aurkeztutako proiektuaren zenbateko osoaren 100eko 50 gutxienez pagatuko dutela, baldin eta laguntza lortzen badute.

Entitatek finantzatu beharreko 100eko 50ean deialdi honetako 5. klausulan aipatzen ez diren kontzeptuen gastuak sartzen ahalko dira, gastu horiek gabe proiektua bideraezina bada.

Pagatzeko modua.

.Dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 100 (onetsiriko 100eko 50 gehienez), jarduera bukatzean, gastuak justifikatu eta hamargarren arauko c) atalean aipatzen den memoria aurkeztu ondoren.

_B eta C modalitateak

Irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkezturiko ingurumen boluntariotza eta hezkuntzarako proiektuak. Proiektu mota hau sustatzearren, onarturiko aurrekontuaren 100eko 100 finantzatuko da eta honelaxe pagatuko da:

.100eko 75 onartzen denean*

.Gainerakoa, jarduera burutzen denean, gastuak justifikatu eta hamargarren arauko c) idatz-zatian aipatu txostena aurkeztu ondoren.

(*) Baldin eta aurkezturiko azalpena 6.B.d agiriaren arabera onartzen bada. Bestela, dirulaguntza eman baino lehen, entitateari galdetuko zaio, horren berri izatean, proiektua aurrera eramatea edo bertan behera utzi eta dirulaguntzari uko egitea erabaki dezan.

Bederatzigarrena._Laguntzak ematea.

Ingurumen zuzendari nagusiak emanen ditu dirulaguntzak, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek ez du bide administratiboa agortuko. Ebazpena deialdira aurkezturiko entitate bakoitzari banan-banan jakinaraziko zaio, lorturiko puntuekin, onarturiko gastuekin eta, hala bada, dirulaguntzaren zenbatekoarekin batera. Edo ezesteko zergatikoarekin batera, arau hauetariko baten bat betetzen ez denean. Deialdiaren gaineko ebazpen osoa Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko "Catálogo de servicios"->"Ayudas y becas" atalean argitaratuko da.

Espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari igorria, hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete iragan eta ebazpen espresurik eman ez bada, eskaera ukatutzat emanen da.

Hamargarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

A._Proiektua aurrera eramatean eduki edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio Foru Komunitateko Administrazioari beste konpromisorik ekarriko, bere gain espresuki hartzen ez badu. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntza Atalak onetsi beharko du, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren edozein aldaketa.

B._Argibide guztietan adieraztea jarduera Nafarroako Gobernuaren sostenguarekin egiten dela.

Diruz lagundutako zabalkunde materiala argitaratzen, editatzen edo prestatzen denean, entitateak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren logotipoa haien barrenean sartu beharko du, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuaren arabera (2004ko 66. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 2koa), eta bozeto bat departamentu honetan aurkeztu beharko du, argitaratu baino lehen ontzat eman dadin.

Horrelakoetan, entitatea beharturik egonen da argitaratu behar duen materialaren zirriborroa Ingurumen Zerbitzuan aurkeztera, zabaldu baino lehen Zerbitzu honek ikus-onetsia eman diezaion. Foru dekretu hura betetzen dela bermatzeko bakar-bakarrik gainbegiratuko da.

Deialdi honen babesean argitaratzen diren monografiko, zabalkundeko liburuxka, erakusketako panel eta bestelako argitalpenen kasuan, balorazioak edo iritziak ematen badira, arestian adierazitakoaz gainera, horiek sustatzen dituzten entitateek toki nabarian sartu behar dute _ahal delarik argitalpenaren kredituen orrian_ honako testua: "Nafarroako Gobernua, argitalpen (edo erakusketa, kasuan-kasuan) honetarako dirulaguntza eman badu ere, ez dator bat nahitaez bertan agertzen diren artikulu edo iritzien edukiarekin".

Ezein entitatek ezin izanen du Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili berak eginiko beste jarduerak argitaratzeko, ez badira propio diruz laguntzen deialdi honen bidez.

C_Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharrekoak:

.Eginiko jardueraren memoria zehatza (ahal den ber, eranskineko 2. orrialdeko urratsak eginez).

.Gastu eta dirusarreren zerrenda. Gastuak bederatzigarren klausulan zehaztu bezala aurkeztuko dira. Gastu horien zenbatekoa edo hortiko goitikoa justifikatzen ez bada, onartu den dirulaguntza proportzionalki gutxituko da.

Mugaeguna (abenduaren 7a) pasatzean ez da fakturarik edo agiririk onartuko.

.Orobat, diruz lagundutako talde edo entitateek egindako autoebaluazioa aurkeztu beharko da, bertan jarduera hastean paratutako xedeak zenbateraino bete diren agertuz (eranskineko 2. orrialdeko 5.3 eta 5.5 atalak).

Entitateek baimena ematen diote Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari memoria eta autoebaluazioaren emaitzak osorik edo laburturik, edozein baliabide fisiko edo elektronikoren bidez, argitara ditzan, betiere proiektuez arduratzen diren entitate eta pertsonak aipatuz, eginiko ekintzak eta haien arduradunak zabaltzeko eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren proiektuen kalitatea hobetzeko.

D._Proiektua dela-eta orotariko intereseko materialak, hala nola, liburuak, liburuxkak, bideoak, afixak eta antzekoak, egin behar direnean, azken ordainketa egiteko onuradunak aleen 100eko 20 eman beharko dizkio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari. Ez da eskatuko betebehar hori publizitatea argitaratzeko.

Erakusketen kasuan, entitate onuraduna beharturik egonen da erakusketa Nafarroako elkargo, ikastetxe, toki entitate, fundazio, eta abarri eta Nafarroako Gobernuari lagatzera, interesatuek aurretik eskatuta. Kasu horietan, garraiatu, muntatu, desmuntatu eta, beharrezkoak izanez gero, zaintzeko gastuak interesatuen kontu izanen dira. Materialak prestatu eta bi urtez egoera onean eduki eta haiek eskuratzeko erraztasunak ematea izanen da entitate onuradunaren eginbehar bakarra.

E._Zerga arloko beharkizunak betetzea (lanbideen kotizazioen atxikipenak, behar bezala betetako fakturak, etab.) eta, proposamena nolakoa den, indarra duten arauekin bat etorriz, ezartzen den beste edozein baldintza betetzea.

F._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ematen zaizkion material eta agiriak nahi bezala erabiltzen ahalko ditu, betiere autorea nor den aipatuz.

Hamahirugarrena._Gastuen justifikazioa.

Kasu guztietan, gastuak justifikatzerakoan, fakturak luzatzeko baldintzak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak agintzen duena beteko da, eta jarduera aurkezturiko proiektuaren eta, beraz, deialdi honetako arauen arabera egin dela frogatu beharko da. Dekretu hori 2004ko 64. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Gastuak Excel artxibo batean bilduko dira eta 1etik aurrerako zenbakiak izanen dituzte, jatorrizko fotokopien edo fotokopia konpultsatuen bidez aurkezturiko agiriek bezala. 2006ko abenduaren 7an bukatuko da epea, ostegunarekin. Dirulaguntzaren xede den proiektuaren aurrekontu osoko gastuak justifikatu beharko dira. Ordainketa transferentzia bidez eginen dela adierazten duten fakturekin batera hura egin dela frogatzen duen agiriaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua aurkeztuko da.

Kilometrajearen ondoriozko gastuak (5. klausulako A eta B ataletan azaldu bezala) lehendakariaren, alkatearen edo kudeatzailearen zinpeko adierazpenaren bidez aurkeztuko dira eta ibilbideak, eginiko kilometroen kopurua eta gastuaren zenbatekoa adieraziko dira, aurrekontuan onetsiriko moduluaren arabera.

Hamabigarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko galdatutako baldintzak betetzen diren begiratuko du, baita aurreikusitako inbertsioak zuzen erabili direnentz. Horretarako, behar diren ikuskapenak eta frogantzak egiten ahalko ditu, onuradunei beharrezkotzat jotzen dituen argibide edo agiriak eskatu eta, behar izanez gero, baita beraiek aurkez daitezela eskatu ere. Horretarako, komenigarritzat jotzen baldin badu, laguntza teknikoa edukitzen ahalko du.

Hamahirugarrena._Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea eta itzultzea.

Deialdi honetara aurkezten diren jarduerek erakunde publiko edo pribatuen beste laguntza batzuk jasotzen ahalko dituzte, betiere laguntza horiek ez badira aurreikusitako gastuen % 100era iristen. Horrelakoetan gorabehera horren berri eman beharko da hasierako eskabidean. Ematen ahalko den dirulaguntza horren xede izanen da beste laguntzen bidez finantzatu ezin daitekeen jarduera kostua.

Deialdi hau dela-eta dirulaguntzak hartu eta gero bestelako laguntza publiko edo pribatuak hartzen dituzten proiektuen kasuan, onuradunek laguntza horiek adierazi beharko dituzte harturiko dirulaguntzaren azken erregularizazioa egin ahal izateko.

Laguntza hartu duten entitateek osorik nahiz partez itzuli beharko dute laguntza eta bai, hala tokatzen denean, berandutza interesak pagatu ere dirulaguntza pagatu zen momentutik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluak agintzen dituen kasuetan.

Hamalaugarrena._Aplikatu beharreko araubidea.

Ingurumen boluntariotza eta eskolaz kanpoko ingurumen hezkuntza sustatzeko dirulaguntzak emateko arau hauek, prozedurari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe egonen dira.

ERANSKINA

Arautu gabeko hezkuntza proiektuak aurkezteko irizpide tekniko orokorrak

Deialdi honetara aurkezten diren hezkuntza proiektuek:

1._Deialdiko laugarren arauan aipatzen diren gaien gainekoak izan beharko dute eta ez dira unibertsitate bateko, lanerako prestakuntzako edo etengabeko prestakuntzako programa batean sarturik egonen.

Unibertsitateek antolatzen dituzten ikastaroak ez dira Unibertsitate Komunitateari soil-soilik zuzenduak izanen, irekiak baizik.

2._Bigarren orrialdearekin batera (ikus proiektuak aurkezteko ereduak) banakako dosier bat aurkeztuko da honako datuak aditzera emateko:

2.1. Ikastaroak:

_Proiektuaren justifikazioa.

_Erdietsi asmo diren hezkuntza helburuak.

_Ikastaroaren programa, eman beharreko edukiak zehaztuz eta bai erabili beharreko metodologia, jarduerak eta bakoitzari emanen zaion denbora.

_Erabili asmo diren baliabide didaktikoak.

_Parte hartzen dutenei eman asmo zaizkien material idatziak, ikus-entzunezkoak edo bestelakoak (halakorik emateko asmoa baldin badago).

_Ikastaroaren hartzaileak eta parte hartzeko eskatzen diren baldintzak.

_Gauzatzea: ikastaroa non, zein hilabete, egun eta ordutan emanen den.

_Ikastaroaren berri emateko erabili asmo den publizitatea.

_Irakasleak: izen-deiturak, NANa, ikasketa tituluak. Bakoitzak eman behar dituen gaien zerrenda.

_Matrikularen kostua, matrikularik baldin badago.

_Proiektuari laguntzen dion beste entitate batek eman duen dirua (beste laguntzarik baldin badago).

2.2. Jardunaldiak, lantegiak, mintegiak, biltzarrak eta antzeko ekitaldiak:

_Proiektuaren justifikazioa.

_Egin asmo den programa.

_Parte hartzen dutenei eman asmo zaizkien material idatziak, ikus-entzunezkoak edo bestelakoak (halakorik emateko asmoa baldin badago).

_Ikastaroaren hartzaileak eta parte hartzeko eskatzen diren baldintzak.

_Gauzatzea: ikastaroa non, zein hilabete, egun eta ordutan emanen den.

_Ikastaroaren berri emateko erabili asmo den publizitatea.

_Hizlariak eta koordinatzaileak: izen-deiturak, curriculum laburra eta egin beharreko jardueraren laburpena.

_Matrikularen kostua, matrikularik baldin badago.

_Proiektuari laguntzen dion beste entitate batek eman duen dirua (beste laguntzarik baldin badago).

Oharra._Prestakuntza ekintzen justifikazioarekin batera parte hartzaile bakoitzaren ikastarorako asistentzia kontrolatzeko orriaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta parte hartzailearen baloraziorako galdera zerrenda bat ere. Horrez gain, erabili diren agiri guztien kopia bat aurkeztu beharko dute entitate onuradunek.

ORRIA

Orotariko argibideak

1._Laguntzen deialdiari buruzko argibide orokorrak.

Ingurumenari buruz eskolaz kanpo egiten diren hezkuntza jardueretarako dirulaguntzen deialdian parte hartu nahi duten entitateek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Eskaeren tramitazio administratiboa errazteko, jarraian deialdiaren funtsezko edukiaren zenbait zati atera dira:

Agiriak:

.Eskabide orokorra.

.Hasierako proiektuak bigarren orrialdean aurkeztuko dira (Word97 formatuan) eta aurrekontua Excel97 formatuan, paperean eta formatu digitalean, CD-ROM batean erregistraturik. Interesatuek interneten bidez eskuratzen ahal dute, departamentuaren www.navarra.es webguneko "Catálogo de Servicios/Ayudas y Becas" atalean.

.Azken memoriak testu librean aurkeztuko dira (Word97 formatuan, 2, puntua ikusi) eta aurrekontua Excel97 formatuan, biak paperean eta formatu digitalean, CD-ROM batean erregistraturik.

Epeak:

.Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun natural iraganik bukatzen da eskaerak aurkezteko epea.

.Dirulaguntzak hartzen dituzten proiektuen azken memoriak lehenbailehen aurkeztuko dira. Epea hamahirugarren klausulako C letran adierazten denaren arabera bukatuko da.

2._Ohar zenbait, 2. orria betetzerakoan kontuan hartzekoak.

2.1. Entitate bakoitzak dirulaguntzetarako zenbat proiektu aurkezten dituen eta hainbat bigarren orrialde bete beharko ditu.

2.3. Inprimakiek bereziki proiektua aurkezteko balio dute. Azken memoria argitaratuko da. Hartarako eskertuko da testu libre bat idatz dadila, jarduera azaltzen duen 3. ataleko antzeko egiturarekin.

2.4. "Zenbakia eta lehentasuna" izenek esparruan, orrialde hori dagokion proiektu edo jarduearen zenbakia adierazi behar da. Zenbakiak hurrenkeran emanen dira. Proiektuaren zenbakia bat etorriko da entitateak kasuko proiektuari esleitu dion lehentasunarekin.

2.5. Nahi izanez gero, aurkezten den 2. orri bakoitzeko informazioa osatzeko asmoz, beste agiriak ere aurkez daitezke.

3._Gastuen eta dirusarreren aurrekontuak proiektuetan aurkezteko modua.

3.1. Teknikari edo bestelako langileentzako ordainketa edo sariak sartzen badira aurrekontuetan, zehaztu behar da kontzeptua eta orduko (edo jarduerako) zenbat pagatzen den. Ordainketa horietan kontuan izan behar dira BEZa, edo/eta PFEZko deskontuak, pagatzen duen entitateak Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan sartu behar baititu.

Enpresa hornitzaileek jaulki dituzten aurrekontuak (deusen hornitzerik izan bada) kasuko 2. orriari erantsiko zaizkio (paperean bakarrik).

3.2. Desplazamenduentzako gasturik izan bada, kilometro kopurua zehaztu behar da. Deialdi honi dagokionez, kilometrajeagatik jarritako kilometro kopurua ez da izanen Administrazioak bere enplegatu publikoentzat ezarritako modulua baino handiagoa.

3.3. Aurreikusiriko dirusarrerak, ezagutzen badira, aurrekontuan idatziko dira, haien jatorria adieraziz. Zenbatekoa ezezaguna bada, aski da zein erakunde edo pertsonarengandik espero diren adieraztea.

4._Azken gastu eta dirusarrerak proiektuetan aurkezteko modua.

4.1. Jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira.

4.2. Fakturak azken memoriaren paperezko kopiari erantsiko zaizkio.

4.3. Fakturek argibide hauek beharko dituzte:

_Jaulkitzailea: izena, helbidea eta IFZ.

_Hartzailea: izena, helbidea eta IFZ.

_Kontzeptua, fakturarena: unitateko prezioa eta artikuluen prezio orokorra.

_BEZa barne den adieraztea. Bestela, aipatu egin behar da. 600 eurotik gorako fakturetan BEZa zehaztu egin behar da.

_Fakturaren zenbakia, data eta sinadura, eta honen gainean "jaso dut" esaldia.

_Hitzaldi, solasaldi eta abarrengatik "hizlarien ordainsariei" dagozkien fakturetan PFEZrako % 15eko kenketa egin behar da. Horrelakoetan Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan egindako ordainketaren ziurtagiria aurkeztuko da.

ORRIA

Eskolaz kanpo egiten diren ingurumenari buruzko hezkuntza eta boluntariotza jardueretarako dirulaguntzak emateko deialdia

Proiektu bezainbat ale

1._ERAKUNDEAREN DATUAK

IZENA:

HELBIDEA:

HERRIA:

TELEFONOA: FAXA:

948 948

POSTA ELEKTRONIKOA:

ERREGISTRO ZK: IFZ:

2._JARDUERAREN DATUAK

EGITEKOA EGINA

DATU OROKORRAK:

Laukiak beharrezkotzat jotzen diren bezainbat argibidez bete. Proiektua ahalik eta hobekien baloratzeko, eskatzen da testu libreko esparruetan labur eta zehatzak izatea.

MODALITATEA:

A B C

IZENBURUA:

ZENBAKIA ETA PROIEKTUAK ENTITATE ESKATZAILEARENDAKO DUEN LEHENTASUNA:

Zenbakia: Lehentasuna:

PROIEKTUAREN ARDURADUNA (Izen-deiturak):

TELEFONOA: FAXA:

948 948

POSTA ELEKTRONIKOA:

3._JARDUERAREN AZALPENA

1. JARDUKETA ESPARRUAK (laugarren klausula)

2. PROIEKTUAREN LURRALDEA:

3. PROIEKTUA BURUTZEKO BEHAR DIREN BAIMENAK:

4. INGURUMENAREKIKO ARAZOEN AZALPENA:

5. PROIEKTUAREN AZALPENA (memoria teknikoa, zazpigarren klausula):

5.1. OROTARIKO HELBURUA (epe luzean lortu nahi dena):

5.2. BERARIAZKO HELBURUA (berariazkoa, proiektuarekin lortzen ahal dena):

5.3. ESPERO DIREN EKINTZA ETA EMAITZAK (proiektua ekintzetan sailkatu eta ekintza bakoitzari emaitza batzuk esleitu):

5.4. EGUTEGIA (jarduera zerrenda bat proposatu eta egin asmo duzun hilabetean X bat jarri. Jarduera bezainbat ilara):

JARDUERAK Ut Ot Mr. Ap Mt Ek Uz Ab Ir Ur Az

5.5. ADIERAZLEAK (emaitzak neurtzeko eta helburuak lortzeko sistemak proposatu):

5.6. PROIEKTUAREN BERRITASUNAK (berezitasunak):

5.7. HEDAPENA (jardueren eta lorpenen zabalkundea egiteko erabiliriko baliabideak azaldu):

6. ENTITATEAREN PARTE HARTZEA PROIEKTUA BURUTZEN (zazpigarren klausula):

6.1. PROIEKTUAZ ARDURATZEN DEN ENTITATEA:

6.2. ENTITATE ARDURADUNAREN CURRICULUMA (edozein arlotako proiektuak aipatu, zehazkiago bost urte honetan ingurumenaren arloan eginikoak):

6.3. PROIEKTUAREN ERREFERENTZIA ESPARRUA (entitatearen jardueretan):

6.4. PROIEKTUAZ ARDURATZEN DEN ENTITATEAREN BALIABIDEAK (proiektuaren esku jarri direnak):

6.5. ENTITATE ARDURADUNEKO LANGILEAK (zenbat diren esan):

Soldatapekoak: Bazkideak: Boluntarioak:

7. PROIEKTUA BURUTZEN ARDURATZEN DEN ENTITATEA aurkeztu duena ez bada:

7.1. PROIEKTUA BURUTUKO DUEN ENTITATEA:

7.2. PROIEKTUA BURUTUKO DUEN ENTITATEAREN CURRICULUMA:

7.3. PROIEKTUA BURUTUKO DUEN ENTITATEAREN BALIABIDEAK:

8. BABESLERIK?

BAI ERROLDATU

X bat ezarri behar den laukitxoan Aurrekontuan zehaztuko da.

9. PROIEKTUAREN ZENBATEKO OSOA (gogoan izan gehieneko dirulaguntza 18.000,00 eurokoa da entitateko):

10. BESTE DATU INTERESGARRI BATZUK:

Iragarkiaren kodea: F0606204