56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Dirulaguntzak emateko deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratze aldera

Iruñeko Udaleko alkateak, 2006ko apirilaren 19an, onetsi zuen dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko Deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratze aldera.

Dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratu ditzaten.

Deialdi honen helburua enpresa-sortzaile gazteei, jarduera ekonomiko berriak eratu ditzaten, banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman da argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zk.an.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua.

Deialdi honi 31.500 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 7145320/470000 kontusailen kargura esleitu ere.

Pertsona fisikoei eta nortasun juridikorik gabeko sozietate irregularrei emanen zaien kopuruak ezin izanen du gainditu 600 euroko muga. Pertsona juridikoek, aldiz, 1.500 eurora bitarte jasotzen ahalko dute.

Baldin eta deialdi hau ebazteko datan 2006. urte honetarako Udalak hitzarmen eta dirulaguntzetarako duen programan egiteko diren beste zenbait jarduera egin gabe badira, jarduera horietarako aurreikusitako zenbatekoak deialdi honetarako esleitu ahalko dira, halako eran non horrek ez baitu ekarriko beste deialdi bat egin beharrik; haatik, haien onuradun izanen dira oinarri hauekin bat eskaerak egin dituzten entitateak, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan aurkeztu badituzte.

2._Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua enpresa-sortzaile gazteek jarduera ekonomiko berriak eratu eta abiatzeko izaten dituzten gastuak diruz laguntzea da.

Onuradun izateko, jarduera ekonomiko berriak eratu behar dira, 2005eko abenduaren 1etik 2006ko azaroaren 30era bitarte doan epean eratu ere, eta, salbuespen gisara, jarduerok epe hori baino lehenago eratu dituztenak ere izan daitezke onuradun, baldin eta 2005eko deialdian parte hartu eta eskatutako dokumentazioa ezin izan dutela aurkeztu egiaztatzen badute.

Ez dute dirulaguntzarik jasoko jokoarekin, tabernekin edo antzekoekin loturiko jarduerek.

Hona, onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo dirulaguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen edo erakunde laguntzailearen aurrean justifikatzea baldintza eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta dirulaguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak edo, bestela, erakunde laguntzaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik. Horiek horrela, proiektuari 18 hilabetean eutsi behar zaio, gutxienez, Jarduera Ekononomikoen gaineko Zergan alta eman eta hortik aitzina. Eta dirulaguntza aldatu edo itzularazteko aukera izanen du, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

d) Helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, horren berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.

e) Dirulaguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak beterik dituela.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, dirua jaso behar duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera, betiere betekizun hori kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak exijitzen badu.

i) Jasotako funtsak itzultzea, ordenantza honek horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

j) Proiektuaren bideragarritasun-txostena eskuratua izatea, Ekonomiako Alorreko ekonomilari batek ikus-onetsia; bertan adierazi beharra dago, besteak beste, zenbat lanpostu sortu diren.

l) Dirulaguntza hau bakarrik behin jasotzen ahalko da, eta etorkizunean ezin izanen da deialdi honetan parte hartu.

3._Dirulaguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak bete eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen pertsona fisikoek, sozietate irregularrek edo pertsona juridikoek eska ditzakete dirulaguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

I._Unitate ekonomikoa osatzen duten 18tik eta 35 urte bitarteko gazteak izatea, Iruñekoak, betiere baldintza hori 2006/12/31n betetzen badute.

a) egoitza fiskala eta negozioa Iruñeko udal barrutian izatea.

b) jardueraren eraketa-data baino lehen langabezian egotea,

c) eta Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzea.

II._Sozietate Irregularrei dagokienez.

a) egoitza fiskala eta negozioa Iruñeko udal barrutian izatea.

b) kideen bi heren 35 urtetik beherakoak izatea.

c) kide diren langile guztiak langabezian egotea, jardueraren eraketa-datan.

d) eta egiaztatzea Udalarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela.

III._Pertsona juridikoak.

a) Egoitza fiskala eta negozioa Iruñeko udal barrutian izatea.

b) Kideen bi heren 35 urtetik beherakoak izatea.

c) Lankide guztiak langabezian egotea, jardueraren eraketa-datan.

d) Jarduteko gaitasun betea izatea.

e) Eta egiaztatzea Udalarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela.

Era berean, ezinbestekoa izanen da Iruñeko Udalaren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, 2005. urtean, 2005eko azaroaren 30etik abenduaren 31ra bitarte eratu diren jarduerentzat, eta 2006. urtean, 2006ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte eratutakoentzat.

Debekua jasotzeko arrazoirik ez dela eta galdatutako baldintzak beteak direla egiaztatzeko, ondokoak aurkeztu behar dira:

3.1. Eskabidea, non izena, abizenak, helbidea eta telefonoa jasoko baitira.

3.2. Enpresaren eraketari buruzko- eta aldaketari buruzkoa hala dagokionean- eskrituraren fotokopia kautotua edo notario baten lekukotza, dagokion Merkataritzako Erregistroan edo erregistro ofizialean izena emanik dagoena, pertsona juridikoen kasuan. Nortasun jurudikorik gabeko entitateak direnean (Sozietate Irregularrak), Ogasunean behar bezala aurkeztutako eratze-kontratuaren kopia.

3.3. Eratutako jardueraren legezko ordezkarien Nortasun Agiri Nazionalaren edo erregelamenduaren ariora haren ordezko gisa aritu behar duenaren agiriaren fotokopia kautotua edo notario baten lekukotza.

3.4. Eratutako jardueraren bazkide langileen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia kautotua edo notario baten lekukotza.

3.5. Bazkide langile guztien langabezi txartela edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak igorritako lan bizitzaren txostena, jardueraren eraketa-datan.

3.6. Identifikazio fiskaleko agiriaren fotokopia kautotua edo notario baten lekukotza.

3.7. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekin berariazko hitzarmenik izan ezean. Sozietate irregularren kasuan, kide bakoitzaren izenean aurkeztu beharko da.

3.8. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentziak luzatutako egiaztagiria, eratutako enpresaren izenean, Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko.

3.9. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du onuradunak eguneratuak dituela berarekiko tributu-betebeharrak, bai eta 2006ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Iruñeko erroldan izena emana duela ere. Egiaztatze hori egiteko nahikoa izanen da dirulaguntza hau jasotzeko eskabidea aurkeztea.

3.10. Erantzukizunpeko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko, eta eskatzaileek deialdi honetan galdatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatze aldera.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4._Dirulaguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da dirulaguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz eginen ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Eskabideak zein hurrenkeratan sartu eta horren arabera ebatziko dira, eta haietan adierazten diren proposamenak Alkatetzari igorriko zaizkio, behin erantsitako agiri guztiak Udalaren Ekonomiako Alorrak eta Gazteriaren Unitateak batera aztertu eta gero. Horiek beharrezko diren agiri guztiak galdatzen ahalko dizkiete eskatzaileei. Halaber, ebazpenek baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko dituzte, emaniko dirulaguntzen erabilpen egokia egiten dela bermatzeko.

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Interesatuen eskaerak, deialdi honek ezarritako arauzko ereduarekin bat etorrita, eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALEAN noiz argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da, eta deialdiaren indarraldi osoa hartuko du.

Nolanahi ere, indarraldia 30 egun naturalekoa izanen da, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izena eman eta hortik aitzina.

Iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman baino lehen eratutako jarduerek 30 egun naturaleko epea izanen dute, eskabidea egiteko, hori argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Deialdi hau ezarritako aurrekontuaren zenbatekoa agortzen denean amaituko da, edo, bestela, 2006ko abenduaren 30ean.

Eskabidearekin batera, deialdi honetako zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesatuari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 2-2. solairua_, Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_, eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskabidearekin batera zer agiri eta argibide aurkeztu behar diren.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) 3. oinarrian galdatutako baldintzak egiaztatzeko agiriak.

b) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako dirulaguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa. Horretaz gain, bestelako erakundeen aurrean aurkeztu eta deialdi honetan parte hartzen duen unean ebazteke dauden laguntza-eskaerak aipatuko dira.

c) Dagokion enpresa-plana aurkeztea, Garapenerako Udal Agentziak edo horren pareko erakunde batek ikus-onetsia. Bertan ezinbestean agertu behar da jarduera berriak zenbat lanpostu sortuko dituen.

d) Helbideratzearen banku-datuen ziurtagiria.

e) Ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agiria, deialdi honen 13. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

Galdatutako agiriek jatorrizkoak izan behar dute, edo Udalaren Erregistroan edo Notario baten aurrean konpultsatutako fotokopiak.

8._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Dirulaguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Halaber, ebazpenaren edukia oso-osorik argitaratuko da, Iruñeko Udaletxeko iragarki-oholean.

9._Dirulaguntzen xede diren gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira dirulaguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

Ondokoak ez dira inola ere izanen dirulaguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku kontuetako korritu zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak zein penalak.

c) Auzi-prozedurek eragindako gastuak.

d) Tokiko tributuak, legeak aurreikusten ez duen zerga-kentzerik, konpentsaziorik edo tokiko ogasunarekin hartutako zorrak gutxiagotzerik ekartzen badute.

Jarduera ekonomikoa eratzeko eta jarduera hori abian jartzeko beharrezko gastu guztiak izanen dira dirulaguntza honen xede.

10._Azpikontratua.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat, dirulaguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira.

11._Dirulaguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako dirulaguntzak eskuratzearekin.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

12._Ordainketa.

Dirulaguntza ordainduko da, behin onuradunak justifikatu eta gero dirulaguntza zein xedetarako eman eta hori bete duela.

Dirulaguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.

13._Justifikazioa.

Dirulaguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 35. artikuluak ezarritakoari jarraitu behar zaio.

"1. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez aurkeztu behar dio onuradunak edo entitate laguntZaileak dirulaguntza eman duen organoari. Kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

2. Kontu frogagarria ondoko agiriek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, dirulaguntzen xedea den jardueraren gainean; bertan xehetasunez aitortuko dira dirulaguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia gutxienez ondokoek osatua joanen da:

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Dirulaguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskripzioa.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Finantza bideak zerrendatuta: Dirulaguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste dirulaguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

_Ondorioak.

b) Udaleko teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, bertan espresuki jasota guztiz bete izan dela dirulaguntzaren xedea, edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak. Inbertsioak egiteko dirulaguntzen kasuan, akta edo txosten bat aurkeztu behar da, egindako egiaztapen materialaren emaitzen gainean.

c) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

d) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta horiek kudeaketa zerbitzuak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesatuei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

d.2) Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta gizarte segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

d.3) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

f) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo dirulaguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-korrituak."

Jasotako dirulaguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izena eman eta hortik aitzina.

14._Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Dirulaguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera dirulaguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

15._Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakitera ematen dizugu deialdi honen 4. oinarrian eskatzaileen gainean jasotako datuak, Iruñeko Udala jabe duen fitxategi automatizatu batean bildu ahal izanen direla, betiere datuak zertarako diren eta horren arabera. Era berean, eskatzaileek datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea dute. Halako eskubidea gauzatzeko, Erregistro Orokorrera jo beharko dute.

16._Errekurtsoak.

Honako errekurtso hauek paratzen ahalko dira aukeran deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko onar litezkeen administrazio ebazpenen aurka:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

ESKABIDE-EREDUA

Andre agurgarria:

Izen-deiturak ........................................, bizitokia ......................, helbidea ................................., IFZ ....................., hurrengo honen izenean .........................., IFZ ...................., bizitokia ...................., kalea .........................., telefonoa .................., faxa ..............., aurreko datuen jabeak

AZALTZEN DU:

Ikusirik deialdia egin dela, enpresa-sortzaile gazteei banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak emateko, jarduera ekonomiko berriak eratu ditzaten,

ESKATZEN DU:

Eskaera kontuan har dezazula; xede hori harturik, eskatutako ondoko agiriak gehitzen ditu, eta haien kautotasunaren testigantza ematen du; horiek horrela,

ADIERAZTEN DU:

Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak galdatutako betekizunak oro betetzen dituela.

Iruñean, .................. (e)ko ....................... aren ................. (e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO ANDRE ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0607067