I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
21/2006 FORU DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrerako aplikazio eremua, ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legearen 3. artikuluko 1. idatz-zatian zehaztua, aldatzen duena.
Iruñerriko Mankomunitateak 2005eko azaroaren 16an eginiko batzar nagusian, erabaki zuen Iruñerriko Mankomunitateari atxikitzea lurralde eremu hauek: Eguesibarko udalerriko Sarriguren, Berriobeitiko udalerriko Berriobeiti eta Berriogoiti eta Esteribarko udalerriko Olloki. Zerbitzua azken horretan hastea aurreikusi da, Ollokin alegia, 2008ko urtarrilean. Batzar berean erabaki zen Nafarroako Gobernuari Iruñerriko bidaiari-garraio erregularra herri horietara hedatzeko eskaera egitea.
Berriobeitiko Udalak, 2005eko abenduaren 13ko osoko bilkuran Nafarroako Gobernuari eskualdeko hiri-garraioaren eremua Berriobeiti eta Berriogoitira zabaltzeko eskaera egitea erabaki zuen.
Eguesibarko Udalak ere, 2005eko abenduaren 20ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuari Iruñerriko hiri-garraioaren eremua Sarrigurenera zabaltzeko eskaera egin zion.
Eta Esteribarko Udalak, halaber, 2005eko abenduaren 2ko osoko bilkuran, Nafarroako Gobernuari Iruñerriko hiri garraioaren eremua Ollokira zabaltzeko eskaera egitea erabaki zuen.
Ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legeak 3. artikuluko 2. idatz-zatian ezarri zuenez, artikulu bereko 1. idatz-zatian mugatu zen hasiera bateko eremua Nafarroako Gobernuak eman beharreko foru dekretu bidez aldatu ahalko dela, zerbitzuaren entitate kudeatzaileak eta toki entitate interesatuak proposaturik.
Egindako eskaerak ikusirik, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 2ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra._Ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legeak araututako hiri-garraioaren lurralde eremua aldatzea.
Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legeak, 3. artikuluko 1. idatz-zatian, araututako hiri-garraioaren hasiera bateko lurralde eremua aldatu eta eremu hauetara zabaltzen da:
_Berriobeitin, Berriobeitiko eta Berriogoitiko Kontzejuen eremura.
_Eguesibarren, Sarrigurengo biztanle-entitatearen eremura.
_Esteribarren, Ollokiko biztanle-entitatearen eremura.
Azken xedapen bakarra. Indar hartzea.
1. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
2. Garraioaren lurralde eremua 2008ko urtarrilaren 1ean zabalduko da Ollokiko biztanle-entitatera.
Iruñean, 2006ko maiatzaren 2an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.
Iragarkiaren kodea: F0607391