50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ANUE

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

Anueko Udalak, 2005eko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetzi zuen "Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza".

Erabaki hori 2006ko 11. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 25ean, eta jendaurrean egon, hogeita hamar egun naturaleko epean, bidezko juzgatzen ziren alegazioak aurkez zitezen.

Epe hori iragan eta ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, jarraian ematen baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

Anuen, 2006ko martxoaren 15ean._Alkatea, Imanol Perotxena Ibarrola.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna dutenek beren ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

_Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Minusbaliatuak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna pairatu eta xehetasun hauek egiaztatu beharko ditu:

A._% 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Behin betiko ezgaitasuna dutenen familiako bizikideak edo zaindariak

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena laguntza hartu behar duenarekin famili lotura badagoela edo zainketa jakin bat ematen diola eta harekin bizi dela, hala denean.

3. Zainketa hartzen duen ahaideak mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna izatea, eta hori dela eta honako hauek egiaztatu beharko dira:

A._% 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskariak.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita indarra duen gidabaimena, ibilgailuaren dokumentazioa eta bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamenduko arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aitzineko aldean paratuko da, halako moldez non txartelaren aurrealdea inolako trabarik gabe ikusten ahalko baita kanpoko aldetik, kontrola behar bezala egiteko.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta luzatu zen tokian entregatu beharko da berritzeko, hori bidezko bada.

c) Txartela daraman ibilgailua minusbaliatuendako erreserbatuta eta seinaleak jarrita dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barnean. Baita aparkatzeko debekuaren seinalea duten tokietan eta udaltzainek espresuki baimentzen duten tokietan ere.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten aldeetan. Garraio publikoari erreserbatutako erreietan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

g) Txartela non luzatu zen, bestelako herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

h) Edozein arrazoi dela medio inork txartela erabiltzetik gelditu behar badu, luzatu zuen Udalari itzuli beharko dio, eta arrazoiak adierazi.

i) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, txartela luzatu zuen Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:

_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

_Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur bidez edonola erreproduzitzea.

_Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

_Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesatuei entzutea emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak sor ditzan.

Iragarkiaren kodea: L0605064