50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

473/2006 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Natur Programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onesten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetako bat da Nafarroako produkzio-sarea sendotu eta dibertsifikatzea, etorkizuneko sektoreak sustatzeko.

Aurreko ildo estrategikoan Nafarroako Enpresa Nazioartera Ateratzeko Plana dugu. Plan horrek lortu nahi dituen helburuetako bat zerbitzu enpresak nazioartera ateratzea da.

Natur Programaren bidez enpresa turistikoak nazioartera atera daitezen bultzatu nahi da; horrela, atzerriko bisitariek instalazioak bisitatuz, balio erantsia sortuko da Nafarroarentzat.

Dirulaguntzak enpresa horien zerbitzuak kanpoan sustatzeko dira.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontua 50.000 eurokoa da.

Deialdi honek arau hauei jarraituko die:

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

_Batzordearen urtarrilaren 12ko 69/2001 EB Erregelamendua, "De minimis" laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari dagokionez.

_Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361 EK Gomendioa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Natur Programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 50.000 euroko gastua onestea, 2006ko gastuen aurrekontuetako "Kanpoko sustapenerako egintzak" izeneko 850001/81410/4709/431300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2006ko martxoaren 29an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

NATUR PROGRAMAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2006KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. araua._Xedea.

Arau hauen xedea da Natur Programa osatzen duten dirulaguntzen kontzesioa erregulatzea. Zehazki, Natur Programaren bidez enpresa turistikoak nazioartera atera daitezen bultzatu nahi da, entitate horiek kanpoko merkatuan dituzten finkaguneak ezagutarazteko sustapen-gastuetako dirulaguntzak emanez. Sustapen lan horren ondorioz bisitari gehiago izanen ditu Nafarroak.

2. araua._Onuradun izateko baldintzak.

Deialdiko dirulaguntzak jaso ahal izateko, enpresek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain, ondokoak bete beharko dituzte:

Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten kanpaleku, landa-hotel, turismo-aterpetxe, landetxe, turismo-jardueretarako enpresa eta bidai agentzia hartzaileek, betiere ETEen beharkizunak betetzen badituzte, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

_2004 baino lehenagoko urteetan lehenbiziko tutoretza-fasea arrakastaz bukatua dutenek edo enpresentzat eta batasunentzat doan eskaintzen diren Programako Mintegietan parte hartu dutela frogatzen dutenek.

3. araua._Baldintzak frogatzeko modua eta noiz arte bete behar diren.

3.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela justifikatzeko, eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena egin dezake, deusetan galarazi gabe Administrazioak aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko duen ahalmena.

3.2. Aurreko arauko betebehar berariazkoak frogatzeko, 7. arauko inprimakiak aurkeztuko dira.

3.3. Balditza horiek 2006. urte osoan bete beharko dira.

4. araua._Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak 2005eko urriaren 1etik 2006ko irailaren 30a bitarte gauzatu beharko dira.

Hala ere, programaren 2005eko mintegian parte hartu zuten enpresek edo elkarteek laguntzak eskatzen ahalko dituzte mintegia amaitzen denetik 2006ko irailaren 30era bitarte egiten dituzten jarduketengatik.

4.1. Atzerriko hizkuntzan eginiko zabaltze-materiala.

Katalogoak, liburuxkak, bideoak sartzen dira, baita web-orria sortzea ere, eta hura edo haren edukiak atzerriko hizkuntzetan jartzea ere bai. Ez da sartuko kontzeptu horien ondoriozko autofakturazioa.

Atzerriko hizkuntza bat bederen sartu beharko da material gisa.

4.2. Publizitatea atzerriko hedabideetan:

Atzerriko hedabideetarako prestatutako iragarkiak bakarrik sartuko dira kontzeptu honen barrenean. Publizitate horretan, enpresa eskatzailearen izena eta marka agertu beharko dira.

4.3. Merkatu-azterketarako bidaiak.

Enpresarentzat interes estrategikoa edo merkatukoa duten herrialdeetara egindako joan-etorriak; betiere, Espainiatik abiatuta.

4.4. Atzerriko azoketara joatea:

Kontzeptu hauei ematen ahal zaie dirulaguntza:

_Lekua errentan hartzea.

_Erakustokia dekoratzea.

_Produktuak garraiatzea.

_Erakusle eta interpreteak kontratatzea.

_Joan-etorriak eta ostatua.

_Izena ematea eta nahitaezko asegurua, hala nola azokaren katalogoan sartzea.

4.5. Mintegietara joatea eta haietan parte hartzea.

Betiere sektorearen berariazko gaiei buruzkoak badira.

5. araua._Laguntzen zenbatekoa.

5.1. Atzerriko hizkuntzan eginiko zabaltze-materiala.

Gastuen % 50 arte heltzen ahalko da dirulaguntza.

5.2. Publizitatea atzerriko hedabideetan.

Gastuen % 50 arte heltzen ahalko da dirulaguntza.

5.3. Atzerriko azoketara joatea.

Gastuen % 50a bitarte, joan-etorrien eta ostatuaren atalekoak izan ezik. Atal honetan, dirulaguntzak turista-klasean pertsona batek bidaiatzeko izanen dituen gastuak eta ostatatzekoak pagatuko ditu, eta lurralde horretarako ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez ere.

Ondorio horietarako, ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.

5.4. Merkatu-azterketarako bidaiak.

Dirulaguntzak turista-klasean pertsona batek bidaiatzeko izanen dituen gastuak eta ostatatzekoak pagatuko ditu, eta lurraldeko ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez ere.

Ondorio horietarako, ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.

Dirulaguntza emanen zaie, gehienez, bi bidaiari enpresa bakoitzeko.

5.5. Mintegietara joatea eta haietan parte hartzea.

Laguntzak turista-klasean pertsona batek bidaiatzeko izanen dituen gastuak eta ostatatzekoak pagatuko ditu, eta lurralde horretarako ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez ere. Espainian izanez gero, 210 euro izanen dira.

Ondorio horietarako, ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.

6. araua._Gehieneko dirulaguntza.

Enpresa batek, kontzeptu guztiak hartuta, gehienez ere 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

7. araua._Eskaeren aurkezpena.

Eskabideak aurkeztuko dira Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Hilabeteko epea dago, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eskaerak aurkezteko. Epea ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hilabeteko egun berean amaituko da.

Dokumentazioa posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Eskabideak, Fc7.07.04 ereduaren araberakoak, ondoko agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

_Ekintza plana, parte hartzeko eskaeraren inprimakian ageri den edukien zerrendaren araberakoa.

_Azaldutako ekintzetarako beste erakunde batzuek emandako laguntzen erantzukizunpeko aitorpena, eta Europar Komunitatearen arauak aipatzen dituen 12. arauari jarraikiz emandako laguntzena, Fc7.07.07. inprimakiaren arabera eginak.

_ETEa izateari buruzko zinpeko aitorpena, Fc7.07.15 ereduaren araberakoa.

8. araua._Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

_5. eta 6. arauetan ezarritako gehieneko ehunekoen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa babestutako ekintzetarako.

_Baimendutako diru kopurua 5. eta 6. arauetan ezarritakoari jarraikiz eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, eta baimendutako aurrekontuko kontusailetan soberakinik egonez gero, deialdi honek sortutako beharrak betetzera erabiltzen ahalko da.

_Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da eskatzaile guztien artean.

_2006ko ekitaldirako aurrekontuan eskura izanen den diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da, baina 5. eta 6. arauetan ezarritako ehunekoak eta kopuruak gainditu gabe betiere.

9. araua._Prozeduraren instrukzioa.

Eskabideak jasotakoan, Merkataritza Zerbitzuak haien edukia aztertuko du, Turismo eta Sustapen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, 2. arauan eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, eta aurkeztutako jardunbide planak baliozkotzeko.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da, eta espedientea artxibatuko da, besterik gabe.

Eskatzen diren beharkizunak bete ezean, edo haien plana egiaztatzen ez bada, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ezetsitzat joko ditu ebazpen baten bidez.

Beharkizunak betetzen dituzten eskatzaileei eta egoerari buruzko plana homologatu zaienei, gutun bat bidaliko zaie horren berri emanez, eta dirulaguntzak jaso ditzaketen egintzak burutu dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkez dezatela eskatuko.

Honako hau izanen da dokumentazioa:

_Fc7.07.14 justifikazio inprimakia, behar bezala betea.

_Fakturen kopiak.

_Ordainketen frogagiriak, esaterako banku-karguak eta ordainagiriak.

_Ondorengo frogagiriak:

_Zabalkunde-materiala: fakturetan dirulaguntza jasotzeko agertzen den kontzeptu bakoitzaren ale bana.

_Publizitatea atzerriko hedabideetan: agertu den hedabidearen ale bat aurkeztuko da, eta portadaren eta iragarkiaren kopia bat.

Dokumentazioa aurkezteko epea 2006ko urriaren 20an bukatuko da.

Dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

Hala eta guztiz ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eskatzaileari galdetzen ahal dio egindako eskaeraren tramitazio eta ebazpenerako egoki iruditzen zaion informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

10. araua._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak laguntza eman eta ordaintzeko ebazpena emanen du, enpresak jarduketak egin dituela frogatzen duten agiriak aurkeztu eta hiru hilabeteko epean.

Frogagiria osorik ez badago, laguntza emateko ebazpena emanen da, eta ordainketa, berriz, dokumentazioa osatutakoan eginen da.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. oinarria._Bateraezintasunak.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin.

12. araua._Europar Batasuneko arau aplikagarriak.

Laguntza hauek " de minimis" dira, Europar Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "de minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide horri jarraituz aurreko hiru urteetan hartutako dirulaguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean.

13. araua._Obligazioak eta ez-betetzearen ondorioak.

13.1. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, eskabidean berean baimena eman beharko zaio Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuraduna zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean ote dagoen egiaztatzeko.

13.2. Arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak urratuz gero, elkarteak onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu eta, kasua bada, dirua itzuli beharko du.

13.3. Deialdi hau, gainera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

14. araua._Gora jotzeko errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15. araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

BIDAIA POLTSAK

H E R R I A L D E A POLTSA (euroak)

ALBANIA 870

ALEMANIA 410

ANGOLA 1.730

SAUDI ARABIA 1.220

ALJERIA 360

ARGENTINA 1.730

ARMENIA 1.020

AUSTRALIA 1.940

AUSTRIA 610

AZERBAIJAN 1.220

BANGLA DESH 1.530

BELGIKA 410

BIELORRUSIA 1.020

BOLIVIA 1.630

BOSNIA-HERZEGOVINA 610

BOTSWANA 1.840

BRASIL 1.560

BRUNEI 1.940

BULGARIA 920

KAMERUN 1.330

KANADA (EKIALDEKO KOSTA) 1.120

KANADA (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.430

TXAD 1.120

TXILE 1.840

TXINA 2.080

TXIPRE 710

KOLONBIA 1.330

KONGO 1.730

HEGO KOREA 2.040

BOLI KOSTA 1.330

COSTA RICA 1.330

KROAZIA 610

KUBA 920

DANIMARKA 410

EKUADOR 1.330

A.E.B. (ERDIALDEA) 1.140

A.E.B. (EKIALDEKO KOSTA) 940

A.E.B. (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.460

EGIPTO 820

EL SALVADOR 1.330

ARABIAR EMIRERRI BATUAK 1.220

ESLOVAKIA 610

ESLOVENIA 510

ESTONIA 1.020

ETIOPIA 1.220

FILIPINAK 1.840

FINLANDIA 610

FRANTZIA (HEGO-MENDEBALDEA) 205

FRANTZIA (GAINERAKOA) 360

GABON 1.330

GEORGIA 1.220

GHANA 1.330

GREZIA 560

GUATEMALA 1.330

GINEA BISSAU 920

GINEA KONAKRY 1.020

EKUATORE GINEA 1.120

HERBEHEREAK 410

HONDURAS 1.330

HUNGRIA 710

INDIA 1.560

INDONESIA 1.840

IRAK 1.120

IRAN 1.330

IRLANDA 410

ISLANDIA 920

ISRAEL 820

ITALIA 410

JAMAIKA 1.330

JAPONIA 2.080

JORDANIA 920

KAZAJSTAN 1.430

KENIA 1.220

KIRGIZISTAN 1.430

KUWAIT 1.220

LETONIA 1.020

LIBANO 920

LIBERIA 1.020

LIBIA 820

LITUANIA 1.020

LUXENBURGO 410

MADAGASKAR 1.840

MALAYSIA 1.840

MALAWI 1.840

MALI 1.220

MAROKO 360

MAURITANIA 820

MEXIKO 1.140

MOLDAVIA 1.120

MONGOLIA 2.040

NAMIBIA 1.840

NEPAL 1.730

NIKARAGUA 1.330

NIGERIA 1.330

NORVEGIA 610

ZEELANDA BERRIA 2.040

OMAN 1.220

PAKISTAN 1.530

PANAMA 1.330

PARAGUAI 1.630

PERU 1.630

POLONIA 710

PORTUGAL 200

PUERTO RICO 1.020

QATAR 1.200

ERRESUMA BATUA 410

AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKA 1.330

TXEKIAR ERREPUBLIKA 710

KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA 1.730

DOMINIKAR ERREPUBLIKA 920

ERRUMANIA 920

RUSIA 1.040

SENEGAL 920

SERBIA-MONTENEGRO 610

SINGAPUR 1.840

SIRIA 920

SOMALIA 1.220

SRI LANKA 1.840

HEGOAFRIKA 1.330

SUEDIA 610

SUITZA 510

THAILANDIA 1.840

TAIWAN 2.040

TUNISIA 410

TURKMENISTAN 1.430

TURKIA 820

UKRAINA 1.120

URUGUAI 1.730

UZBEKISTAN 1.430

VENEZUELA 1.330

VIETNAM 2.040

YEMEN 1.220

ZAMBIA 1.730

ZIMBAWE 1.730

Iragarkiaren kodea: F0605532