50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

106/2006 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Europako Aferen eta Plangintzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Estatistika Institutuan prestakuntzako bekak emateko deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako Estatistika Institutuan graduatu-ondoko ikasleak prestatzeko.

Hitzarmen horretan bi alderdiek interesgarritzat jotzen dute graduatu-ondoko ikasleak prestatzeko programa bat ezartzea, ekonomiaren, gizarte zientzien eta ingurumenaren arloko estatistikei loturiko gaietan eta zabalkunde estatistikoan espezializatu ahal izateko.

Prestakuntza beka bat jasotzeak, prestatzeko aukera emateaz gain, unibertsitatean ikasitako ezaguerak garatu eta erakunde publikoen lana ezagutzeko lan esparru baliagarria eskaintzen die lizentziatu gazteei. Gainera, instituzioen funtzionamenduaren berri izateko aukera ematen du.

Bekak lana egiteko ezaugarri akademiko egokiak dituzten goi mailako tituludunei emanen zaizkie.

2006. urtean 4 ikaslek eginen dituzte praktika hauek, eta beka bakoitzaren urteko zenbatekoa 8.400 eurokoa izanen da. Ikasleek praktikaldia ekainaren 1ean hasiko dute, eta, hortaz, beka bakoitzaren zenbatekoa, 7 hilabeteetarakoa, 4.900 eurokoa izanen da. Diru kopuru horiei Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren kudeaketa gastuak erantsi behar zaizkie lankidetza hitzarmenaren seigarren klausulan ezartzen den moduan, hau da, 3.360 euro, gehi BEZari dagokiona.

Nafarroako Estatistika Institutuan prestakuntza hartzeko laguntzak emateko deialdi hau apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren babesean onetsi da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2006ko otsailean sinatu eta araudi horri egokitutako lankidetza hitzarmenari jarraikiz. Hitzarmenaren helburua zen graduatu-ondoko ikasleak prestatzea Nafarroako Estatistika Institutuan.

Horrenbestez, Nafarroako Estatistika Institutuak proposaturik, eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak martxoaren 11ko 61/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa._Nafarroako Estatistika Institutuan prestakuntzarako 4 beka emateko deialdia onestea.

Bigarrena._Horretarako 23.497,6 euroko gehieneko gastua onestea, 2006ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Praktiketako ikasleentzako bekak" izeneko 122000-13400-4800-923300 kontusailaren kargura.

Hirugarrena._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioari agintzea laguntzen hilabeteko zenbatekoa ordaintzeko, lankidetza hitzarmenean agindu bezala.

Laugarrena._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren kudeaketa gastuak ordaintzeko agindua ematea, aipaturiko lankidetza hitzarmenaren seigarren klausulan ezartzen den moduan.

Bosgarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Seigarrena._Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Zazpigarrena._Ebazpen hau Nafarroako Estatistika Institutura, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundaziora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta departamentu horretako Kontu-hartzailetza Delegatura igortzea.

Iruñean, 2006ko apirilaren 4an._Europako Aferen eta Plangintzaren zuzendari nagusia, José Angel Zubiaur Carreño.

ERANSKINA

Arauak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da unibertsitateko lizentziatuei bekak ematea, estatistika gaietan espezializatu eta prestatu daitezen, Nafarroako Estatistika Institutuan dagokion urteko Estatistika Programako jarduketetan parte hartuz.

Horretarako, hasiera batean 4 bekatarako deia egiten da, deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten unibertsitate-tituludunentzat.

Hona hemen 2006ko deialdiko bekak:

_Ekonomiako, E.A.Z.L.ko edo antzeko titulazio bateko lizentziatu bat, egoeren estatistika ekonomikoen arloan praktikak egiteko, datu-baseen analisia, sorrera eta mantentze-lana barne.

_Ekonomiako, E.A.Z.L.ko edo antzeko titulazio bateko lizentziatu bat, ingurumenaren arloko estatistiketako praktikak egiteko, ingurumen-adierazleak, garapen iraunkorrekoak eta sintesi-estatistikak barne.

_Soziologiako lizentziatu bat, estatistika demografiko eta sozialetako praktikak egiteko.

_Lizentziatu, diplomatu, ingeniari edo ingeniari tekniko bat, zabalkunde estatistikoan praktikak egiteko informatika ezaguerak dituena, web orrien eguneratzea barne.

Bekadunek Nafarroako Estatistika Institutuan jardungo dute, Iruñean.

2._Iraupena.

Bekek hamabi hilabeteko iraupena izanen dute, bekaduna prestakuntza jardueran hasten den egunetik hasita, uko egin duen bat ordezteko ematen direnean izan ezik, kasu horretan gutxiago irauten ahalko baitute. Dena den, laguntzak luzatzen ahalko dira, epe berdin baterako, premien arabera eta bekadunek lortu duen prestakuntza mailaren arabera. Hasi eta gehienez bi urtez luzatuko dira, luzapenak barne.

Laguntzak luzatzeak ez du inolaz ere ekarriko haien izaera aldatzea.

3._Zenbatekoa.

2006an, prestakuntza bekek 700 euroko zenbateko gordina izanen dute hilabetean, hilabetearen bukaeran ordainduko dena.

Beka luzatuz gero, haren zenbatekoa eguneratuko da, Nafarroako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urteko abenduan izandako gorakadaren hein berean. Nolanahi ere, beka luzatuko da baldin eta 2007ko aurrekontuan horretarako dirua badago.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak kudeatuko ditu laguntzak: ordainduko ditu eta aseguruei dagozkien gastuak murriztuko, lankidetza hitzarmenean agindu bezala.

Prestakuntza ikastaroetara nahiz antzeko jardueretara joateko joan-etorrietako gasturik baldin badago, gastu horiek Nafarroako Estatistika Institutuak ordainduko ditu, betiere aurretik horretarako baimena eman badu.

Bekadunek uko egiten badiote segitzeari edo haiei egozteko ez diren arrazoiengatik jarraitzerik ez badute, jardun duten denborari dagokion zenbatekoa jasoko dute.

Bekadunei ematen zaien dirua ez da inola ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

4._Izangaien betebeharrak.

Prestakuntza laguntzak hartzen ahalko dituzte ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea eta jarduteko ahalmen osoa edukitzea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

c) Deialdian eskatutako titulua edukitzea, Espainiako agintariek eman edo homologatua. Eskatutako titulu hori deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan eskuratua izatea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Beken prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

5._Eskabideak.

Prestakuntzarako laguntza jaso nahi dutenek deialdian parte hartzeko eskabidea eskuratzen ahalko dute dohain Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioan. Bete ondoren, han berean aurkeztu beharko dute. Halaber, eskabideak aurkezten ahalko dira Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan agindutakoari jarraikiz.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidearekin batera, hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren edo, kasua bada, pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Lizentziadun tituluaren fotokopia konpultsatua. Titulu horretan ikasketak noiz amaitu ziren adierazten ez bada, unibertsitateak egiaztagiri bat eman beharko du datu hori zehazteko. Titulua atzerriko unibertsitate batek ematen badu, ikasketak homologatuta daudela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

c) Bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira zehatz-mehatz aipatutako merezimendu guztiak bai eta dagozkien frogagiriak ere. Merezimenduen fasean, espediente akademikoa baloratzeko, egiaztagiri akademikoak aurkeztuko dira, izandako kalifikazioak eta haiek lortu diren datak zehatz-mehatz adierazita.

Agiri guztiek jatorrizkoak izan beharko dute edo konpultsatutako fotokopiak.

Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak erantsi ez bazaizkio, interesatuari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsak zuzendu edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinarazten zaio, hori egiten ez badu, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpen bat emanen da eta interesatuari jakinaraziko.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren arauak onartzea.

6._Hautapen prozedura.

Ebaluazio Batzorde batek aztertu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.

Batzordekidea: Nafarroako Estatistika Institutuko Ekoizpen Estatistikoaren Ataleko burua.

Batzordekidea: Nafarroako Estatistika Institutuko Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Ataleko burua.

Idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko ordezkari bat.

Hautapen prozesua merezimendu lehiaketak eta buruz buruko elkarrizketak osatuko dute. Amaierako kalifikazioa izanen da merezimendu lehiaketan eta buruz buruko elkarrizketan izandakoen batuketa.

6.1. Merezimendu lehiaketa.

Ebaluazio Batzordeak izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak kalifikatuko ditu ondokoaren arabera:

I._Espediente akademikoa: honako mailakatze honi jarraikiz: ikasgai bakoitzeko kredituen batuketa lortutako notarekin biderkatua; lortutako baloreen batuketa titulazioko kreditu kopuru osoarekin zatitua, modu honetara:

_Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak x 4 puntu.

_Bikainarekin eskuratutako kredituak x 3 puntu.

_Oso ongirekin eskuratutako kredituak x 2 puntu.

_Nahikorekin eskuratutako kredituak x 1 puntu.

Gai kalifikazioa eta konbalidazioak "nahiko" gisa zenbatuko dira x 1 puntu.

Atal honetan, Nafarroako Estatistika Institutuak zilegi izanen du titulazioarekin zerikusik ez duten osaera libreko irakasgaiak kontuan ez hartzea.

II.A._Estatistikari loturiko arloetako prestakuntza: ondoko irizpide hauek erabiliko dira:

_Graduatu-ondoko edo master ikastaroak, gutxienez 300 orduko iraupena badute: 0,50 puntu, haietako bakoitza.

_Lan esperientzia: 0,50 puntu urteko.

_Argitalpen tekniko edo zientifikoak: 0,25 puntu, haietako bakoitza.

_20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegiak: 0,10 puntu, haietako bakoitza.

II.B._Informatikari loturiko arloetako prestakuntza (laugarren plazarako bakarrik, II.A klausularen ordez): ondoko irizpide hauek erabiliko dira:

_Informatikako Ingeniaritzako, Informatikako Ingeniaritza Teknikoko edo Telekomunikazioko Ingeniaritzako titulua: 0,50 puntu, titulu bakoitzeko.

_Graduatu-ondoko edo master ikastaroak, gutxienez 300 orduko iraupena badute: 0,50 puntu, haietako bakoitza.

_Lan esperientzia: 0,50 puntu urteko.

_Argitalpen tekniko edo zientifikoak: 0,25 puntu, haietako bakoitza.

_20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegiak: 0,10 puntu, haietako bakoitza.

6.2. Buruz buruko elkarrizketa.

Buruz buruko elkarrizketa 0 puntutik 10era bitarte baloratuko da. Elkarrizketa gainditzeko gutxienez 5 puntu beharko dira.

Balorazio irizpideak estatistika gaietan erakutsitako ezaguerak izanen dira lehenbiziko hiru plazetan, eta informatikakoak laugarrenean, hala nola erantzunen argitasuna eta ordena eta gai desberdinak lotzeko gaitasuna.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik, eta behar den denboraz, jakinaraziko zaizkie hautatutako izangaiei.

7._Hautatuen zerrenda.

Hautapen prozesua amaiturik, Ebaluazio Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko iragarki oholean argitaratuko du izangai hautatuen zerrenda, eskuratutako puntuen arabera ordenatua. Halaber, organo eskudunari proposamena igorriko dio.

Hautatuak izan arren hasiera batean laguntzarik lortu ez duten izangaiek zerrenda bat osatuko dute, gero deituak izan ahal izateko, deialdian lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Ebaluazio Batzordeak, izangairik hautatzen ez badu edo eskainitako laguntza kopurua betetzen ez bada, deialdia osorik zein hein batean bete gabe deklaratzen ahalko du.

8._Ebazpena.

Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak prestakuntza bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

Laguntzen esleipena eta, kasua bada, gainerako eskaeren ukoa interesatuei jakinaraziko zaizkie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala, eta, era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko iragarki oholean argitaratuko dira. Laguntzen esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako betebeharrak zehaztuko dira.

Prestakuntzarako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek hasi beharko dute organo eskudunak agintzen dien egunean edo, bestela, esleipena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean. Horrela egiten ez badute, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ez dagoen.

Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergadunak badira, onuradunek zerga betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta zinpeko aitorpen edo promesa bat aurkeztu beharko dute, helburu bererako laguntza publiko nahiz pribatu bateraezinik ez direla jasotzen ari frogatzeko. Hori gertatuz gero, bateraezintasun hori dela-eta laguntzaren esleipena baliogabetzen ahalko da.

Ebazpen honen bidez eskainitako laguntzak hiru hilabeteko epean ebatzi beharko dira Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori iraganik ebazpena jakinarazi edo argitaratu gabe, eskaerak, administrazioaren isiltasunaz, ukatutzat joko dira.

Eskaeren berariazko edo balizko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunek tutore bana izanen dute. Tutoreak haien eginkizun zehatzak ezarriko ditu, ordutegiak finkatu ditu eta betebeharrak eta jarduerak betetzen direla begiratuko du, haren ardura izanen baita ere haiek gainbegiratzea.

Prestakuntza jasotzen ari direnek laguntza emateko arrazoia izan zen jarduera egin eta egiaztatzeko konpromisoa hartuko dute. Izan ere, bukatutakoan egindako lanari buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute, bai eta lortutako emaitzak ere, tutorearen oniritziarekin. Bestalde, bekadunei prestakuntza aldiaren gaineko ziurtagiri bat emanen zaie, baldin eta aipatu txostena aurkeztu badute. Agirian agertuko da epe horretako aprobetxatze maila.

Edozein kasutan ere, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuko 19. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak bete beharko dituzte. Esleitzeko ebazpenean agertuko dira eginbehar horiek. Bete ezean, laguntzak aldi baterako edo behin betikoz kenduko dira, foru dekretu horretako 20. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

Bekadunak, astean, 30 orduz arituko dira.

Eskubide horiek erabiliko dira jarduketak egiten diren administrazio unitatearen barne edo funtzionamendu araubideari jarraikiz.

10. Bekaren izaera. Erantzukizuna.

Laguntzak emateak ez du inolaz ere sortuko lan harremanik, kontratu edo estatutu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

Erantzukizunei dagokienez, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuko 21. eta 22. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0606184