50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

73/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Argentinako Nafar Etxeen bitartez, giza laguntzako proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deia egiten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urtetik, giza laguntza eman dio Argentinari, han gertatzen diren premia larriko kasuak arintzearren. Izan ere, urte hartan krisi ekonomiko larria hasi zen, eta egun jarraitzen du.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen iraunkorrari laguntzeko asmoz, funtsak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Zehazki, 13. artikuluan, Ekintza arloen artean xedatzen dira laguntza humanitarioko programak eta proiektuak, larrialdian edo berehalako arriskuan dauden gizataldeei laguntzekoak eta horiek berregokitzekoak. Halaber, zehazten da laguntza humanitarioaren berezko helburuak direla laguntza, babesa eta aurrea hartzea. Era berean, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da Argentinan laguntza humanitarioko proiektuak garatzeko dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa._2006an Argentinan laguntza humanitarioko proiektuak egiteko deialdiaren arauak onartzen dira, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

Bigarrena._2006ko ekitaldirako 60.000 euroko gastua baimentzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Laguntza humanitarioa Argentinako Nafar Etxeetako argentinar herritarrentzat" izeneko 900000 91200 4819 143105 kontusailaren kargura.

Hirugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 31n._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ERANSKINA

Argentinako Nafar Etxeen bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak

Lehena._Helburua eta xedea.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak dirulaguntzetarako deia egin du, Argentinan egoera zailean dauden gizataldeen aldeko Nafar Etxeen ekintza humanitarioak finantzatzeko.

Dirulaguntzak honako jarduketa hauek finantzatzeko erabiliko dira:

a) Oinarrizko beharrizanetarako elikagaiak, produktuak eta sargaiak erostea.

b) Oinarrizko zerbitzuetarako ekipamenduak erostea.

c) Oinarrizko zerbitzuetako zentroetan konponketa txikiak egitea.

d) Argentinan bizi baina Nafarroan jaiotakoentzako edo haien ondorengoentzako banakako laguntza ekonomikoak, betiere premia larriko egoeran baldin badaude.

Bigarrena._Aurrekontua.

Helburu horretarako 60.000 euro erabiliko dira, 2006rako Nafarroako aurrekontu orokorreko "Laguntza humanitarioa Argentinako Nafar Etxeetako argentinar herritarrentzat" izeneko kontusailetik.

Hirugarrena._Parte hartzeko baldintzak.

Egoitza Argentinan duten nafar etxeek edo beren federazioek eskuratzen ahalko dituzte laguntza hauek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nortasun juridikoko elkarte edo entitate gisa legez eraturik eta dagokien erregistro ofizialean izena emanik egotea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera sozialak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutako beste adierazpen bat.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Espainiatik kanpo dauden nafarren zentroetarako laguntzak kontzeptupean Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak jaso izana gutxienez azke hiru urteotan.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13.2. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

Laugarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Nafar etxeek edo beren federazioek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Bosgarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntza eskatu nahi duten Nafar etxeek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera:

a) Elkartea legez eratuta eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta dagoela azaltzen duen ziurtagiria.

b) 2006an eginen diren ekintza humanitarioen proiektua. Bertan azalduko dira eskualdearen, herritarren eta laguntzaren xede izanen den gizataldearen ezaugarriak, zein entitaterekin eginen den jarduketa, helburuak, jarduerak, behar diren baliabideak eta gastuen aurrekontua, jardueren arabera zehaztua.

c) Banku kontuaren zenbakia, titular bakarra entitatea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta kontuaren IBAN eta SWIFT direlakoak ere.

d) Hirugarren arauko f) idatz-zatiaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen ardurapeko adierazpena.

e) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

Seigarrena._Instrukzioa.

Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak izapidatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, arau hauen arabera.

Zazpigarrena._Eskaerak baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1._Dirulaguntzaren eskaera onartua izateko, irizpide hauei jarraikiz, gutxienez 50 puntu lortu behar ditu:

a) Barne koherentzia (30 puntu bitarte): eskualdearen ezaugarriak, oinarriak, helburuak, jarduerak eta baliabideak elkarrekin bat etortzea. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.

b) Laguntzen talde onuraduna (20 puntu bitarte). Lehentasuna emanen zaie ondokoetara zuzendutako entitateen proiektuei: baliabide ekonomiko urrietako ezinduei, gaixoei, haurreik edo zaharrei laguntzea, bai eta behar larriko egoeran dauden nafar jatorriko pertsonei ere.

c) Talde onuradunen oinarrizko beharrak asetzea (20 puntu bitarte). Jardueretan baloratuko da herritarren kolektibo behartsuenen oinarrizko gabeziak konpondu, arindu edo horietan laguntza emateko bideratuak izatea.

d) Jarduteko eremu espezifikoaren egoera: pobrezia indizeak, behar sozialak, hara joateko bideen erraztasuna, baliabide naturalak(15 puntu bitarte).

e) Entitate eskatzailearen esperientzia laguntza humanitarioko ekintzetan (15 puntu bitarte).

2._Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa adinakoa izanen da baina entitate eskatzaile bakoitzeko, gehienez 12.000 euro emanen dira. Bigarren arauan ezarritako kreditua ez da inola ere gaindituko.

3._Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen dituen beste batzuekin.

Zortzigarrena._Ebazpena emateko epea.

Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiari dagokio aurkezturiko eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeari eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuari jarraituz,

Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3._Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Bederatzigarrena._Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesatuei.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren ordainketa eta horren aurrerakinak.

Dirulaguntza ordainduko da jarduerak deialdiko arauei jarraikiz egin direla egiaztatu ondoren. Dena den, eskaera arrazoitua eginez gero, laguntzaren 100eko 100 bitarteren ordainketa aurreratzen ahalko da.

Hamaikagarrena._Dirulaguntzaren justifikazioa.

1._Proiektua bukatutakoan, 2006ko abenduaren 31 baino lehen, entitate onuradunak txosten-memoria aurkeztuko du, dirulaguntzaren xede izan diren ekintzen gainean. Ondokoak zehaztuko dira:

a) Proiektua egiteko prozesuari buruzko txosten teknikoa. Bertan aztertuko dira haren eraginkortasuna, efizientzia, eragina eta talde onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea.

b) Justifikazioko kontua, alderdi hauek bilduko dituena:

_Entitatearen lege ordezkariaren ardurapeko adierazpen izenpetua, kontuko datu guztiak egia direla dioena.

_Gastuen zerrenda, jardueren eta gastu moten arabera sailkatuta.

_Egindako gastuak frogatzeko jatorrizko fakturak aurkeztuko dira, gastuen zerrendaren arabera ordenatuta eta zenbatuta.

c) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.

Hamabigarrena._Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

1._Dirulaguntza hartzeko moduko gastutzat hartuko dira deialdiko lehen arauko ekintza humanitarioak betetzeko egin beharrekoak.

2._Dirulaguntzari 100eko 5eko edo txikiagoko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio, atzemandako beharrak identifikatu eta egiaztatzeko. Gastu horren justifikazioa aurreko arauan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

3._Finantza gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4._Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Hamahirugarrena._Eginbeharrak.

Nafar etxeek edo beren federazioek, dirulaguntza eskuratzeko, ondokoak bete beharko dituzte:

a) Proiektua dirulaguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aitzin, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari baimen administratiboa eskatzea.

c) Jarduketen publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan.

d) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrolak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamalaugarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

Hamalaugarrena._Ez-betetzeak

1._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek harturiko dirua itzuli beharko dute bertan ezartzen diren baldintzetan.

2._Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3._Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4._Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hausteei eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamabosgarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra Gizarte Ongizte, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0605845