50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

109/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrei, ehiza espezieek nekazaritzan egindako kalteen erantzule direnean, dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 2005. eta 2006. urteetan Nafarroan ehizarako basa faunak egiten dituen kalteei aurre egiteko.

Nafarroako alderdi batzuetan, zenbait ehiza espeziek, untxiak eta basurdeak batik bat, arazo larriak sortzen dituzte nekazaritzan, laboreetan egiten dituzten kalteengatik.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 86. artikuluan ezarritakoarekin bat, lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako basa animaliek nekazaritzan eragindako kalteak.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzak ezartzen ahal dira ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat.

2005. urtean nekazaritzan kalte handiak egin zituen untxiak. 2004an izandako untxi populazioaren parekoa izan arren kalteak bikoiztu egin ziren, eta horregatik ezin izan ziren deialdian hasieran aurreikusitako dirulaguntza portzentajeak eman.

Hori dela eta, gaurko deialdiaren xedea da Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrei dirulaguntzak ematea, 2005ean eta 2006an ehiza espezieek nekazaritzan egindako kalteei aurre egiteko.

Deialdiaren oinarrietan adierazten da ezen dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko beharrezkoa dela hesiak jartzea labore iraunkorrak edo balio ekonomiko handikoak babesteko, ehiza espeziek sorrarazten dituzten kalteak saiheste edo murrizte aldera. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek, ukitutako jabeen laguntzarekin, babes sistema horiek jarri beharko dituzte kalteak izateko arriskuak saihestearren.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera eta otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa finkatzen duenak, ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrei, ehiza espezieek nekazaritzan egindako kalteen erantzule direnean, dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2005. eta 2006. urteetan Nafarroan ehizarako basa faunak egiten dituen kalteei aurre egiteko. Laguntzaren oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 300.000 euroko gastua onartzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Partikularrentzako kalte-ordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330002 31200 4809 456302 kontusailaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

5. Foru agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 4an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

OINARRIAK

Lehenbizikoa._Xedea.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ezartzen ahal dituela barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, ehiza-espezieek nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ustiategietan egiten dituzten kalteengatiko erantzukizun ekonomikoa estaltzeko.

Horren haritik deialdi hau onetsi da, lehia irekian, Nafarroako ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteen erantzule direnean, dirulaguntzak arautze aldera, ehizako basa faunak 2005ean eta 2006an egiten dituzten kalteei aurre egiteko.

Laguntza horiekin ehiza barrutietako ehiza espezieen populazioaren eta nekazaritza arloko kalteen arteko oreka egokia eta iraunkorra lortu nahi da.

Bigarrena._Beharkizunak.

2.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako toki entitateetako ehiza barrutien titularrak, honako baldintza hauek betez:

_Toki entitateetan legez eratutako ehiztari elkarteak izatea, kalteak eragin dituen espeziearen ehiza aprobetxamendua zuzenean esleitua dutenak.

_Kalteak eragin dituen ehiza espeziearen ehiza aprobetxamendua zuzenean kudeatzen duten toki entitateak izatea.

2.2. Betiere, eskatzaileek ondoko beharkizunak beteko dituzte:

2.2.1. Ehiza barrutiak Ehiza Antolatzeko Plan bat onetsia izatea, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari egokitua.

2.2.2. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak funtzionamendu zuzenaren froga aurkeztea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

2.2.3. Ehiza arloan ez izatea zehapen espedienterik, ez eta espediente administratibo baten bidez zehatua ere azken hiru urtetan.

2.2.4. Zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

2.2.5. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik izatea.

2.2.6. Ingurumen zuzendari nagusiak urtarrilaren 2an eman 16/2006 Ebazpenak ukituriko ehiza barrutiak, kalteei aurrea hartzeko programa bat aurkeztu beharko dute Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan, 2006ko ekainaren 30a baino lehen, ehiza aprobetxamenduaren titularrak sinatua eta Ehiza eta Arrantza Atalak onetsia. Ebazpen haren bidez 2006an nekazaritzan izandako kalteak direla medio, zenbait barrutitan untxi populazioa kontrolatzeko baimena eman zen.

Kalteei aurrea hatzeko programak behintzat eduki hauek garatu beharko ditu. Prestatu ahal izateko, barrutiko ehizarako titularrak Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikarien aholkuak hartzen ahalko ditu:

_Untxi populazioaren laginak hartzeko ibilbideak hautatzea.

_Ehiza barrutian langileak eta baliabideak edukitzea untxi populazioa kontrolatzeko, nekazaritzan egiten ahal dituzten kalteei aurrea hartzearren: zenbat ehiztari, ehiztari-talde, hudo, kaiola eta abar.

_Ehiza barrutia eskualdekatzea, kalteei aurrea hartzeko lehentasunezko eremuak adieraziz.

_Untxi populazioa kontrolatzeko metodo bakoitzerako egunak eta ehizaldiak zehaztea: ehiza normala, hudoen edo kaiolen bidezkoa.

_Kalteak saihesteko edo murrizteko ekintzen plangintza, adibidez hesi fisikoak jartzea labore batzuk babestearren (sareak, hodiak, hesi elektrikoak...), uxagarri eraginkorrak erabiltzea, disuasiorako ereintzak, etab.

Halaber, hilero Ehiza eta Arrantza Atalean jarraipen programa batzuen emaitzak aurkeztuko dira. Barrutiko ehiza aprobetxamenduaren esleipen-hartzaileak nahitaez egin beharko ditu programa horiek. Hona hemen:

_Populazioaren bilakaera begiratzeko programa: hilero, abuztutik otsailera bitarte, kalteei aurrea hartzeko programan hautaturiko gaueko ibilaldien emaitzak aurkeztuko dira. Arrazoiak emanik, egunezko ibilaldiak ere onartzen ahalko dira.

_Harrapakinak begiratzeko programa: hilero, katastroko poligono bakoitzean harrapaturiko untxien emaitzak aurkeztuko dira, harrapatzeko metodoak bereiziz.

Kalteei aurrea hartzeko programak ehiza aprobetxamenduaren titularrarren jarduketa konpromisoa eskatzen du eta programa aplikatzearen ondorioz ehiza barrutiko untxi populazioa kontrolatzea lortu beharko da eta horrekin batera kalteak nabarmen gutxitzea. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak ez baditu kalteei aurrea hartzeko programan planteatutako ekintzak betetzen ez eta helburuak lortzen, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntza ukatuko dio.

2.2.7. 2005. urtean nekazaritzan izandako kalteengatik laguntza eskatzen duten ehiza aprobetxamenduaren titularrek peritazio bat aurkeztuko dute, arlo horretan gai den teknikari batek egina eta 2005ean Nafarroako Gobernuko departamenturen batean, lanbide elkargoren batean edo Epaitegi Zibilean aurkeztu izana.

2.3. Laboreen babesa eta garapena.

Ukitutako nekazaritzako alorrek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntzak eskuratu ahal izateko:

2.3.1. Laborantza lanak bere garaian egin behar dira eta ohiko teknikak erabiliz. Era berean, laborantzako lehen gaiak, hala nola, haziak, ongarriak eta gai fitosanitarioak egokiak izanen dira eta beharrezkoak laborea normal gara dadin. Peritoak eskatzen dionean, ehiza aprobetxamenduaren titularrak aurkeztu beharko ditu ukitutako jabeak kaltetutako laborean egin dituen laborantza lanak eta aplikatutako produktuak justifikatzeko fakturak eta dokumentuak.

2.3.2. Ondoren adierazten diren labore mota iraunkorretan edo balio ekonomiko handikoetan nahitaez babes sistemak jarriko dira, kalte hauei aurre egiteko:

_Hazitarako patata laboreak eta ezarri berri diren belarsoroak hesi elektrikoekin babestuko dira.

_Arto alorrak, abenduaren 15etik aitzina uzta biltzeke isolatuak gelditu direnak, hesi elektrikoekin babestuko dira.

_Mahatsondo, olibondo, zainzuri, almendrondo eta bestelako frutarbolen sail berrietan eta zuhaizti berrietan landareak derrigorrez babestu beharrak dira hodiekin, sareekin edo hesi elektrikoekin.

_Mahasti, olibondo, almendrondo eta beste frutarbola heldu batzuk dauden alorrak sare edo hesi elektrikoekin babestuko dira, egiten ahal den kaltea handia bada betiere.

_Brokoli, azalore eta bestelako barazkiak landatutako alorretan, hektarea bat baino handiagoak badira, hesi elektrikoa edo sarea jarri behar da.

_Brokoli, azalore eta bestelako barazkiak landatutako alorretan, hektarea bat baino txikiagoak badira, untxien kontrako uxagarri eraginkorrak jarriko dira.

_Arroz alorretan ahateak uxatzeko kanoiak erabiliko dira ahate gehiegi izanez gero.

Ehiza aprobetxamenduaren titularrek, ukitutako jabeekin batera, babes sistema horiek paratuko dituzte kalteen arriskua saihesteko.

Nolanahi ere, jartzen den babes motak eta horren garaierak, bai eta mantentze-lanek ere, egokiak beharko dute izan, babes lana bete dezaten ehiza espezieek egin ditzakeen kalteen aurrean.

Hirugarrena._Baztertzekoak.

3.1. Foru agindu honi dagokionez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kasu hauek dirulaguntzetatik kanpo utziko ditu:

3.1.1. Ehiza espeziek ehiza barrutian 2006an egindako kalte guztiak 300 eurora iristen ez badira.

3.1.2. Kalteak izan badira labore, proteginoso eta oleaginosoen alorretan edo belarsoroetan, horietako bakoitza 5,5 erregutik beheitikoa izanik.

Ehiza aprobetxamenduaren titularrak peritu tasatzaileari eskatzen baio 5,5 erregutik beherako labore, proteginoso eta oleaginosoen alorrera edo belarsorora ikustaldi bat egin dezala, 36 euroko tarifa ordaindu beharko du. Sortzapen-gutunaren bidez kargatuko zaio eskatzaileari.

3.1.3. Kaltetutako alor zatiak lurzati osoarekin alderatuta gutxieneko portzentaje hauek gainditzen ez badu:

Alorraren azalera: 22 erregu baino gutxiago. Kalteen gutxienekoa: % 10.

Alorraren azalera: 22,1 erregutik 40 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 6,5.

Alorraren azalera: 40,1 erregutik 60 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 5.

Alorraren azalera: 60,1 erregutik 100 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 4.

Alorraren azalera: 100 erregu baino gehiago. Kalteen gutxienekoa: % 3,5.

Ehiza aprobetxamenduaren titularrak peritu tasatzaileari eskatzen badio gutxieneko portzentajetik beheitiko eremu ukitua duen alor batera joan dadila, bisitak kobratuko zaizkio, sortzapen-gutunaren bidez, honelaxe:

Alorraren azalera: 5,5 erregu baino gutxiago. Kalteen gutxienekoa: % 10. Tarifaren zenbatekoa: 36 euro.

Alorraren azalera: 5,6 erregutik 11 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 10. Tarifaren zenbatekoa: 48 euro.

Alorraren azalera: 11,1 erregutik 22 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 10. Tarifaren zenbatekoa: 60 euro.

Alorraren azalera: 22,1 erregutik 40 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 6,5. Tarifaren zenbatekoa: 72 euro.

Alorraren azalera: 40,1 erregutik 60 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 5. Tarifaren zenbatekoa: 90 euro.

Alorraren azalera: 60,1 erregutik 100 erregura bitarte. Kalteen gutxienekoa: % 4. Tarifaren zenbatekoa: 150 euro.

Alorraren azalera: 100 erregu baino gehiago. Kalteen gutxienekoa: % 3,5. Tarifaren zenbatekoa: 180 euro.

3.1.4. Ingurumen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 2ko 16/2006 Ebazpenak, 2006. urtean ehiza barritu batzuetan untxien populazioa kontrolatzeko baimena ematen duenak, ukitutako ehiza aprobetxamenduaren titularrek kalteei aurrea hartzeko programaren helburuak bete ez badituzte, ehiza barrutian untxien populazioaren kontrola eta kalteen gutxitze nabaria lortu gabe.

3.1.5. Kaltetuaren edo hirugarren baten utzikeriari edo borondateari egozten ahal zaizkion kalteak. Utzikeria izan dela ulertuko da baldin eta kalteak eragiten dituzten animaliak ugaltzeko eta bertan gelditzeko laguntzen ahal duten lanak egiten badira, hala nola barrutirako hartutako aurreneurriak egokiro mantentzen ez direnean.

3.1.6. Ustiategi industrialetan edo era artifizialean zein basa ez den era batean hazitako ehizako espezieek egindakoak.

3.1.7. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak otsailaren 17an emandako 253/1999 Foru Aginduaren bidez izurri deklaratu diren espezieek egindako kalteak.

3.2. Barruti baten barruan dauden lurren jaberen batek bere lurrak barrutitik bereizi nahi baditu eta barrutian sartu ez, erantzukizuna ez da ehiza aprobetxamenduaaren titularrarena izanen eta, beraz, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez du dirulaguntzarik emanen, bidezkoa litzatekeen kalte-ordaina galarazi gabe, horretarako eskatzen diren baldintzak betez gero.

Laugarrena._Epea, kalteak egiaztatzeko modua eta balorazioak.

4.1. 2005. urtean nekazaritzan kalteak izan dituzten ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrek, 2.2.7. puntuko 2. oinarriaren arabera egiaztatu ondoren, dirulaguntzak jaso nahi badituzte euren eskabidea egin beharko dute, eranskinean heldu den ereduari jarraikiz, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Erregistroan, deusetan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38 artikuluan ezarritakoa. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

4.2. Ehiza barrutiko ehiza aprobetxamenduaren titularrak, kalteak gertatu eta gehienez ere hirurogeita hamabi orduko epean, kaltearen berri eman beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontrataturiko peritu tasatzaileen taldeari (telefonoa/faxa: 948452426), departamentu horrek kalteak izan direla egiazta dezan eta ondoren ebaluatu eta, egokia bada, kalte horiek horrela iraun ez dezaten beharrezkoak diren neurriak har ditzan. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek laguntzak eskatzeko epea 2006ko urriaren 31n bukatuko da.

Peritu tasatzaileen taldeari deitu aitzin, ehiza aprobetxamenduaren titularrak kaltea baietsi beharko du eta, orobat, kalteak ukitutako azalera ezarritako gutxienekoa gainditzen duela dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Gutxieneko azalerak 3. oinarriko 3.1.2. eta 3.1.3. puntuetan zehaztu dira.

4.3. 2006. urtean nekazaritzan izaten diren kalteen kasuan, ehiza aprobetxamenduaren titularrak tasazioaren aurretik, dokumentu hauek eman behar dizkio peritu tasatzaileari.

_Dirulaguntza eskatzeko orria, eranskinean ageri den bezalakoa, 2005ean izandako kalteengatiko laguntza eskatzeko, lehendik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu ez bada, betiere.

_Kaltea izan duen nekazariaren izena eta bi deiturak, helbide osoa eta telefono zenbakia.

_Lurzatiaren datuak: poligono zenbakia; lurzati zenbakia; lurzatia zein udalerritan dagoen; kaltea hartu duen laborea; kaltea egin duen animalia; kaltea hartu duen lurzatiaren azalera osoa.

_NPBko deklarazioaren kopia eta lurzatiaren planoaren edo katastro zedularen kopia. Mahastien kasuan, jatorrizko deituran izena emateko mahastien zerrendaren kopia.

_Transferentzia bidezko ordainketa eskabidea, behar den bezala betea eta ehiza aprobetxamendurako eskubidearen titularraren IFZaren kopia. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten ehiza barrutiek, edo 2005ean halako laguntzarik jaso ez dutenek.

4.4. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak eta nekazari kaltetuak derrigorrez erakutsi behar dizkiote izandako kalteak peritu tasatzaileari, kalteak jaso dituen lurzatira hura lagunduz. Alorrean bertan tasazioa egin ondoren, onuradunak eta nekazariak adostasuna adierazi beharko dute ezbeharraren aktan euren sinadura jarrita. Peritu tasatzaileen taldeak txostenaren kopia bana emanen die kaltea hartu duenari eta onuradunari. Tasazioko txosten hori kalteen balorazio orritzat joko da.

Bosgarrena._Lehentasunak.

Dirulaguntza emateko lehentasunak:

1. 2005. urtean ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteengatiko laguntzak, 2. oinarriko 2.2.7. puntuaren arabera egiaztatuta.

2. 2006. urtean ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteengatiko laguntzak.

Seigarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

6.1. Ehiza aprobetxamenduaren titularrentzako dirulaguntzak zenbatekoak izanen diren ehiza barrutian izandako kalte tasatu guztien arabera kalkulatuko dira:

Tasaturiko kalteak: 12.000 euro baino gutxiago. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen): % 60.

Tasaturiko kalteak: 12.001 eurotik 24.000 bitarte. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen): % 55.

Tasaturiko kalteak: 24.000 eurotik gora. Gehieneko dirulaguntza (tasaturiko kalteen): % 50.

6.2. 2005ean izandako kalteengatik dirulaguntza eskatu duten ehiza aprobetxamenduaren titularrek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak apirilaren 14an emandako 339/2005 Foru Aginduaren bidez araututako nekazaritzako kalteengatiko laguntzak lehendik eskuratu badituzte, dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da 2005ean izandako kalteen tasazio osoari 3.1. puntuan ezarritako portzentajeak aplikatuz ateratzen den zenbatekoaren eta Ingurumen zuzendari nagusiaren abenduaren 22ko 2783/2005 Ebazpenaren bidez emandako dirulaguntzaren arteko diferentzia. Ebazpen haren bidez 2005ean ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteengatiko laguntzak ordaindu ziren.

6.3. Nolanahi ere den, ehiza aprobetxamenduaren titularrei dirulaguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditua aurrekontuetan, eskaeraren ebazpen administratiboa egiten denean. 5. oinarrian ezarritako lehentasunak aplikatu ondoren 2006an aurkeztuta dirulaguntzak izateko eskubidea duten lehentasun guztiei erantzuteko adina krediturik ez balego aurrekontuetan, 2006an izandako kalteei aplika dakiekeen portzentajea modu proportzionalean jaitsiko litzateke 6.1 puntuan ezarritako tarte guztietan.

6.4. Prezioa eta produkzioa.

6.4.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontratatutako peritu tasatzaileak tasatutako kaltearen zenbatekoa finkatzeko erabiliko den arautegia, nekazaritzako produktuen preziorako honako hau izanen da:

_Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan tasazioa egin den hilabetean produktu bakoitzarentzat finkaturik ageri den prezioa.

_Tasatutako produktua ez bada "Boletín de Coyuntura Agrarian" ageri, argitalpenean produktu horretarako ageri den azken prezioa aplikatuko da. Ardotarako mahatsari dagokionez, prezioa erabakitzeko Nafarroako Gobernuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak diruz lagundutako aseguru etxeek finkatutakoa erabiliko da.

_Landareen kasuan _zainzuriak, mahastiak, olibondoak, bestelako frutarbolak eta oihan espezieak_, merkatuko prezioa erabakitzeko Nafarroako merkatuan diharduten enpresen fakturetakoak erabiliko dira.

6.4.2. Produkzio datuak biltzeko, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan argitaratuak hartuko dira kontuan. Mahatsaren kasuan "Nafarroa" eta "Errioxa" jatorrizko deiturentzat ezarritakoak jasoko dira.

Zazpigarrena._Organo eskudunak.

7.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bidezko denean, dirulaguntza emanen dio ehiza aprobetxamenduaren titularrari, deialdiaren oinarrien arabera betiere. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean kaltetu bakoitzari eginiko tasazioen zenbatekoa agerraraziko da, bai eta tasazioen zenbateko osoa eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren dirulaguntza ere.

Alabaina, eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7.2. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7.3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onuradunen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

Zortzigarrena._Ordainketa.

8.1. Laguntza hauen onuradunek kalte-ordain bat eman beharko diete nekazariei, kalteen tasazioaren % 100 eginen duena. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak agiri bidez, hau da bankuko transferentzien agirien edo kaltetuek sinatutako hartu-agiri bidez, egiaztatuko du tasatutako kalteen % 100 ordaindu duela. Halaber, frogagiri horiek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharko du laguntza emateari buruzko Ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean.

8.2. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak kaltetuei eginiko ordainketak justifikatu ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ehiza aprobetxamenduaren titularrari dirulaguntza ordainduko dio, Ingurumen zuzendari nagusiak ematen duen ebazpenaren bidez. Dirulaguntza ordaintzeari buruzko ebazpena 2006ko abenduaren 31n emanen da. Hala eta guztiz ere, nekazaritzan 2005ean eragindako kalteei dagokienez, ehiza aprobetxamenduaren titularrari 2006ko ekainaren 30a baino lehen ordaintzen ahal zaio.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

9.1. Noiznahi Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari datu eta jarduerak egiaztatzen uztea.

9.2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari espedientearen garapenean edo gastuan, gertatu den unean bertan, izan den edozein inguruabarren berri ematea. Aldaketa horrek ez dio Foru Komunitateko Administrazioari beste konpromisorik ekarriko, bere gain espresuki hartzen ez badu.

9.3. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak, peritu tasatzaileari eskatzen badio ehizaldi berean alorrera behin baino gehiagotan joan dadila, bigarren eta hurrengo bisitetan 150 euroko tarifa pagatu beharko du. Sortzapen-gutunaren bidez kargatuko zaio eskatzaileari.

9.4. Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

9.5. Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

9.6. Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzen edo laguntzen berri ematea organo emaileari.

9.7. Kalte-ordain bat eman beharko diete nekazariei, kalteen tasazioaren % 100 eginen duena eta agiri bidez, hau da, bankuko transferentzien agirien edo kaltetuek sinatutako hartu-agiri bidez, egiaztatuko du tasatutako kalteen % 100 ordaindu duela.

Hamargarrena._Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Laguntza horiek 2005ean ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteengatiko dirulaguntzekin, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak apirilaren 14an emandako 339/2005 Foru Aginduaren bidez onetsitakoekin, bateragarriak izanen dira, eta horiekin bakarrik. Horrelakoetan, bi dirulaguntzetan emandako zenbateko osoak ez du gaindituko 2005ean izandako kalteen tasazio osoaren portzentajeak, 6. oinarriko 1. puntuan ezarritakoak, aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa.

Hamaikagarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ardura hartuko du dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintzak bete daitezen eta aurreikusiriko inbertsioak behar bezala egin daitezen. Horretarako ikuskapen eta egiaztapenak egiten ahal ditu eta onuradunei eskatzen ahal dizkie jarduerari buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta agiriak, baita haiek bertara ager daitezela ere.

Hamabigarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xedeko jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordainduko ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamahirugarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

ERANSKINA

Ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteengatiko dirulaguntzaren eskabidea

............................................ jaunak/andreak (herriko ehiztarien elkarteburua, alkatea edo toki entitateko buruak), NAN: ................... helbidea: ............................... kalea, zk.: ............., solairua: ................, herria: ......................., telefonoa: ...................., ..................................... jaun/andrea ordezkatuz, IFZ: .................., NA-.................... ehiza aprobetxamenduaren titularra,

Honako hau azaltzen du:

2005. eta 2006. urteetan ehizarako basa faunak eragindako kalteei aurre egiteko Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduen titularrei dirulaguntzak emateko deialdiari dagokiona, zeina .......aren ..........(e)ko ......... Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen, uste du eskatzen diren beharkizunak betetzen dituela eta deialdi horren arauak osorik onartzen dituela. Hori dela eta, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren dirulaguntza eskatzen du.

Orobat adierazten du:

_Ez duela jarduera bera egiteko beste dirulaguntzarik jaso, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontsailariak apirilaren 14an emandako 339/2005 Foru Aginduaren bidez onetsitakoak izan ezik.

_Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela.

_Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikuskatzeko, horrela egiazta dadin dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituela.

2006ko .............................aren ..............(e)an

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, sinadura)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0606048