50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

108/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehizarako espezieen habitata hobetzeko 2006. urtean Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzako dirulaguntzak arautzen dituena.

Nafarroako alderdi batzuetan, zenbait ehiza espeziek, untxiak eta basurdeak batik bat, arazo larriak sortzen dituzte nekazaritzan, laboreetan egiten dituzten kalteengatik.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 86. artikuluan ezarritakoarekin bat, lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako basa animaliek nekazaritzan eragindako kalteak. Ehiza barrutien kasuan, kalte horien erantzukizuna ehiza aprobetxamenduaren titularrak izanen du.

Horren haritik, beste foru agindu baten bidez arautuko dira ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzako dirulaguntzak, ehizarako espezieek nekazaritzan eragindako kalteen erantzule direnean, ehizarako basa faunak eragindako kalte horiei aurre egiteko. Deialdiaren oinarrietan adierazten da ezen beharrezkoa dela laguntza ekonomiko hauek eskuratu ahal izateko hesiak jartzea zehazten diren labore batzuk babesteko. Babes sistema horiek jartzeko eta mantentzeko beharrezkoa da ehiza aprobetxamenduaren titularren eta ukitutako jabeen lankidetza, laboreen garapen normala lortzeko azken produkziora arte.

Beste alde batetik, ehizarako basa fauna babesteko eta mantentzeko beharrezkoak dira habitata hobetzeko jarduerak, hala nola ehizarako ereintzak edo baltsa txikiak egitea. Ereintzen bidez janaria izanen dute urteko zati handi batean, berdetan eta aletan, eta modu egokia da landare arrotzak eta intsektuak hazteko eta, sasoi batzuetan, estalpea eta babesa ematen die animaliei. Orobat, kaltea murrizteko eginkizuna du, ehiza espezieak haietara erakartzean alboko laboreetako kaltea gutxitzen baita. Baltsetan ura pilatzen da ehiza espezieek euri gutxieneko sasoietan ura izan dezaten.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera eta otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa finkatzen duenak, ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2006. urtean ehiza espezieek nekazaritzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko.

2. 150.000 euroko gastua onartzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Elkarte eta partikularrentzako laguntzak" izeneko 330002 31200 7800 456300 kontusailaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen kontra, zeinak ez baitu administrazio bidea agortzen, Administrazio Publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

5. Foru agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 30ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

OINARRIAK

Lehenbizikoa._Xedea.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko.

Hori dela eta, deialdi honen helburua da, lehia irekiaren bidez, Nafarroako ehiza barrutietan 2006an ehiza jarduerak egiteko dirulaguntzak ematea. Hauek dira diruz lagunduko diren jarduerak:

_Ehiza espezie batzuek nekazaritzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko jarduerak.

_Ehiza espezieen habitata hobetzeko jarduerak.

Laguntza horiekin ehiza espezieek laborantzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta horien habitata hobetzeko neurriak prestatzen dira, ehizarako faunak laboreetan izan ohi dituzten eragin kaltegarriak murrizteko eta, bidenabar, horien babesa eta kontserbazioa bermatzeko.

Bigarrena._Modalitateak.

_A modalitatea: kalteei aurrea hartzea.

Ehiza espezieek laborantzan eragiten duten kaltea galarazi edo gutxitzeko jarduerak.

A.1. Laboreak babesteko hesi fisikoak.

Dirulaguntzaren xede dira hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak eta antzeko beste sistema batzuk.

Babestu beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), hautatu den sistema eta kaltetutako laborea jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Halaber, lurzatien planoa gehituko da, zein lurzati babesten diren adierazita.

Untxietatik babesteko laboreetako sare-hesiak metro bat altu izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste frutarbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

Basurdeen kaltetik libratzeko hesi elektrikoak, ahal dela, zenbait labore sailetan ezarriko dira aldi baterako, hazitarako patata alorretan, belarsoro ezarri berrietan eta artasoroetan, batez ere, edo betiko, oihaneko ohiko irtenbideetan. Gutxienez ere, bi harikoak izanen dira _bata lurretik 25 zentimetrora eta bestea 50 zentimetrora_, eta bateriez edo korronte elektrikoz hornituko da, etxabereentzat erabilitakoa halako biko intentsitatea duela.

Hesi elektrikoak erabil daitezke, halaber, untxiek edo erbiek kalterik egin ez dezaten balio ekonomiko handiko aldi bateko laboreetan, adibidez brokoli edo beste barazkien alorretan.

Kanpaina honetan ez da dirulaguntzarik emanen materiala garraiatzeko, ezta hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak edo beste sistema batzuk ezarri eta mantentzeko ere.

A.2. Untxiak harrapatzeko tranpa kaiolak.

Untxiak harrapatzeko tranpa kaioletarako dirulaguntza emanen da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren baimena bada haiek erabiltzeko.

Untxiak harrapatzeko kaiolek nahitaez prezinto zenbakidun bat eduki beharko dute, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak banatua.

A.3. Usainez eta zaporez uxatzea.

Usain edo zapore bidezko produktu uxagarriak, zenbait ehiza espezietarako eraginkor direnak. Ez da dirulaguntzarik emanen gai uxagarriak garraiatu eta kontserbatzeko eskulanerako.

A.4. Soinuz uxatzea.

Karburozko edo propanozko kanoiak, basurdea uxatzeko edo beste ehiza espezie batzuetarako sistemak, soinu bidez uxatzen dutenak.

A.5. Basurdea uxatzeko elikatze osagarria.

Elikatze osagarria, basurdeak oihanetik atera gabe egon daitezen, laboreetan sartu gabe. Basurdea ehizatzeko sasoitik kanpo bakarrik banatuko da janaria oihaneko bide eta pistetan, 15 - 30 kilogramo arto kilometro bakoitzeko, edo oihan barrenean sakabanatuta. Horrela, piztiak ez dira elikatze tokietan pilatzen eta ez dute janaria bilatzeko sena galtzen; izan ere, zenbat eta denbora gehiago igaro janaria bilatzen, orduan eta asti gutxiago dute laboreetara hurbiltzeko.

Ehiza barrutiaren planoa gehituko zaio eskaerarekin batean aurkeztuko den txostenari, bideetan edo mendian artoa non zabalduko den adierazita.

Ez da dirulaguntzarik emanen gizendegi finkoetan artoa uzteko, ehiza barruti batzuetan basurdeen joan-etorrietan eragin dezakeelako eta haiek pilatzea bultzatu eta, zenbaitetan, populazioaren ugalketa artifiziala ekarri.

_B modalitatea: habitata hobetzea.

Ehiza espezieen habitata hobetzeko jarduerak eta, hortaz, populazioa ugaltzeko.

B.1. Ehizarako ereintza.

Ereintza garrantzi handikoa da ehiza espezieen habitata hobetzeko; izan ere, janaria eskaintzen du urtearen parte handienean, berdetan eta aletan. Modu egokia da landare arrotzak eta intsektuak hazteko eta, sasoi batzuetan, estalpea eta babesa ematen die animaliei. Orobat, kaltea murrizteko eginkizuna du, ehiza espezieak haietara erakartzean aldameneko laboreetako kaltea gutxitzen baita.

Laborantzan erabiltzen diren lurzatietan bakarrik ereinen da. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak propio emandako baimena dagoenean bakarrik ereiten ahal da ehizarako larre utzitako lurretan edo berezko landaredia hazten den labore alor abandonatuetan.

Jarduera hauek izanen dira dirulaguntzaren xede: lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua. Lurzatietan ez da uztarik bilduko. Ez da dirulaguntzarik emanen lurzatiak ixteko ez eta alokairu kostuetarako edo horiek errentan emateko ere.

Erein beharreko lurzatiak, ahal dela, han-hemenka banatuta egonen dira ehiza barrutian, animaliak egokitu daitezen, lurraldekotasuna errespetatu eta harrapakarien mesedeko pilaketak galarazteko. Hobe da eremu txiki frankotan ereitea lurzati handi gutxitan baino.

Lurra prestatzeko lanetan, Nafarroan ohikoak diren nekazaritzako praktika egokiak beteko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitakoak.

Laborea ahalik eta naturalena eta ekologikoena izanen da, animaliak ez pozoitzeko eta landareen nahiz ornogabeen dibertsitaterik handiena izan dadin. Ez da inoiz belar-pozoirik eta gai fitosanitariorik erabiliko. Ahal dela, ongarri organikoak zabalduko dira eta, kasu justifikatuetan bakarrik, lekuaren ezaugarriek ereintzaren garapena bermatuta ez dagoenean, ongarri mineralak erabiltzen ahal dira.

Ereintzaren dosia ohiko laboreetan erabiltzen denaren azpitik egonen da; izan ere, dentsitate handiko laboreek ez dute interesik ehizarako. Hazi ziurtatuen erabilera ez da inoiz beharko.

Erein beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), lurra prestatzeko metodoa, erein beharreko laboreak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio, zein lurzatitan ereinen den adierazita.

B.2. Sastraka garbitzea.

Sastraka garbitze txikiak egiteko dirulaguntzak, ehiza espezieendako habitataren babes ahalmena handitzearren.

Sastrakaz garbitzeko lurren datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), sastraka garbitzeko modua, lanak noiz eginen diren, etab. jasoko dira eskaerari erantsi beharreko txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio, zein lurzati garbituko diren adierazita.

B.3. Baltsak.

Baltsa txikiak egitea edo lehendik daudenak nahiz iturriak garbitzea, ura pilatu eta ehiza espezieek euri gutxieneko sasoietan ura izan dezaten.

Baltsa berriak leku egokietan eginen dira, behin ere ez ibaiarroak moztuz, eta erripak ez sobera pikoak, basa fauna erraz inguratzeko modukoak. Lehendik dauden baltsak garbitzean zati bat garbitu gabe utziko da uretako ekosistemetako landaretza desagertu ez dadin.

Ez da dirulaguntzarik izanen baltsak ixteko.

Egin beharreko baltsen ezaugarriak (forma, neurriak, etab.), egiteko modua eta plano bat _zein tokitan eginen diren adierazita_ jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean.

B.4. Askak.

Aska artifizialak, nork bere erara eginak edo merkatuan diren modeloetakoak. Kanpaina honetan ez da dirulaguntzarik izanen askak garraiatzeko, ezta haiek betetzeko ere.

Hirugarrena._Beharkizunak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrak.

Betiere, eskatzaileek ondoko beharkizunak beteko dituzte:

a) Ehiza barrutiak Ehiza Antolatzeko Plan bat onetsia izatea, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari egokitua.

b) Ehiza aprobetxamenduaren titularrak funtzionamendu zuzenaren froga aurkeztea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

c) Ehiza arloan ez izatea zehapen espedienterik, ez eta espediente administratibo baten bidez zehatua ere azken hiru urteetan.

d) Ehiza barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik izatea.

Laugarrena._Eskabideak egiteko epea.

Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrek, dirulaguntza hauek jaso nahi badituzte, eskabidea aurkeztu beharko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 60 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Bosgarrena._Eskatutako betebeharrak egiaztatzeko modua.

Eskabideekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskaera, I. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen txostena, honako hauen ingurukoa: Jarduketaren xedea, jarduketaren azalpen laburra, zein inguruabarretan, tokitan eta garaitan eginen den espresuki adieraziz, aurrekontua eta planoak, deialdi honen bigarren oinarriko modalitateetan adierazitakoari jarraikiz. Memorian eta aurrekontuan egin beharreko lanak bereiziko dira, bigarren oinarrian ezarritako modalitatearen arabera.

c) Aurten burututako proiektuen kasuan, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino lehen burutu badira, edo 2005eko udazkenean erein baina iazko laguntzen deialditik kanpo direnean, gastuen faktura eta agiri guztiak erantsiko zaizkio eskaerari.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, eredu ofizialean, onuradunaren IFZ zein den adieraziz. IFZren fotokopia erantsiko da. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten barrutiek, edo 2005ean halako laguntzarik jaso ez dutenek.

e) Eskatzaileek eskaera hobeki azaltzeko nahi beste agiri aurkezten ahal dituzte.

Dokumentazioak ez baditu aipatutako baldintzak betetzen, Ehiza eta Arrantza Atalak errekerimendua eginen dio interesatuari 10 egun baliodunean, gehien jota, konpondu dezan. Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, edo aurkeztuta ere osorik ez edo akatsekin aurkezten bada, espedientea behin betikoz deuseztatuko da eta, beraz, eskabidea ezesitzat joko.

Seigarrena._Laguntzak baloratu eta ematea.

6.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion argibideak eska ditzake, baita eskatzailea bera ager dadila ere, erabakia hartzeari begira lagungarria dela ikusten baldin badu.

6.2. Espedienteak osatuta direla, Ingurumen, Lurraldearen Antolamentu eta Etxebizitza Departamentuak badu ahalmena teknikoki bideraezinak diren ekintzak kentzeko.

6.3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak eginen ditu diruz lagundutako jarduerari buruz, eta jardueraren berri ematen duten agiri guztiak aztertzeko ahalmena izanen du; halaber, eskatzailea ager dadila eskatzen ahal du, bere erabakia hobeki oinarritzeko.

6.4. Dirulaguntzarekin batean ingurumen eta oihan arloko baimena ere ematen da, baina Administrazioari eskatu eta hark onartutako ekintzetarako bakarrik, aurkeztu eta onartutako txostenaren arabera. Ekintzaren batean aldaketarik gertatzen bada, Administrazioak baimendu beharko ditu ingurumen eta oihan arloko ondorioetarako.

Zazpigarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa ateratzeko, onartutako inbertsioari (BEZa barne) taula honetan ezarritako portzentajeak aplikatuko zaizkio, modalitate bakoitzean:

A.1._Laboreak babesteko hesi fisikoak. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 60.

A.2._Untxiak harrapatzeko tranpa kaiolak. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 40.

A.3._Usain edo zapore bidez uxatzea. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 50.

A.4._Hotsen bidez uxatzea. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 40.

A.5._Basurdea uxatzeko elikatze osagarria. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 40.

B.1._Ehizarako ereintza. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 60.

B.2._Sastraka garbitzea. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 50.

B.3._Baltsak. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 50.

B.4._Askak. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): % 40.

Betiere, Nafarroako ehiza barrutietarako eskubidedunei laguntza ekonomikoak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditua aurrekontuetan, eskaeraren ebazpen administratiboa egiten denean. Horrela, inbertsioei aplikatzen zaien portzentajea, gehienez ematen ahal den kopurua adierazten duena, proportzioan murriztuko da aipatu tarte guztietan, kreditu nahikorik ez badago aurrekontuan laguntzaren xedeko eskaera guztientzat.

Zortzigarrena._Organo eskudunak.

8.1. Egindako eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Batzorde Tekniko batek aztertuko ditu. Hona kideak:

_Mahaiburua: Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

_Mahaikideak: Ehiza eta Arrantza Ataleko bi teknikari.

8.2. Dirulaguntzak Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira. Alabaina, eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

8.3. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onuradunen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

Bederatzigarrena._Ordainketa.

9.1. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, jarduera bukatutakoan eta gastuak justifikatu ondoren, deialdi honen hamaikagarren oinarriari jarraikiz. Salbuespenez, 2006ko ekaina baino lehen onetsi eta burututako proiektuetan lehenago ordaintzen ahal dira.

9.2. Egindako inbertsioan oinarrituta ordainduko da, fakturen bidez frogatuta, eta ez da inoiz hasieran emandako dirulaguntza gaindituko.

Hamargarrena._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Diruz lagundu behar diren lanak egitea, kontzesioan onartutako baldintza teknikoei jarraikiz eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat eta organo eskudunak egin dezakeen ikuskapenaren menpe.

b) Debeku da ekintza baterako ematen den dirulaguntza beste ekintza baterako erabiltzea. Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere Ehiza eta Arrantza Atalak onetsiak badira. Nolanahi ere, ekintzarako emaniko dirulaguntza ez da handituko.

c) Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

d) Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzen edo laguntzen berri ematea organo emaileari.

f) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Hamaikagarrena._Lanak bukatzeko epea eta gastuen justifikazioa.

11.1. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek kontuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, II. eranskineko eredukoak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan, egindako gastuen fakturak erantsiz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.

11.2. Diruz lagundutako jarduerak egiteko eta gastuen justifikazioa aurkezteko epea 2006ko azaroaren 15ean amaituko da.

11.3. Justifikazio kontuan sartuko da egindako gastuen zerrenda zenbakiduna, 2. oinarrian ezarritako modalitateen arabera xehekatua, kontzeptu bakoitza zehaztuz eta aurkezten diren fakturekin parekatuz. Fakturak jatorrizkoak izanen dira edo fotokopia konpultsatuak eta onuraduna den ehiza aprobetxamenduaren titularraren izenekoak, betiere. Egindako gastua benetan pagatu dela frogatzeko, fakturei bankuko justifikanteak erantsiko zaizkie, edo faktura luzatu duenak sinatutako hartu-agiria, ordainketa eskudirutan egin baldin bada.

Hamabigarrena._Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Laguntza hauek bateragarriak dira era guztietako gainerako dirulaguntzekin. Baina, programa eta/edo jarduera baterako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu Ehiza eta Arrantza Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluko d) idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Hamahirugarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen diren eta aurreikusitako inbertsioak egoki burutzen diren begiratuko du. Hori helburu, bidezko ikuskapen eta egiaztapenak egin ditzake, eta laguntzen onuradunei jarduerari buruzko informazio eta egiaztagiriak aurkeztea eska diezaieke, baita haren aurrean agertzeko ere.

Hamalaugarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xedeko jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordainduko ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamabosgarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

I. ERANSKINA

2006. urtean ehiza espezieek nekazaritzan egin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko dirulaguntzaren eskabidea

........................... jaun/andreak, NAN ............, helbidea ..................... kalean duenak, ...... zenbakia, ....., pisua, ...... udalerrian, ............ telefono zenbakia, bere izenean edo ......................................, IFZ .............., egoitza ............ kalea, ..... zenbakia, ........ solairua, ......... udalerria, ............... telefono zenbakia, ......ko NA-....... matrikulako ehiza barrutiaren ehiza aprobetxamenduaren titularraren izenean edo hura ordezkatuz (ezabatu egia ez dena),

Honako hau azaltzen du:

2006. urtean ehizarako basa faunak eragindako kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduen titularrei dirulaguntzak emateko deialdiari dagokionez, zeina .......aren ..........(e)ko ......... Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen, uste du eskatzen diren beharkizunak betetzen dituela eta deialdi horren arauak osorik onartzen dituela. Hori dela eta, atxikitako memorian adierazten diren jardueretarako Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren dirulaguntza eskatzen du, ........................ eurokoa, guztira.

Orobat adierazten du:

_Ez duela beste dirulaguntzarik jaso jarduera bererako, edo behar bezala justifikatzen duela, deialdiko hamaikagarren oinarriarekin bat.

_Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela.

_Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikuskatzeko, horrela egiazta dadin dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituela.

.................................(e)n, 2006ko ..............aren.....(e)an.

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, sinadura)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Justifikazioko kontua

2006. urtean ehiza espezieek nekazaritzan egin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko dirulaguntzak

Modalitatea: Faktura zein modalitateri dagokion adieraziko da, deialdiaren 2. oinarriaren arabera (A.1, A.2, A.3, A.4, A.5, B.1, B.2, B.3, B.4).

Kontzeptua: Faktura zein inbertsio edo ekintzatarako ordaindu den azalduko da.

Fakturaren zenbakia: Fakturak hurrenez hurren zenbatuko dira eta justifikazio kontuari era ordenatuan erantsiko zaizkio, gastua benetan pagatu izanaren frogagiriekin batera.

Iragarkiaren kodea: F0606045