50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko apirilaren 3koa, Nafarroako Gobernuarena; honen bidez "Ebroko korridorea" Logistika eta Garraio Zentroa (Cortes, Nafarroa), Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro, S.L. (Celtce, S.L.) sozietateak sustatu duena, udalez gaindiko plan sektorial deklaratu da, jendaurrean jarri da eta entzunaldia eman zaio ukitutako udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko.

2005eko ekainaren 30ean, José Mendaza Beorlegui jaunak, Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro, S.L. (Celtce, S.L.) sozietatearen ordezkariak, 'Ebroko korridorea' (Cortes, Nafarroa) Logistika eta Garraio Zentroaren Udalaz gaindiko Plan Sektorialaren proiektua aurkeztu du, tramitatzeko. 2005eko abuztuaren 11n proiektuak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko azterlana aurkeztu zen, espedienteari atxikitzeko. Geroago, 2005eko azaroaren 22an, agiriak eskatu ondoren, zentroko sarbideei eta uraren hornidurari buruzko eranskina aurkeztu zuen, memoriari atxikitzeko, eta harekin batera baita trafikoari buruzko azterlana ere.

I._Planaren xedea eta izango duen udalez gaindiko eraginaren justifikazioa.

UPSren xedea Cortesko udalerrian Logistika eta Garraio Zerbitzuen Zentro handia (aurrerantzean LGZZ) instalatzea da; ondoren horren aldeko arrazoiak azalduko dira:

_Kokapena estrategikoa da nazioko eta nazioarteko komunikazio bide nagusiak eta N-232 errepideko trafiko handia kontuan hartuta, eta distantzia egokietara dago inguruko hiri handietatik.

_Logistikaren eta garraio zerbitzuen arloko jarduera ekonomikoa dibertsifikatuko da Nafarroan, eta ezarriko diren azpiegiturak Iruñean daudenen osagarriak izango dira.

_Eraginpeko eremuko ekonomiaren eta gizarte bizitza suspertuko du; izan ere, zentroa bertan kokatzeko eskaria oso handia da.

Proiektua udalez gaindiko deklaratzeko arrazoiei dagokienez, Memorian LAHFLko 42.2. artikulua aipatu da: "udalez gaindiko plan sektorialen bitartez garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzeko jarduketak antolatzen dira, (...) kokatzen diren udalerritik edo udalerrietatik kanpo eragina dutenean, jarduketa oso zabalak edo garrantzi handikoak direlako edo ezaugarri bereziak dituztelako". Bada, hizpide ditugun instalazioak guztiz bat datoz xede eta ezaugarri horiekin.

Beste alde batetik, Memoriako atal batean ("Udalaz gaindiko gidalerroak") "Ebro ibarra: lankidetza-ardatza"ri buruzko Nafarroako Lurralde Estrategian bildutako hausnarketak aipatu dira; ondoren paragrafo batzuk nabarmenduko ditugu:

"Ebro ibarra, aurreikusten denaren arabera, eremu logistiko pribilejiatua izango da, komunikazio korridorea eta jardueren sorkuntza-gunea baita. Ildo honetatik, alde honetako erlazio funtzionalak sendotzearekin batera, Zaragoza eta Logroño bitartean ardatz-gune bat sortu behar litzateke, Nafarroan, hain zuzen ere. Horregatik, Ebro ibarraren konfiguraziotik abiatuta Erribera garatzeko aukera berriak sortu dira, aurreko puntuan azaldu den eremu zentralaren osagarria izan baitaiteke" (eremu zentrala Iruñearen ingurualdea da).

"Zaragoza hurbil dago, eta beraren eragina Ebro ibarraren erdialdeko sarean izan daitezkeen Aragoiko udalerrietara eta Nafarroako Tutera, Ribaforada eta Cortesera hedatzen da. Egon ere, Tutera hurbilago dago Zaragozatik Iruñetik eta Logroñotik baino, eta Zaragozak hiri nahiko handiek izan ohi dituzten onurak eskaintzen ditu, nahiz eta jardueren sorkuntza eragotzi. Logroño-Calahorra-Tutera hirialdea sortuko balitz, Errioxako eta Nafarroako herrien garrantzia handituko luke. Izan ere, bestela deusez geratuko dira Zaragozaren eta beraren ingurualdearen eraginaren menpean".

"Beraz, eta honela bukatu da memoriaren atal hau, zentro hau ezartzea erabat justifikatuta dago Nafarroako lurralde-azterlanetan ezarritako aurreikuspenen arabera".

II._Proposamenaren deskripzioa.

LGZZk 80 bat hektarea izango ditu, eta eremua nahikoa errektangularra izango da. Cortes udalerrian ezarriko da, Iruña-Zaragoza errepideko 113. kilometroan (herrigunetik 3 km-ra, zuzenean), bidearen ezkerraldean, hau da, errepide horren eta Zaragoza-Castejón trenbidearen artean: hemen kokatzeak zabalik utziko du noizbait intermodalitate-eremu bat ezartzeko aukera. AP-68 errepiderako hurbileneko sarbidea 10 km-ra dago, LGZZren hegoaldean (Gallurko lotunea).

Zentroa ezarriko den eremua nekazaritzakoa da: batez ere zerealak laboratzen dira ureztapenarekin; lurrezko erretenak ia berez sortuak dira, ura bideratzeko obrarik egin gabe; lurzatiak bateratzen eta ureztatze-erretenak hobetzen ari dira. Indarreko hirigintzako sailkapena hauxe da: lurzoru urbanizaezina, nekazaritza-produktibitate handikoa.

Nabarmendu beharrekoak dira laborantza-lurretako urak husteko erretenak, horrez gainera alde honetako euri-ur guztia biltzen dutenak. Batek LGZZ izango den eremua zeharkatzen du, hain zuzen ere egingo diren zeharkako berdeguneetako baten zehar. Beste biak LGZZren alboetatik abiatzen dira; poligonoko euri-ur guztia biltzeko toki egokietan izango dira. Erreten hauei dagokienez, berdegunean ahalmen nahikoa izan behar duen erretena eraiki behar da eta LGZZtik behera dauden hustuketa-erreten batzuk atondu behar dira: belar-sastrakak kendu eta lurrak sendotu.

LGZZk mota honetako zentroen ohiko instalazioak edukiko ditu: zamak zatitzeko eta finkatzeko nabeak, kamioiak aparkatzeko eremuak, gasolindegia, motor zentroa eta zerbitzugunea (bulegoak, ostalaritza eta jatetxeak, komunak, dendak,...). Instalazio hauek antolatuta eraikiko dira, eta kalitate-estandarrekin bat etorriz.

Oinarrizko datuak:

_Logistikaren eta garraio zerbitzuen eremua (nabeak): 369.795 m².

_Motor zentroa eta zerbitzugunea (ibilgailu arinentzako aparkalekuarekin): 81.284 m².

_Kamioientzako aparkalekua eta hornitegia: 59.128 m².

_Berdeguneak: 84.310 m² (> 80.155,80 m² = 801.558 m²-ren %10).

_Erabilera anitzeko ekipamendua: 32.288 m² (> 32.062,32 m² = 801.558 m²-ren %4).

_Bideak, bideetako aparkalekuak eta denetariko eremuak: 174.753 m².

_Guztira: 801.558 m².

Aparkaleku-plazak.

Industria erabilerako eta zerbitzuetako lurretan, aparkatzeko plazen kopurua haietan izango diren lurzati moten eta jardueren araberakoa izango da. Aparkaleku-plazen kopuruaren konputurako logistika jarduera industria erabileratzat hartuta, eta kontuan izanik lurzatien batez besteko azalera 1.547 m² izango dela eta, ondorioz, aparkatzeko plaza bat eduki beharko dela eraikitako 100 m²-ko, eta guztira 193.805 m² eraiki daitezkeela, guztira 1.938 aparkaleku-plaza egin daitezke.

Plaza horiei zerbitzuei dagozkienak gehitu behar zaizkie. Hain zuzen ere, zerbitzu eremuetan aparkaleku-plaza bat egin behar da eraikitako 50 m²-ko; guztira 65.163,36 m² eraiki daitezkeenez, 1.304 aparkaleku-plaza eraiki daitezke zerbitzu-eremuetan. Beraz, guztira 3.242 plaza egin daitezke (proiektuan 3.282 plaza proposatu dira).

Zerbitzu-konexioak.

a) Edateko ura. Edateko ura Cortesko ur biltegi nagusitik hartuko da 2.500 metro inguruko hodi baten bidez. Hodi honek eraikiko den lotune berria, LGZZko sarbidea, izango den tokian zeharkatuko du N-232 errepidea. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ur emaria nahikoa da LGZZ, industria poligonoa eta Cortes hornitzeko, baina erregulazio-biltegia (600 m³) txikiegia da, eta horregatik Cortesko Udalak 5.000 m³-ko erregulazio-biltegia eraikitzeko espedienteari ekin dio. Biltegi berria gorago egongo da: zama-altuera 23,60 metrokoa izango da, egokia LGZZrako.

b) Saneamendua. Urak bereizteko sarea diseinatu da. Ur beltzak, LGZZren poligonoko kutxeta batetik punpatu ondoren, hilerriko sarrera nagusiaren ondoan dagoen kutxeta batera isuriko dira. Kutxetan honetan bertan bilduko da, halaber, Nasuinsa sustatzen ari den industria poligonotik isuriko dena. Oraingo sarea ongi dago eta nahikoa da izango diren isurketa guztiei aurre egiteko. Olioak, koipeak eta antzeko gaiak sare orokorreko kutxetan aurrean egongo diren kontrol-kutxeten bidez isuriko dira.

Euri-urak hiru huste-erreten naturalen bidez isuriko dira: ura Mugako ubidera helduko da (ubide hau Mora erretena da Ubide Inperialetik aurrera) eta gero Ebrora bideratuko da.

c) Energia elektrikoa. Proposamenean Iberdrolak energia elektrikoaren hornidura egokia bermatzeko egin beharreko lanak azaldu dira: 11 km-ko tartean linea guztiak aldatu; Cortesko bi transformadoreak aldatu handiagoak jartzeko; bi etengailu-posizio berri eta linea berria Cortesko TEAtik LGZZra).

d) Telefonia. Orain errepidearekiko paralelo dagoen zuntz optikozko telefonia linea batekin konektatuko da; konexioa, LGZZren diseinuaren arabera, erabilera publikoko gune batean txertatuko da. LGZZko eraikin batean 12 m² erreserbatuko dira banaketa-ekipoak jartzeko.

e) Gasa. Goi presioko gasbide batek (Malléngo adarra) diagonalean zeharkatzen du LGZZ egongo den eremua; LGZZren diseinuaren arabera erabilera publikoko guneetan txertatuko da. Hartunea poligonoaren barruan jarriko den presioa jaisteko balbula batean egongo da, errepidetik urrun eta Cunchillosko bidetik gertu. Hodiak, balbulak, gasbidearekiko konexioa eta obren ikuskapena Gas Navarra, S.A.ren kontu izango dira; honek bere segurtasun-arau guztiak aplikatzeko eskatuko du.

III._Egin diren txostenak.

1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak 2005eko irailaren 26an emandako txostena.

Txosten hau UPSren xede den jarduketaren aldekoa da, baina baldintza hau ezarri du: zorrotz bete behar dira ondare arkeologikoa babesteko aurreneurriak.

2. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak 2005eko urriaren 3an emandako txostena.

Txosten honetan adierazi da zentroa egingo den aldeak ez duela ingurumen balio berezirik, eta gaineratu du proposamenak, oro har, ez diola modu nabarmenean eragingo ingurumenari. Hala ere, baldintza hauek ezarri dira:

_Zentroko instalazioetan guztira sortuko diren hondakin-uren emaria eta haien kutsadura-zama kalkulatu behar dira, zenbatespenez, Cortesko HUAk behar bezala tratatzeko gaitasuna duenez erabakitzeko.

_Euri-urei dagokienez, proiektatzen den soluzioan euri-ura iragazten duen egiturak eta materialak erabili behar dira, ahal dela landaretzadunak, zentroak ahalik gutxien alda dezan aldeko hidrologia.

_Gainera, on izango litzateke proiektuan euri-urak bildu eta berdeguneak ureztatzeko erabiltzeko modua ezarriko balitz.

_Nolanahi ere, ezartzen den soluzioak eragotzi egin behar du euri-urak gainazal iragazgaitzetatik (zoladurak eta kamioiak aparkatzeko guneak, batez ere) arrastatzen dituen materialek eta gaiek ingurumena kutsatzea.

_Euri jasa handien ondorioz lurrak eta azpiegiturak uholdeen eraginpean geratzeko arriskuan ez izatea lortu behar da.

Espedientea aztertuta, eta ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 33. artikuluarekin bat etorriz (eraginaren ebaluazio estrategikoa arautu du), proiektuak ingurumenean izango duen eraginari buruzko azterlana egokietsi da. Ondorioz, espedientea eta Udalaz gaindiko Plan Sektorialeko gainerako agiriak jendaurrean erakutsi behar dira. Plan Sektorialaren barruan ingurumen eraginari buruzko azterlana egin beharra edo ingurumen baimena lortu beharra dakarren proiekturen bat ezartzen bada, hark ez du salbuetsiko baldintza horietatik, aipatu foru legea aplikatuta.

3. NILSAk 2005eko urriaren 20an emandako txostena.

Ur beltzak bakarrik, prozesuaren ondoriozko hondakin-urik gabe (industria nabeen garbiketakoak izan ezik), isurtzen direnean, udal araztegiak ez du inolako eragozpenik jasotzeko. Gainerako kasuetan, hauxe ezarri da txostenean: "zer isurtzen den zehaztu behar da industriaren arabera eratutako saiakuntza programa baten bidez". Ezarritako saiakuntzak egin eta isuriko denaren emaria kalkulatu ondoren, NILSAk txostena eman dezake isurkina hiriko araztegi biologikoan tratatu daitekeenez argitzeko.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak 2005eko azaroaren 11ean emandako txostena.

Txosten honetan azaldu denez, 2004ko uztailean ureztaketa tradizionala modernizatzeko oinarrizko proiektua amaitu zen, eta bertan UPS kokatzeko hautatu den aldea presiozko ureztatzeko modernizazio sektorean dago. Gaur egun _gehitu du_ proiektuaren ingurumen eraginari buruzko azterlana burutzen ari da, eta uste da 2006ko udaberrirako prest izango dela ingurumen eraginaren deklarazioa. Ondorioz _eta honela bukatu du_, "Ebroko korridorea, Logistika eta Garraio Zentroa (Cortes, Nafarroa) UPSk orain dauden ureztalurrak ukitzen ditu eta Nafarroako Gobernuak ureztatze-lanak modernizatzeko prestatutako planei eragiten die".

5. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren 2005eko azaroaren 30eko txostena, geroago Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak berretsi duena.

N-232 errepidea Buñuel eta Cortes bitartean bikoizteko proiektuan (planoa erantsi da) ezarri da lotune bat eraikiko dela egiteko asmoa dagoen zentro logistikoaren ondoan. Bada, lotune horretatik zentrora sartu ahal izango da bertako biribilgunean hasten den zerbitzubidea aprobetxatuta. Honetaz ari dela, txostenean azaldu da bidearen eta biribilgunearen elkargunearen kurbadura-erradioa eta lotuneko biribilguneen erradioa ez direla egokiak proposamenak sortuko duen trafikorako, ez trafiko motarako, ez bolumenerako. Ondorioz, ondokoak ezarri dira, laburbilduta: a) sustatzaileak trafikoari buruzko azterlana aurkeztu behar du; b) azterlan horren emaitzak gorabehera, biribilgunean hasten den sarbide-adarraren trazadura aldatu behar da, kurbadura-erradioa handitzeko eta elkargunearen angelua handiagoa izan dadin; c) sustatzailearen betebeharrak gogorarazi dira, AJGAPko 100. artikuluan jasotakoak: kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegituren kostua beraren kontura izango da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura hauek, eta, jarduketaren ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak egin beharko ditu; d) eskatutako agiriak aurkeztutakoan, ebaluatu egingo dira eta txostena prestatuko da.

6. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren 2006ko otsailaren 6ko txostena.

Txosten hau sustatzaileek aurkeztutako trafikoari buruzko azterlana eta LGZZko sarbideen proposamen (aurrekoari atxikia) berria aztertu ondoren eman da. Bertan, sustatzaileek aurreko txostenean ezarritako guztia bete dutela adierazi da, eta sarbideen proposamen berriaren alde egin da. "Hala ere _azaldu da_, kontuan harturik balitekeela egunen batean "Ebroko korridorea" Logistika eta Garraio Zentroa (Cortes, Nafarroa) inguruan zabalkuntza-lanak egitea eta ondorioz N-232 errepideko sarbide-lotuneko trafikoa handitzea eta, beraz, zirkulazioak txarrera egitea, sustatzaileak ordaindu beharko du trafiko-eragozpen horiek konpontzeko lotunean eta sarbideetan egin beharreko zabalkuntza eta sendotze lanak, eta, beharrezkoa bada, baita egin ere". Eta gehitu du: "Horregatik, lursailak erreserbatu behar dira noizbait bide sariaren funtzionaltasunari eusteko aurrean aipatu diren obretako batzuk egiteko".

7. Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendariak 2005eko abenduaren 20an emandako txostena.

Zentroa ez dago Nafarroako Herri Babesaren Lurraldeko Planean eta Nafarroako Gobernuak onetsitako plan berezietan ezarritako hondamendi-arriskuen eraginpean. Uholdeen Plan Bereziaren arabera, Cortes aldean Ebro ibaiaren goraldiaren ondorioz uholdeak izateko arriskua dago, baina proiektutako zentroa ibaitik nahiko urrun egongo da, eta ez du izango horrelakorik jasateko arriskurik batere. Zentroan izango diren establezimenduetan abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuan suteez araututako bete beharko da, hain zuzen ere 3. eranskineko 6. idatz-zatian suteetarako ura hornitzeko sistemez ezarritakoa. Ur-hartuneak direla-eta, txostenean adierazi da haiei buruz ezarritakoa bete dela, zeren, aurkeztutako agirien arabera, haien artean 200 metro baino gutxiago baitaude.

8. Garraio Zuzendaritza Nagusiaren 2006ko otsailaren 10eko txostena.

Txosten honetan logistikaren sektoreaz eta beraren garrantziaz egindako gogoeta batzuk bildu dira; hona interesgarrienak:

_Logistikaren arloak funtsezko lehia-elementuak dira garraioaren eta logistikaren sektorea eta lurraldeko industria antolatzeko eta garatzeko, bai eta hau lehiakorragoa izateko ere. Gainera, intermodalitatea oinarrizko tresna da helburu horiek lortzeko.

_Logistikaren eta garraioaren arloan, Nafarroaren kokapena estrategikoa da, Iberiar penintsularen eta Europako gainerako lurraldeen arteko igarobidean baitago. Horregatik, Nafarroak nahitaez lortu behar du ahalmen handiko garraio-azpiegitura linealetan (errepideak, trenbideak) oinarritutako irisgarritasun handia, eta sare lineal horietan azpiegitura nodalak ezarri behar ditu, garraioari eta logistikari lotutako balio erantsiko jarduerak haietan koka daitezen.

_Logistika jarduera konplexua da, eta jende askori (agenteak, hornitzaileak, fabrikatzaileak, banatzaileak, biltegizainak, operadore logistikoak, etab...) eta sektore ekonomiko guztiei eragiten die. Logistikaren merkatuak Espainiako jarduera ekonomikoan duen pisua honela adieraz daiteke: BPGren %13,9 sortzen du. Gainera, egin diren aurreikuspenen arabera, Espainiakoa merkatu logistiko dinamikoenetako bat izango da.

Horiek azaldu ondoren, txostena honela amaitu da:

"Garraioaren eta logistikaren oraingo eta etorkizuneko dinamismoa oinarritzat hartuta, eta kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitateak plataforma logistiko moderno eta iraunkorrak eduki behar dituela, Logistika eta Garraio Zentroa ezartzea ontzan eman da. Sustatzaileak ondokoak aurkeztu behar ditu:

_Zentroa kudeatzeko, ustiatzeko eta zuzentzeko erabiliko den sistema.

_Trenbidea integratzeko plana".

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Lurraldeaz edota hirigintzaz gogoeta egiten hasi aurretik, sustatzaileak espedienteari jarri dion izenburua aipatu behar da: "Ebroko korridorea" (Cortes, Nafarroa) Logistika eta Garraio Zentroaren Udalaz gaindiko Plan Sektoriala. Bada, horretaz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 42. artikuluan ezarritakoa hartu behar da aintzat: UPSen bitartez "garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzeko jarduketak antolatzen dira,...". Nolanahi ere, bai eremuaren antolamendua (oinarrizko alderdi guztiak), bai proposatutako hirigintzako arautegia bera (lurzoruaren sailkapena, jarduteko sistema, eredu-aprobetxamendua,...), bat datoz planen edukiarekin eta ezarpenekin. Izan ere, planetan lurzorua sailka daiteke, proiektuetan ez bezala. Beste alde batetik, planen bitartez "jarduera ekonomikoa" antolatzen da, besteak beste, eta LGZZren jarduera ekonomikoa da. Beraz: proposatutako UPS plana da, eta honen arabera aztertu behar da LGZZ.

Halaber, proposatu den proiektua lurrak ureztatze tradizionalarekin laboratzen diren alde batean kokatuko da eta laborantza-modu hori modernizatzen ari da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariaren txostenean adierazi den bezala. Modernizatze-jarduketak, urriaren 7ko 212/2002 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean ezarri dira. Ildo honetatik, Nafarroako Foru Komunitateko ureztate planetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeko 6. artikuluan hauxe finkatu da: "lurraldea eta hirigintza antolatzeko tresnetan Ureztatze Planaren eta foru lege honen eranskinaren arabera ureztalurrak egon daitezkeen aldeetako hirigintza zaintzeko zehaztapenak eta aurreikuspenak ezarri behar dira. Horrelako lurrak urbanizaezinak izango dira, eta babesteko egokiena den hirigintza-kategoria emango zaie; hala ere, herritarren edo gizartearen onura dela-eta, hirilur edo lur urbanizagarri bihur daitezke". Beraz, proposamenaren edukia, haren oinarriak eta justifikazioak eta Garraio Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena aztertu ondoren, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak uste du herritar guztien onurarako izango dela LGZZk ukitzen dituen lurra urbanizagarri bihurtzea. Proposatutako zentro logistikoaren proiektua udalez gaindiko deklaratu behar da, eta tramitazioak aurrera egin behar du.

Izan ere, Nafarroako Erriberan logistika eta garraio zerbitzuen zentro handia instalatzea oso garrantzitsua izango da merkantzien garraioaren sektorearentzat. Zentroa kokatuko den eremu geografikoak balio estrategiko handia du, Ebro korridorean (Kantaurialdearen eta Mediterraneoaren arteko erlazio-gunea) eta Madril - Iruña _Irun komunikazio-ardatzean baitago. Aldeko komunikazio-elementu nagusiak, sektoreari dagokionean, AP-68 eta AP-15 autobideak eta N-232 errepide nazionala dira, batetik, eta Bartzelona, Madril, Bilbo eta Irun arteko trenbideak, bestetik.

LGZZ ibilgailu astun ugari ibili ohi den N-232 errepidearen ondoan kokatzea proposatu da. Kokapen hori ondo komunikaturik dago errepide horrekin, eta honen eta aurrean aipatutako trenbidearen arteko lotura ere ona da, eta hau oso onuragarria da. Beste alde batetik, LGZZk AP-68 autobidera heltzeko modua ere badu, Gallurko lotunea, hegoaldera jo eta 10 bat km-ra, eta hau ere oso lagungarria izango da jardueraren garapenerako. Iparraldeko konexioa, hau da, AP-68 eta AP-15 autobideekin, N-232 errepidearen bitartez egingo da, laster Nafarroako tarte osoan bikoiztuko baita. LGZZren eta oinarrizko bide sistemaren arteko erlazioaren aldetik, eragozpenik handiena Madrilgo errepidetik (Medinaceli-Tutera autobia izango dena) LGZZra heltzeko modua da (Ebro korridorean zehar askoz ibilgailu astun gehiago dabiltza, hala ere). Bestalde, Buñuel-Ribaforada industria poligonoa salbu utzita, LGZZ nahikoa urrun (20 - 35 km) egongo da gaur egungo industrialdeetatik (Tutera, Castejón, Cintruenigo, etab.).

LGZZren hirigintza-antolamenduari dagokionez, bi gai eduki behar dira kontuan: N-232 errepidetik Zentrora heltzeko bideak; aparkalekuak. Sustatzaileek aurkeztutako trafikoari buruzko azterlanean LGZZra N-232 errepidearen lotunetik heltzeko beste modu bat proposatu da: bide berria eraikitzea lotuneko biribilgunetik. N-232 errepideekiko perpendikularra izango litzateke eta abiatutako biribilgunetik 280 metro eginik bitan banatuko litzateke: adar bat ondoko industria poligonora eta bestea LGZZra. LGZZn gasbidearekiko paralelo dagoen zeharkako bidearekin bat egingo luke. Beraz, bertan behera utzi da lehengo ideia, hau da, LGZZra heltzeko N-232 errepidearen lotunetik abiatzea, zerbitzu-bidea aprobetxatuta, eta gero bi galtzadako bidearekin konektatzea (aparkalekuak eta erdibitzailea, N-232 errepidearekiko paraleloa). Gainera, aipatu berri den bidearen eremuaren diseinua aldatu da: galtzada bat bakarrik edukiko du, bi noranzkorekin, eta aparkalekuak egon behar ziren tokian berdeguneak egongo dira.

Hala, lotuneko biribilgunera heltzeko bidearen eta N-232 errepidearen elkargunea egiteko aurrean aipatutako zerbitzu-bidearen elkargunea ezabatu da (zerbitzu-bideak beste ibilbide bat izango luke, 240 metro luzeagoa), eta, beharbada, nahikoa izango litzeteke biribilguaren forma eta tamaina aldatzea zerbitzu-bidearen oraingo elkargunea eta kokapena mantentzeko, biribilgunearen maila funtzionala eragotzi gabe. Aparkalekuei dagokienez, bideen proposamen berrian 350 plaza baino gehiago ezabatu dira. Horiek berreskuratzeko, poligonoaren inguruko bidearen ertzean ezar daitezke, hots, poligonoaren eta N-232 errepidearen arteko berdegunean. Nolanahi ere, eremu honetan egingo diren jarduketak zerbitzu-bidearen tartearekin bateratu beharko dira, N-232 errepidea bikoizteko proiektuetan ezarrita baitago (N-232 errepideko atsedengunearen ondoan).

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. "Ebroko korridorea" (Cortes, Nafarroa) Logistika eta Garraio Zentroaren Udalaz gaindiko Plan Sektorialaren proiektua, Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro, S.L. (Celtce, S.L.) sozietateak sustatu duena, udalez gaindiko plan sektoriala da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako.

2. Garraio Zuzendaritza Nagusiaren txostenean adierazitakoa aintzat hartuta, sustatzaileak ondoko agiriak aurkeztu behar ditu espedientea behin betiko ebatzi baino lehen:

_Zentroa kudeatzeko, ustiatzeko eta zuzentzeko erabiliko den sistema.

_Trenbidea integratzerko plana.

3. Sustatzaileak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak 2005eko irailaren 26ko txostenean azaldutako babes-aurreneurriak aplikatu behar ditu. Zentroko instalazioetako instalazioek sortuko dituzten hondakin-urei dagokienez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren Zuzendaritzak eta NILSAk adierazitakoaren arabera jardungo da. Euri-urak, aldiz, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak esandakoaren arabera tratatuko dira.

4. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak N-232 errepidearen lotuneaz ezarritakoarekin bat etorriz, lursailak erreserbatu behar dira noizbait bide sariaren funtzionaltasunari eusteko aurrean aipatu diren obretako batzuk egiteko.

5. Halaber, eta AJGAPko 100. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegituren kostua sustatzailearen kontura izango da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura hauek, eta, jarduketaren ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak egin beharko ditu.

6. Zentroan izango diren establezimenduetan abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuan suteez araututako bete beharko da, hain zuzen ere 3. eranskineko 6. idatz-zatian suteetarako ura hornitzeko sistemez ezarritakoa.

7. Egin asmo diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

8. Hogeita hamar eguneko epean, espedientea jendaurrean jarriko da eta instalazioek ukitzen duten udalerriko udalari entzunaldia emango zaio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko.

Horretarako, espedientea interesatuen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2 - 2. solairua, Iruña), eta epealdi horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

9. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta Garraio Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumen Integrazioko Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Herri Babeserako Zerbitzuari, NILSAri, Cortesko Udalari eta enpresa sustatzaileari jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 3an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0605776