50. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

436/2006 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2006. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko epea finkatzen duena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorraren lehenengo idatz-zatiak ezartzen du lege horren beraren 10.1 eta 14.1., 14.2. eta 14.3. xedapen gehigarrietan aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, Estatuko klase pasiboen araubidearen aplikazio esparruaren barrenean badaude, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzen ahalko dutela, 1991. eta 1996. urte bitartean, biak barne, betiere baldintza batzuk betez gero.

Horren ondotik, Ikastetxeen Parte-hartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarri zen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean aipatzen diren hezkuntza kidegoetako funtzionarioek borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko aukera izanen dutela, lege organiko horren bidez ezartzen diren irakaskuntzak, oro har, ezartze bidean dauden bitartean, betiere xedapen horretan eta hura osatu eta garatzeko arauetan adierazten den bezala.

Neurri Fiskal Administratibo eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legearen 51. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2002ko urriaren 4tik aurrera beste lau urterako luzatu da Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorraren aldi baterako indarraldia.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrak ezartzen du eskaera kasuan kasuko jubilazio-organoari bidali behar zaiola, borondatezko erretiroa hartu nahi den urteko lehenbiziko bi hilabeteetan. Erretiroak eskaera egin den urteko abuztuaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Erretiro eskaerak Langileriaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusian behar bezala izapidatzearren, bidezkoa da borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2006. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko epe bat finkatzea, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza kontseilariari esleitu zitzaion Foru Diputazioko eskubide pasiboen bahituretxean ez dauden langileek erretiratzeko eta jardunean segitzeko aurkezturiko eskabideak izapidatzeko ardura.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2006. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko azken eguna finkatzea, hots, 2006ko maiatzaren 8a.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileri Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 31n._Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, José María Gracia Galilea.

Iragarkiaren kodea: F0606183