II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
T U T E R A
Alkatetzaren 1/1997 Dekretua, apirilaren 25ekoa
Datako egunarekin, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondoko Dekretua eman du:
Udalaren Erregelamendu Organikoak, bere 23, 34.etik 36.era eta 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan, eta Toki Entitateen Antolakuntzaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduak, bere 43. artikuluan eta hurrengoetan, jasotzen dute eta arautzen alkateak egin ditzakeen eskuordetzen araubidea.
Agindu horiek ezarritakoari jarraikiz, Alkatetza honen ekainaren 26ko 10/1995 Dekretuaren bidez, nekazaritzari, abeltzaintzari, mendiei eta landa eremuko ingurugiroari dagozkien aferen barne zuzendaritza eta kudeaketa eskuordetu zitzaion Jaime Buñuel López Udal honetako zinegotziari, baita industriaren sustapenari, merkataritzari eta turismoari dagozkienena ere. Geroago, Alkatetza honen azaroaren 10eko 24/1995 Dekretuaren bidez zehaztu eta egokitu zen delako eskuordetza nekazaritzak eta industriak berezko dituzten aferetara, Udalaren organo, administrazio eta eginkizunen egitura berria onetsi eta gero.
Bertze alde batetik, Udalaren Erregelamendu Organikoaren 39. artikuluan, eta Toki Entitateen Antolakuntzaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduaren 125. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Alkatetza honen uztailaren 17ko 15/1995 Dekretuaren bidez, Industriaren, Nekazaritzaren, Mendien eta Landa eremuko Ingurugiroaren Informazio Batzordeko burutza eraginkorra ere eskuordetu zitzaion Jaime Buñuel López jaunari.
Komenigarri juzkatzen denez zinegotzigo eskuordetuen artean gaien eta aferen bertze banaketa bat egitea, kasuan kasuko eskuordetzak egin zirenetik izandako esperientzia ikusita.
Aitzinekoa kontutan harturik eta aipatu aginduekin eta toki araubidean aplikarri diren gainerako lege xedapenekin bat, Alkatetza honek, bere ahalmenak erabiliz, dekretatu du:
Lehenbizikoa.-Aipatu diren eskuordetzak, Jaime Buñuel López Udal honetako zinegotziaren alde Alkatetzaren ekainaren 26ko 10/1995, azaroaren 10eko 24/1995 eta uztailaren 17ko 15/1995 Dekretuen bidez egin zirenak, bertan behera uztea.
Bigarrena.-Jaime Buñuel López jaunari zerbitzu kontratatuei (kontratazioa) dagozkien aferen barne zuzendaritza eta kudeaketa eskuordetzea, hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboen bidez ebazteko ahalmena barne izan gabe.
Hirugarrena.-Vicente Aguado Hernández jaunari nekazaritzari dagozkion aferen barne zuzendaritza eta kudeaketa eskuordetzea, hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboen bidez ebazteko ahalmena barne izan gabe.
Laugarrena.-Dekretu honen bigarren eta hirugarren atalek aipatzen dituzten aferetan Alkatetzak eman beharko dituen ebazpenak baino lehen, eskuordetza berezia duen zinegotzi bakoitzak egin beharko du txostena. Halaberean, zinegotzi eskuorde bakoitzak izapidatu eta proposatuko ditu gai horiei dagokienez Gobernu Batzordera erabakitzeko proposamenarekin batera aurkezten diren txostenak.
Borzgarrena.-Aitzineko ataletan xedatutakoak Dekretu honen dataren biharamunetik hartuko du indarra, baina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da. Halaber, bigarren eta hirugarren ataletan eman diren eskuordetzek, eragina izateko, eskuordeek onartu beharko dute izendapena. Eskuordetza onartutzat joko da, Dekretua jakinarazi eta biharamunetik hiru egun baliodunen buruan, eskuordetza onartzen ez duela Alkatetza honetan espreski adierazten ez badu.
Seigarrena.-Dekretu honen berri eman bekie Udalaren osoko bilkurari eta Industriaren, Nekazaritzaren, Mendien eta Landa eremuko Ingurugiroaren Informazio Batzordeari; jakinaraz bekie ukitutako korporaziokideari eta argitara bedi Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Dekretu honen sinaduraren biharamunetik indarra hartuko badu ere.
Horrela agindu eta sinatzen du alkate udalburuak, Tuteran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazapiko apirilaren hogeita bortzean, idazkari naizen honen aitzinean, hala ziurtatzen baitut. Alkatea, Luis Campoy Zueco. Idazkaria, Enrique Mateo Sanz.
Iragarkiaren kodea: A9704249