5. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AGUILAR KODESKOA

Aguilar Kodeskoko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

Iragarkia 2005eko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta, urriaren 17an, iragan da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluak ezarritako epea, eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Udalak, 2005eko abenduaren 13an egin osoko bilkuran, bertan zirenak bat etorrita, erabaki du behin betikoz onestea Aguilar Kodeskoko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Hona hemen, hitzez hitz:

AGUILAR KODESKOKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2-2.B artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, hemendik goiti Aguilar Kodeskoan indarra izanen dutenak, udalerriko bideetan barna ibilgailuak ibiltzeko.

Nekazaritza bideak eta mendi pistak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortzearren:

_Aguilar Kodeskoko natur ondarearen balioak begiratzea.

_Erabiltzaile mota guztien erabilera orekatua erdiestea.

_Erabiltzeko ongi mantentzea.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arau bat ezartzea Aguilar Kodeskoko mugapeko bide publikoen gainean.

3. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien eremu mugakideak ere, ura bildu eta eramateko edota bertzelako xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkaleku izateko.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesu ezberdinen ondorioz sortzen direnak, harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain dagokion planimetrian agertzen direnak.

b) Gainerako bideak: udalerriko bertze bide guztiak, lurreko zola dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez zirenak edota sartuak izan arren berrantolamendua aurrera eraman ez zenean.

c) Mendi bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek mantentzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko direnak.

4. artikulua. Aplikazio esparrua.

Ordenantza hau Aguilar Kodeskoko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, arekak, hustubideak eta gainerako azpiegiturak barne, bide publikoetan ibilgailuen joan-etorrietarako behar direnetarik badira.

5. artikulua. Erabilera baimenduak.

Bideak erabiltzen ahal dira udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza honetan ezartzen diren mugekin.

Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen ariora zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Salbuespenez, Udalak baimentzen ahalko ditu ibilgailu motordunekin talde edo entitateek antolatzen dituzten lehiaketa ofizialak eta turismo jarduerak.

Seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Mugapenak.

Muga hauek ezarri dira, bideetan barna dabiltzan ibilgailu motordun guztiendako:

a) Pisua, gehienez ere: 30 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 30 kilometro/ordua ibilgailu berezietarako eta 40 kilometro/ordua gainerako ibilgailuetarako, baina bide meharretan edo malda sobera dutenetan 20 kilometro/ordua izanen da.

Ur ibilguen gaineko pasabideetan muga ezartzen ahalko zaio pisuari, beharrezkoa balitz, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua paratuz.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuek lehentasuna izanen dute gainerako ibilgailuen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

7. artikulua. Erabilera debekatuak.

Aguilar Kodeskoko bide publikoen azpiegituran erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisu edo tamainetan ezarritako mugak gainditzea.

b) Arekak goldatzea.

c) Lurzatiak landu bitartean nekazaritzako makineriarekin itzulia egitera ateratzea.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino laboratzea, lur erauzketak eraginez.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik 4 metro baino gutiagora edo finken sarreretatik hurbil.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (aihenak, etab.) botatzea bideetara, areketara eta erretenetara.

h) Bideetako arekak eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

i) Nekazaritzako lurzatietatik euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatien sarbideetara ateratzea, erretenetara zuzenean eramateko aukera baizik ez baita ematen.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideetakoak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (aihenak, etab.) bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

l) Lanabesak edo bertze edozein makineria mota garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udalerriko bide publikoetan jendeen edo ibilgailuen joan-etorria hein batean edo osotara trabatzea.

n) Moto bidezko mota guztietako lehiaketak, lasterketak edo turismo jarduerak, Udalak espresuki baimendu ezik.

8. artikulua. Mugen eta debekuen salbuespenak.

Ez dute baimenik behar erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek, beren eginkizunetan ari badira.

9. artikulua. Baimenak.

Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzen direneko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu.

10. artikulua. Baimenak ematea.

Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebete baizik ez du iraunen, salbu eta eskatzaileak lan publiko baten esleipenaren iraupenari lotua eskatzen badu.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat pausatzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren ariora kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean.

11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak hauek dira:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak egin, aldatu edo handitzeko beharrezkoa izanen da aldez aurretik Udalari eskatu eta haren baimena izatea. Lan horiek partikularraren bizkar eginen dira; hormigoizko hodiak paratu beharko ditu, gutienez ere 40 cm-ko diametroa dutenak.

b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea uraren pasabidea errazteko.

c) Edozein inguruabar dela-eta, arekak edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du horiek garbitzeko ardura eta zehapena ezarriko da hala egin ezean.

d) Aguilar Kodeskoko bideetan ibili nahi izanez gero, abiadura bideen egoerari eta haien ezaugarriei egokitu beharko zaie; ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako zolaren desagerpena eragozteko.

e) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek lehengoratzeko.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arina izanen da: egiten edo ez egiten den guztia, ordenantza honetan xedatzen dena urratzea badakar, edo bertzenaz Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontra badoa eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea bada.

Arau-hauste larria izanen da: egiten edo ez egiten den guztia, ordenantza honetan xedatutakoa urratzeaz gain, pertsonei edota ondasunei kalte ekonomikoak ekartzen badizkie.

Beraz, arau-hauste larritzat hartuko da, bertzeak bertze, bide baten ezaugarriak aldaraztea, bide horrek dagokion planimetrian duen eitea aldatzea, alegia.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi bateko edo enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.

13. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinek isuna izanen dute zehapen, gutienez 60 eurokoa eta gehienez 150ekoa.

Arau-hauste larriek isuna izanen dute zehapen, gehienez ere 600 eurokoa, gehi kaltea konpontzeko behar diren gastuak.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Udalbatzako kideek bai goragoko agintariek bai salaketa bidez. Izendatutako udalkideek, arau-haustea egiaztatutakoan, salaketa-orri bat luzatuko dute eta hasiera emanen zaio zehapen espedienteari. Udalak aldi baterako nahiz betirako eskuordetzen ahal ditu horretarako eginkizunak, betiere osoko bilkurak izendatzen duenaren alde.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Aguilar Kodeskoan, 2005eko abenduaren 19an._Alkatea, Juan Cruz Casasnovas Martínez.

Iragarkiaren kodea: L0524498