48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Deialdi publikoa, 2006. urtekoa, herritarren elkarte eta entitate irabazi asmorik gabekoei herritarren partaidetzaren arloko dirulaguntzak ematen dizkiena

Deialdi honen helburua 2006. urtean zehar herritarren partaidetzaren esparruko irabazi-asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateei norgehiagoka araubidean dirulaguntzak emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman da argitara, otsailaren 17an, 2006ko 21. zk.an.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua.

Deialdi honi 505.000 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 22/46330/482090 eta 70/31100/482090 kontusailen kargura esleitu ere.

Gehieneko aurrekontu hori, bestalde, jarraian aipatzekoak diren A, B eta C epigrafeei dagozkien proiektuen artean banatu ahalko da, gehieneko zenbateko hauen arabera banatu ere:

A epigrafea

170.000 euro, hiriko auzo elkarteek, kultur koordinakundeek eta festa-batzordeek aurkeztutako proiektuetarako, jarduera iraunkorrak, kultur arlokoak edo festa-girokoak egite aldera.

B epigrafea

275.000 euro, pertsona helduen eta adinekoen aisiaren eta astialdiaren inguruan lan egiten duten elkarteek jarduerak egiteko aurkeztutako proiektuetarako, betiere herritar guztiendako zabalik egonez gero.

C epigrafea

60.000 euro, beste eskualdeetako zein atzerriko komunitateak ordezkatzen dituzten entitateek jarduerak egiteko aurkeztutako proiektuetarako. Jarduera horiek haien kultura eta ohiturei lotuak izan beharko dute, eta iruindar guztiendako zabalik egon, kulturen arteko topaleku bihurtu eta elkarbizitzaren eta gizarte partaidetzaren alde egite aldera, betiere aisiaren eta denbora librearen esparruan.

Deialdira aurkezten diren elkarteei edo entitateei emanen zaizkien dirulaguntzek lotura zuzena izanen dute deialdi honen 8. klausulan jasotako irizpideen arabera lortutako puntuazioarekin, diruz lagundutako proiektuen zenbatekoarekin eta deialdi honen 1. klausulan jasotako aurrekontuko diru-izendapenaren kredituarekin, ezin izanen dutelarik inolaz ere azken hori gainditu.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 14.1 artikuluarekin bat, dirulaguntza hauetarako izendatu den gehieneko zenbatekoa deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

2._Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea irabazi-asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateei emateko diren dirulaguntzen erregimen orokorra arautzea da, gizarte dinamizazioren eta partaidetzaren aldeko proiektuak gauza ditzaten, horretarako jarduerak eginez. Proiektuak ondoko A, B eta C epigrafeetan jasotzen direnak bezalakoak izan ahalko dira:

A epigrafea

Hiriko auzo elkarteek, kultur koordinakundeek eta festen batzordeek jarduera iraunkorrak, kulturalak zein festa girokoak egiteko aurkeztutako proiektuak.

B epigrafea

Pertsona helduen eta adinekoen aisiaren eta astialdiaren inguruan lan egiten duten elkarteek jarduerak egiteko aurkeztutako proiektuak, betiere herritar guztiendako zabalik egonez gero.

C epigrafea

Beste eskualdeetako zein atzerriko komunitateak ordezkatzen dituzten entitateek jarduerak egiteko aurkezten dituzten proiektuak. Jarduera horiek haien kultura eta ohiturei lotuak izan beharko dute, eta iruindar guztiendako zabalik egon, kulturen arteko topaleku bihurtu eta elkarbizitzaren eta gizarte partaidetzaren alde egite aldera, betiere aisiaren eta denbora librearen esparruan.

Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, halako moldez non betetzen ez badituzte, eskaera bertan behera geratuko baita:

a) Deialdiaren oinarrietan adierazitako printzipio eta lehentasunen arabera egokituak izan, haien kasua A, B edo C epigrafeetako batean aurreikusita egon eta Udalaren beste alorretako deialdietan dirulaguntza aproposagorik jasotzeko egokieran ez izatea.

b) Behar bezain zabal eta justifikaturik ematea, jarduera-proiektuaren helburu eta baliabideen berri, betiere dirulaguntzarik lortzea ez dela izanen ezinbesteko baldintza, jarduerak egiteko.

c) Jarduerak prestatzea zein haiek egitea herritar guztiei zabalik egotea.

d) Dirulaguntzaren xedea diren jarduerak 2006an gauzatzea, betiere, 2006ko abenduaren 31 baino lehen.

Berariaz, deialdi honetatik at daude ondokoak:

1._Zehazki, eta bereziki, haien xede edo helburua medio Udalaren beste alorretan kokapen egokiagoa izan dezaketen jarduerak eta proiektuak, dela gizarteratzekoak edo berdintasunaren aldekoak direlako, dela hizkuntzen ezagutzarekin, kirolarekin edo jardun publikoari dagokien beste edozein esparruarekin zerikusirik dutelako.

2._Iruñeko Udalaren beste edozein alorretako deialdi baten xedea direnak.

3._Beste udal programen eskutik finantzamendurik jaso duten programak edo jaso dezaketenak, edo lankidetza-hitzarmenik edo Udalaren zerbitzuen kontrataziorik sinaturik dutenak.

4._Irakaskuntza planetan aurreikusitako irakaskuntzako jarduerak.

5._Izaera politikoa edo erreibindikatiboa duten jarduerak, izaera hori jarduera gauzatu baino lehen edo behin gauzatzen hasita hartuta ere. Eta, orobat, halako erreibindikazioak egiteko erabili diren jarduerak -haiek gauzatzea toleratu besterik egin ez badute ere- zein herritarren askatasunaren kontrakoak edo Konstituzioa edo legeak betetzen ez dituztenak ere.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorreko 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo dirulaguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta dirulaguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster jakinarazi behar da horren berri, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.

e) Dirulaguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak beterik dituela.

Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, dirulaguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, dirulaguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

h) Behar bezala iragartzea dirulaguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, betiere deialdi honen 17. klausulan aurreikusitakoarekin bat.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako adierazten diren kasuetan.

3._Dirulaguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak bete eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorreko 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen irabazi-asmorik gabeko entitate eta herritar taldeek eska ditzakete dirulaguntzak, betiere honakoak betetzen badituzte:

_Legeekin bat eraturik eta Udalaren Elkarte-Erregistroan edo Nafarroako Elkarte-Erregistroan izena emanik izatea, eskaera aurkeztu behar den datan.

_Irabazi-asmorik ez edukitzea.

_Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

_Aurkeztutako proiektua, oro har, Iruñeko udal mugapean gauzatzea. Salbuespen gisara, dirulaguntzaren xede den jarduerak Iruñeko udal mugapeaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, dirulaguntza eman baino lehen.

_Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmenik edo zerbitzu-kontrataziorik sinatu ez izana, dirulaguntza zein proiekturako eskatu eta horretarako, eta Iruñeko Udalaren beste edozein alorren dirulaguntzarik jaso ez izana, jarduera bera hori gauzatzeko.

_Proposatutako helburuak betetzeko behar bezalako egitura izatea, eta horiek lortzeko beharrezko ibilbidea, esperientzia eta gaitasuna egiaztatzea.

_Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea. Udalak bere kabuz egiaztatuko du hori, eta egoeraren berri jasoko du egoki den izapidearen bidez. Era berean, dirulaguntzarako proposamena egin aurretik, bere kabuz egiaztatuko du ez duela Udalaren Diruzaintzara itzuli beharreko zenbatekorik.

_Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak. Horretarako, dirulaguntza eskatzen duten elkarte eta entitateek Foru Ogasunak edo, hala behar izatera, Estatutukoak zein Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emandako agiriak aurkeztu beharko dituzte, aurreko inguruabarrak frogatze aldera.

Berariaz deialditik at daude ondokoak:

1._Enpresak eta irabazi-asmoa duen beste edozein entitate.

2._Aurreko ekitaldian Iruñeko Udalarekiko betebeharrak bete ez edo urratu dituzten entitateak, dirulaguntzen jasotzaile edo lankidetza-hitzarmenen sinatzaile gisa.

Debekua jasotzeko arrazoirik ez dela eta galdatutako baldintzak beteak direla egiaztatzeko, eskatzaileek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu behar dute, bai eta deialdi honen 7. klausulan ezarritakoarekin bat eskabideari erantsi beharreko agiriak eta argibideak ere, betiere Administrazioak aurkeztutako aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko duen ahalmenari kalterik egin gabe.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4._Dirulaguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak

Herritarren Partaidetzako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da dirulaguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz eginen ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Dirulaguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Hona, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Epaimahaiburua:

_Herritarren Partaidetzako Alorreko zinegotzi delegatua.

Epaimahaikideak:

_Herritarren Partaidetzako Alorreko zuzendaria

_Herritarren Partaidetzako idazkari teknikoa

_Gizarte Zerbitzuetako idazkari teknikoa

Idazkaria:

_Herritarren Partaidetzako teknikaria

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu:

Interesatuen eskaerak Udal honen ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesatuari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 2-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Herritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorreko 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

_Elkartearen, entitatearen edo herritar-taldearen estatutuak. Estatutuak aldez aurretik aurkeztu badira eta, gerora, aldaketarik jasan ez badute, ez dira berriro aurkeztu beharko. Betiere, eskabidean adierazi beharko da noiz eta zertarako aurkeztu ziren (Udalak bere kabuz egiaztatuko du hori) eta Estatutu horiek ez dutela aldaketarik jasan aurkeztu ziren aurreko alditik.

_Udalaren Elkarte-Erregistroan izena emana duela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena, geroago Udalak bere kabuz egiaztatuko duena, eta dagokion elkarte-erregistroan izena emana duela egiaztatzeko agiria.

_Erantzukizunpeko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorreko 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko.

_Elkartearen identifikazio fiskaleko (IFZ) agiriaren eta legezko ordezkariaren NANen kopia.

_Entitatearen identifikazio-fitxa (I. eranskina).

_Dirulaguntzaren xedea diren jardueren gastu eta diru-sarreren aurrekontu zehatza, ereduaren arabera (I. eranskina).

_Dirulaguntza, egoki bada, zein banku-entitatetan sartu nahi eta horren jatorrizko egiaztagiria. Betiere, hori eguneraturik aurkeztu beharko da.

_Hala badagokio, administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatzen duena.

_Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako dirulaguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

Eskatutako agiriez gain, entitateak nahi dituen agiri guztiak aurkezten ahalko ditu, bere proiektuaren berri emateko.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urtetik gora joan ez badira, kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko die hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Iruñeko Udalak entitate eskatzailearen eta proiektuen balorazioaren gaineko irizpideen arabera emanen ditu dirulaguntzak. Bien arteko batuketaren emaitza izanen da deialdiaren puntuazio osoa.

.Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak.

Irizpide bakoitzeko, 10 puntu emanen dira, gehienez ere. Irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitatearen osoko balorazioa irizpide bakoitzean lortutako puntuen batuketaren emaitza izanen da, eta hori, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.

1. Proiektua kudeatzeko gaitasun nahikoa eta frogatua izatea, kontuan harturik entitateak zer nolako azpiegiturak eta baliabideak dituen.

2. Entitatearen antzinatasuna eta esperientzia, aurkeztutakoen antzeko proiektuak kudeatzean, eta proiektu horien oihartzun frogatua, gizartean.

3. Elkartea osatzen duten kide kopurua eta programatutako jarduerek gizartean izango duten eragina, haietan zenbat lagunek parte hartzen duten kontuan hartuta.

.Proiektuak baloratzeko irizpideak.

Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna baloratuko dira. Bazter geldituko dira hala koherentziarik ez duten proiektuak nola gauzatu beharreko jardueraren eta aurrekontuko kostu ekonomikoen arteko neurritasunik gorde ez dutenak.

Aurkeztutako proiektu bakoitza deialdi honen 2. klausulan aipatutako epigrafe bakar bati (A, B edo C) egokituko zaio, eta bakoitza bere aldetik baloratuko da, ondoren adierazten diren irizpideen arabera. Irizpide ezberdinen batuketaren emaitza epigrafe bakoitzean 70 puntukoa izanen da, gehienez ere. Puntuazioa epigrafe bakoitzean baloratzen ahal den irizpide-kopuruaren araberakoa izanen da:

A epigrafea

Hiriko auzo elkarteek, kultur koordinakundeek eta festen batzordeek jarduera iraunkorrak, kulturalak eta festa girokoak egiteko aurkeztutako proiektuak.

Irizpideak:

1. Gauzatuko diren jardueren aldez aurreko elaborazio eta kalitate maila nahikoa frogatzea.

2. Proiektuaren egokitze-maila eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

3. Inguruan izanen duen parte-hartze eta hedatze maila baloratzea.

4. Auzokideen iritzia sentsibilizatzen laguntzea, prestakuntza edo festa giroko ekintzen bidez, auzoko edota hiriko kalitatea hobetzeko.

5. Auzoan lan egiten duten beste entitateekiko koordinazio eta lankidetza maila.

6. Gauzatuko den programaren edo jardueraren originaltasuna eta berrikuntza, eta auzoan edota hirian antzeko programarik ez egotea.

7. Programatutako jardueren segimendu eta ebaluazio sistemak, eta jardueren eraginaz denaz bezainbatean horiek jasotako emaitzak.

B epigrafea

Pertsona helduen eta adinekoen aisiaren eta astialdiaren inguruan lan egiten duten elkarteek edo herritarren partaidetza sustatzen dituzten bestelako entitateek jarduerak egiteko aurkeztu dituzten proiektuak, betiere herritar guztiendako zabalik egonez gero.

Irizpideak:

1. Gauzatuko diren jardueren aldez aurreko lantze eta kalitate maila nahikoa frogatzea.

2. Proiektuaren egokitze-maila eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

3. Auzoan edota hirian lan egiten duten beste entitateekiko koordinazio eta lankidetza maila.

4. Aurreikusitako partehartzaileen edo jasotzaileen kopurua.

5. Gauzatuko den proiektuaren edo jardueraren originaltasuna eta berrikuntza, eta hirian antzeko programarik ez egotea.

6. Boluntarioen eta onuradunen partaidetza aurreikustea.

7. Programatutako jardueren segimendu eta ebaluazio sistemak, eta jardueren eraginaz denaz bezainbatean horiek jasotako emaitzak.

C epigrafea

Beste eskualdeetako zein atzerriko komunitateak ordezkatzen dituzten entitateek proposatutako jarduerak. Jarduera horiek haien kultura eta ohiturei lotuak izan beharko dute, eta iruindar guztiendako zabalik egon, kulturen arteko topaleku bihurtu eta elkarbizitzaren eta gizarte partaidetzaren alde egite aldera.

Irizpideak:

1. Gauzatuko diren jardueren aldez aurreko lantze eta kalitate maila nahikoa frogatzea.

2. Proiektuaren egokitze-maila eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

3. Beste entitateekiko koordinazioa eta lankidetza, proiektuari ekiteko.

4. Inguruan izanen duen parte-hartze eta hedatze maila baloratzea.

5. Iruñeko herritarren parte-hartze maila jardueretan.

6. Programatutako jardueren segimendu eta ebaluazio sistemak, eta jardueren eraginaz denaz bezainbatean horiek jasotako emaitzak.

7. Garatuko den proiektu edo jardueraren originaltasuna eta berrikuntza.

Ezin izanen dira dirulaguntzen onuradun izan osoko balorazioan (entitatea eta proiektua) 50 puntu lortzen ez dituzten elkarteak, eta, horretaz gain, gutxienez 15 eta 35 puntu erdietsi beharko dituzte, hurrenez hurren, entitatearen eta proiektuaren ataletan.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Dirulaguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak zehaztuko ditu: deialdia, dirulaguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren xedea, salbu dirulaguntzen zenbatekoak, horiek banaka hartuta, 3.000 eurotik beherakoak badira; kasu horretan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALn beharrean Iruñeko Udaletxeko iragarki taulan argitaratuko da.

10._Dirulaguntzen xede diren gastuak.

1._Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira dirulaguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2._Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

3._Deialdiari heldu dioten elkarteek txosten bat egin beharko dute, dirulaguntzen deialdira aurkeztu dituzten proiektuei buruz, xehe-mehe azalduta jarduera bakoitza gauzatzeari egotz dakizkion gastuak.

Gastu horiek arrazionaltasun ekonomikoarekin bat egindakoak behar dute izan, eta, betiere, bateragarriak, deialdi honen xedearekin, eta proportzionalak, jarduera gauzatzearekin. Deialdian ezarritako eran justifikatu beharko dira.

Emandako dirulaguntzek ondoko gastuak estal ditzakete:

a) Langileriako gastuak: jarduera gauzatzeari lotu dakizkiokeen monitoreei ordaintzeak eragindako gastuak

b) Elkarteek antolatutako hitzaldiek eragindako gastuak, aurkeztutako proiektuaren beste jarduera baten gisara hartuta.

c) Erantzukizun zibileko asegurua: deialdi honek diruz lagundutako jarduerak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeak eragindako gastua dirulaguntzaren xedea izan ahalko da. Baldin eta elkarteak bere jarduera guztiak estaltzen dituen aseguru bat kontratatzen badu, diruz laguntzeko aurkezten duen programari dagokion alde proportzionala egotzi ahalko dio.

d) Dirulaguntzak irteerek sortutako gastuak estaltzen ahalko ditu, baldin eta haien helburua gizarte-dinamizazio eta - partaidetzan oinarritzen bada. Puntuazio handiagoa jasoko dute programatutako jardueren berezko helburuak erdieste aldera irteera beharrezko duten programazioek.

e) Administrazio eta kudeaketa gastuek ez dute inolaz ere aurrekontuaren % 7 gaindituko.

f) Tokikoak ez diren tributuen gastuak dirulaguntzarik jaso dezakete, dirulaguntzaren onuradunak zuzenean ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira dirulaguntzarik jasotzeko moduko gastutzat berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen kopuruak izanen dira bakarrik dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, betiere, kengarria ez bada; izan ere, kengarria izan badaiteke, onuradunak berreskuratzen ahalko du zergaren zenbatekoa.

Dirulaguntzek ez dituzte ondoko gastuak estaliko:

a) Elkartearen barne funtzionamenduak sortutako jarduerak (barne prestakuntzako jarduerak, buletinen argitalpena, elkartearen batzarrak edo barne-topaketak etab.).

b) Altzariak erosi edo lokalak egokitzeko egindakoak, kontzeptu horiek beste deialdi batzuen xede baitira.

11._Dirulaguntzaren xede diren jardueren finantzaketa.

1._Emandako dirulaguntzek ezin izanen dute, inolaz ere, halako kopurua egin, baldin eta, beste erakunde edo elkarte batzuek _publikoek nahiz pribatuek_ emaniko laguntzekin batera, gauzatu beharreko proiektuaren kostu osoa gainditzen badute.

2._Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 31.1 artikuluarekin bat, aurkeztutako proiektuek gutxienez finantzaketaren % 25i egin behar diote aurre, dela beren funtsekin, dela beste zenbait administrazio publiko edota bestelako entitateetatik jasotakoekin. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

3._Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, deialdi honetan baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena.

4._Benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

12._Dirulaguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

1._Deialdi honen dirulaguntzak Iruñeko Udalaren beste edozein alorretakoekin baino ez dira izanen bateraezin; aitzitik, beste edozein administraziok, entitatek edo pertsonak xede bera harturik emandakoekin batera eskura daitezke.

2._Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

13._Ordainketa.

Behin kasuan kasuko ebazpena onetsi eta gero, emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreratuko da, gehienez dirulaguntzaren % 75 aurreratu ere. Kopuru hori bi hilabeteren buruan ordainduko da, gehienez ere, behin organo eskudunak ebazpena jakinarazi eta hortik aitzina.

Ordaintzeke geldituko den % 25 deialdi honen 14. klausulak aipatzen dituen ebaluazio-memoria eta gastuen justifikazioa (II. eranskina) aurkeztu eta gero ordainduko da. Dokumentu horiek aztertu eta baloratu ondoren, eta justifikazioa onartu aurretik, kudeaketa zerbitzuak adostasun txostena emanen du. Hori egin ondoren, dirulaguntzaren azkeneko ordainketa eginen da, dirulaguntza aldatzen ahalko delarik, baita gutxiago ordaintzeko ere. Eskatzaileei dirulaguntza eman izana jakinaraziko zaie.

Amaierako gastuak behin bigarren epeari dagozkion gastuei buruz txostena egin eta gero onetsiko dira.

Dirulaguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.

Aurrekoa gorabehera, Iruñeko Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, dirulaguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, dirulaguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

14._Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da

Kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitorpen egilearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Kontu frogagarria ondoko agiriek osatuko dute:

_Ebaluazio-memoria, dirulaguntzen xedea den proiektuaren gainean, non xehetasunez aitortuko baitira dirulaguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia ondokoek osatuko dute:

_Proiektuaren izena

_Dirulaguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontua eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua garatzean egindako aldaketak, halakorik balitz.

_Finantza bideak zerrendatuta: Dirulaguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste dirulaguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

_Ondorioak.

_Udaleko teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, bertan espresuki jasota guztiz bete izan dela dirulaguntzaren xedea, edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak.

_Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

_Indarra duten legeekin bat gastua egiaztatze aldera baliorik duten egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera.

Agiri horien fotokopiak egin eta horiek kudeaketa zerbitzuak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesatuei itzuliko zaizkielarik.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

b) Monitoreei eta bestelako zerbitzuei lotutako gastuak faktura behar bezala beterik aurkeztuta egiaztatuko dira, betiere zehaztuta ordubeteko prezioa eta zerbitzuan emandako orduen kopurua. Zerbitzu-emailearen eta hori kontratatzen duen entitatearen ardura izanen da Iruñeko Udalaren Jarduera Ekonomikoen Gaineko zergan alta emana izatea.

c) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

_Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

Horra gastuak justifikatzeko ezarritako epeak:

JARDUERA-MOTA LEHENDABIZIKO EPEA BIGARREN EPEA

Jarduera zehatzak 2006ko irailaren 11 2007ko urtarrilaren 8a

(festak, inauteriak, Eguberriak, etab.) (Eginiko jarduerak (Eginiko jarduerak

eta jarduera iraunkorrak 06/1/1etik 06/8/31ra) 06/9/1etik 06/12/31ra)

15._Aldaketak proiektuan

Aurreikusi gabeko inguruabarrak direla medio, aldaketak egin ahalko dira proiektuan. Kasu horretan, organo eskudunak onetsi beharko ditu, behin Hiritarren Partaidetzako Alorrak baloratu eta gero.

16._Jarduera funts publikoen bidez finantzatu dela iragarri beharra.

Dirulaguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera dirulaguntzaren xede diren programak eta jarduerak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

17._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, haren oinarrien kontra eta horiek betetzean hartzen diren administrazio ebazpenen kontra errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2006ko apirilaren 7an._Alkatesa, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Proiektu edo jardueraren aurkezpena

Oinarri hauen 7. artikuluan jasotako agirien aurkezpena).

Dosierra, ondoko argibideak jasota (ondoko ereduarekin bat):

1. Entitatearen identifikazio-fitxa.

2. Egin beharreko jardueren zerrenda eta osoko aurrekontua

3. Jarduera bakoitzeko bete beharreko orria.

1. Entitatearen identifikazio-fitxa

1.1. Entitatearen datuak

Entitatearen izen osoa:

Siglak: ................................ IFZ:

Egoitzaren helbidea: .................................... P.K.:

Telefonoa: ................. Faxa: ............... E-Posta:

Elkartearen antzinatasuna (hasiera data)

Udal Erregistroan duen zk.:

Nafarroako Gobernuko Erregistroan duen zk.:

Kide kopurua:

1.4. Proiektua zein epigrafetan aurkeztu:

f A epigrafea

f B epigrafea

f C epigrafea

(dagokiona markatu)

1.2. Aurreko urtean jasotako dirulaguntzak, Iruñeko Udalaren eskutik:

ALORRA KONTZEPTUA ZENBATEKOA

Guztira:

1.3. Beste administrazioetatik, entitate publikoetatik zein pribatuetatik jasotako dirulaguntzak edo bestelako diru-sarrerak:

ERAKUNDEA KONTZEPTUA ZENBATEKOA

Guztira:

1.5. Entitatearen arduraduna:

Izen-abizenak:

NAN: .............. Tel.: ............... E-Posta:

Harremanetarako ordutegia:

Sinadura:

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakitera ematen dizugu jasotako datuak Iruñeko Udala (Udaletxe plaza, z/g 31001-Iruña) jabe duen fitxategi automatizatu batean bildu ahal izanen direla, betiere datuak zertarako diren eta horren arabera. Halaber, jakitera ematen dizugu baduzula datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea. Halako eskubidea gauzatzeko, Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrera jo dezakezu.

2. Burutu beharreko jardueren zerrenda

ONURADUN

JARDUERAREN KOPURUA, JARDUERA JARDUERAREN

IZENA BAKOITZEKO AURREKONTUA

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

Guztira:

Jarduera orria

3. Jardueraren zk.: ................ Epigrafea:

Entitate antolatzailea:

Entitatearen izena: ............................. Tel.:

Jardueraren arduraduna:

Aktibitatea:

Jardueraren izenburua:

Jarduera, noiz:

Lekua

Jarduera zein publikori zuzendu:

Jardueraren xedea:

Programa (edukia, azpiegiturak, etab.):

Diru aurrekontua 1:

Gastuak, guztira: Euroak

Dirusarrerak, guztira 2 Euroak

Aurreikusitako defizita: Euroak

Data eta sinadura:

(1) Laburpen-orri bat erantsi, eta hor gastuak eta sarrerak zehaztu, kontzetu ezberdinen arabera sailkaturik.

(2) Deialdian eskatutako diru-laguntza kontatu gabe.

II. ERANSKINA

Proiektuaren/jardueraren justifikazioa

Lehendabiziko epea: 2006ko irailaren 11ra arte.

Bigarren epea, 2007ko urtarrilaren 8ra arte.

Eskabideak eredu ofizialaren arabera eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko dira:

1._Proiektuaren edo jardueren gaineko Laburpen-memoria.

2._Fakturen zerrenda.

3._Proiekturako lortutako diru-sarrerak.

1. Jarduera-proiektuaren gaineko laburpen-memoria. 2006. urtea

(Labur-labur ondoko datuak erantsiko dira)

_Proiektuaren izena

_Dirulaguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontua eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua garatzean egindako aldaketak, halakorik bada.

_Finantza bideen zerrenda: dirulaguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste dirulaguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

_Beste hainbat ohar: zenbat pertsonak parte hartu duten eta haien ezaugarriak.

_Ondorioak.

2. Fakturen zerrenda

Proiektua gauzatzean izandako gastuak, dirulaguntzaren xedea izan dena oinarri harturik (jarduerak oro, bertan xehekaturik haiei egozten zaizkien fakturak):

Jarduera zk.: ............................. IZENA:

FAKTURA ZK. FAKTURAREN DATA GASTU-KONTZEP. ZENBATEKOA

Gastuak, guztira

P.D.: Formatu honetan aurkeztutako fakturak baino ez dira onartuko, hau da, fakturak oro dagozkien jarduerei behar bezala egotziak, eta zerrenda honi grapaz josiak.

3. Proiekturako lortutako diru-sarrerak.

KONTZEPTUA JATORRIA ZENBATEKOA

Diru-sarrerak, guztira

Data ...................................

Sinadura .....................................

Iragarkiaren kodea: L0606017