48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Deialdi publikoa, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak emateko

Iruñeko Udaleko alkateak, 2006ko martxoaren 29an, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak emateko deialdi publikoa onetsi zuen.

Iruñean, 2006ko martxoaren 29an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

ERANSKINA

Deialdia, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak emateko

Deialdi honen helburua da, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzea dela-eta, dirulaguntzak emateko prozedura garatzea, Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan xedatua betez eta lehia irekian eman ere; ordenantza hori 2005eko maiatzaren 5eko osoko bilkuran onetsi zuen Udalak eta 2005eko 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 9an.

Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen orotan, Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzari jarraikiko zaio zuzenean eta Iruñeko Udalaren Dirulaguntzen Ordenantza Orokorrari, subsidiarioki. Ordenantza orokor hori 2005eko azaroaren 3an onetsi zen, hasiera batean; inork ez zuen alegaziorik aurkeztu eta 2006ko otsailaren 17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1._Aurrekontua.

Deialdi honek gehienez ere 600.000 euroko kontsignazioa izanen du aurrekontuetan, eta Udal aurrekontuko 41 43250 782020 kontusaila erabili ahalko da hori gauzatzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurrekontu babesgarriarena izanen da; hau da, obren aurrekontu osoa, obra proiektua prestatzeagatik ordaintzen den zerbitzu-saria eta obren zuzendaritzako zerbitzu-saria batuz lortzen den zenbatekoa.

Ordenantza hau garatuz onesten diren deialdietarako aurrekontuetan zehazten den diru erabilgarriak baldintzatuko ditu laguntzak, eta betiere lehentasuna emanen zaie puntuaziorik hoberena lortzen duten proiektuei; horretarako balorazio irizpideak ordenantza honen 8. artikuluan finkatzen direnak dira.

Balorazio Batzordeak diruz laguntzeko hautatutako jarduketen zenbatekoek deialdi baterako aurrekontutik bideratutako baliabideak gainditzen badituzte, eta bi proiektuk kalifikazio berdina badute edo proiektu batek bere dirulaguntza partez baizik eskuratzen ez badu, Balorazio Batzordeak proposatzen ahalko dio dirulaguntza emateko eskumena duen organoari, hurrengo urteko aurrekontuaren kontura ematea.

Dirulaguntza emateko eskumena duen organoak dirulaguntzaren gehienezko zenbateko osoa onuradunen artean hainbanatzen ahalko du.

2._Helburua, baldintzak, dirulaguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.

Ordenantza honen helburua da jarduketa pribatuetarako dirulaguntzak ematea, Iruñeko Udal Planak erabilera publikoko espazio pribatutzat jotzen dituenak eta orobat planeamenduari jarraikiz partikularrek zaindu eta mantendu behar dituzten espazioak berriz urbanizatzeko jarduketetarako dirulaguntzak, hain zuzen.

Dirulaguntza jaso dezakete bakarrik eraikuntza elementuek, iragazgaiztetik hasita (hura kanpo) azalera aldera.

Gisa honetako jarduketek ez dute dirulaguntzarik bilduko: espazio publiko osoaren zoladura partzialak, hiri altzarien, lorategiko gaien eta arbolen banan banako ordezkapenak eta jarduketa partzialak egungo azpiegituretan.

Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietan eta ebazpenetan berariaz eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Behar bezala adieraztea dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo edonolako jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 18.5 artikuluan xedatuarekin bat.

i) Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan aipatutako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.

3._Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta horien frogabideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek eta jabe elkarteek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta ez badaude debekua dakarren egoera batean eta beste baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzako lurraren titulartasuna modu fragagarrian erakustea.

b) Dirulaguntza zer lurretarako eskatzen den, haren kalifikazioa hirilurra izanen da Udal Planaren ariora dirulaguntza aurkezten den unean, eta proiektua bateragarria izanen da planeamenduaren aurreikuspenekin.

c) Hala behar badu, jabe elkarteek obrak egiteko erabakia hartua izan behar dute, eta ordezkari bat hautatua, eta portzentaje bat ezarria, harekin jabe bakoitzak obretan parte hartzeko.

d) Eskatzailea jabe elkartea edo pertsona fisiko edo juridikoa bada, alta emana izatearen egiaztagiria eta zerga-betebehar guztiak beteak izatea Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko administrazio publikoekin eta Gizarte Segurantzarekin.

e) Eskatzaileak ez du ezgaiturik egon behar administrazio publikoengandik laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.

f) Guztira aurrekontu babesgarria gainditzen duten laguntzak edo dirulaguntzak ez izatea, edozein administraziok, entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek emanak; halakoak izanez gero, adieraziko da laguntza horien kontura zer zenbateko lortu den, guztira.

4._Dirulaguntzak instruitzeko eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Dirulaguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna Balorazio Batzordea izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egoki juzgatzen dituen jarduketa guztiak eginen ditu, ofizioz, batzorde horrek.

Balorazio Batzordeak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.

Alkatetzari dagokio dirulaguntzak emateko prozedura ebaztea.

Balorazio Batzordea honako kide hauek osatuko dute, guztiak ere Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrekoak:

_Mahaiburua: alorreko zinegotzi delegatua edo hark eskuordeturiko pertsona.

_Mahaikideak:

Alorreko zuzendaria edo hark eskuordeturiko pertsona.

Alorreko idazkari teknikoa edo hark eskuordeturiko pertsona.

Gaian eskumena duen udal teknikari bat, gutxienez, alorreko zinegotzi delegatuak izendatua, Balorazio Batzordearen eraketa egintzan.

_Idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez: alorreko zuzenbideko lizentziaduna edo hark eskuordeturiko pertsona.

5._Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskatzaileak sinatutako eskabidea aurkeztuko dute interesatuek.

Eskabideak aurkezteko epea berrogei egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatzen hasita, Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 6. artikuluan xedatuarekin bat. Deialdi honetako hirugarren eta zazpigarren oinarrietan aipatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira eskabideekin batera. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesatuari errekerimendua eginen zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean hori konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 12. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 71. artikuluan adierazi bezala eman ere.

Eskabideak non aurkez daitezkeen: Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean (Merkatuko kalea, 7-9), erregistro osagarrietan (Descalzos kalea, 72-2. solairua _Kulturako Alorra_; San Saturnino kalea, 2-beheko solairua _Ingurumen eta Osasuneko Alorra_; Iratxeko monasterioaren kalea, 2-beheko solairua _Hiritarren Babeseko Alorra_; Armada etorbidea, 2-5. solairua _Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra_; Zapateria kalea, 40-beheko solairua _Lehendakaritzako, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko eta Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen alorrak_) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan zehaztutako lekuetan.

6._Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea 6 hilabetekoa izanen da, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorraren sarrera erregistroan eskabidea sartzen denetik aitzina, aurreko artikuluan xedatua ezertan ukatu gabe.

Balorazio Batzordeak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa egiazki betetzen duen arte, edo, bertzenaz, ematen den epea bukatu bitarte.

Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

7._Eskabidearekin batean joanen diren agiri eta argibideak.

Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzak frogatzeko agiriez gain:

a) Deialdi honekin batera doan ereduari lotutako eskabidea, betea.

b) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, hala behar badu, haren izenean ari den ordezkariaren nortasunaren egiaztagiriak.

c) Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.

d) Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena, eta kargetatik libre dagoela adierazten duena eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela frogatzen duena.

e) Hala behar badu, jabe elkarteen erabakia obrak egiteko, dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatzeko eta, hala behar badu, jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.

f) Ukitutako herritarren zerrenda.

g) Erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita:

1._Eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak beteak dituela dioena.

2._Eskatzailea ez dagoela ezgaiturik administrazio publikoengandik laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.

h) Urbanizatzeko proiektu oinarrizkoa, teknikari eskudunak egina, honako hauek dituena: obren aurrekontua, profesionalen zerbitzu-sarien zenbatekoa.

i) Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren gaineko argazki erreportajea.

j) Bankuaren ziurtagiria, dirulaguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzeko.

Eskatzen diren agiriak Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek jada badituzte, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer erakunde edo bulegotan aurkeztu ziren edo zeinek luzatu zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla lau urte baino gehiago igaroak izan behar.

Xedatu den hori gora-behera, Udalak edo haren erakunde autonomoek ezin badute agiri hori eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahalko zaio aurkezteko edo, bestela, agirian erakusten diren beharkizunak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aurretik.

Laguntzaren ebazpen proposamena eman aurretik, artikulu honetako f) zatiari lotu zaizkion eskatzaileei eskatuko zaie aitorpenetan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzeko agiriak aurkez ditzatela, gehienez ere 15 egun naturaleko epean; epea igaroz gero, horien eskaerak artxibatu eginen dira.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Dirulaguntzen deialdi honetako eskaera baloratzeko, honako irizpide hauek baliatuko dira:

1) Berriz urbanizatzeko proposamenaren kalitate arkitektonikoa: 20 puntu.

2) Urbanizazioaren antzinatasuna eta hondamena zenbaterainokoa den; urbanizatzeko den azalera: 20 puntu.

3) Zenbat herritar ukitzen diren: 20 puntu.

4) Eremuan zenbat herritar ibiltzen den: 20 puntu.

5) Berriz urbanizatu beharreko eremuaren azpian dauden aparkalekuak konpondu eta egokitzea dakarten jarduketak, aparkaleku horiek indarra duen araudira egokitzeko xedea dutenak: 20 puntu.

9._Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Laguntza emateari buruzko ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari.

Laguntza emateari buruzko ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da; aipatuko dira deialdia, programa eta zer aurrekontu-kredituri lotuta dagoen, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua, salbu eta bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada 3.000 eurora iristen; izan ere, halakoetan, Udalaren iragarki-oholean paratuko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean laburpena bakarrik.

10._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Obren kostua, obren proiektuaren zerbitzu-sariak eta zuzendaritzari dagokiona izanen dira dirulaguntza jaso dezaketen gastuak. Ordainketa hori gauzatuko da eskatzaileak izendatzen duen kontura banku transferentzia eginez.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

11._Azpikontratazioa.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduera guztiak azpikontratatzen ahal dira.

12._Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Dirulaguntzak bateragarriak izanen dira betiere beste edozein administrazio publiko edo pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatuk kontzeptu beragatik eman litzaketenekin. Eskatzaileak edo dirulaguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, dirulaguntzak, hobariak, etab. (Udalaren dirulaguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).

Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira, betiere hori zilegi bada horren gainean Nafarroako Gobernuko organo eskudunak onesten dituen oinarri arau emaileei jarraikiz. Eskatzaileak edo dirulaguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, dirulaguntzak, hobariak, etab. (Udalaren dirulaguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).

Ez bakarka ez beste administrazio publiko edo pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatuek ematen dituztenekin batera, laguntzen zenbateko osoak ez du aurrekontu babesgarritik goiti egiten ahal. Hala izanez gero, muga hartaraino murriztuko dira ordenantza hau aplikatuz ematen diren udal laguntzak.

13._Ordainketa.

Dirulaguntza ordainduko da onuradunak honako hauek justifikatu ondoren:

a) dirulaguntza jaso duen jarduera egin duela; egiaztapen lanak eginen dira, egungo legediarekin bat.

b) kontratistei ordaindu diela egindako lana; horretarako, udal dirulaguntza ordaintzeko eskaerarekin batera ordainketaren egiaztagiria ekarriko du: faktura, bankuan edo merkataritzako trafikoan ohikoa den beste bidez batez dirua sartu izanaren gordekina.

Ziurtagiri bikoitiekin batera egin da ordainketa; eta obrak bukatzen direnean, Udalaren zerbitzu teknikoek horiek ikuskatu ondoren; azken likidazioaren konturako ordainketen kontzeptuan, hartatik eginen baita kendura, eta onuradunaren kontu korrontera eginen den transferentzia baten bidez.

Ziurtagiri bakoitza ordainduko da hiru hilabeteko epea igaro baino lehen, Udalaren zerbitzu teknikoek ziurtagiria luzatzen dutenetik kontatzen hasita.

Onuradunak hamar egun balioduneko epea izanen du, zertifikazioa luzatzen denetik aitzina, zertifikazioari dagozkion fakturen kopia Udaleko erregistroan aurkezteko.

Behar bezala justifikatzen ez bada edo Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 22 eta 24. artikuluetan aipatzen diren inguruabarretariko bat suertatzen bada, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.

Ez da dirulaguntzarik ordaintzen ahalko onuradunak beterik ez baditu bere tributu betebeharrak, Udalarekikoak barne, baita Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna baldin bada itzuleraren etorkiari buruzko ebazpena dela medio.

Aitzinekoagatik ere, onuradunak beteak ez baditu Iruñeko Udalarekiko tributu betebeharrak, hark ofizioz kitatzen ahalko ditu kobratzeko dauden zorrak, dirulaguntza horiek konpentsatuz zor diren zenbatekoekin.

14._Justifikazioa.

1._Onuradunek 60 eguneko epea izanen dute, obren bukaerari buruzko agiriak Udal honi aurkezteko, obren egileek obra ziurtagiriak luzatzen dituztenetik aitzina kontatzen hasita; horretarako, agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Proiektuaren bukaerako txosten xehekatua, onuradunak sinatua, xedeak, egindako jarduera eta lortutako emaitzak deskribatuko dituena; dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, baita bere fondoekin edo bertze dirulaguntzekin finantzatu direnak ere.

b) Obrako azken planoak paperean eta euskarri informatikoan.

c) Hartzailearen ziurtagairia, dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori aurkeztutako aurrekontu eta proiektuaren arabera bete dela dioena.

d) Obra bukaerako ziurtagiria, eta hartan kontzeptuen ariora ordenatuak egindako gastu guztiak, bereiziz obra egiteko proiektuaren prestakuntzaren kostua eta haren zuzendaritzaren ordainsaria.

e) Hartzailearen ziurtagiria, egiaztatu beharrez Udalarenak izan gabe proiektuaren xede diren jarduerak finantzatu dituzten dirulaguntzen zenbatekoa, etorkia eta aplikazioa, baita beste dirusarrera edo baliabideak ere.

2._Organo eskudunak proiektuan egiteko epeari eragiten dion aldaketa baimendu badu, proiektua egiteko hasiera batean aurreikusi ez bezalako data duten fakturak onartuko dira.

3._Udalak fakturak eta egindako gastuak egiaztatzeko dokumentu guztiak eska ditzake; zerbitzu kudeatzaileak fotokopiatu eta konpultsatuko ditu, baita adostasuna eman ere, eta gero interesatuei jatorrizkoak itzuliko dizkie. Agiri horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua entitate onuradunean gordailatuko dira, gutienez ere lau urtean.

4._Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta, beraz, justifikazio agiriak aurkeztekoa, dirulaguntza jaso dezaketen gastuak aurkezteko epearen parekoa izanen da.

15._Proiektuko aldaketak.

Aurreikusi gabeko inguruabarren ondorioz, proiektuan aldaketak sartzen ahalko dira; dirulaguntza kudeatzen duen alorrak balorazioa egin ondoren, organo eskudunak onetsi beharko ditu.

16._Obra proiektua. Lanak egitea. Onuradunaren betebeharrak.

Proiektua.

1. Berriz urbanizatzeko proiektuarendako Udalaren adostasuna jakinarazita, eskatzaileak bere burua lotu eta behartuko du gaian adituak diren teknikari talde bati manatzera erabilera publikoko eremu pribatua berriz urbanizatzeko obren exekuzio proiektuaren prestakuntza. Teknikari talde horri obren zuzendaritza ere manatuko zaio etorkizunean.

Erabilera publikoko eremu publiko berriz urbanizatzen denaren zorupean egin beharreko obrak ere jaso behar dira delako proiektuan, halakorik egin behar bada, hor izan litezkeen lokalak, beheitiak, garajeak eta trastegelak behar bezala funtzionatu eta indarra duen legeriara egokitzeko. Gastu hauek guztiak zorupearen jabeen bizkar izanen dira.

2. Exekuzio proiektu hori prestatu bitartean, proiektu egileak eta eskatzaileak harreman zuzenean egonen dira aldiro Udalaren zerbitzu teknikoekin, Udalak berriz urbanizatu beharreko eremuaren diseinuaz, apainduraz eta mententze lanez den bezainbatean dituen beharretara egokitu beharrez.

Proiektuaren kostua dirulaguntzarako onetsi baino gehiago bada, udal aurrekontura egokitu beharko da.

3. Exekuzio Proiektuaren prestaketa 2 hilabetean bukatuko da, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten denetik aurrera; gero Udalak onetsi beharko proiektu hori, eta obra lizentzia eta, halakorik behar bada, jarduera sailkatuaren lizentzia tramitatuko dira.

Obrak gauzatzea eta onuradunaren betebeharrak.

1. Exekuzio proiektua Udalak onetsitakoan eta behar diren lizentziak eskuratutakoan, onuradunek, sustatzaile diren aldetik, beren burua lotu eta behartuko dute berriz urbanizatzeko obrak kontratatu eta ordaintzera; bistan dena, obra horiekin batera eginen dira lokal, beheiti, garaje eta trastegelak eta zorupean izan litezkeen gainerako gela edo instalazioak indarra duen legeriara egokitzeko obrak.

2. Kontratazio horren aitzinetik, gisako jarduketetan esperientzia duten gutienez ere hiru etxegileren bertze horrenbertze eskaintza aztertu beharko dituzte eskatzaileek; obra egiten duen etxegilearen enpresaren sailkapena herri lana balitz eskatuko litzatekeen bera izan beharko da. Kontratista batez ere bere eskaintza ekonomikoari begiraturik hautatuko da; aukeraketan partaide izanen da, hizpidea eta botoa dituela, gaian aditua den udal teknikari bat, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrekoa, alor horretako zinegotzi eskuordeak hautatua.

3. Gisa berean, onuradunak konpromisoa hartuko du obren zuzendaritza fakultatiboa osatzen duten langile guztiak kontratatu eta ordaintzeko; bistan dena, obra horiek plaza berriz urbanizatzekoak eta zorupean egin behar direnak dira, hala behar badu.

4. Obrak dirulaguntzaren urteko deialdiak zehazten duen epean hasi beharko dira, eta obra lizentzia eta, hala behar badu, jarduera sailkatuarena eskuratutzat jotzen diren egunetik kontatuko da.

5. Obra horiek Udala arruntik asebetetzeko maneran egin beharko dira eta halaberekoa izan beharko da haien emaitza; beraz, egin aitzin eta are egin bitartean ere delako obrak zuzentzen edo aldatzen ahalko dira Udalaren irizpideen ariora, betiere kostua igotzen ez bada jabetzaren bizkar.

6. Onuradunak 20 eguneko epea izanen du, berriz urbanizatzeko obrak bukatu direla Udalari aditzera ematen dionetik, obra bukaerako dokumentazioa aurkezteko eta, hala behar badu, irekitzeko lizentzia eskatzeko. Udalaren teknikariek egiaztatuko dute hura onetsitako proiektuari eta berak eman dituzten jarraibideei jarraikiz egin den; horren berri emanen dute "obren harrera-aktan".

17._Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Dirulaguntzaren onuraduna behartuta dago publizitate egokia egitera (agiri, informazio edo publizitate guztietan), jakin dadin diruz lagundutako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela. Betiere, obrak hasten direnetik aitzina, 4,00 x 2,00 neurriko kartela jarriko da. Han adieraziko da Iruñeko Udalak diruz lagundu duela obra.

18._Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzara jo beharra

Deialdi honek Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza garatzen du, eta, beraz, hara jo beharko da hemen adierazten ez den oro argitzeko. Era berean, Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra aplikatuko da, subsidiarioki.

19._Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka (administrazio bidea amaitzen baitu), eta haren oinarrien eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena: .............. N.A.N.: .................. Helbidea: ............. P.K.: ............ Herria: ........ Telefonoa: .........

Nire izenean edo honako hau ordezkatuz (*) (Ezabatu behar ez dena). Izena: .......................... N.A.N./I.F.K.: .................... Helbidea: ............................ P.K.: ........ Herria: ......... Telefonoa: ...........

Banku-datuak: (Eskabideak eduki ekonomikoa badu bete, bestela ez). Entitatea: .................. Bulegoa: .......... K.D. ......... Kontuaren zenbakia: ..............

AZALTZEN DU:

1._Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzen deialdiaren berri izan du, eta, han eskatzen diren baldintza betetzen baititu, onartzeko eskabidea aurkezten du.

2._Deialdiko 7. artikuluarekin bat, honako agiri hauek aurkezten ditu:

_Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, hala behar badu, haren izenean ari den ordezkariaren nortasunarenak.

_Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.

_Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena, eta kargetatik libre dagoela adierazten duena eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela frogatzen duena.

_Jabe elkarteen erabakia obrak egiteko, dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatzeko eta, hala behar badu, jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.

_Ukitutako herritarren zerrenda.

_Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak beteak dituela, eta, indarra duen legeriari jarraikiz, ez dagoela ezgaiturik Administrazio Publikoaren laguntzak eta dirulaguntzak biltzeko.

_Urbanizazio proiektu oinarrizkoa, teknikari eskudunak egina, honako hauek dituena: obren aurrekontua eta profesionalen ordainsarien zenbatekoa.

_Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren argazki erreportajea.

_Bankuaren ziurtagiria, dirulaguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzeko.

Iruñean, 2006ko ...........aren ............(e)an.

(Halakorik bada, ordezkatu den pertsonaren sinadura edo zigilua)

(Eskatzailearen sinadura)

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak Administrazio honek dituen eskumenak baliatzean baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrika, 7-9, 31001-Iruña).

(*) Norbaiten ordezkari gisa aritzean aurkeztu behar diren agiriak:

_Pertsona fisikoa: Pertsona ordezkatuaren NANaren fotokopia

_Pertsona juridikoa: Ordezkaritza frogatzen duen agiria.

IRUÑEKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0605504