48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala behin betiko onetsirik

Mankomunitateko Batzarrak, 2004ko abenduaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxez etxeko laguntza zerbitzuko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Onesteko erabakia 2005eko 28. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 28an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

Ordenantza hau ezarri da Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari (Mankomunitatea, hemendik aitzinera) bera osatzen duten Udalek delegatu dizkioten eskumenetan oinarriturik, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuaren indarrez, eta sortu da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen eta 10.1 artikuluaren babespean.

Zerbitzuaren oinarria

1. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzua (hemendik aitzinera E.L.Z.), zerbitzu publiko eta sozial bat da, beharrezko eginkizun jakin batzuetarako laguntza ematen duena, behar bezala gainbegiraturik, erabiltzaileak eta/edo famili unitateak beren bizilekuan bertan bizitzen segitu ahal izan dezaten, eta betiere familiak berak ematen duen laguntzaren osagarri.

Zerbitzuaren erabiltzaileak

2. artikulua. Pertsonak edo familiak, familiako edo beren buruaz baliatzeko arazoak dituztelako, edo laguntza taldeak aintzat hartzen dituen beste arrazoi batzuengatik, laguntza edo sostengua behar dutenak beren bizilekuan bertan bizitzen segitu ahal izateko bizi kalitate handienari eutsita.

Lehentasuna emanen zaie honako kasu hauei:

_Premiazko edo larrialdiko egoeran familiaren laguntzarik ez duten familia edo pertsonak.

_Guraso bakarreko familiak.

_Minusbaliotasuna eta beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak.

_Bakarrik bizi diren zaharrak, edo ezinduak edo haien ardurapeko adin txikikoak.

Familiaren oinarrizko laguntza duten kasuetan, ahaideen lana osatuko da, erabiltzaileak behar dituen laguntza pertsonal berezietan, batez ere.

Nolako zerbitzua ematen den

3. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzua gizarte zerbitzu publiko bat da. Laguntza langile profesionalek ematen dute modu pertsonalizatuan, erabiltzaile edo familia bakoitzak behar dituen laguntza mota eta laguntza orduen arabera. Etxez etxeko laguntza programan emanen da laguntza, eguneroko bizitzan normal ibiltzeko beharrezkoak izanik, ez erabiltzaileak ez bere ahaide edo hurbilekoek egin ezin dituzten lanetan. Lehentasuna izanen dute beti erabiltzailearen behar pertsonalei erantzuteko lanek, etxeko lanen edo bestelakoen ondoan. E.L.Z.an laguntza ematen da honako arlo hauetan:

a) Laguntza pertsonaleko lanak.

1._Pertsonaren garbiketa.

2._Ohatuen higienea.

3._Posturaz aldatzea.

4._Jaikitzen eta ohera sartzen laguntzea.

5._Janzten eta eranzten laguntzea.

6._Bainatzea.

7._Laguntza ematea inkontinentzia kasuetan.

8._Ilearen higienea.

9._Oinak eta eskuak begiratzea.

10._Jantzien forma eta garbitasunean laguntza ematea.

11._Medikazioa kontrolatzea eta ematea, salbu giharretan, zainetik edo antzeko moduan eman behar diren botikak edo tratamenduak eta ezagupen espezializatuak izatea beharrezkoa den sendaketak egitea.

12._Lagun egitea bizilekutik atera behar denean eta kudeaketak egitea, baina sekula ere ez famili langileen ibilgailu partikularrak erabilita.

b) Etxeko lanetan laguntzea.

1._Erabiltzailearen etxebizitzaren garbiketa, salbu erabiltzen ez diren lekuak (gelak, etxabeak, etab.) edo garbiketa orokor bereziak egitea.

2._Erabiltzailearen ohearen eta gelaren garbiketa.

3._Erosketak egitea edo etxera eramatea.

4._Otorduak prestatzen, ontziak garbitzen, arropa, garbitu, konpondu eta lisatzen laguntzea.

c) Laguntza psiko-soziala.

1._Hezkuntza prozesuan esku hartzea eta ohitura pertsonal eta sozial osasuntsuak hartzen laguntzea.

2._Nor bere borondatez aritzeko kultur eta jolas ekitaldietan parte hartzera bultzatzea.

3._Ingurunearekin zubiak eraikiz parte-hartze soziala bultzatzea.

4._Oinarrizko gaietan orientatzea (arropa egokia, zentzuzko jan-neurria, altzari egokiak, etxearen egoera gainbegiratzea... etab.).

Lan horiek famili langilearen eskumen mailaraino eginen dira, kanpoan geldituko baitira bertzelako profesionalen espezializazioa edo eskumena behar dutenak.

Zerbitzu hau emanen da kontuan hartuz erabiltzailearen beharra, baina egoera horretan aldaketarik gertatuz gero zerbitzua ere egokitzen ahal da.

Aldi baterakoa izanen da, arazoa gainditzen den arte, edo behin betikoa, familiaren autonomia errazteko.

Zerbitzuaren funtzionamendu eta kudeaketako arauak

4. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak laguntza ematen die pertsonei eta familiei beren bizilekuan bertan, beren ohiko bizimodua egiteko gai ez direnean (eritasuna edo adinagatik, edo arazo ekonomiko nahiz sozio-familiarra jasateagatik), beren autonomia eta beregaintasuna ahalik eta gehien errazteko, betiere gizarte zerbitzuak ahal duen neurrian.

1. E.L.Z.aren laguntza hartzen duten pertsonek konpromisoa hartu behar dute gizarte-langileak eskatzen dizkien dokumentazioa eta datuak emateko, premiaren balorazioa egin eta dagokien tasa aplikatu ahal izateko.

2. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak premiak aztertu ondotik erabakiko du nolako laguntza eman behar den eta zenbateko maiztasunez.

3. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak ez die erantzukizunik kentzen erabiltzailearen etxetik kanpo bizi diren ahaideei, zeinak beharturik egonen baitira jakinaraztera noiz eta zenbat denbora egonen diren lagundutako pertsonaren bizilekuan, eta gizarte-langileak orduan erabakiko du zerbitzuak segitu edo ematetik gelditu behar den.

4. Erabiltzaileek beren bizilekutik alde egin behar badute, Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Alde egite hori beren borondatez egiten badute, tasa osorik ordaintzen segitu beharko dute, gehienez ere hiru hilabetez, epe hori iragandakoan Zerbitzuko itxaron zerrendara pasako baitira. Ordea, famili langilea joaten ez bada etxebizitzara bere arrazoi pertsonal batengatik (oporrak, medikua, etab.), erabiltzaileak ez du tasarik ordainduko.

5. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak aldatzen ahalko du etxe jakin batean ari den langilea (famili langilea) uste baldin badu hori komeni dela zerbitzuak hobeki funtziona dezan; premien arabera ezarritako denbora ere aldatzen ahalko du.

6. Mankomunitateak espedienteak ebatziko ditu eta zerbitzua onartu ala ukatzen den jakinaraziko, baina aldez aurretik gizarte-langileak balorazioa egin beharko du eskabide bakoitzaren gainean. Proposamena ere hark eginen du, erabiltzaileari dagokion prezioa eta guzti.

7. Zerbitzuaren ordutegia eta maiztasuna onuradunaren eta gizarte-langilearen artean hitzartuko dira, betiere famili langilearen lanaldia eta gorabeherak kontuan hartuz.

8. E.L.Z.aren funtzionamendu zuzenari begira, beharrezko da tartean diren profesionalen arteko talde lana. Horretarako, aldian behin informazio nahiz segimendu bilerak eginen dituzte, ematen den zerbitzua onuradunak dituen beharretara egokitzearren.

_Hauek izanen dira gizarte-langilearen eginkizunak:

a) Atenditu beharreko kasuak aurkitu, aztertu eta baloratzea, eta Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeko profesionalekin koordinatzea.

b) Laguntza emateko proposamena (egin beharreko zerbitzuaren edukia, ordutegia, maiztasuna, tasak eta denbora).

c) Laguntza proposamena gainbegiratzea.

d) Kasu bakoitzaren bilakaera begiratzea, erabiltzaileari eta haren familiari aldian-aldian bisita eginez.

e) Koordinazio zuzena izatea famili langileekin, harremanen eta laneko talde bileren bidez.

f) Aurkezten diren erreklamazioak jaso, aztertu eta erantzutea.

g) Urteko memoria egin eta zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzea.

h) E.L.Z.ak ematen dituen zerbitzuen artean gizarte esparruko eginkizun guztiak (gizarte baliabide eta eskubideen berri ematea erabiltzaileari eta familiari; horiek eskuratzen laguntzea; aholku ematea etxebizitza haien beharren arabera egokitzeko; bultzatzea eta laguntzea familia zerbitzuaren erabiltzaileaz ardura dadin... etab.).

_Hauek izanen dira famili langilearen eginkizunak:

a) Onuradunendako zuzeneko laguntza.

b) Laguntza programa gauzatzea.

c) Taldeko gainerako kideei erabiltzaile ororen egoeraren berri ematea, baita aldaketen berri ere.

d) Lana gizarte-langilearekin koordinatzea.

e) Erabiltzaileari ematen zaion laguntza aldatzeko proposamena.

f) E.L.Z.ak eskaintzen dituen zerbitzu guztien artetik, osasun nahiz etxeko lanei, lan pertsonalei, eta gizarte, hezkuntza nahiz kultura alorrekoei dagozkien eginkizunak oro.

_Hauek izanen dira administrazioko langileen eginkizunak:

a) Agirien kontrola eta segimendua.

b) Laguntza jasotzen duten kasuei dagokien administrazio lana.

c) Erabiltzaileei banku-helbideratzeen bidez kobratu beharreko tasak kontrolatzea.

Eskabideen tramitazioa

5. artikulua. Etxez etxeko laguntzarako eskaria Mankomunitatean sartutako edozein herritako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkeztuko da, horretarako eskura daitekeen eredu-orrian; horrekin batera hauek ere aurkeztuko dira:

_Famili unitateko kide guztien NANaren fotokopia.

_Gizarte Segurantzako kartillaren edo Norbanakoaren Osasun Txartelaren fotokopia.

_Nor bere buruaz baliatzeko testa (Mankomunitateko zerbitzuek emana).

_Osasun txostenak.

_Gaur egungo dirusarren aitorpena eta haiek egiaztatzeko agiriak: pentsioen ziurtagiriak, nominak ... etab.

_Eskatzailearen eta famili unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia.

_Dirusarrerei buruzko zinpeko aitorpena (errenta aitorpenik egiten ez bada).

_Erroldako eta bizikidetasun agiria.

_Katastroko ziurtagiriak.

_Kapital-etekinei buruzko banku-ziurtagiria.

_Ordainketak helbideratzeko baimena.

Erabiltzaileek, zerbitzua eskatzean, famili unitateak kontzeptu guztiengatik aurreko urtean izandako dirusarreren aitorpen justifikatua aurkeztu beharko dute.

Zerbitzua eskatzen dutenek egiazki bizi beharko dute eta erroldatuak egon Mankomunitatean sartutako herrietakoren batean. Hala ere, bertzela jokatzea eskatzen duten inguruabar bereziak egonez gero, ez da aurretik xedatutakoa aintzat hartuko.

Udalak eman behar dituen ziurtagiriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak berak eskatzen ahalko ditu, erabiltzaileak aldez aurretik baimena ematen badu.

Erabiltzaileak hautatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Nor bere buruaz zenbateraino baliatzen den.

_Kasu egiten dion zaintzailerik badagoen edo ez, eta nolako laguntza ematen dioten.

_Zer ondasun eta baliabide ekonomiko duen.

_Eskabidearen sarrera-ordena.

Tasak

6. artikulua. Mankomunitateak kasu bakoitzerako onetsiko ditu tasak, ordenantza honetan jasotzen den baremoan oinarriturik. Urtero eguneratuko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarrorako onesten dituen kontsumoaren prezioen gorakadaren ariora.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Tasak sortuko dira zerbitzuan alta ematen den egunean, eta ordainduko dira hiruhilabetero, hiruhilabete naturalak izanik, noiz eta emandako zerbitzuei dagokien hiruhilabetearen ondokoaren lehenbiziko hamar egunetan.

Erabiltzailearen beraren borondatez gertatzen diren bajak idatziz jakinarazi beharko zaizkio Mankomunitateari, eragina izan dezaten, eta ondorio ekonomikoak ekarriko dituzte ondoko hilabetetik aurrera.

Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren arauketa

8. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira pertsona atendituarekin bizi diren guztien urteko dirusarrerak, eskabidea egin aitzineko urteari dagozkionak, baloratuko baitira laneko dirusarrerak, langabeziakoak, pentsioetakoak, errentetakoak, landa nahiz hiri ondasunetakoak, salmentetatik datozenak, kapital-etekinak eta, oro har, famili unitateari dirusarreraren bat ekartzen dioten guztiak.

Tasa, beraz, hileko errentaren gainean aplikatuko da, eta hura ateratzeko honela eginen da:

Urteko dirusarrera guztiak kontatuko dira, famili unitatearen kontzeptu guztiengatik. Horretaz gainera, landa nahiz hiri ondasunetatik heldu diren dirusarrerak zehazteko, haien katastroko balioaren % 3 hartuko da, ohiko bizilekua aparte, betiere haietatik zenbateko hori baino etekin handiagoa ateratzen ez bada.

Beren gaitasun ekonomikoen balorazioa egiten zaien pertsonak edozein testamentutan beren alde dauden xedapenak aitortzera beharturik daude, baita azken 5 urteetan egin ondareko eskualdaketak ere.

Pertsona atendituen bizilekuan edozein gradutako odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezkorik bizi baldin bada, ezkontidea edo bikote egonkorreko bikotekidea salbu, haien dirusarreren % 50 ere hartuko da kontuan. Aipatutako dirusarrera horien guztien batura zatituko da hamabi hilabetetan eta familiaren bizilekuan bizi diren kideen artean.

Hilabeteko tasak hurrengo taula honen arabera ezarriko dira: (2006ko ekitaldian erabiltzeko).

_351,81 euro arte (kotizatu ez dutenen gutxieneko pentsioa, 12 ordainketakoa): 1 kide, salbuetsirik, 2 edo gehiago, 13,87 euro.

_351,82 euro 386,81 euro bitarte (35 euro): 18,49 euro.

_386,82 euro 421,81 euro bitarte (35 euro): 23,13 euro.

_421,82 euro 456,81 euro bitarte (35 euro): 27,75 euro.

_456,82 euro 516,81 euro bitarte (60 euro): 31,21 euro.

_516,82 euro 576,81 euro bitarte (60 euro): 37,10 euro + ordu bakoitzaren kostuaren % 15.

_576,82 euro 676,81 euro bitarte (100 euro): 50,95 euro + ordu bakoitzaren kostuaren % 20.

_676,93 euro 876,81 euro bitarte (100 euro): 67,95 euro + ordu bakoitzaren kostuaren % 25.

_876,82 euro baino gehiago: 93,42 euro + ordu bakoitzaren kostuaren % 25.

Ordu bakoitzaren kostua: 14,14 euro, hortaz bada:

% 15: 2,12 euro.

% 20: 2,82 euro.

% 25: 3,53 euro.

Tasaren zenbatekoa ez da sekula izanen handiagoa prestazioaren egiazko kostua baino, zeina aterako baita etxez etxeko zerbitzua egiten duten famili langileen urteko lansaria urteko orduen artean zatiturik, betiere Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen hitzarmenaren arabera. Horretatik aparte geldituko dira izaera bereziko ordainsariak (famili laguntza, antzinatasuna, eta abar).

Plaza gordetzeko tasa: Tasa hori aplikatuko zaie erabiltzaile jakin batzuei, hain zuzen ere zerbitzu hartzeari aldi baterako uko egiten diotenei, gehienez ere hiru hilabeterako. Halakoetan, taulako tarifa txikiena aplikatuko zaie, salbu eta erabiltzailea ordaintzetik salbuetsia baldin bada, gutxieneko dirusarrerak ez izateagatik.

Tasak urtero eguneratuko dira, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordainsarien gorakadaren arabera.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Arau-haustetzat hartuko dira:

a) Programak egoki funtzionatzeko Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei kasu ez egitea.

b) Etxez etxeko laguntza zerbitzuan aritzen diren Mankomunitateko langileenganako begirune falta.

c) Aurkeztu beharreko dokumentazioa ez aurkeztea finkatutako epearen barrenean.

d) Erabiltzailearen egoeraren aldaketak, zerbitzua hartzeko tasaren kalkuluan eragina dutenak, ez aitortzea.

e) Mankomunitateburuak ohartarazpena eginen die arau-hausleei, zehapen gisa. Arau-hauste horiek errepikatuz gero, zerbitzua kenduko zaie arau-hausleei.

Zerbitzua ematetik gelditzea

10. artikulua. Honako arrazoi hauengatik gerta daiteke:

a) Prestazioaren sorrera eragin zuen arrazoia desagertzea.

b) Zerbitzua kontratatzean finkatutako denbora betetzea, luzatu edo kontratua berritu gabe.

c) Onuradunaren heriotza.

d) Zerbitzua hartzeko tasak ez ordaintzea.

e) Pertsona onuraduna zentro espezializatu batera edo Mankomunitatearen esparrutik kanpoko bizileku batera eramatea.

f) Onuradunaren borondatezko baja.

g) Zehapena.

11. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zangozan, 2006ko martxoaren 15ean._Mankomunitateko burua, José Daniel Plano Izaguirre.

Iragarkiaren kodea: L0605028