48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IZKO

Izkoko Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza

Izkoko Kontzejuko Batzarrak, 2006ko azaroaren 16an egin bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Izkoko Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespen horren iragarkia abenduan argitaratu zen joan den abenduan, 2005eko 153. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Kontzejuaren iragarki oholean, interesatuek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza eta argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.

Izkon, 2006ko otsailaren 28an._Kontzejuko burua, Antonio Bustince Ibáñez.

IZKOKO KONTZEJUKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO NAHIZ HANGO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4.ean eta 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12.ean eta 100.ean ezarritakoaren arabera, Kontzejuko hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Izkoko Kontzejuaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakarzkiote Izkoko Kontzejuari:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuburuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz. Ehorzketak ondoko baldintzetan egin daitezke, betiere heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortzen ez badu:

_Lurpean ehortzitako hilotzak: zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean; zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bost urte iragan beharko dira, bederen, handik atera baino lehen.

_Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Kontzejuari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian jarriko dira.

Bi modutan ehorzten ahal dira:

a) Gutxienez hamar urteko antzinatasuna duten hilobietan.

b) Helburu horretarako prestatutako hilobietan.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

11. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuak egiteagatik Kontzejuko tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpean lagun bakarra denbora mugarik gabe ehorzteko. Dena den, leku guti izateagatik beharrean egonez gero, antzinatasun handieneko ahaideen hilobia baliatuko da.

12. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilarriek lerrokaturik egon behar dute eta haien luze-zabalak, gehienez ere, 1,50 metro bider 0,80 metro izanen dira.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik paratzea.

13. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kontura izanen dira.

14. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak Izkoko hilerrian zerbitzuak egiteagatik

16. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak.

b) Bigarren ehortzaldia.

17. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

18. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

19. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

20. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

21. artikulua. Zerbitzuak eman aurretiko ordainduko dira 17. artikuluan aurreikusitako 1. eta 2. zerbitzuen tasak, premia larria dagoenean edo Kontzejuko bulegoetan egun baliogabeak direnean izan ezik.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1._Ehorzketak:

a) Izkoko Kontzejuan erroldatuak eta zuzeneko ahaideak (gurasoak, seme-alabak eta ezkontideak): salbuetsia.

b) Izkoko Kontzejuan erroldatu gabeak: 300 euro.

b) kasuan salbuetsirik geldituko dira herritarrak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan, eta berdin erlijiosoak. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira eta ez dute deus ordaindu beharko.

2._Bigarren ehortzaldia:

a) Izkoko hilobi batetik atera eta 10 urteko antzinatasuna duen beste hilobi batean ehorztea: dohainik.

b) Izkoko hilobi batetik atera eta horretarako prestatutako hilobi batean ehorztea: dohainik.

c) Beste hilerri batetik atera eta 10 urteko antzinatasuna duen beste hilobi batean ehorztea: dohainik.

d) Beste hilerri batetik atera eta horretarako prestatutako hilobi batean ehorztea: 150 euro.

Iragarkiaren kodea: L0604635