48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

72/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez jendaurrean jartzen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautuko duen foru dekretuaren proiektua.

Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 61. artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean paratzea, arauaren ezaugarriengatik egokia iruditzen bazaio.

Otsailaren 24ko 57/2006 Foru Aginduaren bidez abian jarri da foru dekretu baten proiektua egiteko espedientea, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzeko xedearekin, eta hura prestatu eta izapidatzeko ardura Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuari eman zaio.

Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak prestaturiko txostenean ageri denez, foru dekretuaren proiektuak, bere edukia dela-eta, interesatu asko ukituko ditu. Izan ere, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan zergen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak gehitu eta hobetzea du helburu. Horrela, alde batetik, tributudunek errazago bete ahal izanen dituzte zerga betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik errespetatu eginen dira haien eskubide eta bermeak; azkenik, zergen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotu eginen da.

Foru dekretuaren proiektuan zehatz azaltzen dira baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak, bai eta tributudunek halako baliabideak erabiltzen dituztenean Zerga Ogasunaren aurrean izanen dituzten eskubide eta bermeak ere. Ildo horretan, ezarrita dago erabat errespetatuko direla herritarrek onartuak dituzten eskubideak, eta baliabide telematikoak erabiltzen dituztenek ez dutela inolako murrizketarik ez bereizketarik jasan beharko zerbitzu publikoetan edo zerga arloko prozedurak izapidatzeko orduan.

Horrenbestez, kontuan izanik foru dekretu hori zer nolako xedapena den eta zein helburu dituen, eta beren legezko eskubide eta interesetan ukituak izan daitezkeen herritarrei entzun ahal izateko, komenigarri eta egokitzat jotzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, ahalik eta interesatu gehienek haren berri izan dezaten.

Hori horrela,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa._Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautuko duen foru dekretuaren proiektua. Horren testua foru agindu honen eranskinean dago.

Bigarrena._Hilabeteko epea ematea, foru dekretuaren proiektua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, beren legezko eskubide eta interesetan ukiturik dauden herritarrek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 13an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

ERANSKINA

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautuko duen Foru Dekretuaren Proiektua.

ZIOEN AZALPENA

Administrazio prozedura dela eta, Konstituzioaren 105.c) artikuluak dio legez arautu behar dela administrazio egintzak gauzatzeko prozedura, eta bermatu egin behar dela interesatuei entzutea, bidezkoa izanez gero.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen bidez bete da agindu hori.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.c) artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen zaio administrazio prozeduraz eta, hala tokatzen denean, prozedura ekonomiko-administratiboaz zenbait arau egiteko, Nafarroak berezko dituen Zuzenbide Substantiboko espezialitateen edo antolamenduaren barnean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eskumen esklusibo horren legegintzako garapena egiten du, eta, hizpide dugun gaiari dagokionez, azpimarratu beharrekoa da baliabide informatikoen erabileraren alde egiten duen apustu sendo eta ausarta. Hona zer dioen, arrazoien azalpenean: "Foru legeak prozeduren sinplifikazioaren eta arrazionalizazioaren alde jotzen du nabarmen. Hori lortzeko, baliabide informatikoak egoki erabili behar dira. Hortaz, helburua da administrazioak herritarrari zerbitzu arina eman ahal izatea, baina antolamendu juridikoan ezarritako bermeak gutxitu gabe".

Lege arau horren 44.1 artikuluak dio administrazio espedienteak izapidatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Beste alde batetik, zergen arloko prozedura-espezialitateak direla eta, lege testu beraren bigarren xedapen gehigarriak ondokoa ezartzen du: "Zergen arloko prozedurak, zergen aplikazioa, zehapen ahalmena, arlo horretako prozedura eta zergei buruzko egintzen administrazio-bideko berrikuspena Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari jarraikiz arautuko dira, bertan ezarritako iturri-sistemarekin bat."

Arau hori Nafarroan zergen aplikazioaren ardatza da. Urrats garrantzitsua da administrazio eta zerga arloko makineria modernizatzeko, teknologia berrietara egokitu behar baita. Teknologia horiek nola erabili arautzen du hainbat alorretan (jakinarazpenak, ordezkaritza, agirien azterketa, aitorpen edo autolikidazioen aurkezpena).

Beste alde batetik, eskumenen ikuspuntutik, komeni da gogora ekartzea hizpide dugun arloak ez dituela muga garbi-garbiak. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio modernizazio eta sinplifikazio administratiboa eta Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiaren esku dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen modernizazio administratiboa.

Aurrean azaldutakoarekin bat, eta halaber 30/1992 Legearen 45. artikuluan xedatutakoa garatuz, foru dekretu honek Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan zergen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak ugaritu eta hobetzea du helburu. Horrela, alde batetik, tributudunek errazago bete ahal izanen dituzte zerga betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik errespetatu eginen dira haien eskubide eta bermeak; azkenik, zergen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotu eginen da.

Foru dekretuak bost kapitulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta azken hiru xedapen ditu.

I. kapituluan zehatz azaltzen dira baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak, bai eta tributudunek halako baliabideak erabiltzen dituztenean Zerga Ogasunaren aurrean izanen dituzten eskubide eta bermeak ere. Ildo horretan, ezarrita dago erabat errespetatuko direla herritarrek onartuak dituzten eskubideak, eta baliabide telematikoak erabiltzen dituztenek ez dutela inolako murrizketarik ez bereizketarik jasan beharko zerbitzu publikoetan edo zerga arloko prozedurak izapidatzeko orduan. Gainera, programa edo aplikazio baten emaitzak administrazio ahalmena baliatu ahal izateko erabiliko badira, programa hori Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak onetsi beharko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Horren guztiaren bidez neutraltasun edo inpartzialtasun printzipioari eutsi nahi zaio baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabileran. Hau da, Zerga Administrazioarekiko harremanetarako aukeratzen den bidea aukeratuta ere, Zerga Administrazioak beti errespetatu beharko du zerga prozedura bakoitzerako ezarritako arauak, bai eta herritarren eskubide eta bermeak ere. Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak errespetatu egin behar ditu zerga prozeduretako bermeak, zein komunikazio bide erabiltzen den kontuan hartu gabe, eta bide elektronikoa erabiltzeak ez die administratuei eskubide galerarik ekarri behar.

Halaber, administratuen segurtasun juridikoari begira, eta 30/1992 Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, kasuan kasuko administrazio organoa zein den eta zein eskumen erabiltzen ari den zehaztu beharra ezartzen da. Hartara, organoko titularrak eskuz egindako sinaduraren ordez, organo horren egiazkotasuna bermatzen duten ikur edo kode elektronikoak ezartzen dira.

II. kapituluan sinadura elektronikoaren erabilera arautzen da Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan.

Abenduaren 19ko 59/2003 Legeak sinadura elektronikoa arautzen du eta honela definitzen du: sinatzailea identifikatzeko erabil daitezkeen datu elektroniko batzuk, beste datu batzuekin batera jarriak edo haiei lotuak.

Esan daiteke agiri elektronikoetako sinadura elektronikoa paperezko agirietako eskuzko sinaduraren baliokidea dela, zenbait baldintza betez gero. Alabaina, 59/2003 Legeak zenbait motatako sinadura elektronikoak ezartzen baditu ere, foru dekretu honek sinadura elektroniko onartua hobesten du, alegia, ziurtagiri onartu batean oinarritua eta sinadura sortzeko dispositibo seguru baten bidez sortua dena.

III. kapituluan arauak ematen dira zergen aitorpen edo likidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez aurkezteko eta eskabide, idazki eta berriemateak baliabide berberen bidez aurkezteko, eta Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoa sortzen da.

Erregistroaren eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Agiri elektronikoak jasotzea (hala aitorpen edo autolikidazioak nola eskabide, idazki edo berriemateak), eta tributudunak bide beretik aurkezten dituen agiri erantsiak ere bai.

b) Erregistroko sarrerako idazpen elektronikoa egitea.

c) Jasoagiria ematea, agiri elektronikoa aurkeztu dela frogatu ahal izateko.

Erregistro telematikoaren euskarri den sistema informatikoak bermatu egin behar ditu informazioaren eta erregistroan sartzen diren agiri elektronikoen egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

Erregistro telematikoak ez du edozein aitorpen edo idazki onartuko, baizik eta erregistro telematikoko zuzendaritzaren bitartez une bakoitzean argitaratzen diren izapide eta prozeduren barnean daudenak soilik.

IV. kapituluan jakinarazpen telematikoak arautzen dira. Administrazio egintzek berehala sortzen dituzte ondorioak, baina, arau orokor gisa, jakinarazi arte ez dute eraginik izaten. Bai administrazio prozedura erkidean bai zerga prozeduran modu asko daude administrazio egintzak jakinarazteko. Denek baldintza hau bete behar dute ordea: jasorik utzi behar da jakinarazpena hartu dela ("jakinarazpenaren egiaztagiria espedientean sartuko da", dio Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 99.1 artikuluak, eta antzeko zerbait dio 30/1992 Legearen 59.1 artikuluak ere).

Jakinarazpen telematikoari buruzko arau nagusiak ondokoak dira:

a) Jakinarazpen modu hori erabili ahal izanen da tributudunak aurretik onartzen badu, bide telematikoa nahiago duela adieraziz edo Nafarroako Zerga Ogasuneko organoaren proposamenari baiezkoa emanez.

b) Jakinarazpen telematikoen sisteman jasorik geratu behar da zein egunetan eta ordutan sartu den jakinarazpena tributudunaren helbide elektronikoan. Gainera, interesatuak jakinarazpenaren edukia eskuratu duela egiaztatu behar da.

c) Tributudunak helbide elektroniko bakarra eduki behar du, Nafarroako Zerga Ogasunak emana. Helbide horrek zenbait baldintza bete behar ditu.

d) Helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukiari heltzen zaion momentutik jakinarazpena burututzat emanen da. Jakinarazpena helbide elektronikoan sartu dela egiaztatuz gero, hamar egun naturaleko epean edukiari heltzen ez bazaio, jakinarazpena hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.

V. kapituluan zergen arloko prozedurak izapidatzeko ordezkaritza telematikoaren ildo nagusiak arautzen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36. artikulua garatuz. Artikulu horren arabera, jarduteko gaitasuna duten tributudunek ordezkariaren bidez jarduten ahal dute. Artikulu horretako 6. idatz-zatian hauxe ezartzen da: Zerga Administrazioari edozein agiri baliabide telematikoak erabiliz aurkezten zaionean, aurkezleak kasu bakoitzean behar den ordezkaritza eduki beharko du.

Nafarroako Zerga Ogasunak, herritarrei zerga betebeharrak beren borondatez betetzea errazte aldera, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dizkie Internet bidez izapide eta jarduketak egiteko. Aitorpen eta idazkien aurkezpen telematikoa hedatzeko bideetako bat ordezkaritza telematikoa sustatzea da. Ordezkaritza telematikoari esker, teknologia berriak eskura ez dituzten edo erabiltzeko ohiturarik ez duten herritarrak ere haietaz onuratzen ahal dira.

Hori dela eta, ahalordeen erregistro telematikoa sortzeko behar diren xedapenak onesteko ahalmena ematen da. Erregistro horretan inskribatu eta kudeatuko dira tributudunak ematen dituen ahalordeak, izapide eta jarduketak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egiteko ahalordeak hain zuzen.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik,

DEKRETATU DU:

I. KAPITULUA

Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan

1. ATALA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Zerga Ogasunaren eskumeneko esparruan arauak ematea baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko Nafarroako Zerga Ogasunaren eta pertsona fisiko zein juridikoen artean, bai eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren zergapekoekin ere, zergen arlokoak izan edo zergetan eragina duten harremanetan, eta bereziki, zerga prozeduren hasieran, izapideetan eta amaieran.

2. Foru dekretu honen xedea eranskinean ageri diren izapide eta prozedurei dagokie. Hala ere, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera murriztu ahal izanen du, edo beste izapide eta prozedura batzuetara hedatu, foru dekretu honetan ezarritako bermeekin bat. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar da.

Interneteko http://www.navarra.es helbidean eguneraturik edukiko da, edonork kontsultatu ahal izateko moduan, une bakoitzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egin daitezkeen izapide eta prozeduren zerrenda.

3. Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzen direnean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoa beteko da, bai eta honako foru dekretu honetan, hura garatzeko arauetan eta zergen arloko izapide edo prozedura bakoitzari buruzko arauetan ezarritakoa ere.

2. artikulua. Tributudunen eskubideak.

1. Foru dekretu honetan eta hura garatzeko eman daitezkeen arauetan araututako baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilerak Konstituzioan eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritako mugak izanen ditu, eta erabat errespetatuko dira herritarrek onartuak dituzten eskubideak. Bereziki, bermatu eginen dira ohorerako eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea, eta autodeterminazio informatiborako eskubidea, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten arauetan jasoa.

2. Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeagatik tributudunek ez dute inolako murrizketa edo bereizketarik jasanen zerbitzu publikoak jasotzeko edo zergen arloko prozedurak izapidatzeko orduan.

3. Betiere, Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili eta horiek zuzenean nahiz zeharka herritarren eskubide edo interesak ukitzen badituzte, bermatu eginen dira kasuan kasuko organoaren identifikazioa eta eskumena. Halakoetan tributudunek eskubidea izanen dute erabilitako baliabide eta aplikazioak eta eskumena baliatzen duen organoa zeintzuk diren jakiteko.

3. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen publizitatea.

Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen zerrenda argitaratuko du, haien bidez egin ahal izateko Nafarroako Zerga Ogasuneko organoen eta pertsona fisiko eta juridikoen arteko berriemate eta jakinarazpenak, bai eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Arau Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren tributudunenak ere. Baliabide horiek erabiltzeko formatu eta kode normalizatuak zehaztuko ditu, hala behar denean. Zerrenda hori interesatuen eskura egonen da http://www.navarra.es helbidean.

Nafarroako Zerga Ogasunak beti eguneraturik eta herritarren eskura edukiko du aurreko paragrafoan aipatutako aplikazio, baliabide eta euskarrien zerrenda hori.

4. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabileraren inguruko berme orokorrak.

1. Baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiltzen direnean, behar diren neurri teknikoak eta antolamenduzkoak hartuko dira, informazioaren eta agiri elektronikoen egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko.

2. Goiko 1. idatz-zatian ezarritako neurriak hartzeko, kontuan hartu beharko da teknikaren egoera, bai eta proportzionaltasun irizpidea ere, datuen, tratamenduen eta arriskuen izaerari dagokionez.

3. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek erabiltzen dituzten euskarri, bitarteko eta aplikazioetarako segurtasun neurriek ondokoa bermatu beharko dute:

a) Baimena duten pertsonek baino ezin izanen dituztela eskuratu eta erabili haietan dauden datu eta informazioak.

b) Datu eta informazioak ez direla ez aldatuko ez galduko.

c) Prozesu informatikoak baimenik gabeko manipulazioetatik babestuta egonen direla.

5. artikulua. Tributudunen identifikazioa eta egiaztapena.

Tributudunek datuak eta informazioa eskuratu ahal izan ditzaten, aurretiaz haien identifikazioa eta egiaztapena egin beharko dira. Hori egiteko prozedurak une bakoitzean zehaztuko dira, eskuratu nahi den informazioaren segurtasun mailak eta isilpekotasuna kontuan izanik.

2. ATALA

Aplikazio eta programa informatikoak

6. artikulua. Aplikazio eta programa informatikoen erabilera.

1. Informazioa tratatu, igorri edo gordetzeko erabiltzen diren programa eta aplikazioen emaitzak administrazio ahalmenak gauzatzeko erabiltzen badira eta zuzenean zehazten badute Nafarroako Zerga Ogasunaren menpeko organoen administrazio jarduketen edukia, programa eta aplikazio horiek onetsi egin beharko dira Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.

2. Tresna huts gisa erabiltzen diren programa eta aplikazioek ez dute aurreko 1. idatz-zatian aurreikusitako onespen eta zabalkundearen beharrik izanen. Halakotzat joko dira informazio-tratamendu osagarriak edo prestakizunak egiteko erabiltzen diren programa eta aplikazioak, Administrazioaren erabakien edukian zuzeneko eraginik ez dutenak.

3. Aplikazio eta programen ezaugarrien berri zabaltzen denean, jabetza intelektual eta industrialerako eskubideak babestuko dira.

4. Jada onetsita dauden programa eta aplikazioen bertsio berriak edo aldatuak ez dira onetsi eta argitaratu beharko, egiten zaizkien aldaketek ez baldin badute funtsezko eraginik informazio-tratamenduen emaitzetan edo haien funtzionalitateetan.

3. ATALA

Komunikabide telematikoak

7. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko berriemateak.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoen artean, edo horien eta pertsona fisiko eta juridikoen artean eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatutako tributudunen artean, berriemateak baliabide informatiko, elektroniko eta telematikoen bidez igorri eta hartu ahal izanen dira, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Haien eskuragarritasuna eta kasu bakoitzean ezartzen diren baldintzetan jaso ahal izatea bermatuta egotea.

b) Igorleak erabiltzen dituen baliabideen eta hartzaileak erabiltzen dituenen arteko bateragarritasuna, elkarrekiko komunikazioak teknikoki ahalbidetzen dituena, Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako kode eta formatuak edo erregistro-diseinuak ere barne direla.

c) Komunikazioetan esku hartzea eta haiek aldatu edo baimenik gabe eskuratzea eragozteko segurtasun neurriak izatea.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako baliabideen bitartez egiten diren berriemate eta jakinarazpenak baliozkoak izanen dira honako baldintzak betez gero:

a) Igorpena eta harrera, eguna eta ordua eta edukiaren osotasuna jasota geratzea.

b) Igorlea eta hartzailea modu fidagarrian identifikatzea.

c) Partikularrei zuzendutako berriemate eta jakinarazpenetan, haiek aurretik adieraztea bide elektronikoa lehenesten dutela Nafarroako Zerga Ogasunarekiko komunikazioetarako, prozedura hasten denean edo hura izapidatu bitartean nahiz administrazio jarduketa garatu bitartean.

4. ATALA

Agiri elektronikoak eman eta zaintzea

8. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak agiriak ematea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez sortuak diren agiri elektronikoak edo horien kopiak ematen dituenean, agiriok baliozkoak izanen dira baldin eta haien egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badira.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak jatorrizko agirien kopiak egiten dituenean haiek gordetzeko nahiz formatu elektronikoan lantzeko, kopiek jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun berbera izanen dute baldin eta haien egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badira.

9. artikulua. Agirien kontserbazioa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren administrazio jarduketetan erabiltzen diren agiri guztiak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez gorde ahal izanen dira.

2. Partikularren eskubide edo interesak ukitzen dituzten agiri elektronikoak, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez sortuak badira, gorde ere horrelako baliabideen bitartez gorde ahal izanen dira, ez baldin bada aldatzen haien jatorrizko formatua.

3. Agiri elektronikoen kontserbazioan segurtasun neurriak hartu beharko dira, gordetako agirien osotasuna, egiazkotasuna, isilpekotasuna eta kontserbazioa bermatzeko. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez gorderik dauden agiriak eskuratzeari dagokionez, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoa beteko da.

5. ATALA

Nafarroako Zerga Ogasunean izapideak egitea

10. artikulua. Aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioak aurkeztea.

1. Aitorpenak, aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztu ahal izanen dira.

Baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiliz betetzen ahal diren zerga-betebeharren zerrenda eguneratua edukiko da http://www.navarra.es helbidean.

2. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko aurkezpena egiteko baldintzak eta prozedurak berariaz ematen diren araugintzako xedapenetako bakoitzean ezarriko dira.

Halaber, baldintzak eta prozedurak ezarri ahal izanen dira bide telematikoetatik aitorpenen aurkezpen kateatuta egiteko, lotekako aurkezpenaren modalitatea erabiliz.

11. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak zerga arloko informazioa ematea eta ziurtagiriak luzatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloko informazioa ematen duenean, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa beteko da.

2. Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan azaltzen ez diren kasuetan, zergen arloko informazioa eman aurretik interesatuei baimena eskatu beharko zaie.

3. Era berean, zerga arloko informazioa baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez ematen denean, berariaz emandako arauei jarraituko zaie.

12. artikulua. Eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztea.

Tributudunek zilegi izanen dute eskabide, idazki eta berriemateak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztea, foru dekretu honen xede diren izapide eta zerga prozeduretan; zehazkiago, egiazko eraginkortasuna izan eta http://www.navarra.es helbidean zehazturik dauden haietan.

Betiere, foru dekretu hau garatzeko arauak ematen badira, haietan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. artikulua. Zergen ordainketa telematikoa.

Edozein tributu ordaindu behar dutenek baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili ahal izanen dituzte ordainketa beren kabuz edo ordezkarien bidez egiteko, horretarako ematen diren xedapenei jarraituz.

II. KAPITULUA

Sinadura elektronikoaren erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan

1. ATALA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Sinadura elektronikoaren erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak onartu eginen du sinadura elektronikoa oinarri duten sistemen erabilera, baliabide informatiko, elektroniko eta telematikoen bitartez tributudunekin dituen harremanetan trukatzen diren agiri elektronikoen egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko. Bereziki, sinadura elektroniko onartuaren sistemak erabili ahal izanen dira, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3.3 artikuluan azaltzen den moduan.

2. Zergen arloan edo zergetan eragina duten kontuetan, Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez dituen harremanetan sinadura elektronikoko edozein sistema onar dezan, beharrezkoa izanen da sistema hori bateragarria izatea Nafarroako Zerga Ogasunak ezartzen dituen baliabide teknikoekin.

2. ATALA

Sinadura elektronikoaren erabilera

15. artikulua. Sinadura elektronikoaren erabilera.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publikoa nahiz pribatua izan, sinadura elektroniko onartua erabili ahal izanen du Nafarroako Zerga Ogasunarekiko harremanetan, izapide eta zerga prozedura bakoitzerako ezarritako berme eta betekizunak betez eta une bakoitzean eman daitezkeen araugintzako xedapenei jarraituz.

16. artikulua. Sinadura elektronikoaren erabilera hainbat pertsonak sinatu beharreko izapide eta prozeduretan.

1. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez egiten diren izapide eta prozeduretan sinatu behar duten pertsonak bat baino gehiago direnean, haietako bakoitzak jarri beharko du sinadura elektronikoa, ziurtagiri elektroniko onartuak oinarri direla.

2. Tributudun bakoitzak agirietan sinadura elektronikoa jartzeko erabiltzen dituen baliabideak betiere haren kontrol esklusiboaren pean egonen dira.

3. ATALA

Ziurtagiri elektronikoak

17. artikulua. Ziurtagiri elektroniko onartuak.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako sinadura elektronikoko sistemek onartutzat jo daitezkeen ziurtagiri elektronikoak erabili beharko dituzte, sinadura elektronikoari buruzko legeriarekin bat, eta ziurtagiriok beren edukian, gutxienez ere, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11.2 artikuluan eskatzen diren eremuak bildu beharko dituzte.

2. Ez da inola ere onartuko Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean izapideak bide telematikotik egitea administratuen ziurtagiri elektronikoak jada indarrik ez duelarik.

18. artikulua. Ziurtagiri elektronikoen motak.

1. Nafarroako Zerga Ogasunarekiko jarduketetan ziurtagiri elektronikoen mota hauek erabili ahal izanen dira, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean araututa dauden moduan:

a) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko onartuak.

b) Pertsona juridikoen ziurtagiri elektroniko onartuak.

c) Pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatzeko ziurtagiri elektroniko onartuak.

d) Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatutako nortasun juridikorik gabeko entitateen ziurtagiri elektronikoak, aplikatzen ahal zaizkien arauetan ezarritako moduan.

2. Dena den, Nafarroako Zerga Ogasunak egokitzat jotzen dituen agiri guztiak eskatu ahal izanen dizkie administratuei, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako ziurtagirietako edozein erabiliz diharduen pertsonaren ordezkaritza egiaztatze aldera.

19. artikulua. Ziurtagiriak onartzea.

1. Ziurtapen zerbitzuen emaileek Nafarroako Zerga Ogasunari eskatu ahal izanen diote beraiek luzatutako ziurtagiri elektronikoak onartzeko, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez Nafarroako Zerga Ogasunaren eta tributudunen artean egiten diren harremanetarako.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, araudi egokia onetsiko da. Araudi horrek onarpen-eskaera egiteko prozedura zehaztuko du, eta, halaber, Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloan baliozkotzat jo ditzan ziurtapen zerbitzuen emaileek eta beraiek luzatutako ziurtagiriek bete beharreko baldintza eta betekizunak ezartzeko prozedura zehaztuko du.

Nolanahi ere, Interneteko http://www.navarra.es helbidean eguneraturik edukiko da ziurtapen zerbitzuen emaileen eta baimendutako ziurtagirien zerrenda.

III. KAPITULUA

Aitorpenen aurkezpena eta erregistro telematikoa

1. ATALA

Aitorpenen aurkezpena

20. artikulua. Aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioen aurkezpena.

1. Aitorpenak, aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak Nafarroako Zerga Ogasunak adierazten dituen baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztu ahal izanen dira. Horretarako, araugintzako xedapen berariazkoak onetsiko dira, agiri horiek web formularioen, laguntza-programen edo Nafarroako Zerga Ogasunak zehazten duen beste edozein mekanismoren bidez aurkeztea ahalbidetuko dutenak.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoari jarraituz Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioak aurkezteko garatzen dituen prozedurek foru dekretu honen 23. artikuluan ezarritako bermeak beteko dituzte, bai eta 26, 27 eta 28. artikuluetan xedatutakoa ere.

3. Berariazko xedapenetan ezarritakoa salbu, aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztea tributudunak berak erabakiko du bere borondatez. Kasuan kasuko erregistro orokorretan ere aurkeztu ahal izanen ditu.

2. ATALA

Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoa

21. artikulua. Erregistro telematikoa sortzea.

Foru dekretu honen bidez Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoa sortu da. Era guztietako agiri elektronikoak aurkezteko erabili ahal izanen da, foru dekretu honen xede diren izapideetan eta zerga arloko prozeduretan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ataritik sartuko da erregistro telematikora, Interneteko http://www.navarra.es helbidean konexioa eginda.

22. artikulua. Erregistro telematikoaren eginkizuna.

1. Erregistro telematikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dagozkion izapide edo prozeduretako agiri elektronikoak jasotzea, bai eta haiei erantsitako agiriak ere, foru dekretu honetan ezarritako moduan. Komunikazio telematiko horiek egiteko, tributudunek sinadura elektroniko onartua erabili beharko dute.

b) Hasierako sarrera idazpen elektronikoa egitea. Hartan jasoko dira sarrera erregistroaren eguna eta ordua, erregistro zenbakia, agiriaren izaera eta haren edukiaren erreferentzia, hura aurkeztu edo igorri duen pertsonaren identifikazioa eta Administrazioko organo hartzailearen identifikazioa.

c) Jasoagiriak ematea, tributudunek Nafarroako Zerga Ogasuneko organoei zuzenduta aitorpen, eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztu dituztela egiaztatzeko.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoak inoiz ere ez du agiri elektroniko erantsien kopia zigilatu edo konpultsaturik emanen, eskabide, idazki edo berriemateari beste agiriren bat eransten zaion kasuetan.

3. Halaber, erregistro telematikoaren esparrutik kanpo daude EDI sareen eta balio erantsiko beste edozein sareren bidez egiten diren berriemateak.

23. artikulua. Erregistro telematikoaren egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa bermatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoaren euskarri den sistema informatikoak bermatu eginen du behar diren neurri teknikoak eta antolamenduzkoak hartuko direla informazioaren eta agiri elektronikoen egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko. Betiere, erregistro telematikoaren sistema informatikoak foru dekretu honen I. kapituluan xedatutakoa bete beharko du.

2. Erregistro telematikotik organo eskudunei aitorpen, eskabide, idazki eta berriemateak izapidatzeko igortzen zaizkienean, segurtasun neurri egokiak hartuko dira, teknikaren egoeraren arabera, baimenik gabe informazioak eskuratu, aldatu edo haietan esku har dadin eragozteko, eta, betiere, datu pertsonalen babesa bermatzeko, kontuan izanik Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa eta, bereziki, Segurtasun Neurrien Erregelamenduari buruzko ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuan eta hura ordeztu, garatu edo osatzen duen beste edozein arautan xedatutakoa.

24. artikulua. Erregistro telematikoan eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztea.

1. Erregistro telematikora eskabide, idazki eta berriemateak bidali ahal izanen dira bide telematikotik, sinadura elektroniko onartuaren bidez, erregistro telematikoko zuzendaritzak berak une bakoitzean aditzera ematen dituen izapide eta prozeduren barnean.

2. Berariazko xedapenetan ezarritakoa salbu, erregistro telematikoan eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztea tributudunak berak erabakiko du bere borondatez. Kasuan kasuko erregistro orokorretan ere aurkeztu ahal izanen ditu.

3. Erregistro telematikoan agiriak aurkezteak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

4. Erregistro telematikoaren bidez aurkezten diren eskabide, idazki edo berriemateak foru dekretu honen esparrutik kanpoko izapide eta prozeduretakoak izanez gero, ez dira kontuan hartuko, artxibatu eginen dira eta aurkeztu ez balira bezala jokatuko da.

25. artikulua. Agiri erantsiak baliabide telematikoen bitartez aurkeztea.

1. Tributudunak aitorpen, eskabide, idazki edo berriemateei erantsita beste agiri batzuk aurkeztu behar dituenean, horiek ere baliabide elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izanen ditu, informazio sistemak aukera ematen badu eta agiri erantsi horiek interesatuaren edo hirugarren egileen sinadura elektroniko onartua baldin badute, foru dekretu honetan aurreikusitako moduan.

2. Baliabide elektronikoak erabiliz aurkezten diren agiri guztiek Nafarroako Zerga Ogasunean erabiltzen diren baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoekin bateragarriak diren formatu eta aplikazio informatikoetan eginak izan beharko dute. Formatu eta aplikazio informatiko bateragarriak http://www.navarra.es helbidean argitaratuko dira eta eguneraturik edukiko dira beti.

26. artikulua. Agiriak hartzea, eta aurkeztu izanaren agiria.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistro telematikoa zabalik egonen da eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan, eta Espainiako data eta ordu ofizialei eutsiko die. Horiexek ageriko dira http://www.navarra.es helbidean, erregistro telematikorako sarrera izanen baita.

2. Erregistro telematikoak berrespen mezua igorriko du, aitorpena, eskabidea, idazkia edo berriematea foru dekretu honetan aurreikusitako moduan jaso duela adierazteko. Aurkeztu izanaren agiri hori erabiltzaileen eskura jarriko da baldin eta aitorpen, eskabide, idazki edo berriemateen eta, halakorik bada, agiri erantsien igorpen telematikoa ongi burutzen bada.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren haritik, aurkeztu izanaren agirian ondokoak agertuko dira: erregistro telematikoaren identifikazioa, igorpenaren zenbakia, erregistro zenbakia, eguna eta ordua.

3. Erabiltzaileek aurkezpen-agiri horren gordekina gorde beharko dute, dela pantaila inprimatuz, dela euskarri informatikoan gordez. Agiri elektroniko horrek Administrazioaren edozein erregistrotan emandako paperezko aurkezpen-agiriak adinako balioa eta ondorio juridiko berberak izanen ditu.

4. Erabiltzaileari pantailan errore mezua agertzen bazaio aurkezpen prozesuan ari denean, edo aurkezpen-agiririk bidaltzen ez bazaio, tributudunak hasieratik errepikatu beharko du agiriak aurkezteko prozesua.

5. Aurkezpen-agirian agertuko den identifikazio kode elektronikoak bide emanen du egindako igorpenari buruzko informazioaren kontsulta telematikoak egin ahal izateko.

27. artikulua. Epeak kontatzea.

1. Egun baliodunetan ematen diren epeak kontatzeari dagokionez, aitorpen, eskabide, idazki eta berriemateen aurkezpenean honako irizpideei jarraituko zaie:

a) Erregistro telematikora jotzeko egun baliogabetzat hartuko dira arau orokorrek egun baliogabeen urteko egutegian hala deklaratutakoak. Egutegi hori interesatuen eskura egonen da http://www.navarra.es helbidean.

b) Erregistro telematikoan egun baliogabean sartzen diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenbiziko orduan sartu balira bezala hartuko dira. Agiriak benetan jaso diren eguna eta ordua inskribatuko dira sarrerako idazpenean, baina jasorik geratuko den sarrera eguna hurrengo egun balioduna izanen da, eta ordua, berriz, 00:00 eta segundo bat.

2. Foru dekretu honetan ezarritakoak ez du eraginik izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako araubide orokorrean (administrazio prozeduretako agiri eta eskabideak aurkezteko epeak kontatzeko eta aurkezpenaren ondorioei buruzko arauak).

3. Epeak kontatzeko, harrera datatzat hartuko da erregistroak hartu izanaren agirian edo erregistro idazpenean jasotakoa.

28. artikulua. Erregistro telematikoko zerbitzuaren etenak.

1. Erregistro telematikoaren zerbitzua eten ahal izanen da mantentze lan teknikoak edo konponketak egin beharra dagoenean, behar-beharrezkoa den denboran soilik.

2. Erregistro telematikoaren zerbitzuaren etenaldia aurretiaz iragarriko da, ahalik lasterren. Erregistro telematikoaren funtzionamenduaren etenaldia aurretik iragartzen ez den kasuetan, etenaldiaren kausek aukera ematen badute, erabiltzaileak egoera horren berri ematen dion mezua ikusiko du.

IV. KAPITULUA

Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen telematikoak

29. artikulua. Jakinarazpen telematikoetarako baldintza orokorrak.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egin ahal izanen dituzte jakinarazpenak, tributudunak aurrez onartzen badu, dela baliabide telematikoa nahiago duela adieraziz, dela Nafarroako Zerga Ogasuneko organo egokiaren proposamenari baiezkoa emanez, eta tributudunak kapitulu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen helbide elektroniko bat edukiko du.

2. Baliabide telematikoen bidezko jakinarazpena interesatuak berariaz adierazitako izapide eta prozeduretan bakarrik eginen da. Interesatuak nahi dituen aldaketak egin ahal izanen ditu bere lehentasunetan, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera.

3. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko jakinarazpena lehenetsi ahal izateko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko izapide edo prozedura http://www.navarra.es helbidean aurreikusita egotea.

4. Behin prozedura izapidatzen hasita, interesatuak organo eskudunari eskatu ahal izanen dio jakinarazpenak ez daitezela bide telematikoetatik egin, hori justifikatzen duten arrazoi teknikoak daudenean soil-soilik. Hori eskatuz gero, hurrengo izapideetan Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 99. artikuluan onartutako gainerako jakinarazpen bideak erabiliko dira, ezertan eragotzi gabe ordura arte bide telematikoetatik behar bezala egindako jakinarazpenen ondorioak, foru dekretu honetan xedatutakoarekin bat.

5. Jakinarazpen telematikoen sistemak honakoak egiaztatu beharko ditu:

a) Tributudunari esleitutako helbide elektronikoan zein egunetan eta ordutan jaso den jakinarazpena.

b) Interesatuak jakinarazpenaren edukia eskuratu ahal izan duela.

c) Aurreko letretan aipatutako bi inguruabarretako edozein galarazi duen arrazoi teknikoa.

Jakinarazpenak ezin izanen dira egun baliogabeetan igorri. Egun baliogabetzat joko dira araudi orokorrak egun baliogabeen urteko egutegian hala deklaratutakoak. Egutegi hori interesatuen eskura egonen da http://www.navarra.es helbidean.

30. artikulua. Helbide elektroniko bakarra.

1. Jakinarazpenak bide telematikoetatik jaso nahi dituela adierazten duen tributudunak horretarako helbide elektroniko bat eduki beharko du, ezartzen diren baldintzetan, Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean edo hirugarrenen bitartez emana. Helbide bakarra izanen da Nafarroako Zerga Ogasunak egin beharreko jakinarazpen guztietarako.

2. Helbide elektroniko bakarrak mugagabeko indarraldia izanen du. Hala ere, indarra galduko du titularrak indargabetzeko eskatzen badu, pertsona fisikoa hil edo pertsona juridikoa iraungitzen bada, epailearen edo Administrazioaren ebazpen batek hala agintzen badu edo hiru urtean ez bada behin ere erabiltzen jakinarazpenak egiteko; azken kasu horretan helbide bakarra baliogabetu eginen da eta interesatuari jakinaraziko zaio.

3. Helbide elektroniko bakarrak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Erabiltzailearen identifikatzaileak eta sarbide gakoak izatea, erabileraren esklusibotasuna bermatzeko.

b) Erabiltzailearen identitatea bermatzen duten egiaztapen mekanismoak izatea.

c) Enkriptatze mekanismoak izatea, datuen eta sarbidearen isilpekotasuna babesteko.

d) Zigilatze mekanismoak izatea, jakinarazpenak bidaltzen diren unea eta, hala denean, eskuratzen diren unea egiaztatzeko.

31. artikulua. Jakinarazpen telematikoaren ondorioak.

1. Aurreko artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz egindako jakinarazpena burututzat joko da, legezko ondorio guztietarako, helbide elektronikoan haren edukiari heltzen zaion momentuan.

2. Helbide elektronikoan jakinarazpena hartu dela jasorik geratu eta hamar egun naturaleko epean edukiari heltzen ez bazaio, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo interesatuak hala eskaturik edukia eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak, zuzenean edo zeharka, jakinarazpena hartu izanaren agiria emanen du eta bertan ageriko da zein egunetan jaso den jakinarazpena. Egun hori baliozkoa izanen da epeak kontatzeko, eta kasuan kasuko zerga-prozedurari buruzko arauan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

32. artikulua. Tributudunek agiriak gordetzea.

Tributudunei baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz jakinarazitako agiriak formatu horretan bertan gorde beharko dira.

V. KAPITULUA

Ordezkaritza

33. artikulua. Ordezkaritzaren esparrua.

1. Pertsona fisiko zein juridikoek eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatutako tributudunek ahalordeak eman ahal izanen dituzte foru dekretu honen 1. artikuluan aipatutako izapide eta jarduketak egiteko.

2. Ahalorde edo ordezkaritza pertsona fisiko edo juridiko bati edo gehiagori eman ahal izanen zaio.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko kanpo-lankidetzarako akordioak egiten direnean, hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpen, berriemate eta zerga arloko beste agiri batzuk bide telematikotik aurkezteko eta zerga zorren ordainketaren izapide telematikoak egiteko. Horietan guztietan, berariaz emandako xedapenei jarraituko zaie.

34. artikulua. Ahalordeen erregistroa.

Behar diren araugintzako xedapenak onetsiko dira ahalordeen erregistroa sortzeko. Bertan inskribatu eta kudeatuko dira baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz izapide eta jarduketak egiteko tributudunak ematen dituen ahalordeak.

35. artikulua. Datu pertsonalak babestea.

Ahalordeen erregistroak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoa beteko du.

Halaber, ahalduna edo ordezkaria pertsona fisikoa denean, ahalordeen erregistroak ongi funtzionatzeko behar diren datu pertsonalen tratamenduarekin ados dagoela jaso beharko da.

Xedapen gehigarri bakarra. NAN elektronikoa.

Nafarroako Zerga Ogasunak nortasun agiri nazional elektronikoaren eraginkortasuna onartuko du, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean eta hura garatzeko ematen diren arauetan ezarritakoarekin bat.

Xedapen iragankor bakarra. Lehengo arauen iraupena.

Foru dekretu honetan garapenari buruz dauden aurreikuspenak gauzatu arte, indarra izaten segituko dute, zuten maila berean, lehendik dauden erregelamenduzko arauek, betiere, foru dekretu honi kontra egiten ez badiote.

Azken xedapenetan lehenbizikoa. Arauen garapena.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ahalmena ematen zaio, bere eskumeneko eremuan, foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetan bigarrena. Erregistro telematikoak sortzea.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan beste erregistro telematiko batzuk sortu ahal izanen dira Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren foru aginduen bidez.

Betiere, erregistro telematikoak sortzeko xedapenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira eta haien testua erregistro telematikoaren beraren http://www.navarra.es helbidearen bidez kontsultatu ahal izanen da.

Erregistro telematiko berriak sortzeko xedapenek foru dekretu honetan ezarritako printzipioak bete beharko dituzte, bai eta kasu bakoitzean aplikagarriak izan daitezkeen legezko xedapenak ere.

Azken xedapenetan hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, ............................................._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

ERANSKINA

Foru dekretu honen esparruko izapide eta prozedurak:

a) Aitorpenak, berriemateak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak eta zerga arloko arauetan eskatzen diren gainerako agiriak aurkeztea.

b) Errekurtsoak eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzea.

c) Zor ez ziren sarrerak itzultzeko eta aitorpen edo autolikidazioak zuzentzeko eskatzea, eta akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak zuzentzeko prozedurari hasiera emateko eskatzea.

d) Zerga zorrak geroratu eta zatikatzeko eskatzea.

e) Zerga zorren konpentsazioa eskatzea.

f) Zerga arloko ziurtagiriak eskatu eta eskuratzea.

g) Ahalordeak eta ordezkaritzak ematea edozein motatako prozedura eta jarduketetan.

h) Ordainketa telematikoak egitea norberaren izenean eta hirugarrenen izenean.

i) Zerga arloko prozeduretako izapideen egoera kontsultatzea.

j) Nafarroako Zerga Ogasunak bere esku dituen zerga arloko datu edo aurrekariak eskatzea.

k) Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezian salbuespen eta murrizketak eskatzea.

l) Jakinarazpenak egitea kudeaketa prozeduretan, egiaztapen eta ikerketa prozeduretan, zergak biltzeko prozeduretan, zehapen prozeduretan, administrazio bidean eta bide ekonomiko-administratiboan berrikusteko prozeduretan eta enbargo prozeduretan.

m) Zergen arloko beste edozein agiri aurkeztea.

Iragarkiaren kodea: F0606309