48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

72/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, kirol klubek Espainiako eta nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzen 2006. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

Foru Lege bereko 33. artikuluak azaltzen du Foru Komunitateko administrazioak honako bideen bitartez bultzatuko duela kirola: laguntza eta dirulaguntzetarako araubide bat ezarriz, kirolaren babes komertziala sustatuz eta interes orokorreko jardueretan lankidetza hitzarmenak sustatuz. Kirol gaietako dirulaguntzak arautzeko oinarrietan zilegi izanen da aurreikustea dirulaguntza emateko prozedura bukatzeko Administrazioaren eta interesatuen arteko ituna erabiltzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura.

Espainiako edo nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan, goi mailakoetan edo apalagoetan parte-hartzeko kirol klubek izanen dituzten laguntzak argitu eta finkatzeko asmoz, egoki da deialdi bat onestea, Kirolari buruzko Foru Legearen araberakoa, klubendako laguntza eta dirulaguntzen oinarriak ezartzeko.

Gobernuak 2006ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onespena eman zitzaion deialdi honetako laguntza eskaerak banakako ebaluazioaren bidez tramitatzeari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kirol klubek Espainiako eta nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzen 2006. urteko deialdiaren arauak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Dirulaguntzen deialdi honetan aurkezten diren eskaerak baloratzeko baremoa eta irizpideak onestea. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira.

3. 1.331.000 (milioi bat hirurehun eta hogeita hamaika mila) euroko gastua baimentzea, 2006ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 940002-95110-4819-336102 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2006ko martxoaren 27an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

1. ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako kirol entitateen Erregistroan inskribaturik dauden eta 2005ean eta 2006an Espainiako eta nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten kirol klubendako dirulaguntzen araubidea ezartzea.

Laguntza hauek onura publikokoak dira Nafarroako biztanleen kirol jarduera sustatzen dutelako.

Dirulaguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira, eta kirol klubetako talde eta kirolariek Espainiako edo nazioarteko kirol federazioen egutegi ofizialetan dauden lehiaketetan eta Kirol Zuzendariordetzak interesgarritzat jotzen dituen bestelakoetan parte hartzetik datozen gastuak partez ordaintzen laguntzeko izanen dira. Parte-hartzaileak 14 urtetik goitikoak izanen dira eta, gazteagoak izanez gero, Kirol Zuzendariordetzaren baimena izan beharko da aurretik.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak lankidetza hitzarmenak sinatu ahalko ditu funtzionamenduaren ezaugarriengatik interes berezikotzat hartzen diren kirol klubekin. Lankidetza hitzarmen horien xede bakarra izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdi publiko honi dagokionez ebazpen baten bidez lehenago onarturiko laguntzak gauzatzea. Hitzarmen horietan deialdi honen xede diren lehiaketetarako dirulaguntzak ezarriko dira, beren esparruetan gizarte eta kirol aldetik interesekoak direla erabakitzen bada. Lankidetzaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioak oinarri, laguntza hauek beste deialdi batzuen bitartez kirol klubei ematen zaizkien beste dirulaguntza batzuekin koordinatu ahalko dira, denak lankidetza hitzarmen batean sartzeko.

2. Kluben betebeharrak.

2.1. Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta egotea eta kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioan sartuta egotea.

Bakarka egiten diren kiroletan, bakarkako kirolari horiek ere laguntza jaso ahalko dute, baina klubaren bidez beti. Kirolari horien lizentzia Nafarroako federazioaren bidez lortu beharko da.

Nafarroan kirol federaziorik ez badago, kirolariek Espainiako Federazioarekin tramitatuko dute lizentzia, kluben bidez. Klub horiek Espainiako Federazioari atxikita egonen dira.

2.2. Zerga guztiak ordainduak izatea eta Gizarte Segurantzan dagokiena ere betea izatea.

3. Eskabideen aurkezpena.

Dirulaguntza eskaerak, bosgarren arauan aipatzen den dokumentazioarekin eta eskabide orokorrarekin batera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Arrieta kalea, 25-1.a) edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein bideren bitartez, arau hauei jarraikiz:

3.1. Lehiaketa bukatu gabe baldin badago, eskaera aurkeztu eta dirulaguntza jaso ahalko dute, baina horretarako eskaera arrazoitua aurkeztu beharko dute, eta beren kirol proiektuaren beharrak justifikatu. Kirol proiektua foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasita 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute klub hauek:

a) Kirol klubak, beren taldeek Espainiako lehiaketa gorenetan parte hartzen dutenean.

b) Kirol klubak, beren taldeek kirol arloko ezaugarriengatik edo ikuspegi ekonomikotik interes berezikotzat jotzen diren lehiaketetan parte hartzen dutenean, betiere eskaera aurretik egin bada eta Kirol Zuzendariordetzak onetsi baldin badu. Horretaz gainera, talde horiek Kirol Zuzendariordetzak interesgarritzat jotzen dituen lehiaketetan parte hartzen dutenean. (2. eranskina, 1.3.A puntua).

3.2. Gainerako klubek, zein lehiaketa edo jardueratan parte hartu duten, hura bukatu eta 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskaera. Jardueraren azken eguna klubeko taldeak edo kirolariak lehian aritu diren azken eguna izanen da, lehiaketako beste fase edo jardunaldiak alde batera utzita, horietan beste talde edo kirolari batzuek parte hartzen badute ere.

3.3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino lehen aurkeztutako dirulaguntza eskabideei hemen ezarritako administrazio prozedura aplikatuko zaie.

4. Agiriak.

4.1. Espainiako maila gorenean edo interes bereziko lehiaketetan aritzen diren taldeak dituzten klubak, hots, 3.1. arauan aipatutakoak.

4.1.1. Eskabidea:

a) Talde bakoitzeko, eskabide orri bat, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emanen duen ereduaren araberakoa (3. eranskina).

b) Lehiaketaren egutegi ofiziala, erregelamendua eta arautegi tekniko eta ekonomikoa, kasuan kasuko kirol federaziak eman eta zigilatua.

c) Zerga guztiak ordainduak izatea, baita Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoa ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako zorrak kitatuak izatea.

4.1.2. Egiaztagiriak:

Lehiaketa bukatutakoan, jarduera edo lehiaketa bukatu eta 30 egun naturaleko epean, jardueraren azken eguntzat hartuz klubeko taldeak edo kirolariak lehian aritu diren azken eguna, lehiaketako beste fase edo jardunaldiak alde batera utzita, horietan beste talde edo kirolari batzuek parte hartzen badute ere:

a) Eskabide orria (3. eranskina).

b) Lehiaketetako akten edo emaitzen fotokopiak, edo parte hartu duten kirolarien izenak eta sailkapena adierazten dituen agiria.

c) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero.

d) Egindako gastuen justifikazioa. Bertan, dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, eta izandako gastu guztiak zehaztuta azalduko. Klubeko buruak eta idazkariak sinatutako ziurtagiria ere sartuko da, dirulaguntzaren xede diren lehiaketetan parte hartzeak ekarri dituen dirusarrera eta gastu guztien jatorrizko agiriak eskura daudela eta klubaren kontabilitate liburuetan jaso direla adierazten duena. Kirolariei edo teknikariei ordainketak egiten zaizkienean, banakako izen zerrenda erantsi beharko da.

e) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa denean, onuradunak ardurapeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

4.2. Gainerako kirol klubak, 3.2. oinarrian adieraziak:

a) Talde eta/edo modalitate bakoitzeko, eskabide orri bat, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emanen duena.

b) Lehiaketaren egutegi ofiziala, erregelamendua eta arautegi tekniko eta ekonomikoa, kasuan kasuko kirol federazioak eman eta zigilatua, edo bestela, autonomia erkidegoetako federazioen hitzarmena eta horren egutegi ofiziala, erregelamendua eta arautegia eta Kirol Zuzendariordetzaren baimena.

c) Lehiaketetako akten edo emaitzen fotokopiak, edo parte hartu duten kirolarien izenak eta sailkapena adierazten dituen agiria. Bakarkako modalitateetan, kirol lizentziaren fotokopia.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero.

e) Egindako gastuen justifikazioa. Bertan, dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, eta izandako gastu guztiak zehaztuta azalduko. Klubeko buruak eta idazkariak sinatutako ziurtagiria ere sartuko da, dirulaguntzaren xede diren lehiaketetan parte hartzeak ekarri dituen dirusarrera eta gastu guztien jatorrizko agiriak eskura daudela eta klubaren kontabilitate liburuetan jaso direla adierazten duena. Kirolariei edo teknikariei ordainketak egiten zaizkienean, banakako izen zerrenda erantsi beharko da.

f) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa denean, onuradunak ardurapeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

g) Zerga guztiak ordainduak izatea, baita Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoa ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako zorrak kitatuak izatea.

5. Antolamendua eta izapidaketa.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendarordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko organo eskuduna.

6. Balorazioa.

Eskaerak hobeki ebaluatzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak zilegi izanen du kirol elkarte eta klub filialen titular diren entitate eskatzaileei eskatzea aurkeztu dituzten dokumentuetako informazioa zabaldu edo hobe dezatela. Eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko baldintzak betetzen ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman aurretik, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluari jarraikiz.

7. Ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ematearen gaineko ebazpena gehienez lau hilabeteko epean emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat jo beharko da.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.

7.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa betez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

7.4. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren 2006ko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

7.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura dirulaguntza gehiago eskuratzeko.

8. Kluben betebeharrak.

8.1. Laguntzak adierazten diren xedeetarako erabili beharko dituzte. Horrez gainera, hori betetzen dutela agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

8.2. Zuzeneko eta zeharkako dirusarrera guzti-guztiak adierazi beharko dituzte, jaso dituztenak eta jasotzeke daudenak, eta beste klub batzuekin egin dituzten joan-etorri guztiak azaldu. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Ematen den dirulaguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

8.3. Diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuaren irudia nahiz unean-unean ezar litekeen besteren batena agertuko dela bermatu beharko dute, dela jokalekuan eta arropetan, dela publizitatearen bidez, eta hori frogatu eta egiaztatu beharko dute grafikoki edo irudiz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

8.4. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko teknikari edo ordezkariei arau hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzera joateko bidea erraztea, behar den kreditazioa emanez.

8.5. Onuradunek, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskatuta, urtean bi aldiz gehienez joan beharko dute edo parte hartu beharko dute kirolaren inguruko jarduera batzuetan, taldeka zein bakarka, non eta ezin joana behar bezala justifikatzen ez duten.

8.6. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako zorrak kitatuak.

8.7. Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak ongi erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

8.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

9. Dirulaguntza nola eta noiz pagatuko den.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena eman eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

Dena dela, ordainketen aurrerakinak egiten ahalko dira, dirulaguntzaren % 80 gehienez, nahiz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko dituen eta onuradunak frogatu beharko duen dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Dirulaguntzen aurrerakin horiek arauen 4.1.2 atalean aipatzen diren baldintza berberekin justifikatu beharko dira.

Aurrerakina 60.000 euro baino gehiagokoa bada, aldez aurretik abal bat aurkeztu beharko da.

10. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza osoa edo parte bat galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

Dirulaguntzen aurrerakinak eman badira eta onuradunek 4. arauan ezarritako moduan gastu guztiak frogatzen ez badituzte, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio, alegia, justifikaturik ez dagoen kopurua itzuli beharko da.

Dirulaguntzen aurrerakinak eman direnean eta onurdunek frogagiriak epez kanpo aurkezten dituztenenan, pagatzeke dagoen dirulaguntza osoa edo parte bat galduko da.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarduketa frogatzen denean, itzuli beharreko dirua aurreko idatz-zatian aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

11. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Kirol klubek 2005/2006an Espainiako eta nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzen deialdian aplikatu beharreko irizpideak eta baremoa

1._Irizpide orokorrak.

1.1. Dirulaguntzak klubei emanen zaizkie Espainiako eta nazioarteko kirol federazioetako egutegietan dauden lehiaketa ofizialetan eta Kirol Zuzendariordetzak interesgarritzat jotzen dituen bestelakoetan parte hartzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskabideen kopurua ikusi eta, deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, diru hori dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

1.2. Diruz laguntzen ahal diren lehiaketak:

a) Europako eta/edo Munduko lehiaketa ofizialak, parte hartzen duten talde eta kirolariek kasuan kasuko lehiaketa nazional ofizialetan lortu baldin badute sailkapena, edo bestela, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren iritziz, gure Foru Komunitatearentzat interesekoak diren lehiaketak.

b) Espainiako lehiaketa ofizialak: Espainiako ligak, Espainiako lehiaketak, Erregearen edo Erreginaren Kopak, betiere Espainiako kirol federazioek antolatuak badira, hala nola Kirol Zuzendariordetzaren iritziz interesekoak diren Espainiako beste lehiaketa batzuk.

c) Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, b) atalean adierazitako lehiaketa nazional ofizialetan parte hartzeko bide badira.

d) Espainiako eta nazioarteko kirol federazioen egutegietan finkatutako beste lehiaketa batzuk, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak, bere eskumenen esparruan, kirol modalitate horrek interesa, gizarte oihartzuna eta eragin handia izan dezakeela adierazten badu.

e) Autonomia erkidegoen arteko beste lehiaketa arautu batzuk, federazio autonomikoen artean sinatutako hitzarmenen bidez antolatuak. Kasu horretan, eskaeraren azterketa teknikoa eginen da aurretik eta Kirol Zuzendariordetzaren baimena beharko da.

f) Deialdi honetan ez dira sartuko aurreko ataletan jaso ez diren lehiaketak, ez eta beste deialdi berariazkoago batzuetan aurreikusita dauden lehiaketetan parte hartzeko laguntza eskaerak ere.

1.3. Irizpideak eta baremoa aplikatzeko, hiru lehiaketa mota ezarri dira:

A) Espainiako goi mailako lehiaketak eta interes berezikoak: lehiaketa gorenetan parte hartzen duten taldeak, hala nola, aurrekontuen edo kirolaren arloko ezaugarriak direla-eta, Kirol Zuzendariordetzak taldeen arteko lehiaketatzat hartzen dituen horietan parte hartzen dutenak. 2006. urteko ebazpenei begira, ondokoak, hain zuzen:

Atletismoa Gizonezkoen Ohorezko Maila 45.000

Emakumezkoen Ohorezko Maila 45.000

Saskibaloia E.B.A. liga 50.000

Gizonezkoen 1. Maila 3.000

Emakumezkoen 1. Maila 6.000

Emakumezkoen 2. Maila 2.000

Eskubaloia ASOBAL Ohorezko Maila 90.000

Emakumezkoen Ohorezko Maila 90.000

Emakumezkoen 1. Maila 24.000

Gizonezkoen 1. Maila 6.000

Beisbola Ohorezko Maila 30.000

Txirrindularitza Errepideko amateur eg. (+ 20 probatik gora) 12.000

Futbola Emakumezkoen Superliga 90.000

Emakumezkoen 1. Maila Nazionala 3.000

Gizonezkoen 2. B Maila 30.000

Gizonezkoen 3. Maila 3.000

Gazteen Ohorezko Maila. Gizonezkoak 2.000

Gazteen Liga Nazionala. Gizonezkoak 1.500

Areto futbola Gizonezkoen Ohorezko Maila 90.000

Gizonezkoen Zilarrezko Maila 35.000

Gizonezkoen 1. A Maila Nazionala 3.000

Gimnastika Erritmikoa, Goreneko Mailako Kategoria 24.000

Hockeya Gizonezkoen 1. Maila 25.000

Ipar-ligako 1. B Maila 3.000

Pilota (erreminta) Ohorezko Maila 3.750

1. Maila 1.500

2. Maila 800

Esku-pilota Ohorezko Maila 3.750

1. Maila 1.500

2. Maila 800

Pilota (zesta) Ohorezko Maila 2.000

Errugbia 1. Maila Nazionala 3.000

Waterpoloa Gizonezkoen 1. Maila Nazionala 50.000

Emakumezkoen 1. Maila Nazionala 24.000

A.1. Modalitate zehatz batean aritzeko talde batentzat, modulu bat aplikatzen baldin bazaio klub bati, klub horrek ezin izanen ditu bestelako dirulaguntzak hartu kirol denboraldi berean beste fase edo lehiaketa nazionaletan parte hartzeko, mailaz igotzekoetan izan ezik.

A.2. Txirrindularitzan modulua aplikatzeko, beharrezkoa izanen da taldekako parte-hartzea izatea eta gutxienez 20 lasterketatan, bestela baremo orokorra aplikatuko baita.

A.3. Ligak bukatu ondoko faseek (mailaz igotzekoek) balorazio osagarria izan ahalko dute joan-etorrietarako, aurrekontuan horretarako dirua baldin badago.

A.4. Ekitaldi ekonomikoa bukatzen denean aurrekontuan dirurik baldin badago, zehaztutako moduluak handitu ahalko dira, salbuespenez, Kirol Zuzendariordetzak proposaturik.

B) Gainerako lehiaketa nazionalak: b), c), d) eta e) puntuetan azaltzen direnak.

B.1. Aplikatzeko irizpideak:

Taldeentzako dirulaguntzetan, Administrazioak gastu osoaren 100eko 70 ordainduko du gehienez.

Dirulaguntzaren justifikazioa, ondoko irizpide eta zenbatekoen arabera eginen da:

a) Lehiaketako inskripzioa, lizentziak eta federazioko bestelako kuotak.

b) Epaile lanak

c) Kirol instalazioak erabiltzearen ondoriozko gastuak, gehienez 6.000 euro.

d) Joan-etorriak.

e) Bidaietako ostatua eta mantenua.

f) Kirol material suntsigarria.

g) Kirol ekipamendua.

h) Botikina.

i) Kudeaketa eta funtzionamendu gastuak, gehienez % 10, aurrekontu burutuaren arabera.

j) Nafarroako teknikari eta jokalarientzako konpentsazioak. Jokalari bakoitzeko 4.000 euro gehienez, eta teknikari bakoitzeko 6.000, gehienez. (Kirolarien eta teknikarien banakako zerrenda erantsi beharko da, hala denean, bai eta bakoitzari esleitutako konpentsazio edo ordainketak ere).

B.2. Baremo orokorra. Lehiaketa nazionalak.

B.2.1. Oro har, ondoren azaltzen den baremoa aplikatuko da:

Baremo hau taldeko modulurik ez duten eskabideei aplikatuko zaie (3. atalean azaltzen da modulu hori), eta joan-etorria duten kirol lehiaketak banan-banan kontsideratuko dira.

B.2.2. Joan-etorrien distantziak.

Baremoaren kontzeptuak baloratzeari begira, hiru distantzia mota ezarri dira joan-etorrietan:

Txikiak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Burgos, Zaragoza, Huesca, Logroño, Soria eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk. Nafarroa barruan egiten diren joan-etorrien kasuan, 20 kilometroz goiti behar dituztenak konputatuko dira.

Ertainak: Albacete, Avila, Bartzelona, Castellón, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palencia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid, Zamora eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

Handiak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Córdoba, Granada, Huelva, Jaén, Coruña, Las Palmas, Lugo, Málaga, Murtzia, Ourense, Pontevedra, Santa Cruz Tenerifekoa, Sevilla eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

B.2.3. Parte-hartzaileen kopurua.

Baremoa aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

Banakako kirolak (*)

Futbola: 16.

Saskibaloia: 12.

Eskubaloia: 14.

Patin-hockeya: 13.

Errugbia: 22.

Beisbola/Sofbola: 18.

Areto futbola: 14.

Waterpoloa: 15.

Esku pilota: 5.

Pilota (erreminta): 6.

Pilota (zesta punta): 4.

(*) Banakako kiroletan, zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua. Zerrendan ageri ez diren kiroletan, Kirol Zuzendariordetzak zehaztuko du parte-hartzaileen kopurua.

B.2.4. Baremoko kontzeptuak. Horien aplikazioa.

B.2.4.1. Mantenu gastuak. Puntuazioa.

Bazkari edo afari bakoitzagatik 2.000 puntu emanen dira. Pertsona bakoitzaren mantenu kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak (2.2), honela:

_Txikiak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.

_Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.

_Handiak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

Gero, pertsona bakoitzaren mantenu kopurua parte-hartzaileen kopuruarekin biderkatuko da (2.3), mantenuaren puntu guztiak kalkulatzeko.

B.2.4.2. Ostatu gastuak. Puntuazioa.

Gaueko ostatu bakoitzagatik, gosaria barne, 6.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren gau-ostatuen kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak (2.2), honela:

_Txikiak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.

_Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.

_Handiak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

Gero, pertsona bakoitzaren gau-ostatu kopurua parte-hartzaileen kopuruarekin biderkatuko da, gau-ostatuaren puntu guztiak kalkulatzeko.

B.2.4.3. Joan-etorrietarako gastuak. Puntuazioa.

Kontuan hartuko dira Iruñetik probintzia bakoitzeko hiriburura joan eta etortzeko gastuak.

Joan-etorri bakoitzaren puntu kopurua honela kalkulatuko da:

a) Autobusetan egindako joan-etorriak.

Puntu kopuru osoa = Kilometro kopurua bider 146, gehi 9.000 puntu autobusa gelditzen den egun bakoitzeko.

b) Auto partikularretan egindako joan-etorriak:

Puntu kopuru osoa = Autoen kopurua bider egindako kilometroak eta bider 29. Autoa/parte-hartzaileen kopurua erlazioa 4 da.

c) Hegazkinez, trenez edo itsasontziz egindako joan-etorriak:

Puntu kopuru osoa = (0,0042 bider txartelen diru kopurua, taldeentzako tarifa ofizialen arabera).

Kanarietako joan-etorrietarako, Iruña-Kanariak hegazkineko bidaia hartuko da kontuan, 45.000 punturekin.

Penintsulan barna hegazkinez bidaiatzeko, 30.000 puntu emanen dira.

B.2.4.4. Lehiaketa maila-kategoriaren indize zuzentzailea.

Ondoko eskalari jarraikiz baloratuko da:

_1,55. Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren lehen maila.

_1,45. Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren bigarren maila.

_1,30. Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren hirugarren maila.

_1,20. Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren laugarren maila eta beheko kategorietako liga edo Espainiako Txapelketetako finalak.

_1,10. Sektoreko faseak, beheko kategorietako txapelketetako finalen aurrekoak.

_0,90. Autonomia erkidegoen arteko txapelketak.

2.4.5. Baremoa aplikatzeko formula.

A = Mantenu gastuak.

B = Ostatu gastuak.

C = Joan-etorrietarako gastuak.

E = Lehiaketa maila-kategoriaren indize zuzentzailea.

VP = Puntuaren balioa: 0,00180604 euro.

X = Lehiaketa bakoitzaren dirulaguntza.

Lehenengo urratsa:

Lehiaketa bakoitzak deialdian zenbat puntu lortu dituen kalkulatzea: A+B+C.

Puntu kopuru osoa E-rekin biderkatzen da.

Emaitza VP-rekin biderkatu eta X aterako da.

C) Nazioarteko lehiaketak: a) eta d) puntuetan azaltzen direnak.

Nazioarteko lehiaketetan aplikatu beharreko baremoa.

Dirulaguntza zehazteko, kontuan hartuko dira nazioarteko eta/edo munduko lehiaketan parte hartzeak zuzenean edo zeharka sortutako gastuak, eta ez besterik, eta horrelakotzat hartuko dira ondoko kontzeptu hauetatik heldu diren gastuak:

Joan-etorriak.

Ostatua.

Mantenua.

Azpiegiturak eta plangintza.

Jarduerarako materialaren alokairua.

Parte hartzeko kuotak edo tasak.

Egiaztatutako gastuen 100eko 70eko dirulaguntza emanen da gehienez.

Gehieneko zenbatekoa 18.000 eurokoa izanen da taldeentzat, eta 4.000 eurokoa kirolarientzat.

Eskatzaileren batek gainditzen badu final zortzirenekoetatik aurrerako sailkapen fase bat edo kasuan kasuko lehiaketan horren parekoa den fase bat, Kirol Zuzendariordetzak zilegi izanen du dirulaguntza heren bat bitarte handitzeko proposamena egitea.

3. ERANSKINA

Kirol klubek Espainiako eta nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzak

ESKABIDE ORRIA

Aurkezteko epea eta tokia:

Zein jarduera edo lehiaketatan parte hartu den, hura bukatu eta 30 egun naturaleko epean. Jardueraren azken eguna klubeko taldeak edo kirolariak lehian aritu diren azken eguna izanen da, lehiaketako beste fase edo jardunaldiak alde batera utzita, horietan beste talde edo kirolari batzuek parte hartzen badute ere.

Iruñeko Arrieta kaleko 25ean dagoen Erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan azaltzen diren bideetako edozein erabiliz.

Aurkeztutako agiriak:

1. Instantzia orokorra, dirulaguntza eskatzeko

2. Eskabide orria

3. Egutegi ofiziala

4. Kirol lizentzia (banakako modalitateak)

5. Lehiaketetako emaitzen edo akten fotokopiak, parte hartu izana eta parte-hartzaileen nortasuna frogatzeko.

6. Nafarroako Gobernuaren agerpen instituzionala egiaztatzea.

7. Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero.

Identifikazio datuak:

Kirol kluba:

NKGIko erregistro zenbakia:

IFZ:

Helbidea:

Telefonoa:

Herria:

P.K.:

Kirol modalitatea:

ARGIBIDEAK: KIROL ZUZENDARIORDETZA.

Kirola Sustatzeko Atala.

DIRULAGUNTZAREN XEDE DEN JARDUERAKO DIRUSARREREN ETA GASTUEN JUSTIFIKAZIOA

GASTUAK:

1. Izen-emateak, lizentziak eta kuotak

2. Epaile lanak

3. Kirol instalazioak

4. Joan-etorriak

5. Kirolariak / Jokalariak (Banakako zerrenda erantsi)

6. Entrenatzaileak eta teknikariak (Banakako zerrenda erantsi).

7. Material suntsigarria

8. Beste batzuk (zehaztu)

9.

10.

11.

12.

Guztira:

DIRUSARRERAK:

1. Sarrerak

2. Babesleak

3. Klubaren ekarpena

4. Dirulaguntzak (Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua izan ezik)

5. Beste batzuk (zehaztu)

6.

7.

Guztira:

_Ziurtatzen dut dirulaguntzaren xede diren lehiaketetan parte hartzeak sortutako gastu eta dirusarreren jatorrizko agiriak eskura daudela eta klubeko kontabilitate liburuetan jaso direla.

_4.1.2. arauaren c) atalean ezarritakoa betetzeko, adierazten dut hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

_Nire erantzukizunpean adierazten dut zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak ditudala.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

(Sinadura) (Klubaren zigilua) (Sinadura)

Izen-deiturak ............... Izen-deiturak .................

Klubeko burua Klubeko idazkaria edo diruzaina

Iragarkiaren kodea: F0605377