48. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

64/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzen dituena.

Energia berriztagarrien aprobetxamendua Nafarroako Foru Komunitateko politika energetikoaren funtsezko ardatza da. Eguzki-energiak garatzearen aldeko ekimena, Nafarroan, beste bi beharrekin bateratu behar da, hots, lurraldean modu antolatuan ezartzearekin eta balio handieneko natur balioak kontserbatuko direla bermatzearekin.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoek eta termoelektrikoek eremu handia behar dute eta horrek kalteak eragiten ahal dizkie intereseko landareei, florari eta faunari, baita inpaktu nabarmena ere paisajean, gehi argindarra husteko lineak jarri beharraren ondoriozkoa.

Foru agindu honen xedea da ingurumenaren gaineko eraginen azterlanen edukiak ezartzea eta instalazio fotovoltaikoak ezartzeko ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren tokien ezaugarriak arautzea.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2005 Foru Legearen 41.1.e) artikuluan emandako ahalmena erabiliz, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamenak ikusirik,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da oinarrizko energia iturri gisa eguzki-energia erabiltzen duten energia elektrikoa lortzeko instalazioak, bai fotovoltaikoak, bai termoelektrikoak, ezartzeko baimena emateko aintzat hartuko diren lurraldearen, hirigintzaren eta ingurumenaren arloko irizpide eta baldintzak arautzea.

2. Foru agindu hau aplikatuko da, bakar-bakarrik, lurzoru urbanizaezinean kokatzen diren eguzki-instalazio fotovoltaiko eta termoelektrikoetan. Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian eguzki-instalazio fotovoltaiko eta termoelektrikoek hiri planeamenduaan edo tokiko ordenantzetan ezarrita dauden hirigintza eta ingurumen arloko baldintzak bete beharko dituzte, besterik ez.

2. artikulua. Definizioak.

1. Foru agindu honen ondorioetarako, eguzki-instalazio fotovoltaikotzat modulu fotovoltaikoen multzoak hartzen dira, sustatzailea batenak izan edo gehiagorenak.

2. Eguzki-instalazio baten osagaiak izanen dira, moduluez eta perimetroaren itxituraz gainera, sarbideak, hustuketarako hari elektrikoak, eraldaketarako zentroak eta kontagailuen etxolak, eta, horrenbestez, hirigintzaren eta ingurumenaren arloko ondorioetarako tramitatzen den espedientean horiek ere sartu beharko dira.

3. Foru agindu honen ondorioetarako, eguzki-instalazio termoelektrikoa osatzen dute eguzki kolektoreen multzoek, bihurketa termeolektrikorako ekipoek eta instalazio eta sistema osagarriek, sustatzaile batenak izan edo gehiagorenak, energia sareari lotzeko puntu bakar batean uzten dutenak.

4. Instalazio termoelektriko baten osagaiak izanen dira eta, horrenbestez, lurraldearen eta hirigintzaren ondorioetarako tramitatzen den espedientean sartu beharko dira, eguzki kolektoreez, bihurketa termoelektrikorako ekipoez, instalazio eta sistema osagarriez eta perimetroaren itxituraz gainera, sarbideak eta husteko hari elektrikoak.

3. artikulua. Kokagune egokiak.

1. Ondoko tokietan ezin da eguzki-instalaziorik jarri:

_Hirigintza planeamenduaren arabera, babespeko lurzoru urbanizaezinak, ingurumenaren eta paisajearen aldetik balioa duten lurzoruen azpikategorian daudenak, 35/2002 Foru Legearen arabera, xedapen iragankorrean ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

_Naturgune babestuak, natur parkeak izan ezik. Natur parkeetan instalatzen ahalko dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adieraziz gero ingurumen arloko balioak babesteko neurriak aski direla.

_Landatzeko natur balio handia duten lurzoruak.

_Abelbideak, Santiago bidea, indusketa arkeologikoak eta kultur balioa duten gainerako lurrak, eta interes orokorreko azpiegiturak, eginak daudenak eta aurreikusiak.

_92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera izendaturiko Europar Batasuneko Intereseko Lekuetan instalatzen ahalko dira, betiere, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, ingurumen arloko balioak babesteko hartzen diren bermeak aski badira.

_92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, lehentasuneko eta intereseko habitatak dituzten eremuetan, kontserbatzeko balio handia baitute, eta Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoan edo babeserako beste agiri batzuetan aipatzen diren babespeko flora duten lekuneetan.

4. artikulua. Baimentzeko prozedura.

1. Lurzoru urbanizaezinean eguzki-instalazioak eta horietarako sarbideak eta sareari lotzeko linea elektrikoak jarri aurretik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baimena beharko da, lan horiek ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C.I) eranskinean aipatzen baitira. Baimen horretan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatutakoa jasoko da.

2. Eskaera Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Departamentuan aurkeztuko da.

3. 4/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat, departamentuak erabakitzen ahalko du espedientea 30 egunez jartzea jendaurrean eta interesatuei eta tramitatzen den proiektuaren eraginpean egon daitezkeen toki entitate guztiei entzunaldia emanen die.

Jarduera ezarriko den eremuko toki entitateak hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena bidali beharko du nahitaez, bere eskumenekoak diren gainerako gaiak ere argituz.

4. Aukeraturiko kokagunea ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokia ote den jakiteko, sustatzaileak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura jotzen ahalko du informazio eske.

5. artikulua. Sustatzaileak aurkeztu beharreko agiriak.

Instalazio proiektuek agiri hauek izanen dituzte:

a) Dokumentazio teknikoa, grafikoa eta idatzia, ondoko hauei buruzkoa:

a.1. Eguzki-instalazio fotovoltaikoak

_Panel motak: altuera, neurria, e.a.

_Okupatuko den eremua, oinplanoa, eraikinak, sarbideak, aparkalekuak eta erabilera finkatua duten beste gune batzuk.

_Egin beharreko lur-mugimenduak, horrelakorik badago.

_Sarbideak: luze-zabalera, zelaitze-lanak, ezpondak, urak hodietan bideratzeko lanak.

_Inguruko hesiak, ezaugarriak eta instalatzeko modua.

_Energia eraldatu eta husteko instalazioak.

_Aurreikusita dauden beste zerbitzu eta instalazio batzuk.

a.2. Eguzki-instalazio termoelektrikoak.

_Eguzki-kolektore motak: ezaugarri nagusiak (mota, altuera, tamaina, etab.)

_Konbertsio termoelektrikorako ekipoen zerrenda: ezaugarri nagusiak.

_Instalazio eta zerbitzu osagarrien zerrenda: ezaugarri nagusiak.

_Okupatuko den eremua, oinplanoa, eraikinak, sarbideak, aparkalekuak eta erabilera finkatua duten beste gune batzuk.

_Lur mugimendurik edo/eta lurzoruen tratamendurik egin behar ote den: ezaugarri nagusiak.

_Sarbideak: luze-zabalera, zelaitze-lanak, ezpondak, urak hodietan bideratzeko lanak.

_Inguruko hesiak, ezaugarriak eta instalatzeko modua.

_Energia eraldatu eta husteko instalazioak.

_Aurreikusita dauden beste zerbitzu eta instalazio batzuk.

b) Ingurumenaren gaineko eraginen azterlana, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

_Proposaturiko kokagunea aukeratzeko aintzat harturiko alternatiba eta irizpideak, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

_Kaltea jaso dezaketen ingurumeneko osagaien azalpena eta balorazioa. Zehazki, landareak, flora, 92/43/EK Zuzentarauaren habitatak, fauna (bereziki estepakoa), lurzorua, ura eta paisaia aipatuko dira.

_Instalazio fotovoltaikoaren eragina jaso dezaketen balore historiko-artistikoen azalpena eta balorazioa. Txosten arkeologikoa.

_Proiektuak ingurumenean edo aztarna arkeologikoetan sortuko dituen eragin edo afekzio horietako bakoitzaren balorazioa. Beste instalazio edo eraikuntzekin batera sor dezakeen eragina baloratu beharko da, batez ere paisaiaren aldetik.

_Paisaiaren gaineko Eraginaren Azterlana. Inguruaren simulazio fotografikoa aurkeztu beharko da, instalazioa bukatuta nola geldituko den azaltzeko, eta jendea ibili ohi den tokietatik izanen den ikuspegia.

_Instalazioa erliebe gorabeheratsua duen toki batean, goi-lautada batean edo muino batean jarriz gero, instalazioaren itxitura perimetraletik, gutxienez, 15 metro utzi beharko dira erliebearen ertzeraino, lurzoruaren higadura eta lur-isurketak saihesteko eta paisaiaren gaineko eragina murrizteko.

_Sarearekiko loturen planoak. Linea eletrikoak, kokapena dela edo beste arrazoi bat dela kausa, eragin larriak sortzen baditu, zilegi izanen da produkzioaren hustuketarako linea elektriko guztia edo zati bat lur azpitik eraman dezatela eskatzea, eragina murriztearren.

_Parkearen lokalizazio planoak, zehazki, ondoko hauek aipatuz: eguzki-instalazioak hartuko duen lurzoruaren kategorizazioa, erabilera, landaredia, lurren topografia, hasierako eta bukaerako egoeren profilak. Orobat, obren kokaguneen eta orain dauden eta aurreikusi diren instalazio eta zerbitzuen planoak.

_Jardueraren eragin kaltegarria arintzeko hartutako aurreneurriak, batez ere lur mugimenduen eragina apaltzekoak eta dauden landareak kontserbatzekoak.

_Jardueraren eragin kaltegarria arintzeko hartutako neurri zuzentzaileak. Proiektuaren eraginpeko lurretan landare-tratamendu egokia egin beharko da, tokian tokiko lurren ezaugarrien araberakoa eta garatu beharreko jarduerarekin bateragarria.

c) Proiektuaren zati guztiek ukituko duten ingurua lehengoratzeko proiektua, gainerako obra unitateetatik bereizitako aurrekontua zehazturik.

d) Behin instalazioaren balio-bizitza bukatu eta desmuntatu ondoren, ingurunea lehengoratzeko neurriak.

6. artikulua. Bermea.

Banku-abal edo berme bat aurkeztu beharko da, obrek ukitutako ingurua lehengoratzeko 5. artikuluko c) idatz-zatian aipaturiko proiektuaren aurrekontua adinakoa.

7. artikulua. Ingurumena zaintzeko txostena eta irekitzeko baimena.

1. Proiektuaren fase bakoitzeko obrak bukatutakoan, eguzki-instalazioen sustatzaileak instalazioa abian jartzeari eta ingurumena zaintzeko neurriei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, konexio partzialak egiten diren heinean, instalazioa proiektuaren arabera egin dela adierazteko. Txostenean proiektuaren eragina aldatu duten gorabeherak adieraziko dira, halakorik bada, hala nola hartutako neurri zuzentzaileak eta horien eraginkortasunaren balorazioa.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak irekitzeko baimena emanen du eta antzematen diren afekzioak desagertu edo arintzeko neurri gehiago proposatzen ahalko dira, baita ezartzeko epe zehatzak jarri ere.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eska dezake ingurumen arloko segimenduaren txostenak aurkeztea eta, baldintza guztiak bete direla frogatu ondoren, jarritako abala itzuliko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Teknologia berriekin esperimentatzeko edo I + G proiektuak bultzatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak energia elektrikoa sortzeko interesgarritzat jotzen dituen beste eguzki-instalazio batzuk baimentzen ahalko ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ingurumen arloko balioa duten lurzoruen kategorian abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen aurreko planeamenduan oihan lurtzat hartzen zirenak ere sartzen dira, homologazioa egin gabe baitago oraindik.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko otsailaren 24an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0604333