47. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

86/2006 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako Turismo Sariak sortzen dituena.

Otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak agerian uzten du turismoaren sektorea pizten ari dela Nafarroan, hemen beti egon bada ere, orain herritarrak konturatzen ari baitira haren esanahiaz eta haren ahalmenaz. Hortaz, turismoa sustatzeko agindua ematen du lege horrek.

Agindu hori betetzeko, laguntzetarako hainbat deialdi egiteaz gain, bidezkoa da sari batzuk sortzea, pertsona, elkarte edo toki entitateek Nafarroako turismoa sustatzeko ematen duten laguntza paregabea eskertzeko, hala nola foru lege horretan ezarritako helburuak lortzeko bidean aurrera egin eta turismoaren sektorea sendotzeko, Foru Komunitatearen garapenerako funtsezko faktorea den aldetik.

Foru agindu honetan arautzen dituen sariak helburu hori betetzeko sortu dira.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.g) artikuluan ematen zaizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Turismo Sariak sortu eta haiek emateko prozedura arautzea. Sariak urtero emanen dira.

2. artikulua. Xedea.

Nafarroako Turismo Sarien helburua Nafarroako turismoaren alde egindako lana eskertzea da.

3. artikulua. Kategoriak.

Nafarroako Turismo Sariak ondoko modalitate edo kategoria hauetan sailkatzen dira, hartzaileen arabera:

1._Toki entitateak, turismo partzuergoak edo erakunde publikoak.

2._Elkarteak eta antzekoak.

3._Turismo enpresak edo enpresaburuak, ondoko modalitate hauen arabera:

a) Ostatua.

b) Jatetxeen arloa.

c) Bitartekotza eta turismo zerbitzuak ematea.

4. artikulua. Deskripzioa.

Saria trofeo berezi bat eta diploma bat izanen da, kategoria eta modalitate bakoitzean.

5. artikulua. Izangaiak.

Saria jasotzen ahalko dute turismoaren garapenaren, kalitatearen eta sustapenaren aldeko lan aparta egin duten pertsona fisiko edo juridikoek, publiko nahiz pribatuek, turismoa funtsezko sektorea baita Foru Komunitatean.

6. artikulua. Izangaien proposamenak.

Proposamenak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitarte aurkeztuko dira, biak barne.

Ondoko hauek egiten ahal dituzte saria nori eman hautatzeko proposamenak:

a) Nafarroako Turismo Kontseiluan ordezkatuak dauden entitateak.

b) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako elkarteak.

c) Sektoreko 5 enpresa edo gehiago, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik badaude.

d) 5 toki entitate edo gehiago.

e) 50 lagun edo gehiago, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakiaren bidez identifikatuak.

7. artikulua. Agiriak eta haiek aurkezteko epea.

Proposamenak pertsona edo entitate guztiek izenpetuak aurkeztuko dira, haiek justifikatzen dituzten merezimenduen azalpen arrazoituarekin eta proposamenaren alde ageri diren pertsona fisiko edo juridikoen zerrendarekin batera.

Proposamenak Turismo Zuzendaritza Nagusira igorriko dira. Proposamenak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

8. artikulua. Emateko proposamena.

Nafarroako Turismo Kontseiluak, osoko bilkuran bildurik, sariak emateko proposamena igorriko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari.

Kategoria eta modalitateetako batzuetarako edo guztietarako proposamenik aurkeztu ez bada, edo, Nafarroako Turismo Kontseiluaren iritziz, aurkeztu direnak saria emateko modukoak ez badira, Kontseiluak zilegi izanen du sariak eman gabe uzteko proposamena egitea.

9. artikulua. Sariak ematea.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emanen ditu sariak. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

Sariak jendaurreko ekitaldian emanen dira, urtero finkatzen diren egun eta tokian.

10. artikulua. Publizitatea.

Saridunek saria erakusten ahalko dute merkataritzako edo publizitateko idazpuru, iragarki eta antzeko baliabideetan, eta zilegi izanen dute haren publizitatea egitea bidezkotzat jotzen dituzten hedabideetan. Nolanahi ere den, saria zein urtetan eman zaien adierazi beharko dute.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

2006ko proposamenak apirilaren 28a arte aurkezten ahal dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko apirilaren 11n._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0606308