47. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

85/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoa sortzeko administrazio arteko hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindu eta haren estatutuak onesten dituena.

2005eko martxoaren 17an, Pirinioetako Lan Komunitateko kide diren entitateek, hots, Aragoiko, Kataluniako, Euskadiko eta Nafarroako Foru Komunitateko autonomia erkidegoek eta Frantziako Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeek administrazio arteko hitzarmen bat sinatu zuten Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoa eratzeko, izaera juridikoa duen elkarte publiko gisa, eta partzuergoaren estatutuak ere onetsi zituzten.

Nafarroako Gobernuak hitzarmenarekiko eta estatutuekiko adostasun txostena eman zuen, 2003ko martxoaren 24ko Erabakiaren bidez.

Partzuergo honen helburua mugaz gaindiko lankidetza bultzatu eta sustatzea da eta zenbait esparrutan ekimen bateratuak egitea, kide bakoitzaren eskumenen arabera.

Aurretik Estatuko Administrazio Orokorrari jakinarazteko eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko (2005eko azaroaren 22a, 279 zk.) betebeharra bete delarik, bidezkoa da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 95. artikulua aplikatuz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legeko 41.e) artikuluak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretuak esleitzen dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

Aipaturiko hitzarmena, eranskinean azaltzen dena, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko martxoaren 30ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

ADMINISTRAZIO ARTEKO MUGAZ GAINDIKO HITZARMENA, PLK-KO KIDE DIREN ENTITATEEK SINATUA

Bildurik:

Alain Rousset jauna, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko burua.

Marcelino Iglesias jauna, Aragoiko Gobernuko lehendakaria.

Pasqual Maragall jauna, Kataluniako Generalitateko lehendakaria.

Juan José Ibarretxe jauna, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Georges Frêche jauna, Languedoc-Roussillon Septimanieko Eskualdeko Kontseiluko burua.

Martin Malvy jauna, Midi-Pyrénéesko Eskualdeko Kontseiluko burua.

Miguel Sanz Sesma jauna, Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

Akitaniako eskualdearen, Aragoiko, Kataluniako eta Euskadiko autonomia erkidegoen, Languedoc-Roussillon Septimanieko eskualdearen, Midi-Pyrénéesko eskualdearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta, hurrenez hurren, lurralde horiek ordezkatuz, eta, hitzarmen hau sinatzeko behar den lege-gaitasuna elkarri aitortzen diotelarik,

Kontuan harturik Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren helburua Europako herrien arteko lotura sendotzea eta herrien arteko lankidetza sustatzea dela, Europaren eraikuntza sendotzeko asmoz.

Haien artean dauden harremanak eta lan bateratua indartzeko asmoa dute, Pirinioetako bi aldeetako lurraldeen aurrerapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko.

Argi dute mugaz gaindiko lankidetza arloan izan dituzten esperientziak eskualde hori garatu eta sustatzeko lagungarriak izan direla.

Lortutako emaitzak hobetzeko, tresna juridiko bat behar dela aitortzen dute, mugaz gaindiko harremanen eraginkortasuna, jarraipena eta segimendua bermatzeko.

Lankidetza hori sustatzeko asmo sendoa dute, eskualde bakoitzaren barne-zuzenbidea errespetatuz,

Lurraldeetako entitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruz Espainiak eta Frantziak 1995eko martxoaren 10ean Baionan sinaturiko Tratatuarekin bat eta, lurraldeetako erkidego edo agintarien arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruz, Europako Kontseiluak 1980ko maiatzaren 21ean Madrilen sinaturiko Hitzarmen Esparrua aplikatuz.

Hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, klausula hauen arabera:

Lehena._Akitania eskualdeak, Aragoiko, Kataluniako eta Euskadiko autonomia erkidegoek, Languedoc-Roussillon Septimanie eskualdeak, Midi-Pyrénées eskualdeak eta Nafarroako Foru Komunitateko autonomia erkidegoak, baterako lana eta lankidetza bultzatu eta indartzeko asmoz, Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoa eratu dute, izaera juridikoa duen elkarte publiko gisa, hitzarmen honi erantsi zaizkion estatutuen arabera.

Bigarrena._1. Entitate horiek Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoaren estatutuen 2. artikuluan aipatzen diren helburuak betetzeko behar diren jarduerak garatzeko konpromisoa hartzen dute.

2. Hitzarmen honek alderdi sinatzaileak baizik ez ditu behartzen.

3. Funtzionamendu gastuak alde guztien artean banatuko dira, portzentaje berean. Inbertsio eragiketei dagokienez, kide guztiek Partzuergoaren organo erabakitzaileek hartutako irizpideak onartuko dituzte.

Hirugarrena._Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoak Pirinioetako Lan Komunitatearen egoitzan izanen du helbidea, Jaka hirian (Aragoi, Espainia). Hitzarmen hau sinatzen duten alderdien betebeharrei aplikatu beharreko zuzenbidea Espainiako Zuzenbide Publikoa izanen da. Horrenbestez, hitzarmena garatu eta aplikatzeko orduan sortzen diren auzi juridikoak Espainiako auzi-administrazioarekiko ordenamendu jurisdikzionalean ebatziko dira.

Laugarrena._Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoan eskualdeko entitate gehiago sartzeko, lehenbizi, Batzorde Exekutiboan eztabaidatu beharko da, eta gero, atxikitzeko hitzarmen bat onetsi eta formalizatu. Horrek estatutuen aldaketa ekarriko du. Baionako Tratatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta bereziki, Espainiako eta Frantziako barne zuzendaritzan ezarritako prozedura begiratzearren, atxikitzeko hitzarmena mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen gisara formalizatuko da.

Bosgarrena._Hitzarmen honek hamar urteko iraupena du sinatzen den egunetik aurrera. Beste hamar urterako luzatu ahalko da, hitzarmena sinatzen duten aldeek berariaz erabakiz gero.

Seigarrena._Hitzarmen hau onesteko orduan, sinatzaileek beren herrialdeko barne-zuzenbidean ezarritako prozedurari segituko diote.

Jakan egina, 2005eko martxoaren 17an. Zazpi kopia egin dira, bakoitza lau hizkuntzatan idatzia, hots, frantsesez, gaztelaniaz, euskaraz eta katalanez, eta laurok ematen dute fede.

PIRINIOETAKO LAN KOMUNITATEAREN PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera eta osaera.

1.1. Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoa nortasun juridiko propioa duen zuzenbide publikoko entitatea da, estatutu hauen eta Espainiako antolamendu juridiko publikoaren araupean dagoena.

1.2. Hauek dira Partzuergoko kideak:

a) Akitania eskualdea.

b) Aragoiko Autonomia Erkidegoa.

c) Kataluniako Autonomia Erkidegoa.

d) Euskadiko Autonomia Erkidegoa.

e) Languedoc-Roussillon eskualdea.

f) Midi-Pyrénées eskualdea.

g) Nafarroako Foru Komunitatea.

Partzuergoaren lurralde eremua kide diren entitateen lurraldearekin bat dator.

1.3. Partzuergoan entitate gehiago sartzea PLK-ko kide diren entitateek sinatutako administrazio arteko lankidetza hitzarmeneko laugarren klausulan ezarritako baldintzetan eginen da, hala nola estatutu hauen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

1.4. Dagozkion eginbeharrak aurrera eramateko orduan, Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoak Espainiako eta Frantziako beste entitate publiko edo pribatuekin batera lan egiten ahalko du, behar diren hitzarmen edo kontratuen bitartez.

2. artikulua. Partzuergoaren xedea eta helburuak.

2.1. Partzuergoaren xedea kide diren entitateen eskumenen esparruan baterako lanak egitea da, batez ere arlo hauetan:

Garraioa eta komunikazio bideak.

Energia arazoak.

Nekazaritza eta oihaneko eta mendialdeetako ekonomia.

Turismoaren eta termalismoaren sustapena.

Baliabideen eta natur inguruaren babesa.

Lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

Eskualdeen eta landa-eremuen garapena.

Kultur ondarea.

Prestakuntza eta berrikuntza.

2.2. Kasuan-kasuan aplikagarri diren arauekin bat, Partzuergoa Europar Batasunari edo estatuko gobernuei partzuergoaren lan-eremuaren egoera hobetzeko dirulaguntzak eskatzeko kudeaketaz arduratzen ahalko da, betiere bere eskumenen esparrua gainditu gabe.

2.3. Kideek aho batez erabakiz gero, partzuergoaren jarduketa eremua handitzen ahalko da, kide diren entitateen eskumenen esparrua gainditu gabe.

3. artikulua. Eskurantzak.

Aplikagarri diren arauei jarraikiz, partzuergoak bere xede eta helburuak betetzeko honako hauek egiteko ahalmena du:

a) Administrazio egintzak egitea eta ondasunak erabiltzea.

b) Obligazioak hartzea.

c) Pertsona publiko eta pribatuengandik laguntza eta dirulaguntzak eskuratzea.

d) Barne-funtzionamendurako arauak onestea.

e) Langileak, obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea.

f) Estatutu hauetan ezarritako helburuak betetzeko behar diren egintza guztiak egitea, oro har.

4. artikulua. Iraupena eta egoitza.

Partzuergoaren iraupena hura eratzeko hitzarmenean adierazten dena izanen da eta helbidea Pirinioetako Lan Komunitatearen egoitzan izanen du, Jakan (Aragoi).

5. artikulua. Araubide juridikoa.

Baionako Tratatuan eta partzuergoa sortzeko hitzarmenean ezarritakoa errespetatuz, partzuergoa Espainiako zuzenbidean eta estatutu hauetan ezarritakoaren araupean izanen da.

II. KAPITULUA

Gobernu eta administrazio organoak

6. artikulua. Organoak.

Partzuergoa organo hauek gobernatuko dute:

a) Batzorde Exekutiboa.

b) Lehendakaria.

c) Zuzendaria.

7. artikulua. Batzorde Exekutiboa.

7.1. Batzorde Exekutiboa partzuergoaren gobernu eta kudeaketa organoa da.

7.2. Kideturik dagoen entitate bakoitzaren ordezkari titular eta ordezko bat izanen da Batzordean. Batzordekideak hautatzeko prozedura eta karguaren iraupena kasuko entitateak erabakiko du.

7.3. Pirinioetako Lan Komunitatean jardunean den idazkari nagusia ere Batzorde Exekutiboko kide izanen da, hizpidea duela baina boto eskubiderik ez. Komunitatea idazkari nagusia partzuergoko kide ez den entitate batekoa bada, aurre-aurretik zegoen idazkariari kargualdia luzatuko zaio.

8. artikulua. Batzorde Exekutiboaren eginkizunak.

Batzorde Exekutiboari ondoko eginkizunak dagozkio:

a) Partzuergoko zuzendaria izendatu eta kargutik kentzea.

b) Barne Araubideko Erregelamendua onestea.

c) Partzuergoaren aurrekontua eta kontuak onestea.

d) Partzuergoko langileak kontratatzeko araubidea eta kudeaketa onestea.

e) Ondarearen erosketak eta besterentzeak onestea.

f) Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak onestea.

g) Partzuergoko zuzendariaren kudeaketa kontrolatzea.

h) Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

i) Partzuergoan entitate berriak sartzeari buruz eztabaidatzea.

j) Partzuergoaren jardueren urteko txostena eta programa onestea.

k) Ekintza judizialak abian jartzeko baimena ematea.

l) Kreditu eta diruzaintza eragiketak onestea.

m) Partzuergoko kideek egin beharreko diru-ekarpenak finkatzea.

n) Elkarrekin prestaturiko proiektu eta ekintza bateratuak onestea, Europar Batasuneko programa eta laguntzen esparruan.

o) Estatutu hauetan beste organo bati berariaz esleitzen ez zaion beste edozein eginkizun.

9. artikulua. Lehendakaria.

9.1. Partzuergoko lehendakari kargua txandaka beteko da. Pirinioetako Lan Komunitatearen lehendakaritza duen entitatea une horretan partzuergoko kide ere bada, entitate horrexetako ordezkaria izanen da partzuergoko lehendakaria. Komunitateko lehendakaritza partzuergoaren kide ez den entitate bati dagokion aldietan, partzuergoko aurre-aurreko lehendakariari kargualdia luzatuko zaio.

9.2. Lehendakari kargua bi urterako izanen da eta, salbuespeneko kasuetan, luzatzen ahalko da, urtebeterako gehienez.

10. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Hona lehendakariaren eginkizunak:

a) Partzuergoa legez ordezkatzea beharrezkoa den tokian eta agintari publiko eta pribatuen aurrean.

b) Batzorde Exekutiboko bilkuretan buru izatea eta eztabaidak gidatzea.

c) Batzorde Exekutiboaren bilkuretarako deialdia egin eta gai-zerrenda finkatzea.

d) Batzorde Exekutiboaren erabakiak betearaztea.

e) Batzorde Exekutiboari urteko jardueren programa proposatzea.

f) Urteko jardueren txostena prestatu eta aurkeztea.

g) Ordainketak eta kobraketak egiteko aginduak ematea.

h) Larrialdi kasuetan, ekintza administratibo edo judizialak abian jartzea. Horrelakoetan, Batzorde Exekutiboari horren berri eman beharko dio.

11. artikulua. Zuzendaria.

Partzuergoko zuzendaria Batzorde Exekutiboak hautatuko du, 8.a) artikuluan eta 18.2 eta 18.3 idatz-zatietan ezarritakoari jarraikiz, botoa emateko eskubidea duten kideen bi herenen gehiengoak hala erabakita.

12. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.

Hona partzuergoko zuzendariaren eginkizunak:

a) Batzorde Exekutiboaren bilkuretara joatea eta bilkuren aktak egitea.

b) Jardueren urteko programa lehendakariari aurkeztea eta aurrekontuen aurreproiektuak prestatzea.

c) Partzuergoaren jarduerak Batzorde Exekutiboaren eta lehendakariaren jarraibideen arabera egiten direla begiratzea.

d) Batzorde Exekutiboko lehendakariari deialdi bakoitzeko gai zerrendan sartu beharreko gaiak proposatzea.

e) Partzuergoaren baliabideak kudeatzea.

f) Batzorde Exekutiboak eta lehendakariak eskuordetzen dizkioten ahalmenak erabiltzea.

III. KAPITULUA

Gobernu eta administrazio organoen funtzionamendua

13. artikulua. Batzorde Exekutiboaren bilerak.

Batzorde Exekutiboaren bilkura arrunten aldizkotasuna Batzordeak berak finkatuko du, baina urtean bitan bederen bildu beharko da. Bilkura bereziak, berriz, lehendakariak erabakitzen duenean edo, gutxienez, batzordekideen erdiek eskatzen dutenean eginen dira.

14. artikulua. Gai zerrenda.

Bilkura bakoitzeko gai zerrenda lehendakariak prestatuko du, zuzendariaren laguntzaz, batzordekideek idatziz aurkezten dituzten gai guztiak kontuan harturik.

15. artikulua. Bilkuretarako deia.

Deialdiak lehendakariak eginen ditu eta, gutxienez, hamabost egun lehenagotik jakinarazi beharko zaie batzordekideei. Larrialdi kasuetan, epe hori bost egunera murriztu daiteke. Deialdiekin batera dagokion gai zerrenda bidali beharko da.

16. artikulua. Erabakiak hartzeko gehiengoak.

16.1. Batzorde Exekutiboaren erabakiak botoa emateko eskubidea duten kideen bi herenen gehiengoaz hartuko dira.

16.2. Ondoko gai hauei buruzko erabakiak baliozkoak izateko, Batzorde Exekutiboko kide guztien aho bateko adostasuna beharko da:

a) Estatutuen aldaketa.

b) Partzuergoari entitate gehiago atxikitzea.

c) Partzuergoa desegitea eta likidazioa.

d) Estatutuetan azaltzen diren gainerako kasuetarako.

17 artikulua. Bilkuren akta.

Zuzendariak bilkura bakoitzaren akta eginen du eta bertan batzordeak harturiko erabakiak aipatuko ditu. Horien ziurtagiriak ere egin ditzake, lehendakariaren oniritzi eta guzti.

IV. KAPITULUA

Araubide juridiko eta ekonomikoa

18 artikulua. Araubide juridikoa.

1. Partzuergoa, ahalmen administratiboak erabiltzea eskatzen duten jarduketetan, administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedurari buruz Espainian indarra duen legeriak xedatutakoari jarraikiz arituko da.

2. Partzuergoak prestatzen dituen hitzarmenak Administrazio Publikoen kontratuei buruz Espainiako legeriak ezarritakoaren araberakoak izanen dira, publikotasunaren, konkurrentziaren, berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren printzipioak errespetatuz.

3. Partzuergoak bere langileak izan ditzake, lan araubidean. Kontratuak eta lan harremanak Espainiako zuzenbidearen menpe izanen dira. Hautapen prozesuei dagokienez, Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei buruz Espainiako legeriak ezarritako betebeharrak errespetatzeko neurriak hartuko dira.

4. Ondare-erantzukizunari dagokionez, Administrazio Publikoen ondare-erantzukizunari buruzko Espainiako legeria aplikatuko zaio partzuergoari, hala erantzukizuna finkatzeari begira, nola erantzukizuna eskatzeko prozedurari begira.

5. Partzuergoaren jarduketen gainean sortzen diren auziak Espainiako Epaitegi eta Auzitegiek ebatziko dituzte, kasuan kasuko ordenamendu jurisdikzionalean aplikagarri den legeriaren arabera. Partzuergoaren jarduketa zuzenbide administratiboari lotuta baldin badago, auzi-administrazioarekiko epaitegi eta auzitegien eskumena izanen da.

6. Batzorde Exekutiboaren estatutuak, barne-araudia eta bilkuren aktak partzuergoko kide diren lurraldeetako hizkuntza ofizialetan idatzi beharko dira.

19. artikulua. Baliabideak.

19.1. Bere helburuak lortzeko, partzuergoak baliabide hauek izanen ditu:

a) Partzuergoko entitateen diru-ekarpenak, bakoitzaren aurrekontuan jaso beharko direnak.

b) Beste entitate ofizial edo gizabanako partikularren ekarpen eta dirulaguntzak, batez ere Europar Batasunekoak.

c) Bere ondaretik eta zuzenbide pribatuko beste diru-sarreretatik datozen diru-sarrerak, zerbitzu-emateetatik eta kreditu-eragiketetatik datozenak barne.

d) Zuzenbidean onartzen den beste edozein titulutatik datozen dohaintza eta bestelako funtsak, Baionako Tratatuan ezarritakoaren araberakoak badira.

19.2. Inbertsio eragiketa bat egin nahi den bakoitzean, Batzorde Exekutiboan botoa emateko eskubidea duten kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.

20. artikulua. Aurrekontua.

20.1. Urtero, Partzuergoak aurrekontua prestatuko du, gehienez onartzen ahal dituen obligazioen kalkulu zehatz eta sistematikoa eginez, bai, halaber, aurrekontu-ekitaldian likidatu asmo dituen eskubideen kalkulua ere. Aurrekontuak urte naturalarekin bat etorri beharko du.

20.2. Barne-araudiaren arabera, barneko finantza-kontroleko eginkizunez arduratzen den organoaren kontrol eta segimendu lana deusetan galarazi gabe, kanpoko erakunde independiente batek urteko kontuen eta aurrekontuen ikuskapena eginen du.

21. artikulua. Finantza-kontrola.

Erakundeak partzuergoko kideen agintarien informazio eskaerei kasu egin beharko die eta, orobat, finantza kontrolerako agintarien eta estatuetako eta Europar Batasuneko agintariek egiten dituztenei ere, finantzazioa estatu horietatik edo Europar Batasunetik etorri bada, kasuan-kasuan.

22. artikulua. Ondarea eta ondasunen atxikipena.

22.1. Partzuergoaren ondarearen barrenean sartuko dira partzuergoko entitate kideek bere helburuak betetzeko jartzen dituen ondasunak eta, orobat, partzuergoak bere funtsekin eskuratzen dituenak.

22.2. Partzuergoko kideek ondasun publikoak atxikitzen ahalko dizkiote partzuergoari, bere helburuak betetze aldera. Atxikitzen diren ondasun eta eskubideek jatorrizko kalifikazioari eta titulartasunari eutsiko diote. Beraz, atxikipenean ezartzen diren helburuak betetzeko asmoz finkatzen diren zaintza eta erabilera eskumenak izanen ditu partzuergoak, ez gehiago.

23. artikulua. Erantzukizun ekonomikoa.

Partzuergoko kideen erantzukizuna hitzarmenean finkatzen den finantza-partaidetzaren araberakoa izanen da.

V. KAPITULUA

Aldaketa eta desegitea

24. artikulua. Kide berriak sartzea eta uko egitea.

24.1. 8.i) eta 16.2 artikuluetan ezarritakoarekin bat, Batzorde Exekutiboak Partzuergoan kide gehiago sartzeari buruzko erabakiak hartuko ditu. Erabaki hori Partzuergoko kideen organo eskudunak berretsi beharko du.

24.2. Kide gehiagoren sarrera atxikipen hitzarmen batean jasoko da eta horrek estatutuen aldaketa ekarriko du. Baionako Tratatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta bereziki, Espainiako eta Frantziako barne zuzendaritzan ezarritako prozedura begiratzearren, atxikitzeko hitzarmena mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen gisara formalizatuko da.

24.3. Partzuergoko kide batek borondatez uko eginda ere, Partzuergoak Baionako Tratatuaren babespeko mugaz gaindiko lankidetzarako entitate gisa jarduten segitzen ahalko du, betiere Partzuergoaren barrenean Espainiako eta Frantziako estatuetako lurralde entitateak baldin badaude. Uko egiteak indarra izanen du kasuan kasuko aurrekontua ixten denean.

25. artikulua. Partzuergoa desegitea.

25.1. Partzuergoa kasu hauetan desegiten ahalko da:

a) Pirinioetako Lan Komunitatea desegiten bada.

b) Partzuergoko kideek adosturik, Partzuergoa desegitea erabakitzen badute.

c) Jarduten segitzea ezinezkoa baldin bada.

d) Helburuak betetzen ez badira.

e) Partzuergoa beste mota bateko entitate bilakatzen bada.

25.2. Desegiteko erabakiak, estatutu hauen 16.2 artikuluan ezarritako baldintzetan hartuak, Partzuergoaren ondasun, eskubideen eta obligazioen likidazioa egiteko modua baldintzatuko du.

25.3. Desegiteak indarra izanen du likidatzeko eragiketak egin eta gero, aktibo eta pasiboen balantzea eginda, ondasun eta eskubideen helburuak erabakita eta, kasua bada, Partzuergoak hirugarrenekin oraindik dituen obligazioen banaketa eginda, desegiteko erabakian finkatutako egutegiaren eta baldintzen arabera.

Iragarkiaren kodea: F0605478