47. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

48/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Nafarroako Ubidea (Artaxoako presa eta kontrol eraikina)" eraikuntza proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta behin betikoz onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak irailaren 9an emandako 438/2005 Foru Aginduaren bitartez, "Nafarroako Ubidea (Artaxoako presa eta kontrol eraikina)" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzapenaren prozedura ireki eta jendaurrean jarri zen. Gero, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 26an emandako 477/2005 Foru Aginduaren bidez, agindu haren eranskina aldatu zen.

Jendaurreko aldian honako alegazio hauek aurkeztu dira:

1. alegazioa: Angel María Bañales Jurío eta José Javier Bañales Jurío jaunek ART-57 eta ART-58 finken titulartasuna aldatzeko eskatu dute. Jabetza tituluaren kopia erantsi dute eta posta-helbidea jakinarazi.

Erantzuna: Eskatutakoa onartu da, eta, horrenbestez, urriaren 26ko 477/2005 Foru Agindua aldatu, titularrei dagokienez, eta jakinarazi zaie okupatu aitzineko aktak egiteko jabetza tituluaren agiri ofiziala eraman beharko dutela.

2. alegazioa: José María Ortiz Sola jaunak ART-17, ART-18 eta ART-19 finken titulartasuna aldatzeko eskatu du. Katastroa aldatzeko eskabidearen kopia aurkeztu du, Jesús Ortiz Sola eta José María Ortiz Sola jaunek izenpetua.

Erantzuna: Jakinarazpenak egiteko, bi titularrak hartuko dira kontuan, eta biek jabetzari buruzko ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte okupatu aitzineko aktak egiten direnean.

3. alegazioa: José Ignacio Ibáñez Zabalegui jaunak jakinarazi du bere finkan lau intxaurrondo daudela eta horregatik dagokion kalte-ordaina eman dakiola eskatu.

Erantzuna: Okupatu aitzineko aktan gorabehera hori jasoko da, eta kontuan hartuko da prezio justua finkatzeko fasean.

4. alegazioa: Juan José Rodríguez Zabalza jaunak informazioa eskatu du egunkari batean bi egun desberdinetan agertutako bi argitalpenen arteko desberdintasunari buruz.

Erantzuna: Irailaren 9ko 438/2005 Foru Aginduaren bitartez, proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu zen. Zerrenda horretan akatsak zeudela oharturik, urriaren 26ko 477/2005 Foru Aginduaren bidez zuzendu ziren. Azken foru agindu horretan aurreikusitako ukipenak bat datoz katastroko gaurko datuekin.

Horiek horrela, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Dekretuaren 2.2) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroako Ubidea (Artaxoako presa eta kontrol eraikina)" proiektuaren jendaurreko epea bukatutzat ematea, foru agindu honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. "Nafarroako Ubidea (Artaxoako presa eta kontrol eraikina)" proiektua behin betikoz onestea.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Añorbeko eta Artaxoako udalei eta alegazio-egileei, bidezko ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazioek foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2006ko apirilaren 3an._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0605790