47. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

EBAZPENA, Comptos Ganberako lehendakariak emana, 2006ko martxoaren 22koa, erakunde horretan dauden datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena.

Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikulua garatzen duen Datu per- tsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren xedea da pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak eta bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatu eta babestea datu pertsonalen tratamenduaren arloan.

Lege horren lehen xedapen gehigarriak ezartzen du dauden fitxategiak, pribatuak zein publikoak, arautzeko xedapen bat onetsi beharko dela.

Entitate bakoitzean dauden datu pertsonalen fitxategiak arautzeko xedapen horretan, datu horiek jasotzen dituzten artxibo automatizatuak izendatu behar dira, eta, halaber, artxibo horien egitura eta edukia, datu horiei emanen zaien erabilera, erabilera zuzena ziurtatzeko aplikatzekoak diren segurtasun neurriak eta fitxategi horien arduradunen izenak.

Horrenbestez, horri buruzko txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Comptos Ganbera arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legeak emaniko ahalmenak baliatuz, lehendakari honek

ERABAKI DU:

Lehena._Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraikiz, eta horietan aurreikusitako ondorioetarako, ondoko zerrendan ageri eta deskribatzen dira Nafarroako Comptos Ganberaren kargupean dauden fitxategi automatizatuak, datu pertsonalak bildu eta prozesatzen dituztenak:

a) Erregistro orokorra.

b) Langileen kudeaketarako fitxategia.

c) Kontabilitaterako eta kudeaketa ekonomiko-finantzariorako fitxategia.

Bigarrena._Erregistro Orokorrak agirien sarrera eta irteerak kontrolatzea du helburu, epeen kreditaziorako eta barne erabilerarako.

Haren edukiak agiriak aurkezten edo jasotzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoengan izanen du eragina, eta interesduek beraiek emanen dituzte datuak.

Fitxategiaren egitura halako erregistroek eskuarki izan ohi dutena da, eta bere baitan hartzen ditu datu pertsonalak, hala nola izen-deiturak, helbidea, herria, posta kodea, eta sarrera eta irteera zenbakia.

Datu horiei emanen zaien erabilerak izanen dira agirien sarrera eta irteera erregistroa kudeatzeak dakartzanak. Ez dago aurreikusirik erregistro orokorreko datuak lagatzea.

Haien zaintza erregistroko arduradunari dagokio lehenik eta behin, Nafarroako Comptos Ganberako idazkari nagusiaren eta administratzailearen ikuskapen zuzenaren pean.

Erregistro horretan agertzen diren datuei dagokienez, indarrean dagoen legerian oinarrizko mailako segurtasun neurritzat jotzen direnak aplikatuko zaizkie.

Hirugarrena._Langileen kudeaketa fitxategiaren xedea da Nafarroako Comptos Ganberaren zerbitzuko langileen nominak prestatu, egin eta kontrolatzea.

Fitxategiaren edukiak eragina du Nafarroako Comptos Ganberaren zerbitzuan dauden pertsona guztiengan. Fitxategi edo datu base horretan bildutako datu pertsonalak hauexek dira:

a) Identifikazio datuak eta helbidea.

b) Ezaugarri pertsonalen datuak.

c) Antzinatasunaren eta lansarien inguruko datuak.

d) Bankuko kontuari eta hartzekoak jasotzeari buruzko datuak.

Fitxategiari emanen zaizkion erabilerak izanen dira nomina eta Comptos Ganberaren zerbitzuko langileei ordaindu behar zaizkien bestelako dirusariak prestatzeak eta luzatzeak dakartzanak eta horren ondoriozko produktu guztiak lortzea.

Urtero lagako zaizkio Nafarroako Tributu Ogasunari langileen kudeaketa fitxategiko datu batzuk, hain zuzen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoak; halaber, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Klase Pasiboen Bulegoari eta Osasun Laguntzaren Bulegoari lagako dizkie arlo horiei buruzko datuak. Horretaz gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari lagako zaizkio langileen altei eta bajei buruzko datuak horiek gertatzen diren unean; eta, hilero, erakundeko langileen kotizazio oinarriei buruzkoak. Istripuen edo gaixotasunen kasuan, beharrezkoak diren datuak jakinaraziko zaizkie Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari eta lehen aipatu Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuari, indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz.

Hilean behin, ukituak ados badaude, banku entitateei lagako zaizkie langileen lansariak ordaintzeko ezinbestekoak diren datuak, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza orokorrari eta gizarte aurreikuspeneko entitateei, berriz, kotizazioetarako behar direnak.

Fitxategi horretan agertzen diren datuen zaintza Comptos Ganberako administratzaileari dagokio, erakunde horretako idazkari nagusiaren ikuskapen zuzenaren pean.

Fitxategi horretan agertzen diren datuei dagokienez, indarrean dagoen legerian maila ertaineko segurtasun neurritzat jotzen direnak aplikatuko zaizkie.

Laugarrena._Kontabilitaterako eta kudeaketa ekonomiko-finantzariorako fitxategiaren xedea da kontabilitate-informazio eta dokumentazioa prestatzea, kudeatzea eta kontrolatzea; izan ere, Nafarroako Comptos Ganbera, foru erkidegoko entitate publikoa den aldetik, horretara behartuta dago, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezartzen denez.

Fitxategi honetan datu hauek jasotzen dira:

a) Nafarroako Comptos Ganberaren ondasun eta zerbitzu hornitzaile diren pertsona fisiko eta juridikoei buruzko izenari eta egoitzari buruzko datuak.

b) Comptos Ganberaren kontratista diren pertsona fisiko eta juridikoek emandako zerbitzu eta horniketei dagozkien banku-kontu eta ordainketei buruzko datuak.

c) Comptos Ganberak ondasunak eta zerbitzuak emateko kontratatzen duten pertsona fisiko eta juridikoen nortasunari, ahalmenari eta kaudimenari buruzko datuak, baita horiek aurkezten dituzten oroitidazkiei eta eskaintzei buruzkoak.

Fitxategi hori erabiliko da, hain zuzen, Comptos Ganberak, foru erkidegoko entitate publikoa den aldetik, prestatu behar duen kontabilitate-informazioari eta finantzen egoerei buruzko txostenak prestatzeko, baita Comptos Ganberak betetzen duen jarduera ekonomiko-finantzarioaren kudeaketa eta barne kontrolarekin lotutako erabileretarako ere.

Comptos Ganberak ez du aurreikusita fitxategi horretako datu per- tsonalak besteren bati lagatzea, kontratistei egin behar zaizkien ordainketen kasuan izan ezik; izan ere, horiek Foru Ogasunari jakinarazi behar zaizkio indarrean dagoen legerian ezarritako kasuetan. Horrek ez du eragotziko legez behartuta egotea Nafarroako Parlamentuko Mahaiari bere jardunaren kontuak ematera, eta horien kopia Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ematera, Nafarroako Kontu Orokorretan sartzeko.

Fitxategi horretan agertzen diren datuen zaintza Nafarroako Comptos Ganberako administratzaileari dagokio, erakunde horretako idazkari nagusiaren ikuskapen zuzenaren pean.

Fitxategi horretan agertzen diren datuei dagokienez, indarrean dagoen legerian maila ertaineko segurtasun neurritzat jotzen direnak aplikatuko zaizkie.

Bosgarrena._Nafarroako Comptos Ganberako erregistroen eta fitxategien gaineko azken erantzukizuna erakunde horretako lehendakariarena da, ukatu gabe arlo edo zerbitzu bakoitzaren arduradunak fitxategiak kudeatzen eta zaintzen izanen duen zuzeneko erantzukizuna.

Seigarrena._Sarbidea izateko, zuzenketa egiteko eta bertan behera uzteko eskubideez baliatu ahal izanen da Nafarroako Comptos Ganberako Idazkaritza Nagusian, erakundearen egoitzan, Antsoleaga kaleko 10ean, Iruñeko 31001 posta kodea, 848421400 telefono zenbakia.

Zazpigarrena._Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zortzigarrena._Ebazpen hau igortzea Nafarroako Comptos Ganberako idazkari nagusiari eta administratzaileari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialera, argitaratzeko.

Iruñean, 2006ko martxoaren 22an._Comptos Ganberako lehendakaria, Luis Muñoz Garde.

Iragarkiaren kodea: F0605122