42. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

721/2006 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta entitate eta sozietate publikoen arteko hitzarmenak egiteko deialdia onesten duena 2006. urtean berariazko enplegu proiektuak burutzeko.

Nafarroako Enplegurako 3. Planaren (2005-2007) xedea Nafarroan kalitatezko enplegua sustatzea da gizonen zein emakumeen enplegu betea bermatu arte, baita Foru Komunitatean kohesioa eta gizarteratzea indartzea ere.

Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da aipatu Planean ezarri diren jarduketa ildoak gauzatzea sustatzen duten hainbat ekintza eta neurri garatzea. Horren ardura Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio bereziki.

Horretarako, komenigarritzat jotzen da Nafarroako entitate eta sozietate publikoekin koordinaturiko hainbat ekintza abiaraztea, hala nola, enpresa espiritua sustatzea, enpresa bokazio berriak, batez ere emakumeenak, onartu eta sendotzeko funtsezko elementu gisa, enpresa inguru lagungarria indartu eta sustatzea, laguntza, baliabide eta interesen sareko edo komunitateko laguntza moduen bidez; lan-merkatua sustatzea eta horren inguruko sentsibilizazioa eta hurbilketa lortzea, unibertsitateko tituludunak laneratzeko, hezkuntza-sistemaren prestakuntza osagarrietarako eta enpresaren eta autoenpleguaren mundura hurbiltzeko esku-hartze antolatuen bidez, eta lantegi-eskola eta lanbide-etxeen nahiz enplegu-lantegien programen barnean Sustapen eta Garapen Unitateen funtzionamendurako balio erantsiko laguntzak eratzea beste bide baten bidez finantzatu ezin diren kontzeptuetan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Prozedura horrek deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen du, besteak beste.

Aurretik azaldutakoaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren adostasun txostenaren arabera, eta apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta entitate eta sozietate publikoen arteko hitzarmenak egiteko deialdia onestea 2006. urtean berariazko enplegu proiektuak burutzeko.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. Guztira, 601.000 euroko gastua baimentzea, 2006ko aurrekontuko "NEZen eta entitate publikoen arteko hitzarmena berariazko enplegu programetarako" izeneko 880000-84000-4459-241300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko martxoaren 2an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

E R A N S K I N A

Deialdiko oinarriak

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta entitate eta sozietate publikoen arteko hitzarmenak arautzea, 2006. urtean hurrengo xedeak lortu nahi dituzten berariazko enplegu programak burutzeko:

_Enpresa espiritua sustatzea, enpresa bokazio berriak, batez ere emakumezkoenak, onartu eta sendotzeko funtsezko elementu gisa.

_Enpresa inguru lagungarria indartu eta sustatzea, laguntza, baliabide eta interesen sareko edo komunitateko laguntza moduen bidez.

_Lan-merkatua sustatu, horrekin sentikor bihurtu eta horretara hurbiltzea unibertsitateko tituludunak laneratzeko, hezkuntza-sistemaren prestakuntza osagarrietarako eta enpresaren eta autoenpleguaren mundura hurbiltzeko esku-hartze antolatuen bidez.

_Lantegi-eskolen, lanbide-etxeen eta enplegu-tailerren programen barnean Sustapen eta Garapen Unitateen funtzionamendurako balio erantsiko laguntzak eratzea beste bide baten bidez finantzatu ezin diren kontzeptuetan.

Deialdi honen xedea Nafarroako Enplegurako III. Planaren (2005-2007) barnean kokatzen da, eta ekimenaren eta enpresa espirituaren berariazko proiektuak, eta bereziki emakumeak eta gazteak bezalako taldeei zuzentzen zaizkienak, sustatu eta finkatzera zuzenduta dauden jarduerak garatu nahi ditu, talde horiek tratamendu positiboagoa eta espezifikoagoa behar baitute. Era berean, hainbat entitate eta sozietate publiko sustapen eta promozio arloetan garatzen ari diren esku-hartzeen garapena eta ezarpena hobetu nahi dira.

Bigarrena._Onuradunak.

Enpleguaren arloan esperientzia egiaztatua duten entitate eta sozietate publikoek dirulaguntza eskatzen ahalko dute, beren jarduera-eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa bada.

Jarduera 2006ko urtarriletik abendura bitartean burutu beharko da.

Erakunde horiek proiektu edo ekintzaren erantzule bat izendatu beharko dute, Administrazioarekiko harremanetarako.

Dirulaguntza eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Hirugarrena._Eskabidea aurkezteko epea.

Eskabideak hilabeteko epean aurkezten ahalko dira ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan (Arcadio María Larraona kalea 1, Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako gainerako lekuetan.

Laugarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Aurreko oinarrian aipatutako eskabideak jarraian adierazten diren agiriak edukiko ditu:

a) Eskaera orria, erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatua.

b) Egindako edo egin beharreko jarduerari buruzko memoria zehaztua. Ondokoak barne hartuko ditu:

_Berariazko helburuak, eta ekintza zein pertsonari zuzentzen zaion.

_Ekintzen zehaztasunak eta egutegia.

_Dirusarrera eta gastuen aurrekontu banakatua.

_Ekintzak kanpora atera eta esleitu beharra, behar bezala justifikatuta, horrelakorik egotekotan.

_Ekintza edo proiektuen xede eta neurrien jarraipen eta ebaluaziorako sistema eta prozedura.

c) Eskatzailearen adierazpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera onuraduna izatea galarazten duten inguruabarretako batean ez dagoela adierazten duena.

Ebazpen hau argitaratu aurretik 2006an aurkeztutako dirulaguntza eskabideek edo egindako ekintzek deialdi honi heltzen ahal izanen diote. Horretarako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Eskabideak goian adierazi diren betekizunak bildu ezean, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio horretarako adierazitako epean zuzentzeko. Epe hori 30 egunekoa izanen da gehienez. Ezarritako epean zuzendu ezean, eskabidean bertan behera utzi duela ulertuko da, eta espedientea artxibatuko da.

Bosgarrena._Baloratzeko prozedura eta irizpideak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak lehiaketa-konkurrentzia sistemaren bidez bideratuko dira, atal honetan ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Eskatzaileek deialdian zehaztu diren baldintza guztiak betetzeak ez du ekarriko inola ere laguntza besterik gabe ematea.

Emateko proposamenak 100 punturekin baloratuko dira, gehienez, hurrengo balorazio irizpideen arabera:

_Antolatutako jarduera edo proiektuaren interesa eta berezitasuna: 45 puntu, gehienez.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako beste ekintza eta programa batzuekiko osagarritasuna, bai zuzenean, bai bere zentro laguntzaileen bidez: 30 puntu, gehienez.

_Hainbat erakundek proposamenak batera aurkeztea edo horietako batzuen artean koordinatutako jarduerak egitea: 15 puntu, gehienez.

_Jarduera burutu behar duten pertsona edo erakundeen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: 10 puntu, gehienez.

65 puntu lortzen ez dituzten eskabideak baztertu eginen dira.

Seigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Balorazio Batzordeak diruz lagundu beharreko ehunekoak edota zenbatekoak zehaztuko ditu, aurkeztutako eskabide kopuruaren, eskatutako zenbatekoaren, erabil daitekeen aurrekontuaren, erakunde eskatzaileen finantzaketa ahalmenaren, dirulaguntzaren xede den jarduerarako bestelako sarrera-iturriak egoteko aukeraren eta txostenean ezartzen diren beste baldintza batzuen arabera.

Diruz lagun daitezkeen gastuak diruz lagundutako jarduera garatzeko behar direnak edo haren xedeei lotutakoak izanen dira.

Zazpigarrena._Balorazio Batzorde Teknikoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak eskabideak aztertu eta eman beharreko dirulaguntzak proposatuko ditu. Honakoek osatuko dute Batzorde hori:

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aurkitzeko Zerbitzuko zuzendaria.

_Enplegu Behatokiko atalburua.

Batzorde honen proposamenak lotesleak izanen dira.

Dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira, 6. oinarrian aipatu Batzorde Teknikoaren proposamena ikusi ondoren, eta lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatuko dira.

Zortzigarrena._Ebazpena emateko epea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hiru hilabeteko epean, berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerari ezezkoa eman zaiola pentsatuko da.

Bederatzigarrena._Dirulaguntzak ordaintzeko modua.

Dirulaguntzak ordaintzeko modua kasuan kasuko hitzarmenean zehaztuko da: % 70, gehienez, hitzarmena sinatutakoan ordaintzen ahalko da, eta gainerakoa, berriz, 2006ko abenduaren 15a baino lehen egin beharko den proiektu edo ekintzaren memoria aurkeztutakoan, nahiz eta gastuak 2007ko otsailaren 28ra arte justifika daitezkeen.

Hamargarrena._Onuradunen betebehar orokorrak.

a) Onuradunek idatziz jakinarazi beharko dute onetsitako proiektuaren inguruan burutu nahi den edozein aldaketa. Aldaketa horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

b) Diruz lagundutako ekintzaren berri zabaltzeko jardueretan berariaz eta nabarmen agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren babesa, logotipo egokiak sarturik.

c) Diruz lagundutako proiekturako dirusarrerak lortzea edo beste edozein motatako laguntzak jasotzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta hala denean, horrek emandako dirulaguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du, diru-sarrera guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa bada.

e) Dirulaguntza emateko aintzat hartu den jarduera egitea.

f) Dirulaguntza emateko aintzat hartu den jarduera egin dela justifikatzea, baita laguntza ematea edo jasotzea zehazten duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla ere. Dirulaguntza jaso duen jarduera amaitu eta hurrengo hilabetearen barnean, dirulaguntzaren erakunde onuradunak jardueraren amaierako memoria aurkeztuko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, funtsen aplikazioaren justifikazioarekin batera fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera behar bezala beteta dauden faktura edo agiri baliokideak emanda. Halaber, aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko du.

Jarduera justifikatzen duten agiriak ezarritako epeetan ez aurkeztea laguntza emateko ebazpena ezesteko arrazoia izaten ahalko da.

g) Eskumena duten organoek eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan egin ditzaketen egiaztapen guztiak onartzea.

h) Laguntzak emateko ebazpen-proposamena emateko unean zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako egiaztagiri egokiak eskatuko dira.

i) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik egotea, onuradun bakoitzari aplika dakiokeen merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatzen duen moduan.

j) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatzeko jarduketetan eskatzen ahal diren bitartean.

k) Ekipo ondasunak hornitzeagatik edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak emateagatik diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa denean, onuradunak egiaztatu beharko du hornitzailea hautatzeko eraginkortasun eta ekonomi irizpideei jarraitu diela. Hala ere, salbuespena izanen da diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori hornitu edo ematen duten behar beste erakunde ez egotea merkatuan, edo gastua dirulaguntza eskabidearen aurretik egin izana.

Hamaikagarrena._Gastuen justifikazioa.

Erakunde onuradunak ezarririko baldintzak betetzea, dirulaguntzaren xede den jarduera egitea eta emateko ekintzan aurreikusiriko helburuak lortzea justifikatu beharko ditu dirulaguntza eman duen organoaren aurrean.

Horretarako, hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu bederatzigarren oinarrian aipatu egunaren aurretik:

_Dirulaguntzaren xede den jardueraren amaierako memoria, aurreikusiriko helburuen betetze-mailari buruzko balorazioa barne hartuko duena.

_Gastua justifikatzen duen kontua, ondokoak barne hartuko dituena: dirulaguntzaren bidez finantzatu diren jardueren eta beren kostuaren adierazpena _sortutako gastu guztiak banakatuta_, eta fakturak edo arlo juridikoan froga-balio berekoak diren agiriak _nolanahi ere, beti jatorrizkoak izanen direnak_, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarri bezala. Justifikazioa egindako gastuaren aplikazioari zein gastuaren ordainketari buruzkoa izanen da.

Diruz lagundutako jarduera funts propioen edo bestelako dirulaguntza edo baliabideen bidez ere diruz laguntzen denean, justifikazioan diruz lagundutako jarduerarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

Hamabigarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak beste edozein dirulaguntza publiko edo pribaturekin bateragarriak izanen dira. Jasotako dirulaguntza guztien zenbatekoa ezin izanen da diruz lagundutako jardueraren aurrekontua baino handiagoa izan inola ere.

Hamahirugarrena._Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak argitaratuko ditu, Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es) sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarri bezala.

Hamalaugarrena._Dirulaguntzaren jarraipena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzaren alderdi guztien jarraipena eta kontrola eginen ditu, eta egokitzat jotzen dituen txosten teknikoak edo aholkuak eskatzen ahalko ditu. Jarraipen horretatik aurkako txosten bat ondorioztatzekotan, dirulaguntzen zenbatekoak eskatzen ahalko ditu osorik edo zati batean, baita sor litzakeen beste erantzukizun batzuk ere.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamabosgarrena._Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena._Dirulaguntzaren itzulketa eta zehapenak.

Jasotako diru-kopuruak itzultzeko, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Ondorio horietarako, bidezkoa izanen da emandako dirulaguntza osoa itzultzea, erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueran funtsezko aldaketak burutu baditu aurretik administrazio baimena lortu gabe.

Emandako dirulaguntza zati batean itzultzekotan, itzulketaren zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren aurrekontu osoaren eta egindako aldaketaren artean dagoen erlazioa kontuan hartuta kalkulatuko da.

Hamazazpigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0603969