42. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

67/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena. Dirulaguntzak 2006. urtean gutxiengo etnikoekin esku-hartze sozialeko proiektuak betetzen laguntzeko dira.

Dirulaguntza deialdi hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio eta Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea du araubide, zeinen 2. artikuluan ezartzen baita jarduketa bereziak sustatuko direla bazterketa egoeran dauden pertsona edo taldeei gizartean integratu edo gizarteratzen laguntzeko, eta espresuki aurreikusten da lehentasunezko jarduketak direla gutxiengo etnikoei laguntza ematekoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde autonomoa den Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, zeinak gizarte zerbitzuak kudeatu eta koordinatzeko eginkizunak baititu, egoki eta komenigarritzat jo du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateek 2006. urtean gutxiengo etnikoekin jarduketa berariazkoak garatzeko ezartzen dituzten esku hartzeko proiektuak betetzen laguntzea. Jarduketa horiek, bereziak izanik, ez dira oinarrizko gizarte zerbitzuen orotariko finantzaziorako aurreikusiriko kontusailaren bidez subentzionatuko.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 8ko 11/2005 Foru Legeak, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Dirulaguntza horiek 2006. urtean gutxiengo etnikoekin esku-hartze sozialeko proiektuak betetzen laguntzeko dira. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 93.200,00 euroko gastua baimentzea, "Nafarroako toki korporazioetarako beste transferentzia arrunt batzuk" izeneko 924002 93320 4609 231600 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetzari eta haren kontabilitate zentroari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara dadin.

Iruñean, 2006ko martxoaren 13an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

1. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da Oinarrizko Gizarte Zerbitzu baten titularrak diren udalei, mankomunitateei edo udal batasunei dirulaguntzak emateko araubidea finkatzea, 2006. urtean gutxiengo etnikoekin jarduketa bereziak garatzeko helburua duten esku-hartze sozialeko proiektuei laguntzeko.

2._Jarduera-esparrua eta helburua.

Dirulaguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da bazterketa sozialean edo hala egoteko arriskuan diren gutxiengo etnikoetako familiak, egoera horretara lerratzeko zorian direnak, gizartean integratzea edo gizarteratzea.

3._Onuradunak.

Deialdi honen xedeko laguntzak jaso ditzakete oinarrizko gizarte zerbitzu baten titular diren udalek, mankomunitateek edo udal batasunek.

4._Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Proiektuek bat etorri behar dute deialdiaren xedearekin eta ezaugarri hauek izanen dituzte:

_Esku-hartze programa baten xede diren gutxiengo etnikoetako familiei zuzendurik egotea eta proiektu horrek jarraipena eta laguntza berezia behar izatea jarduketa berariazkoen bidez.

_Epe bat ezarria izatea, proiektuok zein taldetarako diren ikusirik, denboraren aldetik haien berariazko inguruabarrek eskatzen duena.

_Udalerriaren bizitzan parte-hartzeko gizarte laguntza intentsiboa behar duen talde jakin bati zuzendua izatea, haren zenbatespen kuantitatiboa eta ezaugarri bereziak ikusirik.

_Gutxiengo etnikoetako familiei zuzenduriko jarduketak dituzten proiektuak izatea. Lehentasuna izanen dute adingabeei zuzenduriko sustapen, laguntza eta babes jarduketek, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean adierazi bezala.

_Etxebizitzari loturiko egoera berariazkoak jasotzea: etxe-aldairak, jende pilaketak eta aldi baterako kanpalekuak.

_Proiektu bakoitzari 60.000,00 euro emanen zaizkio gehienez.

_Proiektuak 2006. urtean gauzatu behar dira.

5._Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 38.4 artikuluan ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

6._Agiriak.

Eskaera eskabide orokor baten bidez eginen da, udaleko alkateak sinatua, edo mankomunitateburuak nahiz udal batasunekoak. Eskabidearekin agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Laguntza lortu nahi duen proiektua, honakoak adieraziz:

_Proiektuaren funtsa, zeinetan adieraziko baita baliabide normalizatuen erabileraren eragin maila, berariazko esku-hartzea arrazoizko eginen duena.

_Zein talderi zuzentzen zaion.

_Esku-hartzearen esparruak.

_Helburuak.

_Eginen diren jarduerak.

_Metodologia.

_Erabili beharreko baliabideak.

_Jardueretarako egutegia.

_Ebaluazioa.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko eskatutako dirulaguntzak eta beste erakunde batzuk emandakoak agerrarazten dituen ziurtagiria.

c) Toki entitatearen organo eskudunak emandako txostena, funtsak aurreratu beharra justifikatzen duena, horrelakorik egin behar bada, deialdi honen zortzigarren arauan ezarritako ondorioetarako.

d) Ardurapeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

e) Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Adin Txikikoak Babesteko Atalak egindako txostena, esku-hartzearen helburu diren gutxiengo etnikoetako familia horiekin egindako esku-hartze sozialari buruz, edo, bestela, esku-hartze hori egin beharra dagoela justifikatzea.

f) Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

7._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko eginkizunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizartean Txertatzeko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arau hauetan ezarririko irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

8._Dirulaguntzak emateko prozedura. Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez izapidatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Deialdi honetako gastua 93.200,00 eurokoa izanen da eta "Nafarroako toki korporazioetarako beste transferentzia arrunt batzuk" izeneko 924002 93320 4609 231600 kontusailaren kargura finantzatuko da.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

a) Egokitzapena eta koherentzia oinarrien, helburuen, jardueren, itxarotako emaitzen eta proiektuan azaldutako baliabideen artean (25 puntu gehienez).

b) Proiektuaren xede den taldearen balorazioa (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian (15 puntu gehienez).

c) Aurreko urteetan egindako jarduketa berariazkoen jarraipena (15 puntu gehienez).

d) Adingabekoen presentzia proiektuan azaldutako esku-hartzeetan (15 puntu gehienez).

e) Etxebizitzen arazoaren eragina esku-hartzearen xede izan daitekeen taldean (10 puntu gehienez).

f) Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko baliabide aski izatea (5 puntu gehienez).

g) Proiektuek alferrikako bikoiztasunik ez sortzea beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek garatutako programa edo proiektuekin (5 puntu gehienez).

h) Jarduketak beste entitate batzuen eta beste gizarte baliabide publikoen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea (10 puntu gehienez).

Proiektuak banan-banan onetsiko dira, puntuen hurrenkerari jarraituz, puntu gehien lortzen dituenetik puntu gutxien lortzen dituenera alegia. Zenbatekoak kreditua agortu arte kontatuko dira.

9._Ebazpena.

Eskaerak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta hura emateko oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, z.g.) argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen espresua izan edo ustezkoa, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 97.2 artikuluan adierazitako aurretiko errekerimendua, Lege Jurisdikzioanalaren 44. artikuluan xedatutakoari dagokionez.

10._Dirulaguntzaren ordainketa eta bateragarritasuna.

Onartzen den dirulaguntza ordaintzeari dagokionez, laguntza emateko ebazpena sinatzen den momentuan Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak transferentzia bidez ordainduko du, betiere toki entitateak diru-funtsak aldez aurretik ordaindu beharra justifikatzen badu. Horretarako, eskaerarekin batera, deialdiko seigarren arauko d) letran aipatzen den txostena aurkeztuko da.

Nolanahi ere, aurrerakin horien ordainketa onarturik dauden obligazioei aurre egiteko likidezia izatearen baldintzapean izanen da. Hortaz, aurrerakinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

Bestela, ordainketa Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aurreikusita dagoen bezala eginen da.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Dirulaguntzen jarraipena egiteaz arduratuko den organo tekniko bat eratuko da, onuradunei eskatu zaizkien baldintzak finkatutako epeetan betetzen ote dituzten aztertzeko, behar diren egiaztapenak egiteko eta proiektuak nola burutzen diren aztertzeko. Organo horrek dirulaguntzen segimendua egoki egiteko behar diren erregistroak eginen ditu.

Organo teknikoan Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bi teknikari, Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Adin Txikikoak Babesteko Ataleko bi teknikari eta dirulaguntza jasotzen duen toki entitatearen bi ordezkari arituko dira, azken horietako bat batzordeko idazkari lanetan arituko dena.

11._Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren xede diren proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Dirulaguntzaren xedea justifikatzea, ondokoak 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztuz: memoria teknikoa, memoria ekonomikoa eta gastuei eta dirusarrerei buruz idazkariak edo kontu-hartzaileak emandako ziurtagiria.

c) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako dirulaguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan. Aipatu beharko da, orobat, finantzaketan Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak parte hartu duela.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari ematea xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri.

f) Proiektua gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzuliko du.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien beste eginbeharrak.

12._Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

12.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak diruz lagundutako jarduera oso-osorik azpikontratatzen ahalko du. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz izenpetu beharraren menpe egonen da.

12.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino handiagoa bada eta zerbitzua emateaz edo ekipo-ondasunen horniketaz aholkularitza edo laguntza enpresa bat arduratzen bada, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua izenpetu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13._Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Aldaketa eskaeretan programaren aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok, Administrazioak ez onarturik ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du eta, hala bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzularazten ahalko da.

14._Itzulketa.

Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.

16._Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta deialdi honen oinarrien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

17._Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean onesten da; beraz, arauetan jasota ez dagoen guztietan, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F0604560