41. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

62/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, gazte entitateek gazteentzako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non gazteak prestakuntzatik lan mundura pasatzen laguntzeko programei garrantzia ematen baitzaie.

Horrenbestez, bidezkoa da foru agindu bat onestea, gazteentzako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzen dituzten gazte entitateei dirulaguntzak emateko, baina aldi berean fondo publikoen kudeaketa eta kontrol egokia egiteko.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Gazte entitateek gazteentzako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzeko laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi honen gastua, 77.350 euro (hirurogeita hamazazpi mila hirurehun eta berrogeita hamar) gehienez ere, 2006ko gastuen aurrekontuaren kargura ordainduko da, kontusail honen kargura hain zuzen: "Gazteentzako lan arloko orientazio programak" izeneko 940003 95210 4819 232103 kontusaila.

3. Deialdiaren oinarriak, foru agindu honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baimena ematea.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, hango Idazkaritza Orokorraren eta Azpiegituren Zerbitzuari, Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

Iruñean, 2006ko martxoaren 8an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

Arauak

1._Xedea.

Deialdi honen helburua da gazteeentzako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzeko Nafarroako gazte entitateei ematen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea.

Programa hauek gizartean erabilgarriak dira gazteei hezkuntza sistematik lan merkatura pasatzen laguntzen dien neurrian.

2._Helburua.

Hona hemen dirulaguntzaren helburua:

_Gazte elkarteek Nafarroako gazteei gizarte eta lan arloko orientazioa emateko abian jartzen dituzten programak finantzatzea.

_Dirulaguntzaren helburua hori dela kontuan hartuta, laguntzak lehiaketa bidez banatuko dira.

3._Esparrua.

3.1. Aurreko oinarrian adierazitako laguntzak gizarte eta lan arloko orientazio programak egiteko eskatzen ahalko dira.

3.2. Deialdi honen barrenean proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hau da, interesagatik eta kalitatearengatik nabarmentzen denari. Aurrekontuaren 100eko 100 bitartekoa izaten ahalko da dirulaguntza.

3.3. Honako hauek izanen dira balorazio irizpide iraunkorrak:

_Proiektuaren bideragarritasuna.

_Aurrekontu orekatua ote duen.

_Elkarteak jartzen dituen baliabide ekonomiko eta materialak.

_Foru Komunitateko gazteentzat eskura izatea. Programan zenbat gazte sartzen ahal diren.

_Ekintzen eta harrera egiteko tokien banaketa geografikoa.

_Programa burutzeko kontratatzen diren teknikarien kopurua eta horien kualifikazioa.

_Garatuko diren ekintza zehatzak eta horiekin lortu nahi diren helburuak.

_Landu behar diren materialak.

_Zein arlotan emanen den aholku eta orientazioa, banan-banan.

_Gazteen lana bultzatzeko asmoz garatuko diren prestakuntza ekintza eta kanpainak.

Irizpide bakoitza gehienez ere 10 puntuz baloratuko da. Gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira guztira.

4._Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik egonda, gazteentzako gizarte eta lan arloko jarduerak garatzen dituzten gazte elkarteek.

5._Aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Proiektuak, behar bezala prestatuak eta ekonomikoki baloratuak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetatik batean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 15 egun balioduneko epean.

6._Egiteko epea.

Proiektu horiek garatzeko epea hauxe izanen da: proiektua onesteko ebazpena jakinarazten denetik 2006ko abenduaren 31ra arte. Dena dela, lehenago hasitako jardueren proiektuak ere onartuko dira, baldin eta aurkezturiko proiektuarekin eta deialdiaren helburuekin bat etortzen badira eta urte natural horretan egiten badira.

7._Eskabideak eta agiriak.

7.1. Proiektua, gazte elkarteko lehendakariak sinatua, eskabide orokorrarekin eta txosten batekin batera aurkeztuko da. Txosten horretan elkarteak gazteentzako gizarte eta lan arloan duen esperientzia azaldu beharko da.

Era berean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak dituela dioen ardurapeko adierazpena aurkeztuko dute.

Halaber, beren konpromisoa adieraziko dute, bai antolatutako jardueren onuradunei bai egindako agirietan, programa hau Nafarroako Gobernuko funtsekin egin dela jakinarazteko.

7.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskabideak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

7.3. Eskabideak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.

8._Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

8.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko organo eskuduna.

8.2. Gazteentzako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzeko proiektuak Batzorde Aholku-emaile batek aztertu eta baloratuko ditu eta, gero, organo instruktoreari irizpen lotzailea igorriko dio. Batzordeko burua Gazte zuzendaria izanen da eta kideak, berriz, Administrazio Publikoaren teknikari bat (arlo juridikoa), idazkari lanetan, eta Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Ataleko bi teknikari. Instruktoreak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

8.3. Proiektuen balorazioa eranskin honetako 3.3. arauan ezarritako irizpideen arabera eginen da.

8.4. 2006an, dirulaguntza, gehienez, 77.350 eurokoa izanen da.

8.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da betiere zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan.

8.6. Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko oholetan jarriko da, orok jakin dezan.

9._Justifikazioa.

Gazte elkarte onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

_Proiektuaren bukaerako memoria. Bertan, egindako gastuen justifikazioa jasoko da, dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, bai eta izandako gastu guztiak zehaztu ere. Orobat, gastuak dagozkien faktura bidez frogatuko dira. Horretarako jatorrizko fakturak eta haien kopiak aurkeztuko dira.

_Onuradunak ardurapeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Agiri horiek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko dira 2006ko azaroaren 30a baino lehen. Proiektua burutzeko epea abenduaren 31n bukatzen denez, azaroaren 30ean egiteke dauden gastuen ziurtapena onartuko da, bereziki, soldatena, gizarte segurantzarena eta abarrena. Hala ere, gazte elkarteak eskuratu bezain laster aurkeztuko ditu jatorrizko agiriak.

10._Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau beste batzuekin osatzen ahalko da, baldin eta:

_Eginiko gastuak dirulaguntza gisa onarturiko 77.350 euro baino gehiago egiten badu.

_Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek.

11._Ebazpena.

11.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ematearen gaineko ebazpenak gehienez 10 egun baliodunean emanen ditu, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

11.2. Eskabideak ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe akituz gero, eskaera ezetsia dela ulertuko da.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa-modua agertuko dira. Halaber, kasua izanez gero, espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

11.4. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

12._Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren 100eko 70 ordainduko da dirulaguntza emateko ebazpena onesten denean. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimendu beharko du espresuki ordainketa aurreratu hori. Gainerako 100eko 30a, deialdi honetako 9. arauarekin bat, 2006ko azaroaren 30etik aurrera ordainduko da, egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

13._Betebeharrak.

13.1. Dirulaguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) 9. arauan xedatutakoari jarraikiz, haien erabilpena agiri bidez frogatu beharko da.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea. Horretarako onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

14._Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik izanez gero, zor horiek kitatuz pagatuko zaio dirulaguntza.

15._Ez-betetzeak.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra, eta kasua izanez gero berandutza-interesak, ekarriko dute, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe. Lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezarri zen.

Onuradunak egindako gastu guztiak 7.5 arauan agindu bezala frogatzen ez baditu, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio, alegia, aurretik kobratuta egon arren justifikaturik ez dagoen kopurua itzuli beharko da.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarduketa frogatzen denean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

16._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdi hau aplikatzeko emandako ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

17._Lege aplikagarriak.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

Iragarkiaren kodea: F0604336