41. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

XVII. Literatur Lehiaketarako deialdia, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua

Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Zinegotzi delegatuak 2006ko martxoaren 15ean onetsi zuen XVII. Literatur Lehiaketarako deialdia, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendua.

Iruñeko Udalak, euskarazko XVII. Literatur Lehiaketa deitu du, norgehiagokaren araubidean, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleendako, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra 2006ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman da argitara, otsailaren 17an.

1._Xedea.

Lehiaketa honen xedea Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da, 2. puntuan zehaztutako ipuin eta komiki modalitateetan.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta gaztelaniaz idatziak.

2._Modalitateak.

Hona, modalitateak eta kategoriak:

_Ipuinak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

B kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak.

C kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

D kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

_Komikiak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

B kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

3._Diru zuzkidura.

Aurrekontuan deialdi honi 4.380,00 euro esleitu zaio, gehienez ere, sarietarako, eta 2.300,00 euro, plaketarako, Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorreko 71 / 42220 226110 kontusailaren kontura.

Ondoko sariak ezarri dira, kategoria bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

Lehen saria: plaka oroigarria eta 320 euroko eskolako materialen sorta, ikastetxerako, eta plaka oroigarria eta 160 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Bigarren saria: plaka oroigarria eta 110 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Hirugarren saria: plaka oroigarria eta 85 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Laugarren saria: plaka oroigarria eta 55 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

4._Izangaien betekizunak.

Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko (DBHko 1. eta 2. mailak) ikasleek hartzen ahalko dute parte lehiaketa honetan.

Ikastetxe parte-hartzaileek gehienez ere bost (5) lan aurkeztuko dituzte aurreko kategoria eta modalitateetako ikastalde bakoitzeko, haien irakasleek aldez aurretik hautatuta.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

5._Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lanak ikastetxeek aurkeztuko dituzte, behin irakasleek aurretik hautaketa egin eta gero, eta ondoko luzera izanen dute:

_Ipuinak:

A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailak): gehienez ere bi (2) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailak): gehienez ere hiru orri (3), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

C kategoria (Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): gehienez ere lau (4) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

D kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): gehienez ere sei orri (6), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

_Komikiak:

A kategoria (Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): gehienez ere hiru orri (3), DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

B kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): gehienez ere lau (4) orri, DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta gaztelaniaz idatziak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Lanak Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrean aurkeztu behar dira (Zapateria kalea, 40, 2.a), ondoko eran:

Iruñeko Adalaren XVII. literatur lehiaketa, haurrendako

Lan-modalitatea:

Zein kategoriatarako:

Lanaren izenburua:

Egilearen ikurritza edo izenordea:

Gutunazalaren barnean, lanaz gain, beste gutunazal bat sartuko da, itxita, egilearen ikurritzaz edo izenordeaz errotulatua, non egilearen datuak sartuko baitira: izen-deiturak, helbidea, telefonoa, ikasmaila eta ikastetxea.

6._Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatua, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Epaimahaikideak:

_Hizkuntza eta Literaturako irakasle bat, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatuak izendatua.

_Haur literaturako aditu bat, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatuak izendatua.

_Komiki aditu bat, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatuak izendatua.

_Iruñeko Udaleko pedagogoa.

Idazkaria: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Zuzendariak izendatuko du.

Baldin eta sari bat egile batek baino gehiagok egindako lan bati ematen bazaio, "ex aequo" banatuko da, egileen artean.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du modalitatate eta kategoria ezberdinetako edozein sari.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan.

7._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Saria emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Saritu gabeko lanak Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorretik (Zapateria kalea, 40, 2.a) erretiratu ahalko dira, lehiaketaren epaia argitara eman eta hurrengo hilabetea bitarte. Aipatu datan erretiratu ez badira, Iruñeko Udalak nahi bezala erabili ahal izanen ditu lan horiek.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Aurrekoak berariaz hartzen ditu barne lanak on-line igorri eta transmititzea, eta horiek eskura paratzea, internet tankerako sare digital elkarreragileen bidez.

Lehiaketa honetan parte-hartzeak berekin dakar oinarri hauei dauden-daudenean men egitea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiei ere, oinarriok interpretatzean sor liteken edozein zalantzaren aurrean.

8._Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iragarkiaren kodea: L0604940