41. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Euskarazko XIX. Literatur Lehiaketa, Iruña eta Iruñerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendua

Iruñeko Udalak, euskarazko XIX. Literatur Lehiaketa deitu du, norgehiagokaren araubidean, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleendako, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman da argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zk.an.

1._Xedea.

Lehiaketa honen xedea Iruñeko eta Iruñerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da, 2. puntuan zehaztutako ipuin eta komiki modalitateetan.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta euskaraz idatziak.

2._Modalitateak.

Hona, modalitateak eta kategoriak:

_Ipuinak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

B kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak.

C kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

D kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

_Komikiak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

B kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

3._Diru zuzkidura.

Deialdi honi 4.380,00 euro esleitu zaio, gehienez ere, sarietarako, eta 2.300,00 euro, plaketarako, Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorreko 5045140 / 480000 kontusailaren kargura.

Ondoko sariak ezarri dira, kategoria bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

Lehen saria: Plaka oroigarria eta 320 euroko eskolako materialen sorta, ikastetxerako, eta plaka oroigarria eta 160 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Bigarren saria: Plaka oroigarria eta 110 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Hirugarren saria: Plaka oroigarria eta 85 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Laugarren saria: Plaka oroigarria eta 55 euroko eskola-materialen sorta, egilearendako.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

4._Izangaien betekizunak.

Iruñeko eta Iruñerriko ikastetxe publiko eta pribatuetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko (DBHko 1. eta 2. mailak) ikasleek hartzen ahalko dute parte.

Ikastetxe parte-hartzaileek gehienez ere bost (5) lan aurkeztuko dituzte, aurreko kategoria eta modalitateetako ikas-talde bakoitzeko, ikastetxeak aldez aurretik hautatuta.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

5._Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lanak ikastetxeek aurkeztuko dituzte, eta ondoko luzera izanen dute:

_Ipuinak:

A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailak): Gehienez ere bi (2) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailak): Gehienez ere hiru orri (3), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

C kategoria ( Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): Gehienez ere lau (4) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

D kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): Gehienez ere sei orri (6), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

_Komikiak:

A kategoria ( Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): Gehienez ere hiru orri (3), DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

B kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): Gehienez ere lau (4) orri, DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta euskaraz idatziak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Lanak Iruñeko Udalaren Kulturako Alorrean (Descalzos k., 72) aurkeztu behar dira, ondoko eran:

Iruñeko udalaren euskarazko XIX. literatur lehiaketa, haurrendako

Lan-modalitatea:

Zein kategoriatarako:

Lanaren izenburua:

Egilearen ikurritza edo izenordea:

Gutunazalaren barnean, lanaz gain, beste gutunazal itxi bat sartuko da, egilearen ikurritzaz edo izenordeaz errotulatua, non egilearen datuak sartuko baitira: izen-deiturak, helbidea, telefonoa, ikasmaila eta ikastetxea.

6._Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Kulturako Zinegotzi Delegatua, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Epaimahaikideak:

_Hizkuntza eta Literaturako irakasle bat, Kulturako Zinegotzi Delegatuak izendatua.

_Haurren espresio plastikoko aditu bat, Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatuak izendatua.

_Euskaltzaindiaren ordezkari bat.

_Udalaren euskara koordinatzailea.

Idazkaria: Kulturako Alorreko zuzendariak izendatuko du.

Baldin eta sari bat egile batek baino gehiagok egindako lan bati ematen bazaio, "ex aequo" banatuko da, egileen artean.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du modalitatate eta kategoria ezberdinetako edoizein sari.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko, horren gainean ebatz dezan.

7._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Saria emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Saritu gabeko lanak Iruñeko Udalaren Kulturako Alorretik (Descalzos k., 2,2.a) erretiratu ahalko dira, lehiaketaren epaia argitara eman eta hurrengo hilabetea bitarte. Aipatu datan erretiratu ez badira, Iruñeko Udalak nahi bezala erabili ahal izanen ditu lan horiek.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatzeko aldera. Aurrekoak berariaz hartzen ditu barne lanak on-line igorri eta transmititzea, eta horiek eskura paratzea, internet tankerako sare digital elkarreragileen bidez.

Lehiaketa honetan parte-hartzeak berekin dakar OINARRI hauei dauden-daudenean men egitea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiei ere, oinarriok interpretatzean sor liteken edozein zalantzaren aurrean.

8._Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2006ko martxoaren 15ean._Iruñeko Udalaren Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatua.

Iragarkiaren kodea: L0604880