4. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

203/2005 FORU AGINDUA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) erdiesteko 2005ean egin ziren probak gainditu zituztenei agiri hori emateko baimena ematen du.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak, 1535/1985 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) sortu zuen.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak, abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduaren bidez, Euskara Zerbitzuari esleitu zizkion EGA titulua lortzeko probak prestatu, egin eta zuzentzeko eginkizun teknikoak.

Gaur egun, EGA agiria ondoko bideetakoren bat erabiliz erdiets daiteke:

1._EGA agiria erdiesteko deialdi irekiko probak gaindituz (azaroaren 16ko 318/2004 Foru Aginduak araututako probak). 2005ean bi deialdi egin dira: bata apirilean eta bestea irailean.

2._Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasketak (gehienak edo den-denak) euskaraz eginez. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du esanaz izangaiak EGA titulua emateko euskara maila nahikoa duela.

2005. urteari dagozkion prozesuak bukatu dira. Beraz, Euskara Zerbitzuak prozesu horiek gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea proposatu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.c) eta d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea 2005ean titulu hori lortzeko probak txanda irekian gainditu zituzten pertsonei. Foru agindu honetako I. eranskinean proba horiek gainditu zituztenen zerrenda ageri da.

2. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea 2004/2005 ikasturtean Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasketak bukatu dituzten ikasleei. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du eta bertan adierazi ikasleak ikasketak (gehienak edo den-denak) euskaraz egin dituela eta EGA titulua eskuratzeko euskara maila nahikoa duela. Aipatu baldintzak betetzen dituztenen zerrenda foru agindu honen II. eranskinean dago.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Eranskinak interesatuen eskura daude Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuan.

4. Foru agindu hau eta bere eranskinak Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzura igortzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2005eko abenduaren 5ean._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0524523