4. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

0579/2005 FORU AGINDUA, azaroaren 18koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, "N-121-A errepidea, Bera-Endarlatsa tartea" izeneko proiektuari buruzko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak eta haren Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsiak) ezartzen dutenaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazioaren ebazpena eman aurretik.

"N-121-A errepidea, Bera-Endarlatsa tartea" izeneko agirian aurkeztu den trazadura berriko errepide proiektua aipatu 6/2001 Legearen I. eranskineko 6. multzoko a) atalaren 1. puntuan sartzen da eta, hortaz, 1.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio prozedura behar du.

Prozedurari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala biltzen zituen espedientea aurkeztu zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan.

Eraginaren Deklarazio honen I. eranskinean laburbilduta ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, aztertu diren alternatiba guztietakoak. II. eranskinean, berriz, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko alderik aipagarrienak bildu dira.

Alternatibei buruzko azterlanaren xede izan den iraganbideak ibar hondoan Europar Batasunaren Intereseko Leku bat du: "Bidasoa ibaia" BIL ES2200014. Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren (1997/1995 Errege Dekretuaren bidez emanaren) 6. artikulua aplikatuz, Natura 2000 Sarearen gaineko ingurumeneko ondorioak ebaluatzeko azterlana egin da. Hautatu den alternatiba justifikatu da eta konpentsazio neurriak proposatu.

Dokumentazioa osorik zegoenez, Nafarroako Gobernuak, 2003ko uztailaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri zuen, hilabetez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren espedientea, Udalez gaindiko Eraginaren Proiektu Sektorialarekin batera. Erabaki hartan berean Departamentu sustatzaileari eskatu zitzaion dokumentazioa osa zezala, Bidasoa ibaiko BILaren gaineko eraginen inguruan hartu beharreko aurreneurriak eta zuzenketa zein konpentsazio neurriak zehazteari lotutako zenbait alderditan. Erabaki hura 2003ko 109. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 27an. Jendaurreko aldian ez zen eraginaren ebaluazioari buruzko alegaziorik jaso.

1131/1988 Errege Dekretuko 16. artikuluarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2005eko martxoaren 18an, espedientea igorri zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari. Espediente horretan biltzen dira Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentu teknikoa, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana, jendaurreko aldiaren emaitza eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren osagarri den dokumentazioa, zeinean garatzen baitira Gobernuaren 2003ko uztailaren 15eko Erabakian eskatutako alderdi guztiak.

Dokumentazio osagarrian informazio zehatza ematen da intereseko tartean ukitzen diren habitaten ezaugarriei eta azalerari buruz. Eraginaren azterlanean proposatutako neurri zuzentzaileen kokalekua eta diseinua zehazten da, bereziki faunaren iraganbideak, bazter utzitako errepide eremuak leheneratzea, ibaian jarriko diren pilareen kokalekua eta landare baliotsuak birlandatzeko aurreikusi diren eremuak. BILaren gaineko eragina konpentsatzeko neurriei dagokienez, landare aloktonoak kendu eta berriz haltzadia zabaltzeko eremuak zeintzuk izanen diren zehaztu da, 0+720 k.p.aren ondoko zentral hidroelektrikoko presan arrainentzako arrapala eginen da, eta 1+600 eta 2+700 k.p.en arteko toki batean arrabaleku bat egokituko. Hondeaketako lurra botatzeko eremu bat prestatuko da Berako mugapean, eta ukituko den eremua nola erabili eta nola leheneratuko den zehaztuko da.

Bidasoa ibaiko BILaren gaineko eraginari dagokionez ondorioztatu da neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren obra bateragarria izanen dela eremu horretako balioak zaintzearekin; hots, eremu hori Natura 2000 Sarean sartzeko proposamena sorrarazi zuten balioekin.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluak adostasuneko txostena eman du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio proposamenari buruz.

Ingurumen zuzendari nagusiak adierazi du, tramitean agertu dokumentazioa aztertu eta gero, proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; hortaz, espedientea azterturik, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuari eta 1131/1988 Errege Dekretuko 4.1, 16.1 eta 18. artikuluei jarraikiz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, horrekin batera, proiektua gauzatu daitekeela adieraztea, ingurumenari dagokionez.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioko eginkizunak esleitzeari buruzko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "N-121-A errepidea, Bera-Endarlatsa tartea" izeneko proiektuari buruzko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea, ingurumenari dagokionez soilik, baldintza hauek betez betiere:

a) Obrak hasi aurretik ingurumeneko jarraipen batzorde bat eratuko da, eta bere zeregina izanen da proiektua ingurumenean ongi integratzen den eta egoki garatzen den begiratzea, kontuan hartuta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, horren osagarria den dokumentazioan eta ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio honetako baldintzetan ezarritakoa.

b) Ingurumena Zaintzeko Programa aurkeztuko da, obra aldirako eta autobiaren erabilera aldirako prestatuta, IEAn aurkeztutako Ingurumena Zaintzeko Programan ageri diren jarraibideekin bat. Programa horren bidez eraginak kontrolatzen ahalko dira, bai eta Eraginaren Azterlanean eta Deklarazioaren baldintzetan ezarritako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna ere.

c) Ingurumena Zaintzeko Programan zehaztuko da ibaiaren ibilgua ukituko duten edo batez ere ibaiko uraren kalitatean eragina izanen duten lanak zein garai eta alditan egin beharko diren. Arrabaroa, arrainkumeen inkubazio eta sortze aldiak, gazteen migrazioaldia eta helduen ugalaldia hartuko dira kontuan.

Makinek zer lan egin behar duten bilduko du eraikuntza proiektuak ibaiaren ibilguan eragina izan dezaketen puntu guztietan. Ibaia gurutzatu beharrik izan gabe zein tokitan eginen den lan zehaztuko da.

Arrabalekuaren egokitzapena, konpentsazio neurri gisa proposatutakoa, ibaiaren azken egoera baloratu eta ingurumeneko jarraipen batzordeari txostena igorri ondoren soilik eginen da.

d) Obrak egin aurretik, egin bitartean eta egin ondoren hartzen diren neurrien xedea da eraginak ahalik eta txikienak izatea eta landaredia leheneratzea, hondatzen den tokietan. Neurri horien artean, aipagarri ditugu:

_Zuhurtziazko neurriak hartzea obrak egin bitartean: obra eremua murriztea, makina eta langileen alferrikako mugimenduak saihestea, etab., naturguneak ahalik eta gutxien honda daitezen.

_Ur bazterreko landaredia sartzea eta dagoenaren kontserbazio egoera hobetzea.

_Lubetetan eta lur-erauzketetan bertako espezieak sartzea.

_Sastrakak kentzean ukitzen diren zuhaitz bereziak atera eta tokiz aldatzea.

e) Obra osagarri edo aldi baterako guztiek ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana beharko dute, eta gero leheneratze lana egin beharko da.

f) Landareztatze proiektua ere aurkeztu beharko da onets dadin, eta Ingurumena Zaintzeko Programan jasotako oharrak bilduko ditu. Horretarako, ezponda guztietan bertako espezieekin tratamendua egiten ahal dela beharko du bermatu eraikuntza proiektuak. Ahal dela, ezponda guztietan ez da 2H:1V malda baino handiagorik eginen.

g) IEAn aurkeztutako neurri zuzentzaileak erantsiko zaizkio obren agindu tekniko partikularren agiriari, bai eta Deklaraziokoak eta Zainketa Programa betetzearen ondoriozko jarduerak ere. Horietan guztietan memoria, planoak eta aurrekontua agertuko dira. Ingurumena Zaintzeko Planak sortzen dituen gastuak baloratuko dira.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Foru agindu hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Berako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko azaroaren 18an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da N-121-A errepideko azken tartea egitea, Berako hirigunearen irteeratik Endarlatsako zubiraino, Lesakako eta Berako udal mugapeetan.

Alternatiben azterlanaren xedea da 4 km horietarako teknikoki eta ingurumenaren aldetik egokiena den konponbidea hautatzea, Endarlatsako zubia kenduta, baina Gipuzkoarekin lotzeko konponbidea aurreikusita utzita.

Aztertu diren alternatibak bi multzo handitan bana daitezke:

1._Oraingo galtzada ahalik eta gehien aprobetxatzen duten alternatibak; ondoko lurrak gutxiago ukitzen dira baina egiteko zailagoa da, bertako trafikoarekin interferentziak sortzen direlako.

2._Trazadura berriko alternatibak, hasierako eta bukaerako puntuekiko loturak izan ezik. Aukera hau askoz errazagoa da egiteko, baino eremu berriak ukitzen ditu.

Azterlanean bost alternatiba agertzen dira; hiru Bidasoaren eskuinaldetik (A1, A2 eta A3 izeneko alternatibak), funtsean oraingo errepidearen trazadura aprobetxatuz, eta bi ezkerraldetik (A4 eta A5 alternatibak).

A5 izeneko alternatiba ez dator bat Bidasoa ibaiaren ibilgu bihurgunetsuaren topografiarekin, eta trazadura zuzen samarra du 1.300 m-ko tunel baten bidez. A4 alternatibak trazaduraren parte handi samar batean Bidasoako trenbidearen plataforma hartzen du.

Alternatiba guztiek Berako saihesbidearen bukaeran dute hasiera, eta denak Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugan bukatzen dira, baina Nafarroaren barnean, Endarlatsako zubiaren aurretik. Zubi horretan zubibidea egitea aurreikusita dago.

Horri loturik, trazadura diseinatzerakoan irizpide hauek hartu dira kontuan:

_Natur ingurunearen gaineko eragina ahalik eta txikiena izatea eta, bereziki, "Bidasoa ibaia" izeneko Europar Batasunaren Intereseko Lekuaren gainekoa (Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren babesean sortua).

_Oraingo bide azpiegitura ahalik eta gehien aprobetxatzea eta, aldizka, bertako bideetan lur-berdinketa egitea.

_Oraingo sarbideak mantentzea edo berriz egitea, kontuan hartuta, bestalde, hirigintzako udal planeamenduan gerorako aurreikusten diren sarbideak.

_Habitat salmonikolako eremu sentiberenak ez ukitzen saiatzea, Bidasoa ibaian pilareak jarri behar direnean.

_Zubien estribuak ibaiaren ibilgutik ahalik eta urrunen jartzea, bertako landareak epe ertainean leheneratzeko.

_Egiturak ekologiaren eta paisaiaren aldetik egokiro integratuko direla bermatuko duten zuzenketa eta konpentsazio neurriak hartzea.

Aztertu eta teknikoki garatu diren bost alternatibez gain, "0 alternatiba" kontuan hartu da modu osagarrian. Alternatiba horren arabera oraingo errepidea mantenduko litzateke trazaduran zenbait hobekuntza eginez, obra eta inbertsio ekonomiko handirik behar izan gabe. "0 alternatiba" hori baztertu egin da, uste baita horren bidez ez dela bidea nahi bezala hobetzen, abiaburuko baldintzen arabera.

A-1, A-2 eta A-3 alternatibek antzeko trazadura dute, Bidasoa ibaiaren eskuinaldetik _oraingo galtzada ahal den neurrian aprobetxatuz, beraz_, erdialdeko tartean izan ezik (non ibaiak 90 graduko angelua duen); toki horretan errepidearen bihurguneari erradio egokia eman behar zaionez, ezinbestekoa da ibaia tarte horretan bi puntutan gurutzatzea. Alternatiba horiek aurrera eramanez gero linea elektriko bat eta telefoniako beste bat ukituko dira eta, beraz, berriz jarri beharko.

Hiru alternatiba horiek oro har antzekoak badira ere, egituraren eta funtzionaltasunaren aldetik oinarrizko elementu hauek dituzte bereizgarri:

_A-1 alternatiba: bat dator 1998ko Azterlanean hautatu zenarekin ("N-121-A errepideko Bera-Behobia tartearen aurretiko azterlana" izenekoa). 200 metro luze den tunel bat dauka Bidasoa ibaia gurutzatzen duten bi zubibideren artean (140 eta 180 metro, hurrenez hurren); hortaz, tunelean bi errei bakarrik izanen liratekeenez, egoera horixe izanen luke egitura-tunela-egitura tarte guztiak. Obrak egitean trafikoan izanen lukeen eragina da eragozpenik handiena.

_A-2 alternatiba: alternatiba hau aurrekoa puntualki hobetzen saiatzen da. Lur-erauzketa batzuk saihesten dira, tunela 20 metro murrizten da eta bigarren zubibidea 80 metro, baina egitura-tunela-egitura tartea bi erreirekin mantenduz. Muga horiek toki horretako bihurgunearen erradioa ere murriztera behartzen dute.

_A-3 alternatiba: alternatiba honek, oraingo errepidea ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen bada ere, 600 metroko luzerako bide bat du paraleloan, obra garaian trafikoa parte batean errazteko. Era berean, tunelaren ordez lur-erauzketa bat izanen da eta horren bitartez bide berriaren sekzioa hiru erreirekin mantentzen ahalko da, baina zubibideak luzeagoak izanen dira. Lehengo trenbidearen "bide berdea" maila desberdinean gurutzatzen da bi puntutan eta ez dago, beraz, berriz ezarri beharrik.

_A-4 alternatiba, ibaiko bihurgunetik hasita, ibaiaren ezkerraldetik doa, lehen aipatu den "bide berdearen" lur-berdinketa aprobetxatuz; 240 metroko tunela du eta bi zubibide, bakoitza 160 metrokoa. Alternatiba horrek zuntz optikoaren instalazioa eta Lesaka-Irun gasbidea ukituko lituzke, bi azpiegitura horiek "bide berdearen" plataformatik pasatzen baitira.

_A-5 alternatiba gainerakoei kontrajartzen zaie, erabat bereizten baita egungo errepidetik, eta gehienbat 1.300 metroko tunelaren bidez eginen baita trazadura. Tunelak eta ibaiaren angelu zuzeneko bi aldeek osatzen duten triangeluaren hipotenusa da hori. Ibaia, aurreko konponbideetan bezala, zubibidez gurutzatzen da bi puntutan. Konponbide honek 19.388.647,85 euroko kostua du, A1, A2 eta A3 konponbideen kostuaren bi halako baino zertxobait gutxiago.

Irizpide anitzen bidezko azterketa egin ondoren, Azterlanak ondorioztatzen du ingurumenaren, ekonomiaren eta funtzionalitatearen ikuspegietatik begiratuta A-3 alternatiba dela egokiena: hori hautatuta ahalik eta gehien aprobetxatzen da N-121-A errepidea, bai eta oraingo bideen lur-berdinketak ere, eta bigarren kasu horretan gutxitu egiten da trafikoan izanen duen eragina; ez dago tunela egin beharrik, eta hori eraikuntza kostuarentzako mesede da; bideak tarte guztian izanen duen funtzionaltasuna mantentzen da, hiru erreiko sekzio eten gabea ahalbidetzen baitu; eta etorkizuneko "bide berdea" ukitzen ez duen alternatiba bakarra da, nahiz eta azpiegitura berria ikusi, ikusiko den.

2. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Azterlana. Alternatibak ingurumenaren aldetik aztertzea

Alternatiben azterlana xehetasunez aztertu eta gero ingurune hartzailearen gaineko eragina azal daiteke, epigrafe honetan ageri den natur ingurunearen atalean bereziki.

A-5 alternatiba da hobekien baloratzen dena ingurumenaren arloko konputu orokorrean eta kontuan hartu diren ingurune hartzaileko ataletan (abiotikoa eta biotikoa): geomorfologia eta lurzoruak, klima, atmosfera, landaredia, naturgune babestuak-Bidasoako BILa. Alternatiba egokiena da tunel luze bat dagoelako eta gutxi ukitzen direlako habitatak eta paisaia.

Naturgune babestuen eta, zehazki, "Bidasoa ibaia" izeneko BILaren gaineko eraginari dagokionez, eragina moderatutzat jotzen duen alternatiba bakarra da (puntuazioa 4,5). Gainerako alternatiba guztien eragina larritzat jotzen da (2,1etik 2,3ra bitarteko puntuazioak). Era berean, alternatiba onena da paisaren aldetik, eragin bateragarria baitu (puntuazioa 7,3). Animalien iraganbideei dagokienez, tarteko balorazioa du.

Faunaren atalean puntuazio orokor baxuena dauka, okerrena baita A4 alternatibakoarekin batera (puntuazioa 3,5).

Faunaren gaineko eraginaren azterketa xehea egin da, eraginaren balio orokorra kalkulatzeko batez besteko ponderatua osatzen duten hiru osagaien gainean: habitat salmonikolaren gaineko eragina, lurreko landarediaren gaineko eragina (habitata galtzea) eta faunaren iraganbideen gaineko eragina (mugigarritasuna). Habitat salmonikolaren gaineko eragina (ponderazio koefiziente altuenarekin, 0,5) baterako balorazioaren behe posizioa zehazten duena da. Lurreko landarediaren gaineko eragina alderatu diren alternatiba guztietako txikiena da; emandako puntuazioan (7,4) diferentzia handi samarra dago, 5,1etik 5,6ra bitarte baloratzen diren gainerako lau alternatiben aldean.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik, alternatiba honen berezitasunik handiena "Pozo de los Cincuenta" izeneko eremua gurutzatzen duen azken zubibidea da, Endarlatsako presatik behera, hori baita izokinaren programa kudeatzeko punturik sentiberenetakoa. Zehazkiago, putzuaren goiko azpitartean dago egitura, presaren ondoan. Uste da modu osagarrian ukitzen ahal dela ondoko arrabalekua, putzua bitan banatzen duena, ibaian behera. Habitat salmonikolaren gaineko eragin orokorra, 1eko balioarekin, larritzat jotzen da. A2 (puntuazioa 3), A3 (puntuazioa 2,5) eta A4 (puntuazioa 3) alternatibak ere eragin larriko sailean sartzen dira (puntuazioa 0,1-3), baina ez dute ukitzen "Pozo de los 50" eremua. A1 alternatiba (puntuazioa 3,5) da eragin moderatua duen bakarra.

Ingurumenaren ikuspegi orokorretik begiratuta besteak baina egokiagoa izan arren, funtzionaltasunaren (lotura eta iragazkortasuna) eta ezarpen kostuaren ikuspegitik desegokiena da. A5 alternatiba baztertu egin da azkenik eta, horregatik, ez dira azterketa osagarriak aurkeztu, hala nola zuzenketa neurriak, eragina gutxitzeko neurriak eta egokitzapenekoak ingurune biotikoan eragin gutxiago izanen duen trazadura baterako eta, bereziki, izokinarentzat kritikoa den "Pozo de los 50" eremurako.

A4 alternatibak, gehienbat Bidasoaren ezkerraldetik doanak, balorazio txarrena du ingurune abiotikoaren aldetik, bereziki hidrologian duen eraginagatik, gurutzatzen dituen erreken kopurua dela eta. Ingurune biotikoari dagokionez, puntuazio txarrena du landarediaren sailean (puntuazioa 4,6), eragin moderatuarekin, eta faunarenean (puntuazioa 3,5). Faunan kontuan hartu diren hiru atalen artean, faunarendako iraganbidea da balorazio txarrena duena, eragin larria baitu (puntuazioa 3). Habitat salmonikolarentzat ere larria da (puntuazioa 3). Bidasoako BILari dagokionez, alternatiba honek eragin larria sortzen du (puntuazioa 2,2), eta paisaiaren ikuspegitik, berriz, eragin bateragarria (puntuazioa 7,1).

Puntuazio txarrena du atal sozioekonomikoan eta ondarekoan, Bidasoan noizbait egiten ahal den bide berdeari dagokionez batik bat. Horiek horrela, irizpide anitzeko azterketan balorazio baxua du eta ez da ontzat hartu trazadura.

A1 alternatibak, batez ere ibaiaren ezkerraldetik hedatuko diren alternatiben azterketaren barnean eta natur ingurunearen gainerako eraginen aldetik, moderatuak ditu eragin guztiak, BILaren gainekoa izan ezik, larria baita, A1etik A4ra bitarteko alternatiba guztietan bezala. A1 alternatiba, 2,3ko balioarekin, A3a bezalakoa da eta A4aren antzekoa (2,2). A2 alternatibak eragin handiagoa du (puntuazioa 2,1). Ingurune abiotikoaren gaineko eraginen atalak banakatuta, puntuazio txarrena duten bietako bat da, eta ingurune biotikoan, berriz, alternatiba guztien artean puntuazio txarrenekoa, nahiz eta balorazio onena duen, A2arekin batera, faunaren gaineko eraginean. Landaredian duen eragina moderatutzat jotzen da (puntuazioa 4,7), eta A4arekin batera (puntuazioa 4,6), desegokienetakoa da.

Modu osagarrian, ebaluazio txarrena duten bietako bat da ondarearen gaineko eraginaren aldetik. Irizpide anitzeko azterketan, laugarrena da balorazio orokorraren arabera eta, beraz, ez da ontzat hartu.

A2 alternatiba, ingurune hartzaileari dagokionez, bigarren posizioan dago, A5 alternatibaren atzetik. Gainerako alternatiben aldean duen diferentzia nagusia da puntuazio txarrena izatea "Bidasoa ibaia" izeneko BILaren gaineko eraginean, larritzat jotzen baita (puntuazioa 2,1). Modu osagarrian aipatu behar da alternatiba onena dela faunaren gaineko eraginen aldetik, eta balio moderatuak dituela aztertu diren hiru eraginetan eta azterketa sozioekonomikoan.

A3 alternatibak, azkenik hautatu denak, tarteko balorazioa du ingurune abiotikoaren atalean. Eraginaren azterketa xeheak erakusten du geomorfologian eta lurzoruetan, kliman eta hidrologian balorazio txarrena dutenetako bat dela. Ingurune biotikoari dagokionez, bi txarrenetako bat da. Oro har, natur inguruneari begira, Bidasoaren eskuinaldeko hiru alternatibetako txarrena da. Faunaren arloan, eskuinaldeko hiruen artean kalifikazio txarrena du, eta A4 alternatibaren ondoren puntuazio okerrena. Landarediaren arloan ere, A2arekin batera, ibaiaren alde horretako txarrena eta paisaiaren arloan, A1a baino zertxobait hobea. Azkenik, Bidasoako BILaren gaineko eraginari dagokionez, eskuinaldeko hiruen artean okerren baloratuena da, A1arekin batera (eragin larria).

Irizpide anitzeko azterketako gainerako atalak kontuan harturik, alternatiba honek du balorazio onena ikuspegi ekonomikotik begiratuta, eta eskuinaldeko hiruen artean balorazio onena du funtzionaltasunaren irizpideari jarraikiz, hiru errei izanen baititu ibilbide osoan. Hortaz, alternatiba hau hautatzen da irizpide anitzeko azterketaren arabera.

Hautatutako alternatibaren eragin handienak

Landarediaren arloan, ukitzen diren habitat garrantzitsuenak haltzadia eta errekarrien eremuan sortzen diren landareak dira, lehentasunezko habitatak baitira 92/43/EE Zuzentarauan, bai eta txilardi-otadiak eta ezpeldiak ere, horiek lehentasunezkotzat jotzen ez diren habitatak. Egindako azterketak azaltzen du formazio lauroideoek ere garrantzia dutela, ibar kantauriarretan bereziak eta bakanak baitira; eremu horretako elementu paleotropikal ugari dute eta batez ere Montoia alderdian ageri dira, non espezie bakan horien 1.193 m² ukitzen diren. Azterlanak kontserbaziorako baliorik handiena ematen die. Azterlanak, azkenik, sakanetako harizti ezpeldunen eta flora paleotropikala duten harkaitz eremuetako ezpeldien originaltasuna nabarmentzen du, eta balio handikotzat jotzen ditu kontserbazioari begira. "Bidasoa ibaia" izeneko BILaren gaineko eraginak berarekin dakar Bidasoako iraganbide biologikoaren barneko komunitate multzo horrek jasan beharreko eragin maila kontuan hartu beharra.

Faunaren atalean nabarmendu beharrekoa da izokinaren gaineko eragina eta, zehazki, Bidasoa ibaiaren lehenbiziko gurutzagunaren eremukoa, espezie horrentzako garrantzizkoak diren eremuak A1 eta A2 alternatibetan baino gehiago ukitzen direlako. Lurreko habitaten gaineko eraginaren azterlanak lurreko landarediari buruz egindakoa du oinarri, eta lehen aipatu diren oharren antzekoak dauzka. Faunaren azterlaneko hirugarren atalari dagokionez (faunarentzako iraganbideak oztopatzea, ezkerraldeko tunelaren ordez lur-erauzketa handi bat egitea), mendiaren eta ibaiaren arteko iragazgaiztasun handiagoa dakar, baina inguru horretako topografian malda handiak daudenez, funtzionaltasun gutxi du iraganbide gisa.

Modu osagarrian azaltzen da eragin gutxi duela Bidasoako trenaren etorkizuneko bide berdean, maila desberdinean gurutzatzen baitu.

Neurri zuzentzaile garrantzitsuenak

Azterlanean bildu diren neurri babesle eta zuzentzaileek berekin dakarte eremu salmonikolaren gaineko eraginak dituen aldi kritikoei buruzko oharrak egitea, ibaiaren gaineko pasabideetako obrak desegokiena ez den garaian egin daitezen. Halaber, azpimarratu egiten da lurzoruak eta landaredia babestearen inguruan elementu osagarriek _aldi batekoek eta iraunkorrek_ zein kokaleku izanen duten; hots, baimendutako zein eremutan jarriko diren, bereziki, makinak, materialen biltegiak, saneamendu sistemak, harrobietako elementuak, lur maileguak, sarbideak, zabortegiak eta hondarrak.

Ukipenei aurrea hartzeko, alderdi horiei guztiei buruzko xehetasun azterlana behar da eta bertan azaldu non egonen den debekatuta ingurunea aldatzea eta zeintzuk izanen diren eremu murriztuak, non aldi bateko erabilera onartuko den eremua orain dagoen bezala uzteko. Eraikuntza Proiektuan garatuko den azterlan hori zehatz egiaztatuko da zuinketan, espero daitekeen gutxieneko ukipena frogatuz. Inguru hori erraz erretzen ahal denez eta eraikuntza jarduerak suteak sortzeko arriskua duenez, egokitzat jotzen diren neurriak hartu behar direla azaldu da.

Inguru hori landaketak eginez, landareztatuz eta hidroereintzaren bidez ekologikoki eta paisaiaren aldetik integratu ahal izateko, zuhur jokatu behar da espezieak hautatzerakoan, integraziorako egokiak izateaz gainera bertako landareekin lehian eta haien gainetik gailentzen has ez daitezen. Ezponda berrien tratamenduak aukera ematen du inguru horretan berez sortzen diren komunitate berezien habitata birsortzeko.

Aurreikusita dago ale urtetsuak banan-banan babestea, bai eta beren ingurua eta bertan izaten diren kiropteroak, hegaztiak eta fauna oihandarra ere eta, halaber, zuhaitz garrantzitsuak birlandatzea; babes hori zabalduko da inguru horretan bakan agertzen diren edo bereziak diren zuhaixketara eta belar-taxonetara, halakoxeak baitira, esate baterako, formazio lauroideoak dituzten lekuneetako flora eta azken tarteko ezpondetako Phyllirea angustifoliaren ale nabarmenak. Bertako espezieak erabiltzea gomendatzen da, funtsezkoa delako BILean lortu nahi diren emaitzetara iristeko, batik bat ibaiertzetan eta ondoko eremuetan.

Lurreko fauna babesteko aurreneurrien eta neurri zuzentzaileen artean beharrezkoa da, bereziki, beren habitat naturalak ahalik eta gutxien okupatzea, faunaren iraganbideetan landaketak egitea eta horien kopurua, kokalekua eta diseinua ongi zehaztea, garrantzi handiko lotura baitago lurreko oihan habitaten eta ibai bazterrekoen artean, anfibioen kasuan batez ere.

Proposatzen diren aurreneurri eta neurri zuzentzaile guztiak hartuta ere, Proiektuak hondarreko eragina izanen du "Bidasoa ibaia" izeneko BILaren deklarazioa egiteko oinarri izan ziren balioetan. Aurreikuspenak aurkeztu dira 92/43/EEE Zuzentarauko 6. artikuluak eta transposizioari buruzko 1997/1995 Errege Dekretuak aipatzen dituzten neurri konpentsatzaileei buruz, Bidasoa ibaiko BILari dagokionean. Azterlanean neurri batzuk proposatu dira, azkenean hartuko direnen oinarri moduan erabili ahal izateko. Ibarbasoaren leheneratzea, BILaren funtsezko balioetako bat baita, bai berez duen balioagatik bai bere babes funtzioagatik, eta ibai bazterreko espezie batzuen habitata izateagatik (igaraba, ur-ipurtatsa eta desmana). Eragin hori konpentsatzeko modurik onena da ur bazterreko landaredia handitzea eta landaredi horren kontserbazio egoera hobetzea zuzenean ukituta ez dauden eremuetan. Horretarako, espezie aloktonoen landaketak (hala nola itzaleko platanoak) eta Bidasoa ibaiaren bazterreko sastraka nitrofilo batzuk erabiltzen ahal dira. Formazio horiek lurzoru sakonak hartzen dituzte ibaiertz lauetan, haltzadientzako eremu egokietan, alegia. Beste neurri egoki bat da haltzadiaren eta harizti eutrofikoaren naturaltasun maila hobetzea, zurezko espezie exotikoak desagertaraziz eta horien ordez bertako espezieak bultzatuz.

1989az geroztik indarrean den Errekuperazio Planaren bitartez izokin arrunta errekuperatzeko dirulaguntza ere planteatu da neurri konpentsatzaile gisa; zenbait jarduketa ildo ditu, ondorio zuzenak eta zeharkakoak izanen dituztenak espeziearen eta bere habitataren hobekuntzan.

Azkenik, Eraikuntza Proiektuan zehaztu beharreko neurri zuzentzaile batzuk proposatu dira. Atal hauek biltzen dira:

Ingurune hidrologikoa babesteko neurriak eta, horien artean, xehetasun azterlanen aurreikuspen batzuk, Eraikuntza Proiektuan garatu beharrekoak.

Paisaian integratzeko neurriek beharrezkoa dute berariazko proiektu bat, Eraikuntza Proiektuaren osagarri, exekuzio moduan gara daitezen landare lurraren eta aurreikusitako landareztatzeen kudeaketarako neurriak.

Lurreko faunarendako neurri zuzentzaileak, obra planean ageri diren ekintza erasokorrenak mugatuko dituztenak, drainatze obren eraikuntza parametroak finkatzeari begira hartu behar dira ornodunen pasabidea ahalbidetzeko, bai eta faunaren pasabideetan erakarpen handiena duten sistemak finkatzeko ere.

Modu osagarrian, ondare historikoa babesteko neurriak eta zortasunak berrezartzekoak zehaztuko dira.

Aginduzkoa den Ingurumena Zaintzeko Plana (IZP) ageri da azterlanean. Plan hori obren fasean eta ustiapen aldian garatuko da, aipatu diren kapituluei loturik. Halaber, IZParen jarraipenerako txostenak egiteari buruzko aurreikuspenak bildu dira eta, bereziki, Ingurumen Departamentuari eman beharrekoak.

Horiek horrela, eta azaldutakoa laburbildurik, adierazi behar da hautatu den alternatibak ingurumenaren gainean izanen dituen ondorioak handiak direla eta leheneratzeko zailak.

Obrak Bidasoako iraganbidean barna eginen dira, ibaia edo ibaiertzeko landaredia zenbait puntutan gurutzatuz edo ukituz. Ibai baten egitura eta funtzionaltasun ekologikoa mantentzea ez da tarte zehatz horiek leheneratzea soilik; hori baino gehiago da. Obraren ukipena modu integralean aztertu behar da, ibaiaren ekosistema etenik gabeko elementu baten moduan hartuz, eta kontuan izanik toki jakin batzuetako ukipenek ibaian gora eta behera ukitzen dutela elementu hori (eta batzuetan tarte osoan). Gainera, ibaia luzetara ez ezik zeharka ere hartu behar da; izan ere, ibaiak eta ibaiertzeko basoek inguruko hariztiekin duten loturak ez du ibaiaren ibilguko prozesu ekologikoek (uretako flora eta faunaren lekualdatzea edo nutriente eta sedimentuen fluxua) baino garrantzi funtzional gutxiago.

Iragarkiaren kodea: F0522756