39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaleko legelari izateko bi lanpostu gora egiteko lehiaketa bidez betetzeko

Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako Alorreko zinegotzi delegatuak, 2006ko otsailaren 22ko 1/PR ebazpenaren bidez, honako arau hauek taxutzen duten deialdia onetsi zuen:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren legelari izateko bi lanpostu, gora egiteko lehiaketaren bidez betetzea, bata plantillako 1000301-19 zenbakikoa, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrean ari dadin, eta bestea, plantillako 100.301-22 zenbakikoa, Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorrean ari dadin. Deialdi hau honako hauen menean egonen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamendua, Tokiko Gobernuko Batzarrak 2005eko azaroaren 22an hartu erabakia, eta gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoa.

1.2. Deialdiko lanpostuak lortzen dituzten langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

1.3. Izendatzen den izangaiak destinoko tokian bizi beharko du eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko du helbidea.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A mailakoa izatea.

c) Lanpostuan sartzeko Zuzenbideko Lizentziatuaren titulua eta ez besterik eskatzen den lanpostu baterako izendatua izatea.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredua Iruñeko Udaleko Zuzeneko Kudeaketarako Bulegoan eskura daiteke (Casa Marceliano, Merkatuko karrika, 7-9), edo interneten, www.pamplona.net webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako kopiak, barne direlarik Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Ekonomiako, Lehendakaritzako eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Ekonomiako, Lehendakaritzako eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Lehiatzaile bazterturik gertatzen ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Iribas Sánchez de Boado jauna, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua.

Ordezkoa: Juan José Unzué Gaztelu, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Mahaikidea: Miguel Angel Cuesta Jorquera, Tokiko Gobernu Batzarraren Laguntzarako Organoko titularra.

Ordezkoa: Carmen Valer López, Iruñeko Udaleko legelaria.

Mahaikidea: Javier Horcada Baztán jauna, Iruñeko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ramón Mendiburu Belzunegui, Iruñeko Udaleko legelaria.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Juan Sáez Leclercq, Lehendakaritzako Alorreko legelaria.

Ordezkoa: María Victoria Borja Etayo, Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako legelaria.

Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunetan osatu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu guztiak, Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

c) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Lanpostuko eginkizunei eta edukiei buruzko proba teknikoa: gehienez 25 puntu.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horretan agertzen ahal dira gai batzuk, hala nola aurkeztutako merezimenduaren gainekoak edo txosten psikoteknikoaren emaitzari buruzkoak edota lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko mailari buruzkoa, merezimenduak eta txostena ikusita.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba praktikoa azaldu eta defendatzeko ekitaldira agertzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da, besterik gabe.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa jakiteko.

Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesatuek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Lehiatzaileei bidezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie epaimahaiak aurkezturiko merezimenduak zehazteko. Haiek gehienez ere hiru egun izanen dituzte horretarako, eskatzen zaienez geroztik. Argibide horiek ez diete izangaiei balioko froga osagarriak aurkezteko ez eta epaimahaiak puntu gehiago emateko ere.

7._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Merezimenduen lehiaketa amaitu ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu Iruñeko Udaleko iragarki oholean izangaiek lortutako puntuazioak, eta Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko, puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, zerrenda horrekin eta espediente osoarekin batera.

8._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak ebazpena emanen du epaimahaiak proposatzen dituen izangaiak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatzeko, legelari lanpostuan aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

9._Lehiatzaileek aurkeztutako agiriak.

Aurkezutako agiriak berreskuratu ahal izanen dira, halaxe eskatu ondotik eta eta erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, izendapena onesten duen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko otsailaren 22an._Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: .............; jaioteguna: ............; jaiotokia (udalerria/probintzia) ..............; naziotasuna: .............; egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............; posta kodea/herria: ...............; telefonoa: ............; laneko telefonoa: ...............

Datu administratiboak.

Administrazio egoera:

a) Egungo lanpostua

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua).

b) Egungo destinoa

Izenpetzen duenak adierazten du, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen dituela.

Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditu, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea Iruñeko Udaleko legelari lanpostua gora egiteko lehiaketa bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data: ............).

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrikako, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...(e)ko .........aren ...........(e)an

(Izenpea)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa, Iruñeko Udaleko legelari izateko lanpostua betetzeko lehiaketan

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan langile finko gisa egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren ariora baloratuko baitira.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3. Sektore publikoan prestakuntza-ekintzak antolatu edota halakoetan irakasle jardun: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera epaimahaiak baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: Besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusi zuzenak izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako gehieneko puntuazioa 25 puntukoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: L0603764