39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Zerbitzuburu izateko lanpostu huts bat eta Udal Bulegoetako mandatarien arduradun izateko beste lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuan

Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako Alorreko zinegotzi delegatuak, 2005eko otsailaren 23ko 3/PR ebazpenaren bidez, honako arau hauek taxutzen duten deialdia onetsi zuen:

A R A U A K

1._Xedea.

Deialdia iragartzen da lekualdatze lehiaketa bidez bi lanpostu huts hauek betetzeko: plantilla organikoan 300.500-7 zenbakia daraman zerbitzuburua, Hiri Kontserbazioko Alorrekoa, Iruñeko Udalaren zerbitzuan, eta mandatarien arduradun izatekoa, 305.700-1 zenbakiduna plantilla organikoan, Lehendakaritzako Alorrekoa.

2._Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.

Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, bai eta lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3._Aplikatu beharreko arauak.

Lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, merezimenduen baremoei buruz Tokiko Gobernu Batzordeak 2005eko azaroaren 22an emaniko erabakia, eta deialdiaren oinarriak.

4._Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailakoa izatea.

c) Zerbitzuburu, Hilerriko Administratzaile edo Mandatarien Arduradun lanpostuan aritzeko izendatu izatea.

Nahitaezko eszedentzian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute, halaber, lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5._Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

6._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

b) Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala kautoturik.

7._Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udaleko Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik gertatzen ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8._Epaimahaiko kideak.

Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:

Mahaiburua: Julio Sucunza Azcona, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Elizalde Urmeneta, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Batzordekideak: Iruñeko Udaleko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Irisarri Mateo, Lehendakaritzako Alorreko idazkari teknikoa.

Ordezkoa: Almudena Alonso Arteaga, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko idazkari teknikoa.

9._Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak eranskin gisa heldu den baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udaleko iragarki oholean lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost eguneko epea ezarriko du merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

10._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Iruñeko Udaleko Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuari igorriko dio espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, Lehendakaritzako Alorrak hartarako deitzen duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12._Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Iruñeko Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak behar den ebazpenaren bidez, lanpostuak esleituko dizkie dagozkien lehiatzaileei, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

13._Aurkezturiko agiriak.

13.1. Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpenaNafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

13.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

13.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat jarri baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

14._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko otsailaren 23an._Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako Alorreko zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

1. ERANSKINA

Izen-deiturak: ........................... Adinez nagusia ................................ NAN/nortasun agiria: .................................. Jaioteguna (urtea/hilabetea/eguna): ................................. Jaioterria (udalerria/probintzia): ................., naziotasuna: ......................, orain bizi den udalerria (kalea, zenbakia, eskailera, solairua): .................... Posta kodea/Herria: ................................... Telefonoa: ................. Laneko telefonoa: ...........................

_Datu administratiboak.

Administrazio egoera.

a) Egungo lanpostua

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua)

b) Egungo destinoa

Izenpetzen duenak adierazten du, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen dituela.

Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea Iruñeko Udaleko zerbitzuburu lanpostua edo baliokidea lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data: ............).

Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruñea).

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Izenpea)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa, Iruñeko Udaleko zerbitzuburu lanpostua edo baliokidea betetzeko lehiaketan

Merezimenduak baloratzeko baremoa.

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren ariora baloratuko baitira.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3. Sektore publikoan prestakuntza-ekintzak antolatu edota halakoetan irakasle jardun: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera epaimahaiak baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduek deialdiko lanpostuarekin zuzeneko zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntu izanen da gehienez.

Iragarkiaren kodea: L0603752