39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LIZARRA

Lizarrako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko espedientea, 2. poligonoko 40. lurzatian (Zaldu kaleko 13 zenbakia) irin fabrika izandakoa zaharberritzeko. Hirigintzako araudia

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren irailaren 10eko 1313/2003 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsi zen Lizarrako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra 2. poligonoko 40. lurzatian (Zaldu kaleko 13 zenbakia) aldatzeko espedientea, Joaquín Markuerkiaga Iriondo jaunak sustatua, irin fabrika izandakoa zaharberritzeko. Foru agindu hori 2003ko 126. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 1ean. Ondotik argitara ematen dira espedienteko hirigintzako arauak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Lizarran, 2006ko otsailaren 6an._Alkate udalburua, María José Fernández Aguerri.

1._Aldaketaren eremua.

Aldaketarako proposamenaren eremua berari erantsitako agiri grafikoetako _a_ planoan dago mugatuta. Lurzati bakar bat hartzen du, 2.079 m²-koa (Zaldu kalea, z.g.), Lizarrako katastroko 2. poligonoko 40. lurzatia hain zuzen.

Eremuaren ezaugarri diren hirigintza-elementu nagusiak honakoak dira, labur azalduta:

_Topografia eta mugak:

Eremuaren bi muga geografikoak beraren ezaugarri nabarmenak dira. Alde batetik, hegoaldean eta mendebaldean, Ega ibaia, eta bestetik, iparraldean eta ipar-ekialdean, Lizarra-Gasteiz errepidea.

Lurzatiak 4 bat metroko gorabehera du errepidetik ibairaino. Errepidea +425 kotan dago eta ibaia +421 kotan.

Azkenik, nabarmentzekoa da ibai bazterreko zuhaiztiaren edertasuna. Aldaketarako proposamenean, noski, landaretza hori errespetatu eta sustatu egiten da, eremuaren azaleraren ia erdia berdegune izanen baita.

_Egun dauden eraikinak:

Lurzatian badago XIX. mendeko lantegi zahar bat, "Harinera Zaldu" izenaz ezaguna. Historiaren eta arkitekturaren aldetik interes handiko eraikina da. Hein batean zaharberrituta dago, presako lanak egin behar izan baitira haren etengabeko narriadura gelditzeko. Aldaketa honen _a1- eranskinean zehatz deskribatzen da, haren atal guztietako azalera eraikiak emanez.

Eraikin horretaz gainera lurzatian badaude zentral elektriko txiki bat eta dagokion etxebizitza, duela gutxi eraikiak, eta horiek ez dira aldatuko.

_Kokamendua Lizarrako udalerriari buruz:

Eremua Lizarrako hirigunearen ondoan dago. Hiri lurzoru gisa sailkatutako lurrak ditu mugakide iparraldetik eta ekialdetik.

Zalantzarik gabe, ezin hobeki kokatuta dago, Lizarrako sarrera nagusietako batean, eta udalerriko ataria dela esan daiteke. Izan ere, zaharberritu nahi den eraikina Gasteizko errepidetik Lizarrara datozenek ikusten duten lehenbiziko eraikin deigarria da. (ikus erantsitako argazkiak).

Hirigune historikoarekin duen lotura errepide horixe da, hiriko ardatz nagusietako bat, eta aldaketa honen bidez lotura hori sendotu egin nahi da.

_Egun dauden azpiegiturak:

Lurzatiak beharrezko azpiegitura guztiak ditu. Baditu argindar, telefono, ur eta estolderia zerbitzuak. Ibilgailu eta oinezkoentzako sarbidea asfaltaturik dago eta baditu espaloiak eta argiak.

2._Aldaketaren eremuaren egungo sailkapena.

Lizarran indarra duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen du. Eraikinak antolamendutik kanpo daude.

3._Plan Orokorreko aldaketaren helburua.

Aldaketa honen bidez, lurzoru urbanizaezineko eremua hiri lurzoruko eremu bilakatuta, hiru helburu lortu nahi dira:

_Zaharkiturik egon arren Lizarrako industri garaiaren adierazgarri den eta udalerriko azkenaldiko historian errotuta dagoen lantegi bat herriarentzat berreskuratzea. Denbora luzean iraun duen guztia errespetatuko da eta bere duintasuna itzuliko zaio, berriz ere zentzua, erabilgarritasuna eta, hitz batean, bizia emanen dion zaharberrikuntzaren bitartez. Bertan behera utzita dagoen eraikin bat gune erabilgarri eta gozagarri bilakatuko da gizartearentzat. Hirian txertatuko da, erabilera berriak proposatuz, hala nola hotel erabilera. Horrela garai bateko bizia berreskuratuko du, baina oraingoan herritarrek erabiltzeko izanen da.

Garrantzitsua da egitura zaharrak birziklatzen ikastea; dagoeneko ez dute balio jatorrizko xederako baina ezin konta ahala aukera dituzte, jatorrizkoak baino are erakargarri eta onuragarriagoak herritarrentzat.

_Lizarrako turismo sektorea eta bereziki hotel eskaintza sendotzea, gaur egun ia-ia hutsaren hurrengoak baitira. Uste dugu Lizarrak erantzuten ahal diola eta erantzun egin behar diola azken urteotan landa inguruneetan sortu den aisialdiko eskari gero eta zabalagoari, bai bere hirigune zaharraren kalitate arkitektonikoagatik bai inguruan duen naturaren edertasun paregabeagatik.

_Lizarra-Gasteiz errepideko ardatza indartu egin behar da, hiriari estuago lotuz eta hainbat ekipamendu (zezen plaza, ikastola, kiroldegia eta abar) elkartzen dituen hiri-ardatz gisa beraren eginkizuna sendotuz. Aldaketa honen bidez, pasealeku horren ahalbideak handitu nahi ditugu eta haren erabilera eraginkorra luzatu, proposaturiko eremua zaharberrituz eta ibai aldera irekiz.

4._Aldaketarako proposaturiko konponbidea.

Hona hemen proposamenaren oinarriak.

_Eremuaren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezinetik hiri lurzorura.

_Merezi duten eraikinak kontserbatu eta sendotzea, hala nola siloak, lantegiko eraikin nagusia eta nabe gangatua.

_Gainerako lurrak libre uztea, bolumen eraikia eta eraikigarritasuna gutxituz, eta eremuaren azalera osoaren ia erdia berdegunerako hartzea.

_Errepidean Ega ibaiaren ikuspegia irekitzea (gaur egun erabat estalita dago). Horretarako, biltegia karrerape-aparkaleku bilakatuko da. (ikus azalera eta eremu zehatzak eranskinean).

5._Ondorioak.

Amaitzeko, esan dezakegu aldaketa honek onurak baino ez dizkiola ekarriko komunitateari:

_Udalerriko ondare historiko eta sozialeko eraikin bat berreskuratuko da, galtzeko arriskuan egon dena.

_Lizarrako etorkizuneko hazkundeari begira garrantzia izugarria duen sektore bat sendotuko da, turismoa hain zuzen, dudarik gabe aberastasuna, oparotasuna eta lanpostuak ekarriko dituena.

Lizarra-Gasteiz egungo errepidearen ardatza aberastu eta hobetu eginen da eta benetako hiri pasealeku bati dagozkion balioak emanen zaizkio, Lizarrako sarrera txukunduz.

ZALDUKO IRIN FABRIKAREN DESKRIPZIOA

Irin fabrika:

Solairu hauek ditu: sotoa, beheko solairua, lehenengoa eta bigarrena. Gutxi gorabehera solairu bakoitzak 200 m² ditu, eta guztira 800 m² dituzte.

Hona hemen eraikuntza sistema:

_Zimenduak harri eta hormigoizko hormatxoak dira.

_Karga-hormek osatzen dute egitura, zurezko habe eta zutabeekin batera. _Barnealdean zorua zurezkoa da eta hormek igeltsua eta pintura dute_. Kanpoaldeko arotz-lanak aluminiozkoak dira, berdez lakatuak.

_Bi isurkiko estalkia, zeramikazko teilaz egina.

Eraikina kontserbazio egoera onean dago.

Siloak:

Eraikin honen solairuak hauek dira: sotoa, beheko solairua, lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena. Egitura hormigoizkoa da eta egoera onean dago, eta sarrerako eskailerak zurezkoak dira. Gutxi gorabehera solairu bakoitzak 200 m² ditu. Eraikinak 12 modulu oktogonal ditu, zerbitzuetarako 6 barne-galeriarekin. Guztizko azalera eraikia 1.000 m² da.

Nabe eta biltegia:

Eraikin luzea da eta beheko solairua baino ez du.

Hau da nabearen eraikuntza-sistema:

_Zimenduak hormigoizko zapata isolatuak dira. _Hormigoi armatuzko zutabe eta zertxak ditu_.

_Bi isurkiko estalkia, zeramikazko teilarekin.

Biltegian, zurezko triangeluek osatzen dute estalkiaren egitura.

Azalera, guztira, 470 m² da.

_Nabea: 285 m².

_Biltegia: 185 m².

Beraz,

Laburbilduz, elementu guztien azalera eraikia 2.270 m² da, honela banatuta:

_Fabrika: 800 m².

_Siloak: 1.000 m².

_Nabe eta biltegia: 470 m².

Azalera eraikia, guztira: 2.270 m².

Aditzera ematen da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.r) artikuluan emandako eskumena erabiliz.

Iragarkiaren kodea: L0603966