39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESPARTZA GALAR

Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantza behin betiko onetsirik

Espartza Galarko Kontzejuak, 2005eko apirilaren 19an egindako osoko bilkuran, Espartza Galarko Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, hasiera batez.

Onesteko erabakia 2005eko 62. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 25ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Espartza Galarren, 2006ko otsailaren 22an._Alkate udalburua, Esteban Lizarbe Aristu.

ORDENANTZA, ESPARTZA GALARKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Espartza Galarko Kontzejuari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazio, zuzendaritza eta zaintza horiek ahalmen hauek dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

5. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

6. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

Kolunbarioa alokatzeko eskatzen duena behartua dago, bere kontura, bai hilotzaren errautsak ateratzera bai konlunbarioan sartzera, Alkatetzaren edo Kontzejuaren baimena eskuratuta.

7. artikulua. Beste hilerri batetik heldu diren hilotzei ez zaie lur emanen, eta kolunbarioetan nahiz hezurtegian sartuko dira.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaileak manatu ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

10. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da artxiboan.

11. artikulua. Hilerriko lurrak doan erabiliko dira, ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuak emateagatik Kontzejuaren tasak ordainduz gero.

12. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez besterako.

Hilobietako gurutzeak edo hilarriak lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira eta hegoaldera begira.

Debeku da hilerriko paretetan gurutze edo hilarririk jartzea.

Ehorzketak honako ordena honen arabera eginen dira: hegoaldeko paretatik hasiko da (sartu eta ezkerrean) iparraldeko paretara (sartu eta eskuinean) eta mendebaldetik ekialdera (atzealdetik sarrerako atera aldera).

13. artikulua. Kontzejuaren kontura dira hilobien kokapena, lur-erauzketa egiteko eta zuloak ireki eta ixteko gastua; hark igorriko ditu behar diren tasak, ordenantza honen eranskinean eta II. kapituluan ezarritako tarifen arabera.

14. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta kolunbarioak segur, xahu eta apain atxikitzea.

15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak emateagatik

16. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilerrian egiteko beste lan batzuk.

c) Kolunbarioak alokatzea.

17. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

18. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

19. artikulua. Eman ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

20. artikulua. Hilerri honetako edo beste hilerri bateko hilobietatik heldu diren gorpuzkiak berriro ehorzteko, lur emateagatiko tasak baino ez dira ordainduko; izan ere, hilobitik ateratzea partikularraren kontura da.

21. artikulua. 16. artikuluan aurreikusitako a) eta b) zerbitzuen tasak haiek eman aurretik ordainduko dira, arrazoitutako ezintasuna dagoenean salbu; orduan, tarifa ordainarazi ondoren jardungo dute Alkatetzak edo Kontzejuak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1._Ehorzketak:

A) Espartza Galarren erroldatuak eta jaiotakoak: salbuetsirik.

B) Espartza Galarren erroldatu gabeak: 300 euro.

B) kasuan salbuetsirik geldituko dira herritarrak, erroldatik kanpo daudenak eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan. Halakoetan, A) kasukoekin parekatuko dira eta ez dute deus ordaindu beharko.

2._Kolunbarioak alokatzea.

Hamar urte bitarte: 100 euro.

Iragarkiaren kodea: L0603854