39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CINTRUENIGO

Belarren aprobetxamendua adjudikatzeko baldintzak behin betiko onetsirik

Cintruenigoko Udalak, 2005eko abenduaren 13an egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen belarren aprobetxamendua adjudikatzeko baldintzak.

Onesteko erabakia 2006ko 9. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 20an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Cintruenigon, 2006ko martxoaren 1ean._Alkatea, Faustino León Chivite.

CINTRUENIGOKO UDAL MUGAPEKO BELARREN APROBETXAMENDUA HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO ORDENANTZA ARAUTZAILEA ETA BALDINTZEN PLEGUA

Cintruenigoko Udala herrilurretako belarren jabe titularra da El Paso, Alegas Bajas eta Alegas Altas alderdietan.

Ordenantza honek larre edo belar horien adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 158. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

1. artikulua. Adjudikatzeko modua

Herrilurretako larre edo belarrak zuzenean adjudikatuko zaizkie herri honetako azienda jabeei, eta zuzeneko adjudikazioaren ondoren geratzen diren loteak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira. Bai zuzeneko adjudikazioa bai enkante bidezkoa 8 urterako izanen dira. Errentamendua 2013ko abenduaren 31n amaituko da.

2. artikulua. Zuzeneko adjudikazioaren onuradunak

Larreak zuzenean ustiatu nahi dituzten famili unitateak edo legez eratutako talde eta elkarteak izan daitezke onuradunak. Horretarako, haien titularrek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe burujabe edo judizialki gaitua.

b) Cintruenigoko biztanleen erroldan 2005eko urtarrilaren 1etik inskribatua egotea.

c) Urtean bederen bederatzi hilabetez bizi izatea Cintruenigon.

d) Cintruenigoko Udalarekin tributu eta zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak udalerri honetako katastroan inskribaturik edukitzea 2005eko urtarrilaren 1etik, eta lote bakoitzerako eskatzen den abere kopurua edukitzea, gutxienez.

3. artikulua. Lote bakoitzeko abere kopurua

Udaleko Nekazaritza Batzordeak, herritarrei zuzeneko adjudikazioa egiteko, lote bakoitzarekin zenbat abere bazkatzen ahal diren kalkulatuko du. Nahi dituen aholkularien laguntza jaso ahal izanen du kalkulu hori egiteko.

4. artikulua. Zuzeneko adjudikaziorako prozedura

Udalak hamabost eguneko epea ezarriko du ordenantza honen 2. artikuluko baldintzak betetzen dituzten herritarrek belar edo larreen adjudikazioa jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izan dezaten.

Eskabidean ondokoak azalduko dira:

a) 2005eko urtarrilaren 1ean katastroan inskribaturik zeuden abereen kopurua, zenbat abere larratu ahal izanen diren zehazteko.

b) Eskuratu nahi diren loteen zerrenda, lehentasunaren arabera ordenatua.

5. artikulua. Zuzeneko adjudikazioa

Eskabideak ikusi ondoren, Nekazaritza Batzordeak proposaturik, Udalak belarren behin-behineko adjudikazioa emanen die proposaturiko herritarrei eta HAMAR eguneko epea ezarriko da erreklamazioak aurkezteko. Erreklamaziorik ez badago, epea amaitutakoan adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da.

6. artikulua. Adjudikazioaren prezioa

Zuzeneko adjudikazioaren prezioa tasazioko balioaren % 90 izanen da, 159. artikuluan ezarritakoarekin bat.

7. artikulua. Loteen tasazioa

1. lotea, 1.735 erregukoa: 1.494,18 euro

2. lotea, 2.400 erregukoa: 1.783,18 euro

3. lotea, 3.179 erregukoa: 2.737,75 euro

4. lotea, 2.578 erregukoa: 1.784,84 euro

5. lotea, 2.748 erregukoa: 1.809,73 euro

6. lotea, 2.745 erregukoa: 1.807,75 euro

7. lotea, 2.011 erregukoa: 2.105,41 euro

8. lotea, 935 erregukoa: 536,81 euro

9. lotea, 2.795 erregukoa: 1.179,93 euro

10. lotea, 2.416 erregukoa: 897,53 euro

11. lotea, 3.072 erregukoa: 1.089,37 euro

Prezio horiek, zuzenean nahiz enkantean adjudikatu, urtero eguneratuko dira Nafarroako KPIaren arabera.

8. artikulua. Enkante bidezko adjudikazioa

Cintruenigoko herritarrei zuzeneko adjudikazioa egin ondoren geratzen diren loteak enkante publikoan adjudikatuko dira ahozko posturen bidez, jarraian zehazten den moduan.

a) Enkanteko hasierako preziotzat hartuko dira 7. artikuluan ageri diren zenbateko tasatuak, Udaleko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ediktu bidez argitaratuak.

b) Nahi diren loteen enkantean parte hartu ahal izateko, aurretik behin-behineko bermea jarri beharko da, aipatutako hasierako prezioen %10. Enkantea bukatutakoan kopuru hori itzuli eginen zaie errematerik egin ez duten lizitatzaileei; eta behin betiko fidantza bilakatuko da behin-behineko adjudikazio hartzaileentzat, lehenbiziko hiruhilekoa ordaintzen duten arte, orduan deskontatu eginen baitzaie. Gora jotzeko hainbestekoa hogeita hamar eurokoa izanen da. Hurrengo sei egunetan gutxienez, enkantea egiteko ezarritako ordutik aurrera zenbatuta, gora jo ahal izanen da, enkantean jarritako kopuruaren seirena gehituz.

c) Erremate egileek gastu guztiak ordaindu beharko dituzte, iragarkiak eta bestelakoak, bakoitzak berari dagokion neurrian.

d) Adjudikazioak zortzi urte iraunen du, 2006ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte.

e) Erremateko diru kopurua hiruhilabeteka ordainduko da, aurretiaz, hiruhileko bakoitzaren lehen zortzi egunen barnean; hori egiten ez dutenei premiamendu bidez ordainaraziko zaie.

f) Erabat debekaturik dago loteak beste inori errentan ematea.

Belarren gaineko eskubideak eta betebeharrak

9. artikulua.

Urriaren bata baino lehen beren lurrak landu nahi dituzten nekazariek hala egin ahal izanen dute, nahitaez hamar egunean lurrak libre utzita belarren aprobetxamendurako. Zortzi egun lehenago jakinarazi beharko dute, eta Udaleko Idazkaritzan 0,90 euro ordaindu beharko dituzte landu nahi duten erregu bakoitzeko. Tasa hori urtero igoko da Nafarroako KPIaren arabera.

Aurretiazko abisua dela-eta aipatutako zortzi egun horiek abeltzainaren aprobetxamendua hasi aurreko egunak dira. Lurrak ereintzarako lantzeko eskubidea urte batean ordaintzen duen nekazariak hurrengo urtean ez du inolako tasarik ordaindu beharko; abeltzainari abisu emateko epeak bakarrik errespetatu beharko ditu.

10. artikulua.

Urriaren 1etik aurrera nekazariek nahi dutenean landu ahal izanen dituzte beren lurrak, baldin eta urtean zehar ereiten badituzte edo laborantza motaren bat egiten badute; eta hala egin ezean, zehapen gisa 0,90 euro ordainduko dituzte erreguko. Kopuru hori ere urtero igoko da KPIaren arabera.

Aurretik abisurik ematen ez bada eta ezarritako kopuruak ordaintzen ez badira, ezarritako kopuruen bikoitza ordainduko da zehapen gisa. Betiere, errentariei erregu bakoitzeko zenbatekoa ordainduko zaie adjudikazioko prezioaren arabera, eta gainerakoa, baldin bada, Udalarentzat izanen da.

11. artikulua. Barrutiak

Zainzuri soroak erabat errespetatuko dira urte osoan, bai eta almendrondo sailak ere, antolatuak eta jarraituak badira eta gutxienez hamabi almendrondo badituzte erregu bakoitzeko.

Halaber debeku da mahastietan abereak larratzea, landatu ondoko lehenbiziko bost urteetan.

Erabat debekatuta dago edozein abere mota larratzea jurisdikzio honetako olibadietan, jabego zein mendi guzti-guztietan.

Abeltzainek ez dute aurreko debeku horiengatik kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen.

Zainzuri soroak eta almendrondo sailak dituzten nekazariek, Udalari beren belarrak errespetatzeko eskatzen badiote, 0,90 euro ordaindu beharko dizkiote erregu bakoitzeko. Kopuru hori urtero igoko da KPIaren igoeraren arabera.

Alpapa soroetan abereak azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean larratu ahal izanen dira, bi egun horiek barne. Finka horiek mindaz ongarritu nahi dituzten nekazariek, Alkatetzak bando bidez ezartzen dituen gutxieneko distantziak errespetatzeaz gain, abeltzainari gutxienez hamabost egun lehenago jakinarazi beharko diote.

Lekadunen soroetan abeltzainek lugorria aprobetxatuko dute goldaketaren ondoren, lekadunak ongarri moduan uzten direnean.

Laborea belarretarako ebakitzen den finketan, abeltzainak uztondoa aprobetxatuko du hamaika egunean eta ondoren nekazariak lurra goldatu ahal izanen du; eta alea ateratzen den finketan abeltzainak belarrak hamabost egunean aprobetxatzeko eskubidea izanen du, uzta bildu eta paketatu ondoren.

Mahastietan ezin izanen da abererik sartu tokiko agintaritzak debekua ezartzen duenetik uzta bildu arte. Hori bando bidez iragarriko da.

Mahastien jabeek, mahats bilketaren aurretik eskatuta, mahatsondoaren sasoian itxita eduki ahal izanen dituzte mahastiak abenduaren 1era arte, eta horretarako 0,90 euro ordaindu beharko dituzte erreguko; kopuru hori ere urtero handituko da KPIaren arabera. Egun horretatik aurrera abereak mahastietan sartu ahal izanen dira, gero ezartzen diren mugak gainditu gabe. Ixten ez diren mahastietan, mahatsa biltzen denetik abenduaren 31ra arte, adjudikazio hartzaileak katastroan inskribaturik dituen abereak halako bi sartu ahal izanen ditu gehienez ere. Dena dela, artalde horretan inoiz ezin izanen dira berrehun eta berrogeita hamar (250) buru baino gehiago bildu.

Abereak sartu ahal izanen dira bertan behera utzita eta inausi gabe dauden mahasti zaharretan.

Guztiz debekaturik dago finka ureztatuetan edozein abere sartzea ureztaketaren ondoko zortzi egunetan, eta euri ura erretenetatik doan azken egunetik hiru egun iragan arte.

12. artikulua.

Edozein arrazoirengatik lote osoa edo zati bat aprobetxatzerik ez badago, erremate egileak ezin izanen dio Udalari kalte-ordainik ez beherapenik eskatu, erremate egileak bere gain hartzen duelako belarren errentamenduaren arriskua eta mentura.

13. artikulua.

Guztiz debekatuta dago adjudikaziokoak ez diren loteetatik abereak igarotzea, askarako eskubidea salbu, non ez diren igarotzen egun dauden abelbideetan zehar.

14. artikulua.

Halaber debekaturik dago abereak herrigunetik igarotzea, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

15. artikulua.

Adjudikazio hartzailearen abereen kopurua gutxitzen bada, inoiz ezin izanen da baimenik eman beste inork mota bereko abereak sar ditzan. Hala ere, belarren adjudikazio hartzaileak eskaera arrazoitua eginez gero, Udalak baimena eman ahal izanen dio belarra oso ugaria den sasoian inoren abereak sartzeko, horrela larreak guztiz aprobetxatuko baitira. Nolanahi ere, inoren abereak urtean bi hilabetez eduki ahal izanen dira, mota berekoak badira, edo lau hilabetez, beste mota batekoak badira.

16. artikulua. Ez-betetzeak eta zehapenak

Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen direla ziurtatzeko. Hala, bada, orokorrean, Udalak uste izanen du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen adjudikazio hartzaileak honela jokatzen badu:

a) Bere abereen edo abeltzaintza jardueraren gaineko zergetan baja eskatzen badu.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinik aitortzen ez badu, aitorpen hori egitera beharturik dagoela.

c) Bazka ekoizteko lurrak errentan ematen baditu.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzeko agiriak aurkezten ez baditu horretarako ezartzen zaion epean (artzainen Gizarte Segurantzako ordainagiriak, albaitaritzako ziurtagiriak, erosketa agiriak eta bestelakoak).

Adjudikazio hartzaileak belarren aprobetxamendua zuzenean ustiatzen ez duela frogatzen bada, Udalak kontratua deuseztatuko du bere kabuz.

17. artikulua.

Ordenantza honetako arauren bat hirugarrenei kalterik egin gabe hausten bada, Udalak zehapen espedientea egin eta zehapena ezarriko du, kontuan izanik arau-haustearen larritasuna, ondorioak eta hutsegiteen errepikapena. Isunak 30,00 eurotik 300,00 eurora bitartekoak izanen dira eta urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

18. artikulua.

Hutsegiteak Udalari edo beste edonori kalte egiten badio, aurreko artikuluan aipatutako zehapenari kalteen konponketa gehituko zaio.

19. artikulua.

Hutsegiteak errepikatzen badira, arinak izanik ere, eta aprobetxamenduaren errentamendua edo ezartzen diren zehapenak ordaintzen ez badira, errentamendu kontratua deuseztatu ahal izanen da.

20. artikulua.

Errentariek foru edo pribilegio guztiei uko eginen diete eta udalerri honen jurisdikzioko agintari eta epaimahaiei men eginen diete.

Iragarkiaren kodea: L0603825