39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Aldaketa behin betikoz onetsirik Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzan

Barañaingo Udalak, 2005eko abenduaren 29an egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2006ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 23an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, ohartaraziz ezen honako ordenantza honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1.992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratuz Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2006ko martxoaren 1ean._Alkate udalburua, Iosu Senosiain Ibáñez.

ERANSKINA

MERKATARITZA EZ EGONKORRAREN UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Barañaingo udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea, eta Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiko osasun baldintzak bete beharko ditu.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorreean egin daitezkeen merkataritza jarduerak dira merkatu txikietan aurretik ezarritako lekuetan eta egunetan eta baimena emanda egiten direnak.

II. KAPITULUA

Merkatu txikietako merkataritza

3. artikulua.

1. Saltoki finko batetik kanpora egiten dena da merkatu txikiko merkataritza ez egonkorra. Saltzen dituen produktuen artean elikagaiak ere egon daitezke.

2. Barañaingo udalerrian merkataritza ez egonkorrean aritzeko bakarra izanen da. Hartan saltokiak elkarturik egonen dira eta Udalaren baimena beharko dute. Tokia udal organo eskudunak erabakiko du eta gehienez ere astean behin eginen da, astearteetan, dagokion organoak urteko laugarren hiruhilekoan ezartzen diren daten artean, gehienez ere urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte joanen den aldian.

4. artikulua.

1. Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak hau zehaztuko du:

a) Zehatz-mehatz zein tokitan kokatuko den, Udalak erabakita.

b) Merkatuaren egun eta orduak, erran nahi baita, hauek:

b-1) Udako ordutegia: maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, saltzaileak goizeko 6etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b-2) Neguko ordutegia: urteko gainerako hilabeteetan, saltzaileak goizeko 7etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b-3) Goizeko 9etatik aurrera debeku da saltzaileak sartzea. Merkatu txikia 8:00etan hasiko da 15:00ak arte. 15:00etatik aitzina, gehienez ere, saltzeko eremua hutsik geldituko da, ez saltzaile ez salgai.

b-4) Herriko bestak direla-eta, merkatu txikirik ez da eginen bi asteartetan elkarren segidan, besten aitzineko astekoan eta bestetakoan.

b-5) Asteartea jaieguna bada, merkatu txikia aste horretako astelehenean eginen da.

b-6) Urtero, Barañaingo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak merkatu txikiko egunen egutegia onetsiko du.

c) Gehienez ere 82 saltoki paratzen ahalko dira.

d) Sasoiko nekazariendako 5 saltoki gordeko dira gehienez, beren ekoizpenak sal ditzaten, baita sasoiko produktu edo salgaiak ere. Horrelakotzat hartzen dira ,barkilloak, gaztainak, palmondo adarrak, izeiak eta turroiak, bertzeak bertze, baita herriko bestekin ikusteko duten horiek ere.

e) Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutienez ere 80 zentimetrora. Fabrikazio edo ekoizpen akats izkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, elikagaiak kanpo, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgai jarritakoen jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinekoa eduki beharko du.

III. KAPITULUA

Udal baimenak

5. artikulua.

Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Barañaingo Udaleko Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Batzordearen menpeko zerbitzuek tramitatuko dituzte.

Baimen guztiek urteroko abenduaren 31n galduko dute indarra eta, beraz, urtero berritu behar dira.

Berritzea egin ahal izateko, azaroaren 1etik 15a bitartean eskatu behar da, eta ordenantza honek eskatzen duen dokumentazio guztia ekarri.

6. artikulua.

1. Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industri jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafean inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

c) Merkataritzaren xede izanen diren salgai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak gerta daitezkeen bertzelako xedapenek eskatu baldintzak beteko dituela ziurtatzea.

d) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea, indarra izan beharko duena, edo ondotik emandako xedapenen arabera, haren baliokidea.

e) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta bere kasa lanean aritzekoarena izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren araberakoak.

f) Beharrezko den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:

Izen-deiturak.

Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia.

Bizitokiaren herria, karrika, zenbakia eta solairua, baita posta kodea eta telefonoa ere.

Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

Saldu nahi diren gai baimendu guzti-guztiak zehatz-mehatz azaltzea.

Titular beraren saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko xehetasunak.

2. a) Udal baimenen titularrek karnet neurriko bi argazki ekarri beharko dituzte eta ezarritako tributuak ordaindu, urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a baino lehen, eta Barañaingo Herriko Etxeko bulegoetan.

b) Organo eskudunak sasoikako nekazariendako saltokiak emateko eskubidea gordetzen du beretako, gehienez ere hiru hilabetetarako eta gutienez ere hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa. Gainerako esleipen hartzaileendako Udalak lizentzia luzatuko du, gutxienez ere hiru hilabeterako eta gehienez ere urtebeterako balioko duena. Diskrezionala izanen da eta, beraz, Udalak ezeztatzen ahal du horretarako arrazoiei begiraturik komenigarritzat jotzen duenean, baina horrek ez du inolako kalte-ordainik edo gisakorik ekarriko. Halaber, lizentzia baliogabetzen ahalko da interesatuak idatziz eskaturik.

7. artikulua. Udal organo eskudunak merkatu txikian gordetzen baditu nekazariek beren uztetatik saltzeko saltokiak, horien eskatzaileek, aitzineko 7. artikuluak agintzen dituen agiriez landa, uztak biltzen dituzten udalerriko idazkariaren ziurtagiria ekarriko dute, eskatzailea uzta-biltzailea dela frogatzeko.

Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Batzordeak sasoikako nekazariendako saltokiak emateko eskubidea gordetzen du beretako, gehienez ere hiru hilabeterako eta gutienez ere hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa.

8. artikulua.

1. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jaso dezakete. Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei errekerimendu eginen zaie hamar eguneko epean zuzen bete dezaten aurkeztutako dokumentazioa, horrela egiten ez badute beren eskariari uko egin diotela ulertuko baita; aldez aurretik ebazpena emanen da eta hura Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluko baldintzetan eman beharko da.

2. Eskabide kopurua saltokiena baino handiagoa bada, Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Batzordeak aurkeztutako eskabideen hautapena eginen du, irizpide hauetan oinarriturik: gai berdinak saltzen dituzten saltokiak ez ugaritzea, eta unean-unean dagoen eskaria baloratzea.

9. artikulua.

1. Pertsona edo 5.1.d) artikuluan aipatzen diren elkarteetako bakoitzak ezin du salmentarako baimen bat baizik izan.

2. Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.

3. Nekazariendako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.

10. artikulua. Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta nortasun datuak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

11. artikulua.

1. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

2. Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak jendaurrean izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko moduan.

3. Saltokietan megafonia eta musika paratzea debekaturik dago eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak para daitezke eta musika jaulki, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

12. artikulua. Kamioi-dendei nahiz saltokiei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera sei metrokoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

13. artikulua.

1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak osasun arloko agintari eskudunei dagozkie.

2. Barañaingo Udaltzaingoari dagozkio eremu publikoko salmentaren kontrolak eta zaintza. Ordenantza hau betetzean hautematen diren irregurlartasun guztien berri eman beharko dio Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Alorrari. Okupatzen ez diren saltokien kontrola ere eginen du.

V. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

14. artikulua.

1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, bertzeren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

15. artikulua. Eremu publikoan saltokiak paratzeko baimena duten pertsonek izanen dituzten betebeharrak hiru arlotakoak izanen dira: osasungintza, merkataritza eta zergak.

16. artikulua. Higiene eta osasungintzaren arloan une bakoitzean indarra duen araudian eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte elikagaiak merkaturatzen dituzten saltokiek.

Produktuen higienea:

a) Elikagaiak, edozein motatakoak izanik ere eta ontziratuak ala ontziratu gabeak izanik ere, ez dira lurrean zuzenean kokatzen ahalko, eta kutsatzea eragotziko duen altuera batera paratu beharko dira beti. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuek ez dute beteko 2207/1995 Errege Dekretuak eta indarra duten gainerako arauek diotena.

b) Ontziratu gabeko elikagai guztiak, frutak eta barazkiak kenduta, jendearengandik behar bezainbat babesturik egonen dira beti, beirarasetan eta gisakoetan sartuak.

c) Urdaiazpiko eta hertzekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hertzkiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hertzekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean.

d) Salmentatik kenduko dira behar bezala kontserbatzen ez diren produktu guztiak. Puntu honetan, nagusiki, haragikiak hartzen dira kontuan (odolkiak, saltxitxak era gisakoak), baita bakailaoa eta hoztea behar duten esnekiak.

e) Debeku da elikagaiekin xerrak, xaflak eta apurrak egitea, non eta saltokiak ez dituen, osasungintzaren eta higienearen aldetik, gutieneko baldintzak, hala nola ur hartunea eskuak garbitzeko, lanabesak eta eskuztatzeko leku aski, kanpoko kutsaduretatik babestua eta garbitzea erraztuko duen azalera duena.

f) Tradizioko arrazoiengatik, onartuko da haragikien eta gazta onduen "noizbehinkako mozketa" (puska handietan) eta bakailaoari mozketa bat egitea, gillotina bereziarekin, eskuztatu ahal izateko.

Saltokiaren higienea:

a) Saltzaile bakoitzak du saltokia eta inguruak garbi-garbiak eta ongi antolatuak edukitzeko ardura, eta lanaldia bukatuta garbi-garbiak utzi beharko ditu. Horretarako ez da salgairik, ontzirik, saskirik edo gisakorik utziko haren gibelean edo inguruan.

b) Zaborrak poltsa ongi itxietan utziko dira horretarako edukiontzietan.

c) Hondakin larriak, kartoizko ontziak, saskiak, etab. hautsi beharko dira edo tolestu edo txikitu, edukiontzian sartu ahal izateko. Ez dira inola ere edukiontziaren inguruan utziko.

d) Elikagaiak saltzen dituzten saltoki guztiek teilatua izanen dute, horiek babesteko.

e) Lanaldia hastetik, norberaren garbitasuna eta arroparena zaindu beharko da. Arropa saltokian aritzeko baizik erabiltzen ez dena izanen da.

f) Elikagaien saltoki baten barrenean dauden guztiek janari erabiltzailearen ziurtagiria izanen dute, ikuskatzailetzako langileen eskura.

g) Merkatu txikiaren esparruan ez da animaliarik sartzen utziko.

h) Ordenantza honetan erraten dena gorabehera, Iruñerriko Mankomunitatearen Hiri Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ordenantzan ezartzen denari jarraituko zaio.

17. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak jendaurrean jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko maneran edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan nahitaezkotzat jotzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik paratzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezar dezakeen kontrastea onartzea.

g) Saltokira ezin etorria suertatuz gero, behar den antzinapenez jakinaraztea, Herriko Etxeko Erregistro Orokorrean idatzia aurkeztuz, eta hartan itxieraren eta horretarako arrazoien berri emanez.

18. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea. Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira: utarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a.

VI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

19. artikulua. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten familiakide eta kontratupekoek.

20. artikulua.

1. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A) Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

_Merkatu txikia hasten den ordu berean saltzen ez hastea.

_Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik egindako idazkiaren bidez justifikatzen den arrazoirik ez bada bederen.

_Udal baimenaren kopia jendaurrean ez izatea.

_Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen karnetik ez izatea.

_Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan egoteko baimena duten pertsonak egon beharrean, bertze batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

_Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

B) Arau-hauste larriak:

Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Hutsegite arinetan berrerortzea.

b) Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatu baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

C) Arau-hauste oso larriak:

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau hauste larrietan berrerortzea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egin, larderiatzea edo mehatxatzea.

21. artikulua. Arau-hauste arinak 150,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 600,01 eta 3.000,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe utziz.

Aurreneurri gisa, salgaiak bahitzen ahalko dira, baldin eta, egindako jarraipena eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, edo saltzeko behar den baimenik ez bada, dekomisatu eginen dira.

22. artikulua.

1._Espediente zehatzaileak, beren prozedurari dagokionez, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2._Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

3._Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

4._Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen tramiteak diraueno.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo bertze arlo bateko arrazoietan oinarrituz.

Iragarkiaren kodea: L0603783