39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARRUITZ

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Arruizko Kontzejuak, 2005eko martxoaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzeju bereko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2005eko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Arruitzen, 2005eko otsailaren 9an._Kontzejuko burua, Pedro María Echarri Echart.

ARRUIZKO (LARRAUN) KONTZEJUKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Arruizko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, zainketa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak dira.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haiei buruzko xedapena emateaz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Arruizko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da eta zehazten den moduan eginen da. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua

c) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

15. artikulua. Kontzejua herrilurren ekoizpena abiarazten, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta herrilurrek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Arruizko Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizi izatea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzejuko Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. artikulua. Arruizko Kontzejuko herrilarreen aprobetxamendua ("larreak" eta "enkanteko lursailak") bertako ohiturari jarraituz eginen da; hau da, ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Arruizko abeltzainen arteko enkantearen bidez. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Enkantearen ondoren herrilurrik gelditzen bada soberan, bigarren eta hirugarren enkanteak egin ahalko dira, tasazioko hasierako prezioa ehuneko hamar eta ehuneko hogei merkatuta, bertako ohiturari jarraituz.

19. artikulua. Larreak zuzenean aprobetxatuko dira, ez baita zilegi lagatzea edo besteri errentan ematea.

20. artikulua. Esleipenaren epea hamabi urtekoa izanen da "larreak" direnean, eta lau urtekoa, berriz, "enkanteko lursailak" direnean.

Kontzejuak libreki erabiltzeko gelditzen diren "larreak" zuzenean bilakatuko dira "enkanteko lursailak" eta enkante bidez esleituko dira lau urtero.

21. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

22. artikulua. Iragandako urte bakoitzeko ordainduko da lur-saria.

23. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

24. artikulua. Herriko ohiturei jarraituz, kalteak saihestearren, Kontzejuak honako baldintza hauek ezarri ditu:

1._Esleipen-hartzaileak larrea zaindu beharko du belar gaizto, zuhaixka, iratze eta abarretatik. Bereziki zaindu beharko du finkaren hesia edo itxitura sasietatik, hura kaltetu ez dezaten.

2.-Esleipen hartzaileak larrea ongarritu beharko du ezarritako denboran eta moduan.

3._Lurzatiaren itxitura mantentzeko lanak esleipen-hartzailearen esku egonen dira.

3._Laburtuz, esleipen hartzaileak larrearen emankortasuna mantentzeko behar diren ekintza guztiak egin beharko ditu eta larrea esleipen unean zegoen bezala egon beharko da.

25. artikulua. Prozedura. Kontzejuak hala erabakita, Arruizko iragarki oholean argitara emanen da enkantea noiz eginen den eta bertan adieraziko dira zein diren lurzatiak, haien hedadura eta hasierako prezioa.

Enkantea eginda, behin-behineko esleipena eginen da postura egile hoberenaren alde, sesteoan hobetzeko esperoan.

Sesteorik ez bada, esleipena behin betikoa bilakatuko da.

26. artikulua. Herritarren arteko enkanteen ondotik (lehen, bigarren eta hirugarren enkanteak) soberan diren larreak enkante publiko bidez esleituko dira. Enkantea behar beste denboraz iragarri beharko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Kontzejuko iragarki oholean, eta bertan zehaztu beharko da zein larre den, bere hedadura eta hasierako prezioa.

Larre bakoitzaren hasierako prezioa Kontzejuak zehaztuko du eta ezaugarri berdinak dituzten eremu hortako lurren errentamenduaren prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

27. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen hamaseigarren artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

28. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

29. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

30. artikulua. Egurra banatzerakoan Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

31. artikulua. Aurreko lerroaldean aipatutako famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak jarraituko ditu.

32. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurren aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

33. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981ko martxoaren 17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

34. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea hamabost egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

35. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

36. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

37. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

f) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

39. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

_h) arau-haustearengatik herrilurren edo larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta halako hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten ezarritako xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0603762