39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ALLIN

Jarduera sailkatuen espedienteak eta irekitzeko lizentzien kontzesioa tramitatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza behin betiko onetsita

Allingo Udalak, 2005eko abenduaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jarduera sailkatuen espedienteak eta irekitzeko lizentzien kontzesioa tramitatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Allinen, 2006ko martxoaren 1ean._Alkatea, María Ascensión Gárriz Ripa.

ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTEKO JARDUERA SAILKATUEN ETA JARDUERA KALTEGABEEN KONTROLAREN ARLOAN BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:

a) Jarduera lizentzia.

b) Jarduera lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Ingurumenaren babesarekin ikusteko duten jardueren gaineko ikuskapenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia eskatzen denean sortuko da tasa edo/eta hura eskualdatu dela jakinaraztearekin batera.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu, eskualdatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean agertzen dira. Lizentzia eskatzen dutenek lizentziei uko egin ahalko diete, uko espresua idatziz aurkeztuz, betiere ordurako lizentzia iraungia ez bada. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen egiten bada uko, lizentzia emandakoan legokiokeen tasaren % 20 ordaindu beharko da. Lizentzia eman eta gero egiten bada uko, tasak % 50 baino ez dira gutxituko.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Jarduteko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta horren kokapena zehazten dituztela, legeetan eta arloaren gaineko udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsia dela, interesatuak zenbatekoa ordaindu beharko du, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina borondatezko kobrantza aldiaren barrenean; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute legeetan eta arloaren gaineko ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesatuek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Lizentzia egiaztatzen duen titulua titular berriaren alde luzatzeak dagokion tasa galdatzea eraginen du.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko orotan, ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

Kuota: txosten teknikoaren zenbatekoa.

Iragarkiaren kodea: L0604167