39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

478/2006 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Granjas Arriaga, S.L.ri Ingurumen arloko Baimen Osatua ematen diona eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Granja Arriaga, S.L.k txerri ustiategia (gizendegia) instalatzeko baimena eskatu zuen. Baimen eskaerari buruzko espedientea 2004ko urriaren 5ean aurkeztu zitzaion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Jarduera Arroizko lurretan eginen da, katastroaren araberako 9. poligonoko 88. lurzatian (U.T.M.: X-571.349 Y-4.708.423 koordenatuak), 30.000 m²-ko azalerako sail batean; kokalekuari buruzko baldintzak betetzen ditu, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz. Proiektuaren deskribapena I. eranskinean sartu da.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege dekretua aldatzeko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskinaren 1. multzoko e) atalean eta kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskinaren 9.3 epigrafean sartuta dago jarduera; beraz, aipatu xedapenei loturik egonen da.

Espedientean izapide eta txosten egokiak egin dira, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen arloko Baimen Osatua emateko prozeduraren barnean, egin dira maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak ingurumen ebaluazioaren arloan aurreikusten dituen jarduketak (lege horrek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu baitzuen).

2004ko abenduaren 10ean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz, hasiera eman zitzaion proiektua jendaurrean azaltzeko aldiari, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez.

Jendaurreko epean, Arroizko Udalak eta Ecolanek alegazioak aurkeztu dituzte, honako hauei buruzkoak:

.Ecolan.

_Hondezatzearen ondorioz sobran geratzen diren lurren destinoa.

_Hornidura ura lortzeko modua zehaztea.

_Ur ibilgu naturalen gaineko eragina.

_Oligoelementuen ekarpena eta oreka mindaz ureztatzeko lurretan.

_Zaraten eta bibrazioen azterlana.

_Suteei aurrea hartzeko neurriak.

_Solidoak bereizteko sistemaren deskripzioa.

_Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana osatu gabea.

.Arroizko Udala.

_NA-6343 errepidera, ur-ibilguetara eta Ojo de la Fuente baltsara dagoen distantzia.

_Edateko uraren jatorria.

_Zimenduetarako aurreikusitako hormigoiaren egokitasuna.

_Euri-uren bilketa eta hustuketa.

_Solidoak eta likidoak bereizteko sistemari eta biltegiratzeari buruzko informazioa osatzea.

_Memoriaren 29. orrialdeko bigarren lerroaldea aldatzea. "Ustiategia berria denez ez dugu lan egiteko datu zehatzik..." dioen tokian, datu zehatzagoak ematea.

_Kalkulu akatsak kobreari eta zinkari buruzko datuetan.

_Mindak lurperatzea.

_Isurketa_ eta euri-uren erretenen presentzia. Eremuko depresioa eta bertan lurra lantzeko ezintasuna, lurrazpian dagoen ur kantitate handia dela-eta zenbaitetan padura bilakatzen baita.

_Sarbideak egin eta mantentzea.

_Mindak eta solidoak bertan isurtzeak artzaintzan izanen dituen ondorioak arinzeko neurriak.

Horiek baloraturik, tramitazio honen eskumenen esparruan soilik, eta kontuan harturik espedienteari erantsitako dokumentazioan _2005eko urtarrilaren 10ean eta abuztuaren 10ean osatua Ingurumen Integrazioko Zerbitzuak eskatuta gehitu ziren agiri osagarriekin_ jasotako baldintzak eta baimen honetan ezarritakoak, ingurumenaren arloan indarra duen araudia aplikaturik eskatu daitezkeen baldintzei behar bezala erantzun zaiela irizten zaio.

2005eko martxoaren 9an espedientearen kopia bidali zitzaion Arroizko Udalari, eta instalazioa haren eskumeneko aldeetarako egokia izateari buruzko nahitaezko txostena eskatu zen, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ez da aipatu txostena jaso.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa._Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Granjas Arriaga, S.L.k Arroitzen, bertako katastroko 9. poligonoko 586. lurzatian sustatutako txerri ustiategiari buruz (gizendegia), proiektu hori ingurumenaren aldetik bideragarria dela adieraziz, eta jarduera horri Ingurumenaren arloko Baimen Osatua ematea.

Bigarrena._Jarduera oinarrizko proiektuan eta 000581/04 (IPPC/EIA) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatu beharko da eta betiere ebazpen honen II. eranskinean aipatzen diren neurriak bete beharko dira.

Hirugarrena._Baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarritako administrazio prozedurari jarraikiz.

Laugarrena._Jarduerari aldaketaren bat egin nahi izanez gero, titularrak Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Aldaketa funtsezkoa den ala ez adieraziko du eta arrazoiak azalduko ditu, 6/2002 Legearen 10.2 artikuluan dauden irizpideen arabera, eta behar diren egiaztagiriak erantsiko ditu. Aipatu lege horren 10.4 eta 10.5 artikuluetan xedatutakoa aplikagarria izanen da.

Bosgarrena._Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak alta eman ondoren, jardueraren titularrak Isuri Kutsagarrien Estatuko Inbentarioan izena eman beharko du (EPER-Espainia). Europako Batzordeak, Isuri eta Iturri Kutsagarrien Europako Inbentarioa (EPER) sortzeko xedez, 2000ko uztailaren 17an 2000/479/EE Erabakia hartu zuen, eta erabaki haren ondorioz sortu zen estatuko inbentarioa.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, jardueraren titularrak, urtean behin gutxienez, instalazioko isuri guztiei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak urtero ezarriko duen prozedurari jarraituz eta urtero ezarriko duen epean egin beharko da aurreko puntuan aipatutako jakinarazpena. Horrela, jakinarazitako datuak Isuri Kutsagarrien eta Kutsadura Iturrien Europako Inbentarioa (EPER) egiteko erabiliko dira.

Seigarrena._Txostena behar duen jarduerari 2414/61 Dekretuan ezarririko kokatzeko distantzien araubidea aplikatzen ahal zaion arren, bidezko departamentuek eginiko txostenak eta espedientean dauden agiriak ikusirik, haren instalazioa onartzen ahal dela uste da, proiektuan proposatu neurriek eta departamentu honetatik ezarririko neurri zuzentzaileek, jarduera lizentziaren lotesleak direnek, ingurumena eta pertsona edo ondasunen segurtasuna edo osasuna babesteko taxuzko araubidea osatzen baitute, Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko erregelamenduan oro har ezarririko distantzia hutsa errespetatuz ezarriko litzatekeena baino handiagoa dena.

Zazpigarrena._Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka Administrazio Publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal izanen dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehazten diren moduan eta epean Nafarroako Gobernuaren aurrean aurreko errekerimendua egiteko aukera galarazi gabe.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

Zortzigarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Bederatzigarrena._Ebazpen hau Granjas Arriaga, S.L.ri, Arroizko Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari jakinaraztea, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 23an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesatuen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (7. maila, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0603485