39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

459/2006 EBAZPENA, 2006ko otsailaren 22koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten da ondoko proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gainean: "Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osatutako Borondatezko Udal Elkarteko uraren goi hornidura, III. fasea, Artaxo-Irunberri" izeneko proiektua, Agoizko Udalak bere izenean eta Urraulbeiti eta Irunberriko udalenean sustatua.

Horniduraren ezaugarriak direla-eta (garraio ahalmena eta hoditeriaren luzera) eta Natura 2000 Sareko tokietan eragina baitu, proiektu hau ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko E atalaren 2 f) puntuan sarturik dago eta, hortaz, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako prozedura bete behar da.

Espedientea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean paratu zen, 35/2002 Foru Legean aurreikusi bezala, bai eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako prozeduraren mende ere, Nafarroako Gobernuak 2005eko urriaren 24an hartutako Erabakiaren bidez (2005eko 135. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 11koa). Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozeduraren inguruan.

Proiektuak eragina du Natura 2000 Sareko toki batzuetan, gehienetan gurutzagune perpendikularrak direla medio. Hauek dira: ES 2200025 BILa (Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema) ES 2200013 BILa (Areta ibaia), ES 2200012 BILa (Zaraitzu ibaia), eta trazaduraren azkeneko 200 metroetan ES 2200008 BILean sartzen da (Leireko mendilerroa-Arbaiungo arroila), (RN-24) Natur Erreserba ere ukituz (Acantilados de la Peña eta San Adrián), azken BIL horren barnean baitago. Habitaten Atalak aldeko txostena eman du eta adierazi aurreko lerroaldean aipatutako natur eremuez gainera zenbait espezie ere ukitzen ahal direla: apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), igaraba arrunta (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela lutreola).

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean (Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio honen eranskinean laburturik ageri da), beste eraikuntza teknika batzuk aztertu dira, eta zulaketa gidatuak egitea proposatu da, ibaien ibilguak ez ukitzeko. Ibilguak eta horiei lotutako habitatak ez ukitzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzea. Kasu gehienetan eraginak behin-behinekoak eta lehengoratzeko modukoak izanen dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak espedientearen aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ahalmenak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuaren bidez eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27an emandako 537/2005 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea ondoko proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gainean: "Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osatutako Borondatezko Udal Elkarteko uraren goi hornidura, III. fasea, Artaxo-Irunberri" izeneko proiektua, Agoizko Udalak bere izenean eta Urraulbeiti eta Irunberriko udalenean sustatua. Aurkeztu den proposamena bideragarria da ingurumenaren aldetik, nahiz eta baldintza hauek bete beharko diren:

A) Irati, Zaraitzu eta Areta ibaiak eta sakan hezeak pasatzeko obrak hasi baino lehen (obrak zulaketa gidatuen teknika erabiliz edo zanga bidez gurutzatuz eginen dira), zuinketa egitean Habitaten Atalarekin harremanetan jarri beharko da, atal horrek eta/edo Agoizko Ingurumeneko Errondak izendatutako teknikari bat joan dadin bertara (948334212, 608062669 eta 686503142 telefonoak); teknikari horrek jarduketak eta ukipenak baloratuko ditu eta, hala behar denean, aurreikusita ez dauden eraginak gutxiagotzeko prebentzio edo zuzenketa neurriak ezarriko.

B) Obrak bukatutakoan, Habitaten Atalean obra bukaerako agiria aurkeztu beharko da eta bertan zehaztu zein egoeratan gelditzen diren (lehengoratze lana egin eta gero) proiektuak Batasunaren Intereseko Lekuetan ukitzen dituen puntuak. Argazkiak eta beharrezkoak diren azalpenak ere aurkeztuko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalera igortzea, bai eta udal sustatzaileei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 22an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

E R A N S K I N A

Proiektuaren laburpena

Proiektuaren helburu orokorra da Agoitzera, Urraulbeitira eta Irunberrira iristen den edateko uraren hornidura hobetu eta ziurtatzea, eta III. fase honetan proiektatu da hodi nagusiari segida ematea Artaxoko udalerrian, Irunberriko ur-biltegiraino, guztira 10.236 m. Hodia tarterik handienean lurpean egonen da, zanga batean, eta deribazioko, bentosako edo hustubideko kutxetak baizik ez dira ikusiko. Obren aldi baterako okupazioak 15-19 metroko zabalera izanen du, eta zangaren sekzioa trapezoidala izanen da, 1,70 metro zabal gehienez eta sakonera metro batekoa. Azken tartean asko murrizten dira zangaren neurriak, kareharri soileko eremuan egitekoa baita gehienbat.

1. tartea: 8. deribazio kutxetaren eta 13. deribazio kutxetaren artean.

_Luzera: 4.798 metro.

_Burdinurtu nodularrez egindako hodia, 250 milimetrokoa.

_9. deribazio kutxeta, Gerezko ur-biltegirako; 10. kutxeta, Artieda-Andurra-Santsoain adarrerako (adar horretan daude 11. eta 12. kutxetak), eta 13. kutxeta, San Vicente-Tabar-Nardoze-Alduate adarrerako (adar horretan daude 14., 15. eta 16. kutxetak).

2. tartea: 13. deribazio kutxetaren eta Irunberriko erregulazio biltegiaren artean.

_Luzera: 5.439 metro.

_Burdinurtu nodularrez egindako hodia, 200 milimetrokoa.

_17. deribazio kutxeta, Arripodasko biltegirako, eta 18.a, Ventas de Judasera doan adarrerako.

Gorabehera nabarmenenak dituzten tarteak:

_Irati ibaia (ES 2200025 BIL) bi tokitan gurutzatuko da, zulaketa gidatuaren bidez.

_Iruña-Agoitz-Irunberri NA-150 errepidea gurutzatuko da, zulaketa gidatuaren bidez.

_Auzalor, Txubingo, Argiroz eta Los Conejaresko sakanak gurutzatu behar dira.

_T-13 trabesa bi tokitan gurutzatuko da eta zortasunean sartuko da.

_Urraulgoitiko NA-2100 errepidea gurutzatuko da.

_Areta ibaia (LIC ES 2200013) gurutzatu behar da, zanga bidez.

_Iratiko trenbide zaharra bi tokitan gurutzatuko da.

_Irunberri-Nabaskoze-Ezkaroze NA-178 errepidea gurutzatuko da, zulaketa gidatuaren bidez.

_Murillo el Fruto-Zaraitzu altxonbidea gurutzatuko da.

_Zaraitzu ibaia (ES 2200012 BIL) gurutzatuko da, zulaketa gidatuaren bidez.

_Hodiak, azken 200 metroetan, eragina izanen du Leireko mendilerroa-Arbaiungo arroila ES 2200008 BILean, (RN-24) Natur Erreserbaren barnean (Acantilados de la Peña eta San Adrián).

_Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak proiektuaren deskribapen orokorra egiten du, eta hor azaltzen dira natur balio ukituak, bai eta aztertu diren alternatibak ere, eta horietan ematen den konponbide teknikoa da zulaketa gidatua egitea Irati eta Zaraitzu ibaiak eta NA-150 eta NA-178 errepideak gurutzatzeko. Horren ondoren, jarduketek sortzen ahal dituzten ondorioak ebaluatzen dira: larre-sastrakadietatik pasatzean eragin txikia, heskaien eremua gurutzatzea, Txubingo, Argiroz eta Los Conejaresko sakanak gurutzatzea, bai eta T-13 trabesa ere, Murillo el Frutotik Zaraitzura arteko Errege Altxonbidea eta Iratiko trenbide zaharra. Auzalorko sakana gurutzatzeak dakarren eragina bateragarria da. Gainerakoetatik bereizirik aztertu da Batasunaren Intereseko Lekuen gaineko eragina. Baxua da ondoko BILen gaineko eragina: ES 2200025 BILa (Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema), ES 2200013 BILa (Areta ibaia) eta ES 2200012 BILa (Zaraitzu ibaia). Moderatua, berriz, Leireko mendilerroa-Arbaiungo arroila ES 2200008 BILaren gaineko eragina, eta ez da kontuan hartzen (RN-24) Natur Erreserbaren gainekoa (Acantilados de la Peña eta San Adrián), azken BIL horren barnean.

Jarduketaren eragin orokorra baxua da, eta txikiagoa izan daiteke neurri zuzentzaileak aplikatu eta gero.

Proposatu diren neurri zuzentzaile garrantzizkoenak:

_Lur eremu okupatu eta ukitua murriztea, ingurumenaren aldetik balioa duten eremuetako okupazioaren zabalera 6 metro bitarte murriztuz sakanak gurutzatu behar diren tokietan; hodiaren alboko zerrenda okupatzea beste aldean dauden elementu baliozkoak ez ukitzeko, eta zulaketa gidatuen luzera handitzea Irati ibaia gurutzatu behar den tokietan, ibarbasoak uki ez daitezen.

_Areta ibaian jarduketak egiteko baldintzak: obrak agorraldian egitea; ibai-ohearen lehengoratzea ibilguaren oinarrizko maila mantenduz eginen da, egitura nabarmenak saihestuz; ibai-ohetik ateratako materialekin estaliko da zanga, jatorrizko ibai-ohearen dibertsitate granulometrikoa mantenduz; ahal dena eginen da ibai-ibilgura hormigoi isurketarik irits ez dadin, eta ibai ertzean ukitzen diren tarteak lehengoratu eta landareztatu egin beharko dira.

_Landaredia eta paisaia lehengoratzeko neurriak: lehengoratu eginen dira kendutako landare eremuak eta heskaiak, inguru horretako landare espezieak erabiliz; larre-sastrakadi eremuak ere lehengoratuko dira, beharrezkoa bada hidroereintza eginez.

_Eremu horretatik elementu geldo guztiak eta obrako hondakinak aterako dira eta baimenduta dagoen zabortegi edo hondakindegiren batera eramanen.

_Obrak egiten ari direnean interes arkeologikoa duten hondakinak ikusten badira, berehala eman beharko zaio horren berri Vianako Printzea Erakundeari.

Iragarkiaren kodea: F0604105