39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

148/2006 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Mendabiako hondakin uren tratamendua" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urtarrilaren 11ko 4/2006 Ebazpenaren bidez, "Mendabiako hondakin uren tratamendua" izeneko proiektua eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Aipatu epean alegazio bakarra jaso da. Hona hemen alegazioa eta erantzuna:

_Javier Ripa Salmantino jaunak, kolektoreak ukitzen dituenak ordezkatuz, ondokoa alegatu du:

Udaletxeko atarian jendaurrean jarri den dokumentazioaren arabera kolektore horrek ez du partikular bakarrik ere ukitzen, ibaiaren bestaldetik pasatzen baita, emankorra ez den lurretik. Kolektorearen jatorrizko trazadura mantentzeko eskatu du.

Alegazioari erantzunez adierazi behar da Mendabiako hondakin uren araztegian sartzeko hustubidearen trazadura eraikuntza proiektuan ageri dela. Proiektu horretan ez dela aldaketarik egin, nahiz eta, inprimaketa akats batengatik, Udaletxean jarri den irudikapen birtualean beste modu batean agertzen den.

Zenbait irizpide kontuan harturik aukeratu da hustubidearen trazadura. Alde batetik, herri horretan sare bateratuak daudenez, isurketa aldiak gutxitzeko moduko instalazioa diseinatu da. Horretarako hustubide bat proiektatu da, ur emari handienak erregulatu eta laminatuko dituena kondukzio osoaren betetzea aprobetxatuz; hori lortzeko, malda gutxiko lurretan barna joan behar du, igoerarik eta jaitsierarik gabe.

Hustubideari proposatu den trazadura emanez gero, ez litzateke kondukzio guztia aprobetxatuko erregulaziorako; horrek ur nahasien isurketa gehiago izatea ekarriko luke eta, beraz, ingurumenarendako kaltea. Bestalde, proposamen berriak proiektatu denak baino kostu ekonomiko handiagoa du.

Horiek horrela, ezetsi egin da aurkeztutako alegazioa.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Mendabiako hondakin uren tratamendua" izeneko proiektua behin betikoz onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honetako azalpen zatian ezarritakoaren arabera ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Mendabiako Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Mendabiako Udalari, Jurramendiko Mankomunitateari eta ukituen ordezkariari jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesatu guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 1ean._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0603786