39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

413/2006 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Herri Lan zuzendariak emana, 2006ko ekitaldian zientzi helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du Nafarroako Foru Komunitatean zientzi helburuarekin egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatu eta hobetu beharrean direla. Hartarako, arau batzuk eratu dira 2006ko ekitaldi honetan jarduera horiek partez finantzatzeko dirulaguntzen deialdia arautzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak gai horretan ezarri duen lege esparruaren barrenean.

Horrenbestez, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenarekin bat, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuko 8. artikuluari dagokionez,

EBATZI DUT:

1. Zientzi helburuekin espeleologia eta geologia arloko jarduerak egiteko 2006. urteko dirulaguntzen deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean jasotako arauek arautuko baitute.

2. 19.000 euroko gastua baimentzea, 2006ko aurrekontuko "Espeleologia" izeneko 610002 61320 4819 456300 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzaile eskuordetuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko martxoaren 8an._Herri Lan zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

E R A N S K I N A

Espeleologia eta Geologia arloko jardueretan zientzi helburuekin aritzeko 2006ko dirulaguntzen deialdiaren arauak

1._Xedea

Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko mendiguneetan esplorazio-kanpainak partez finantzatzeko dirulaguntzak ematea, alde jakin batzuetan helburu zehatzak lortzeko edo espezialiate lanak egiteko, hala nola:

_Eremu interesgarrietan kobazulo jakinen batzuk esploratzea.

_Zenbait mendigunetako kobazuloak esploratu eta katalogatzea.

_Kobazulo jakin baten gaineko ikerketa, haren sorrera, morfologia, tektonika eta estratigrafia ikertuz eta kokaleku duen mendigunean nola dagoen moldatuta zehaztuz.

_Lur azpiko sarearen klima ikerketa, aire-ur-harri osagaiei dagokienez eta kanpoko aldaketek nolako eragina duten aztertuz.

_Lur azpiko hidrologiaren ikerketak, urak karst batean duen jarioa arautzen duten gertakari fisiko-kimikoak ikertuz.

_Hidrokimika, Geologia eta abarren gaineko ikerketak.

_Lur azpiko kobazuloen topografia, tamaina eta formen gaineko ikerketak, Nazioarteko Espeleologia Elkartearen sinboloak erabiliz eta haren garapen espezifikoaren gai diren lan eta ikerketa guztiak sartuz.

Dirulaguntza horien xedea zientzi helburuekin Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatu eta hobetzea da.

Dirulaguntza ematen zaien jarduerak 2006an egin beharko dira, eta beraz ez da laguntzarik emanen deialdi honen aurretik eginda zeuden jarduera edo funtzionamendu gastuengatik.

2._Onuradunak.

Eskabidea aurkeztean behar diren merezimenduak frogatzen dituzten pertsona edo taldeek hartzen ahalko dituzte deialdi honetako deialdiak.

Ez da zilegi izanen eskatzaileak aldi berean helburu bereko beste laguntzarik hartzea.

3._Eskabideak.

Eskaerak, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Iruñeko San Ignazio etorbideko 3ko beheko oinean, edo ekainaren 24ko 137/2000 Foru Dekretuaren zerrendako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Eskabideei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Dirulaguntzaren xede den jarduera edo proiektua deskribatzen duen txostena, lanen kostu xehetua espresuki adieraziz eta bai lanok non eta noiz egin behar diren ere.

b) 2. arauan ezartzen diren merezimenduen frogak.

c) Helburu bereko beste laguntzarik aldi berean ez jasotzeko zinpeko adierazpena.

d) Transferentzia bidezko pagamendu eskaera, N.A.N. edo I.F.Z. adieraziz, pertsona den edo elkartea den.

e) Eranskineko ereduaren araberako eskabidea.

f) Harremanetarako telefonoa.

g) Zilegi izanen da agiriekin batera beharrezkotzat jotzen diren beste osagai guztiak ere aurkeztea, merezimenduak hobeki frogatu eta eskaerak hobeki ebaluatzeko.

Aurreko agirietariko baten bat aurkeztu ezik eskabidea baliogabetuko da.

4._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honi dagokionez, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta bideratzeko eginkizunak Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari dagozkio, Batzorde Tekniko baten bidez. Zerbitzu hartako zuzendaria izanen da batzordeko burua eta Geologia eta Geoteknia Zerbitzuko buruak, Kontrol Administratiboaren Bulegoko buruak, idazkari lanetan arituko denak, eta Azpiegitura Geologikoaren Bulegoko buruak osatuko dute. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da Batzorde Tekniko horretaz ari dela.

Dirulaguntzak emateko prozedura bukatutzat emateko eskumena Herri Lan zuzendari nagusiari dagokio.

5._Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloratzeko orotariko arauak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez izapidatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Organo instruktoreak baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak.

Puntuatzen ahal diren irizpide objektiboak ezartzea ezinezkoa denez, baloratzeko aintzat hartuko da aurkeztu den proiektua nolakoa den, zenbat partaide dituen eta zer kualifikazio, Foru Komunitatearentzat zenbateko interesa eta errentagarritasun soziala duen.

Batzorde Teknikoak aurkezturiko agiriei buruz argibideak eman daitezela eta eskatzailea ager dadila eskatzen ahalko du, bere erabakia hobeki oinarritzeko. Gaur egun departamentuaren jarduera eta helburuetarako interesik ez duten lanetarako dirulaguntzen eskabideak ezesten ahalko ditu.

6._Ematea.

Herri Lan zuzendari nagusiaren ebazpen batek eman edo ukatuko ditu dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duenez. Ebazpen hori hiru hilabeteko epean emanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori ezer espresuki ebatzi gabe iragan delarik, dirulaguntza-eskaera ukatutzat hartuko da. Epe horretan ebazpenik eman ezean dirulaguntza eskaera ezetsitzat jo behar da. Ematen diren dirulaguntzak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, eta bertan ondokoak azalduko: deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuraduna, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

7._Zenbatekoa eta finantzabidea

Ebazpenean finkatu eginen da dirulaguntza zenbatekoa izanen den.

Espeologia jardueretarako dirulaguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 3.000,00 euroko dirulaguntza jasotzen ahal dute.

Geologia jardueretarako dirulaguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 6.000,00 euroko dirulaguntza jasotzen ahal dute.

2006ko ekitaldiko aurrekontuetako "Espeleologia" izeneko 610002 61320 4819 456300 dirusailetik emanen dira laguntzok, bertan dagoen saldoaren zenbatekoa egin arte.

8._Ordainketa

Dirulaguntzak lanak bukatzean pagatuko dira, gastuak justifikatu eta kasuan kasuko memoria aurkeztu ondoren.

9._Onuradunen betebeharrak

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Dirulaguntzapeko jarduera burutzea eta Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari aditzera ematea jarduera bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso den, eta bai ere proiektua kostuz edo edukiz aldatzen duen gorabeherarik izan den proiektuaren garapenean. Aldaketa horri buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez du konpromisorik hartuko, non eta ez duen espresuki bere egiten.

3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

4. 2006ko azaroaren 20a baino lehen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistroan egindako jardueraren gainean txosten bat eta gastuen azalpenak aurkeztea. Txosten horretan esploratu diren kobazuloen plano topografikoak ere egonen dira, kobazuloan dauden ekipamenduen fitxa teknikoa eta bai testuak ere, eta harekin batera testuok Word 97 edo berriagoko batean dituzten disketeak ere aurkeztuko dira; kobazuloen planoak Autocad edo Micro Station-erako egokiak diren fitxategietan aurkeztuko dira; eta kobazuloen oinarrizko datuen laburpena (Excel 97 orrietan edo horietatik goitikoetan edo Access 97 fitxategietan edo horietatiko goitikoetan). Argazki lanen negatiboak eta paperezko kopiak aurkeztuko dira. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak zilegi izanen du nahi duen bezala erabiltzea entregatu zaizkion material eta agiriak, betiere nork eginak diren aipatuz.

5. Diruz lagundutako jardueraren finantziazioa publikoa izan dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

6. Hala bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko adierazpena aurkeztea.

10._Ez-betetzea

Arau hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horrexen VI. tituluak xedatzen duenaren menpean daude.

11._Errekurtsoak

Deialdi honen eta arau hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ESKABIDE EREDUA

Izena:......................, adinez nagusia; N.A.N.: ........................ helbidea: ............ , herria: ................., nire izenean edo ondokoa ordezkatuz: .....................,

Honako hau azaltzen dut:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatuta 2006ko .... ean ......garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den espeleologia eta geologia jarduerentzako dirulaguntzen deialdiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela, deialdi horretako arauak bere hartantxe onartzen dituela eta ez duela jasotzen jarduera bereko beste laguntzarik. Horren frogagarri, eskatzen diren agiriak aurkezten ditu eta dirulaguntza horietako bat emateko eskatzen, ............ eurokoa (eskatzen den diru kopurua letraz eta zifraz jarri), .................... izeneko jarduera finantzatzeko. Eta beraz,

Eskatzen dut:

Eskabide hau onartu eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jar ditzazula.

(Eguna eta izenpea)

Iragarkiaren kodea: F0604865