39. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

75/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean landare-osasunerako produktuak erabiltzeko gaitasun txartela emateko prozedura arautzen duena.

Pestizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko Erregelamendu Tekniko-sanitarioa azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuak onetsi zuen, eta gerora aldatu egin zen otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretuaren eta martxoaren 11ko 443/1994 Errege Dekretuaren bidez. Erregelamendu horren 6. artikuluko 4. idatz-zatian ezarrita dagoenez, pestiziden aplikatzaileek eta pestizidekin tratamenduak egiten dituzten enpresetako langileek gaikuntzarako ikastaro edo probak gainditu behar dituzte, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak batera homologatuak. Halaber, 10. artikuluko 3.4 idatz-zatian ezarritakoaren arabera, erregelamendu horretan oso toxikotzat jotzen diren pestizidak edo ingurumen-erabilerarako baimendutako toxikoak erabili behar direnean, aplikatzaileek gaindituak izan behar dituzte gaikuntzarako ikastaro edo probak, nahiz eta tratamendua norberaren helburuetarako izan.

Pestiziden bidezko tratamenduetarako gaikuntza ikastaroak homologatzeko arauak Lehendakaritza Ministerioaren 1994ko martxoaren 8ko Aginduan ezarri ziren.

Gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 31ko 1999/45/EE Zuzentaraua eta hura aurrerapen teknikoetara egokitu beharrez Batzordeak eman zituen zuzentarauak aplikaturik, prestakin arriskutsuak sailkatu, ontziratu eta etiketatzeko Erregelamendu berria onetsi zen otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuaren bidez. Xedapen horrek aldatu egin zuen goian aipatutako Erregelamendu Tekniko-sanitarioa, gaiari buruzko irizpide berriak ezarriz. Irizpideok landare-osasunerako produktu guztiei aplikatu behar zaizkie 2004ko uztailaren 30az geroztik.

Beraz, 255/2003 Errege Dekretuan sailkapenari eta etiketei buruz ezarritako irizpideak aplikatuta, landare-osasunerako produktu asko arrisku handiagoko kategorietan sailkatu behar dira, lehenago indarra zuten arauetako sailkapena baztertuz, eta epe laburrean, ertainean nahiz luzean haien eraginpean egoteak ekar ditzakeen ondorioak zehaztu behar dira.

Egoera berri hori kontuan izanik, 1994ko martxoaren 8ko Agindua aldatu egin da, irailaren 19ko PRE/2922/2005 Aginduaren bidez.

Ildo berean, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen 41.1.c) artikuluak dio landare-osasunerako produktuen erabiltzaileek eta halako produktuak manipulatzen dituztenek indarra duen araudian gaikuntzari buruz ezarritako baldintzak bete behar dituztela, landare-osasunerako produktuen kategoriaren edo arrisku motaren arabera.

Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloko zerbitzu batzuk Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zituen. Dekretu horren arabera, nekazaritzako gaikuntzaren eta zabalkundearen arloko beste eskumen batzuen artean, Estatuak beretzat gorde du nekazaritzarako gaitzeko irakaskuntzak antolatu eta planifikatzeko eskumena. Estatuari dagokio gai horien gaineko oinarrizko arauak ezartzea. Bestalde, nekazarien lanbide irakaskuntzaren eta gaikuntzaren inguruko gaietan, Foru Komunitateari dagokio gaikuntzarako plan eta programak prestatu eta gauzatzea, bai eta nekazarientzako gaikuntza ikastaro berariazkoak eta hobekuntza ikastaroak garatzea ere, egokitzat jotzen dituenean, bere programak hobeki garatze aldera.

Urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean arautzen ditu Izurrien aurkako Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialeko inskripzioa eta funtzionamendua, pestizida arriskutsuen mugimenduen Liburu Ofizialari buruzko araudiaren aplikazioa eta pestizidak erabiltzeko gaikuntza ikastaroak zein gaitasun txartela, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen dio behar diren arauak eman ditzan bera garatu eta betearazteko.

Beraz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela emateko administrazio prozedura arautzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Xedapen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela emateko prozedura ezartzea.

2. artikulua. Agintari eskuduna.

1994ko martxoaren 8ko Aginduaren laugarren artikuluan eta urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia da agintari eskuduna, landare-osasunerako pestizidak erabiltzen dituzten pertsonak gaitzeko ikastaro edo proben homologazioa eta ebaluazioa izapidatzeko, bai eta lortutako gaitasuna frogatzen duen txartela emateko ere.

3. artikulua. Gaikuntza mailak.

1. Landare-osasunerako produktuak erabiltzeko ezarri diren gaikuntza mailak honakoak dira:

A._Oinarrizko maila: otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabili gabe lurreko eta aireko tratamenduetan laguntzen duten langileei eta beren ustiategietan horrelako tratamenduak inongo langileren laguntzarik gabe egiten dituzten nekazariei dagokie.

B._Maila kualifikatua: otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabili gabe lurreko tratamenduak egiten dituzten taldeen arduradunei eta beren ustiategietan horrelako tratamenduak langileen laguntzarekin egiten dituzten nekazariei dagokie.

C._Fumigatzailea: maila kualifikatua, otsailaren 28ko 255/2003 Errege Dekretuan toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak eta halakoak sortzen dituzten pestizidak erabiltzen dituzten aplikatzaile profesionalei eta zerbitzu enpresetako langileei dagokiena.

D._Nekazaritza eta basogintzako pilotu aplikatzailea: hegazkin edo helikoptero pilotu komertzialaren titulua eta lizentzia dituzten pertsonei dagokie; agiri horiek behar den gaikuntza lortzeko ahalbidea ematen dute.

E._Maila bereziak: oinarrizko maila edo maila kualifikatua lortzeko probak gaindituak dituztenentzat. Maila hau berariaz zuzenduta dago toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasen edo horiek sortzen dituzten pestiziden aplikazioan parte hartzen duten pertsonei, aplikazio mota kontuan izanik. Betekizun hau ez zaie aplikatuko beren erantzukizuna dela-eta fumigatzaile maila izan behar dutenei.

2. Aurreko idatz-zatian definitutako mailei dagokien gaikuntza frogatutzat joko da kasuan kasuko txartela edukiz gero. Hala ere, nekazaritza eta basogintza arloko goi eta erdi mailako titularrek ez dute txartela eduki beharrik izanen.

4. artikulua. Gaikuntza ikastaroak.

1. Oinarrizko mailarako, maila kualifikaturako eta fumigatzaile mailarako ikastaro egokiak eginen dira, foru agindu honen I. eranskinean zehazten den programari jarraituz.

2. Maila berezietarako, foru agindu honen II. eranskinean zehazten diren programen arabera eginen dira ikastaroak.

3. Foru agindu honen I. eta II. eranskinak aldatzen ez diren artean, ikastaro beraren segidako edizioak baimendu ahal izanen dira, entitate antolatzaileak eskatuz gero.

4. Aurreko artikuluko 2. idatz-zatian aipatu gabeko unibertsitate tituluren bat edo lanbide heziketako titulua dutenek foru agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren unitate didaktikoak baliozkotu ahal izanen dituzte, gaindituak dituztela frogatuz gero, eta gainerakoak ikasi beharko dituzte.

5. artikulua. Gaikuntza ikastaroak balidatzea.

1. Unibertsitateek, ikastetxeek edo zerbitzu ofizialek antolatu ahal izanen dituzte 3. artikuluan definitutako mailetako bakoitzari dagozkion irakaskuntzak emateko gaikuntza ikastaroak, edo beste titulu zein diploma ofizial batzuek estaltzen dituzten irakaskuntzak osatzekoak. Ikastetxe pribatuak ezartzen zaizkien zaintza eta ikuskapen arauen menpe egonen dira.

2. Entitate antolatzaileak ikastaroa balidatzeko eskabidea aurkeztuko du, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari zuzendua, foru agindu honen III. eranskinean dagoen ereduari jarraituz egina, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan edo eskualdeko nekazaritza bulegoan, ezertan ukatu gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa, ikastaroa egin baino bi hilabete lehenago gutxienez. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Ikastaroaren helburuen memoria zehatza, ikasleen gehieneko kopurua azaltzen duena.

b) Eman beharreko programa. Unitate didaktikoak, eskola orduak eta praktiken mota eta iraupena zehaztuko dira.

c) Irakasleen zerrenda; bakoitzaren titulazioa, esperientzia eta interesekoak izan daitezkeen beste baldintza osagarri batzuk zehaztuko dira.

d) Ariketa praktikoetarako erabil daitezkeen baliabide, material eta ekipoak.

e) Ebaluaziorako irizpideak.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dokumentazioa aztertuko du, eskola programen, irakasleen eta baliabide materialen aldetik Agindu honetan aurreikusitako prestakuntza-baldintzak betetzen ote dituen ikusteko, eta bere adostasuna eskatzaileari jakinaraziko dio. Baldintzaren bat betetzen ez badu, entitate antolatzaileari hamar eguneko epea emanen zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean beraren eskaera baztertu eginen dela, bertan behera utzi duelakoan.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak bi hilabeteko epean eskabidea ebazten ez badu, ikastaroaren balidazioa onartu duela ulertuko da.

5. Balidatutako ikastaro bakoitzaren inguruko informazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da; besteak beste, ikastaroaren izena, helburua, estaltzen dituen gaikuntza mailak, programa, ikasleen kopurua, parte hartzeko baldintzak, eta hura emanen duen ikastetxe edo entitatearen izena eta helbidea.

6. artikulua. Gaikuntza ikastaroen homologazioa.

1. Gaikuntza ikastaroren baten programa ez badator bat foru agindu honen I. eta II. eranskinetan zehaztutako programekin, ikastaro hori homologatu egin beharko da.

2. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, horretarako, aurreko artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz aurkeztutako eskabidea, dagokion txostenarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eta Osasun eta Kontsumo Ministerioari bidaliko die, hilabeteko epean erabakia har dezaten. Erabakirik hartu ezean, ikastaroa homologatutzat joko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanen dira aurreko artikuluko 5. idatz-zatian aipatutako datuak.

7. artikulua. Gaikuntza ikastaroen jarraipen ofiziala.

1. Gaikuntza ikastaroak hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, entitate antolatzaileak hasiera jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, IV. eranskinean dagoen eredua erabiliz.

2. Gaikuntza ikastaroa amaitutakoan, entitate antolatzaileak ikastaroaren emaitzei buruzko txostena egin beharko du, V. eranskineko ereduari jarraituz, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igorri, hura amaitzen denetik hilabeteko epean. Txosten horretan azalduko dira ikastaroaren identifikazio gakoa, dagokion gaikuntza maila, irakaskuntza-entitate edo zerbitzu ofizial antolatzailearen izena, ikastaroaren zuzendariaren izena eta titulazioa, ikastaroa egin den tokia, eskola orduen eta praktika orduen kopuruak eta ikastaroa gainditu duten ikasleen kopurua. Zerbitzu ofizialek ikastaroa ikuskatu duten ala ez adieraziko da, eta baiezkoan, ikuskapenaren emaitza azalduko da; bereziki, irakasleen parte-hartzeari eta ikasleak eskoletara joan eta probak egiteari dagokienez.

8. artikulua. Erabiltzaile txartela ematea.

1. Interesatuek eskatuta emanen dira erabiltzaile txartelak. Eskabidea VI. eranskinean dagoen ereduaren arabera eginen da, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari zuzenduko zaio eta ikastaroa amaitzen denetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko da. Foru agindu honen 5. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako lekuetako edozeinetan aurkeztu ahal izanen da. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Ikastaroa antolatu duen entitatearen ziurtagiria, kasuan kasuko mailako unitate didaktikoak gainditu direla dioena.

b) Tasak ordaindu izanaren agiria.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren edo balio bereko beste baten fotokopia.

d) NAN tamainako bi argazki.

2. Ahal dela eskabideak batera aurkeztuko dira, ikastaroa antolatu duen entitatearen bitartez.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, 1. idatz-zatian aipatutako agiriak egiaztatu ondoren, eman beharreko txartelak emanen ditu hilabeteko epean, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan sartzen den egunetik hasita.

4. Txartelen formatua eta edukia bat etorriko dira 1994ko martxoaren 8ko Ministerio Aginduaren I. eranskinean adierazitakoarekin.

5. Txartelak hamar urteko indarraldia izanen du lurralde nazional osoan, ematen den egunetik aurrera.

9. artikulua. Kontrola eta zehapenak.

Foru agindu honetan xedatutakoa betearazteko ikuskapena eta kontrola Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagozkio. Arau-hausteengatik zehapenak ezarri ahal izanen ditu, indarra duen legeriari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Foru agindu honetan biltzen ez den orotan 1994ko martxoaren 8ko Agindua hartuko da aintzat, pestiziden bidezko tratamenduak egiteko gaikuntza ikastaroen homologazioari buruzko arauak ezartzen dituena, 2000ko urtarrilaren 5eko Aginduak eta abenduaren 19ko PRE/2922/2005 Aginduak aldatua.

AZKEN XEDAPENA

Foru aginduonek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko martxoaren 6an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

1._I. eranskina Oinarrizko maila, maila kualifikatua eta fumigatzaile maila lortzeko ikastaroen programak.

2._II. eranskina Maila bereziak lortzeko ikastaroen programak.

3._III. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroa balidatzeko/homologatzeko eskabidearen eredua.

4._III. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroa hasi aurreko jakinarazpenaren eredua.

5._V. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren emaitzei buruzko txostenaren eredua.

6._VI. eranskina Landare-osasunerako produktuen erabiltzaile txartela eskatzeko eredua.

I. ERANSKINA

Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroen programak

Oinarrizko maila.

1._Izurriak. Kontrol metodoak, landareen osasuna babesteko baliabideak.

2._Landare-osasunerako produktuak: deskripzioa eta ikuspegi orokorra.

3._Landare-osasunerako produktuen eta haien hondarren arriskuak.

4._Landare-osasunerako produktuak erabiltzearen arriskuak.

5._Intoxikazioak eta osasunaren gaineko beste ondorio batzuk. Lehen laguntzak.

6._Landare-osasunerako tratamenduak. Tratamenduak emateko ekipoak.

7._Ekipoak garbitzea, zaintzea, erregulatzea eta berrikustea.

8._Langilearen esposizio maila: aurreneurriak eta babes neurriak landare-osasunerako produktuak erabiltzean.

9._Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.

10._Ingurumen-praktika onak. Ingurumena zaintzeko sentsibilizazioa.

11._Ingurumenaren babesa eta ontzi hutsen ezabaketa: berariazko araudia.

12._Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.

13._Landare-osasunerako praktika ona: etiketak eta segurtasun-datuen fitxak interpretatzea.

14._Landare-osasunerako produktuak erabiltzean bete behar den araudia. Arau-hausteak eta zehapenak.

15._Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko praktikak.

Eskola orduak, gutxienez: 25.

Maila kualifikatua.

1._Laboreen izurriak: eragiten dituzten kalteak.

2._Izurriak kontrolatzeko metodoak.

3._Landare-osasunerako babes baliabideak: borroka integratua eta borroka biologikoa.

4._Landare-osasunerako produktuak: substantzia aktiboak eta prestakinak.

5._Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko metodoak.

6._Aplikaziorako ekipoak: mota bakoitzaren funtzionamendua.

7._Ekipoak garbitzea, erregulatzea eta kalibratzea.

8._Ekipoak mantentzea eta berrikustea.

9._Landare-osasunerako produktuek osasunarentzat dituzten arriskuak.

10._Landare-osasunerako produktuen hondarrak. Kontsumitzaileentzat dituzten arriskuak.

11._Intoxikazioak eta osasunaren gaineko beste ondorio batzuk. Lehen laguntzak.

12._Landare-osasunerako tratamenduak. Prestatzea, nahastea eta aplikatzea.

13._Landare-osasunerako produktuak erabiltzearen arriskuak.

14._Langilearen esposizio maila.

15._Langilearen aurreneurriak eta babes neurriak.

16._Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.

17._Ingurumen-praktika onak. Ingurumena zaintzeko sentsibilizazioa.

18._Ingurumenari kalte egiteko arriskuak: kalte gutxiago egiteko neurriak.

19._Ontzi hutsak ezabatzea. Kudeatze sistemak.

20._Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.

21._Landare-osasunerako produktuak garraiatu, biltegiratu eta manipulatzea.

22._Nekazaritzako gizarte segurantza.

23._Landare-osasunerako praktika ona.

24._Etiketak eta segurtasun-datuen fitxak interpretatzea.

25._Landare-osasunerako produktuak erabiltzean bete behar den araudia. Arau-hausteak eta zehapenak.

26._Landare-osasunerako produktuak aplikatzeko praktikak.

27._Kasu praktikoak garatzeko ariketak.

Eskola orduak, gutxienez: 72.

Fumigatzaile maila.

1._Landare-osasunaren inguruko arazoak:

a) Laborantza lurretan.

b) Biltegiratutako landare produktuetan.

c) Nekazaritzako lokal eta instalazioetan.

d) Garraiobideetan eta nekazaritzako tresnerian.

e) Landare bizietan eta material begetatiboan.

f) Berotegiko laboreetan.

2._Fumigagaien propietateak, jarduteko moduak eta ekintza-espektroa:

a) Metil bromuroa.

b) Kloropikrina.

c) Aluminio eta magnesio fosfuroak / fosfamina.

d) Zianuroak / azido zianhidrikoa.

e) Beste batzuk (karbono dioxidoa, hidrogeno sulfuroa eta abar).

3._Fumigagaiak garraiatzea, biltegiratzea eta manipulatzea.

4._Fumigagai bakoitzaren aplikazioan kontuan hartu beharrekoak.

5._Fumigatzeko teknika eta ekipoak.

6._Ekipoak zaintzea, erregulatzea, kalibratzea eta berrikustea.

7._Arriskugarritasuna eta osasunarentzat dituzten arrisku zehatzak. Lehen laguntzak.

8._Gas detektagailuak, mozorroak, iragazkiak eta segurtasunerako beste elementu batzuk.

9._Segurtasunerako elementu eta ekipoak mantentzea.

10._Trazabilitate printzipioak. Janarien eta pentsuen higieneari buruzko baldintzak.

11._Lana-osasuna erlazioa: laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia.

12._Nekazaritzako gizarte segurantza.

13._Landare-osasunerako praktika ona.

14._Etiketak eta segurtasun fitxak interpretatzea.

15._Fumigazioak planifikatzea: kontuan hartu beharreko alderdiak.

16._Fumigatu beharreko merkantzia, barruti eta eremuak prestatu eta seinaleztatzea.

17._Fumigagaiei eta haien aplikazioari buruzko legeria berariazkoa.

18._Fumigazio praktikak.

19._Kasu praktikoak garatzeko ariketa.

Eskola orduak, gutxienez: 50.

Nekazaritza eta basogintzako pilotu aplikatzailea.

1._Fitopatologiaren ikuspegi orokorra. Ekologia eta landare-osasunerako jarduera.

2._Pestizidak: sailkapena eta talde bakoitzaren ezaugarriak.

3._Pestiziden formulazioak: izaera eta ezaugarriak.

4._Produktuak airetik botatzeko baliabide eta ekipoak (I): instalazio finkoak aireontzi mota bakoitzean. Aplikazio teknika bakoitzean erabiltzen diren ekipoak.

5._Aplikaziorako baliabide eta ekipoak (II): ekipoen funtzionamendua, erregulazioa, mantentzea eta kalibrazioa. Aireontziaren deskripzioa.

6._Bolumen txiki eta ertainak airetik botatzeko teknikak: ULV, ihinztatzea, hautseztatzea eta zabaltzea.

7._Bolumen handiak eta trinkoak airetik botatzeko teknikak:

8._Landare-osasunerako jarduerari aplikatutako meteorologia. Biometeorologia.

9._Nekazaritza eta basogintzako tratamenduen planifikazioa: aurretiazko ebaluazioa, hegaldi baxuetako oztopoak eta hegaldia egiteko plana.

10._Nekazaritza eta basogintzako hegazkin eta helikopteroen pistak: ezaugarriak eta baldintzak, instalazioak, ekipoak, hornidurarako baliabide osagarriak eta ontzi hutsen ezabaketa.

11._Pestizidak erabiltzearen arrisku ekologikoak. Animalia basati eta abereentzako arriskuak, landareentzako toxikotasuna eta lur eta uren kutsadura.

12._Kutsaduraren kontrola. Deribaren kontrako teknika bereziak.

13._Pestiziden erabilerak pertsonen osasunarentzat dituen arriskuak: toxikologia, intoxikazioak eta lehen laguntzak.

14._Pestiziden hondarrak: hondarren barreiadura, segurtasun epeak eta gehieneko hondar kantitateak landare produktuetan eta edateko tratatuko diren uretan.

15._Segurtasuna eta higienea. Laneko osasuna.

16._Legezko araudia.

17._Ariketa praktikoak.

Eskola orduak, gutxienez: 90.

II. ERANSKINA

Maila berezietarako ikastaroen programak

Metil bromuroa erabiltzeko maila berezia.

1._Landare-osasuneko arazoak lurrean.

2._Legeria.

3._Metil bromuroaren eta kloropikrinaren propietate orokorrak. Beste gehigarri detektatzaile batzuk.

4._Metil bromuroaren ekintza izurrien kontra.

5._Aplikazioan kontuan hartu beharreko faktoreak.

6._Aplikazio moduak.

7._Haren erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.

8._Haren arriskuak eta hura erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.

9._Aplikaziorako praktika.

10._Ariketa praktikoa.

Eskola orduak, gutxienez: 25.

Aluminio fosfuroa eta magnesio fosfuroa erabiltzeko maila berezia.

1._Legeria.

2._Aluminio fosfuroaren eta magnesio fosfuroaren propietate orokorrak.

3._Laboreei erasaten dieten ugaztun txikien biologia eta haiek kontrolatzeko arazoak.

4._Borrokarako sistema alternatiboak.

5._Aluminio fosfuroaren eta magnesio fosfuroaren ekintza biozida eta haiek aplikatzerakoan kontuan hartu behar diren faktoreak.

6._Haien erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.

7._Aluminio eta magnesio fosfuroen arriskuak eta haiek erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.

8._Aluminio eta magnesio fosfuroak aplikatzeko praktikak.

9._Ariketa praktikoa.

Eskola orduak, gutxienez: 15.

Zianhidrikoz fumigatzeko maila berezia.

1._Legeria.

2._Azido zianhidrikoaren eta zianuroen propietate orokorrak.

3._Azido zianhidrikoaren ekintza izurrien kontra.

4._Hura aplikatzean kontuan hartu beharreko faktoreak.

5._Aplikazio moduak.

6._Haren erabilerak osasunarentzat dituen arriskuak. Lehen laguntzak.

7._Haren arriskuak eta hura erabili eta biltegiratzean hartu behar diren neurriak. Legezko araudia.

8._Aplikaziorako praktikak.

9._Ariketa praktikoa.

Eskola orduak, gutxienez: 20.

III. ERANSKINA

Landare-osasunerako produkten erabiltzaileen txartelak balidatu edo homologatzeko eskabidea Maila ............-

_Irakaskuntza-entitatearen datuak:

Sozietatearen izena:

Zuzenbidea:

Herria: ............................................ C.P.:

_Ikastaroaren xedeari buruzko memoria

Ikasleen gehieneko kopurua: ................

Bestelako oharrak:

_Irakaskuntzaren programa

Unitate didaktikoak, irakastorduak

Praktikak: motak, iraupena eta baliabide teknikoak (eskura dauden materiala eta ekipoak)

_Irakasleak

Irakasleen zerrenda, titulazioa, esperientzia eta interesgarriak izan daitezkeen bestelako ezaugarriak

_Ebaluazio irizpideak

Irakaskuntza-entitatearen aldetik,

Sinatua

_Aipatutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo, bestela, 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.

IV. ERANSKINA

Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren aurreko komunikazioa Maila ..............-

Ikastaroaren identifikzaio-gakoa: ..................

_Irakaskuntza-entitatearen datuak

Sozietatearen izena:

Helbidea:

Herria: ................................................. C.P.:

Ikastaroaren zuzendaria

Izen-deiturak eta titulazioa:

_Ikastaroaren datuak

Egiteko tokia:

Hasiera eguna: ................................ Bukaera eguna:

Inskribatutako ikasle kp.: ...............

_Programa*

Irakastorduen eta praktiken kp.: ................

Unitate didaktiko bakoitzeko irakasleak (Izen-deiturak eta titulazioa)

(*) Aldez aurretik onetsitako programari edozein aldaketa sartuz gero, haren berri emanen da.

Eguna: .....................

Ikastaroaren arduraduna,

Sinatua

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.

ANEXO V

Landare-osasunerako produktuen erabiltzaileentzako ikastaroaren emaitzei buruzko txostena Maila: .................-

Ikastaroaren identifikazio-gakoa: ................

_Irakaskuntza-entitatearen datuak

Sozietatearen izena:

Helbidea:

Herria: .......................................... C.P.:

Ikastaroaren zuzendaria

Izen-deiturak eta titulazioa:

_Ikastaroaren datuak

Egiteko tokia:

Hasiera eguna: ............................ Bukaera eguna:

Zenbat ikaslek gainditu duten: ..............

_Programa*

Irakastorduen eta praktiken kp.: .................

Unitate didaktiko bakoitzeko irakasleak (Izen-deiturak eta titulazioa)

(*) Aldez aurretik onetsitako programari edozein aldaketa sartuz gero, haren berri emanen da.

_Ikastaroaren emaitzak

Gainditu duten ikasleen kopurua eta zerrenda: izen-deiturak, NAN zk,, helbidea eta telefonoa.

Ikuskapen ofizialak: horrelakorik egonez gero, organo ikuskatzailea adieraziko da, eta baita haren emaitza ere, irakasleen partaidetzari eta ikasleek izandako asistentziari eta probei dagokienez.

Eguna: ............

Ikastaroaren arduraduna,

Sinatua

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.

VI. ERANSKINA

Landare-osasunerako produkten erabiltzaileen txartela emateko eskabidea

_Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

NANaren edo pasaportearen zk.:

Helbidea:

P.K. ............................... Población:

Telefonoa:

Posta elektronikoa:

_Ikastaroaren datuak

Gaitasun maila:

Herria: .................................... Fecha comienzo:

Antolatzailea:

Sinadura:

.................n, .......(e)ko ...........aren ......(e)an

1._Landare-osasunerako produkten erabiltzaileen txartela lortzeko beharrezkoa izanen da dagokion mailako unitate didatikoak gainditzea. Ikastaroaren entitate antolatzaileak emandako ziurtagiria aurkeztuko da.

2._Txartela lortzeko eskabidearein batera ondokoak aurkeztuko dira: eskubideak ordaindu izanaren agiria; - bi argazki, karnet neurrikoak; - NANaren edo balio bereko beste agiri baten fotokopia; - ikastaroa gainditu izanaren ziurtagiria.

3._Dokumentu horiek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira (Tutera kalea, 20. 31003 Iruñea. Tel.: 948 42 37 98), edo, bestela, Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan edo 30/92 Legearen 38.4 artikulan aipatutako tokietako batean. Aurkezteko epea hilabetakoa izanen da, ikastaroa bukatzen denean hasita.

4._Ahal dela, dokumentazioa taldeka aurkeztuko da, ikastaroa antolatzen duten entitateen bitartez.

Interesatuek bete beharrekoa.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0604079