38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VALTIERRA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Valtierrako Udalak, 2006ko urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori Europar Batasuneko eredura egokitzea arautzen dituen ordenantza.

Aditzera ematen da, indarra eta ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Valtierran, 2006ko otsailaren 6an._Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ETA TXARTEL HORI EUROPAR BATASUNEKO EREDURA EGOKITZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Minusbaliatuak gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dio udalek neurri egokiak hartu behar dituztela ibiltzeko arazo larriak dituzten minusbaliatuen ibilgailuak errazago aparkatu daitezen, eta neurri horiek gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko tresna eraginkorrak direla, mugikortasun arazo handien ondorioz garraiobide publikoak erabiltzeko mugak dituen jende askori toki eta zerbitzu komunitarioetara iristeko aukera ematen diotelako. Izan ere pertsona horiek beren kabuz joaten ahal dira toki horietara, beren ibilgailuetan, eta behin helmugara iritsita txartelak ibilgailua aparkatzeko erraztasunak emanen dizkie.

Europar Batasuneko Kontseiluak ere irizpide berari eusten dio. Ezgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari buruz aritzean, bidezkotzat jotzen du mugikortasun urriko pertsona guztientzat neurri osagarri zehatzak ezartzea errazago laneratu eta gizarteratu daitezen, eta horretarako egokitzat jotzen du, Erkidegoaren ekintza baten bidez, Europar Batasunean aparkatzeko txartelak ematea ezgaitasuna duten pertsonei eta herrialde guztiek onartzea besteen txartelak, pertsona horien joan-etorri librea errazte aldera.

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an onetsi zuen estatu kideentzako gomendio hau: ezgaitasuna duten pertsonentzat aparkatze txartela ezartzea eta horretarako Europar Batasun osoan eredu bateratua erabiltzea, estatu kide guztietan onartua, horrela txartelen titularrek Europa osoan izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, betiere norbera dagoen herrialdean indarra duten arau nazionalak betez.

Valtierrako Udalak, arazo hauetaz aspalditik kezkaturik, minusbaliotasuna duten pertsonei txartelak ematen dizkie doan aparkatu ahal izateko, betiere ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari traba egin gabe, baina ez du halako baimenak emateko irizpideen gaineko arau zehatzik.

Jakina da ibilgailuak aparkatzeko arazoak izaten direla bai hemen bai hiri ertain eta handi guztietan. Beraz, baimen horiek ematerakoan kontuan hartu beharko dira zenbait faktore, ezgaitasuna duten pertsonei beren helmugatik hurbil aparkatzeko eskubidea ukatu gabe toki administrazioak zuzentasunez eta zentzuz kudeatu behar baititu aparkatzeko dauden toki urriak.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezgaitasunen ondorioz mugikortasuna murriztua duten pertsonek gidari nahiz bidaiari gisa erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko txartelaren erabilera eta hura emateko prozedura arautzea; halaber, txartel hori Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioari jarraituz Europar Batasunean onartu den eredura egokitzeko arauak ematen dira ordenantza honen I. eranskinean.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Ezgaitasunen ondorioz mugikortasuna murriztua duten pertsonei ordenantza honetan ezarritako prozeduraren bidez emanen zaie aparkatzeko txartela, eta Valtierrako udalerrian izanen du indarra. Txartelen titularrek bertako aparkaleku erreserbatuak erabili ahal izanen dituzte, eta ezinduentzat ezartzen diren eskubideak izanen dituzte ibilgailuak aparkatzeko orduan. Gainera Europar Batasuneko estatu guztietan erabili ahal izanen dute txartela, kasuan kasuko udalak ibilgailuen antolamenduari eta zirkulazioari buruz ezarritako baldintzen arabera.

Era berean, ezgaitasunen ondorioz mugikortasuna murriztua duten pertsonek Valtierrako udalerrian erabili ahal izanen dituzte Europar Batasuneko gainerako administrazio publikoek emandako aparkatze txartelak.

3. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Ezgaitasunen ondorioz mugikortasuna murriztua duten pertsonentzako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: bizilekua edo lantokia Valtierran izatea, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko edo psikikoa izatea, balorazio unitate egokiko medikuek hori baieztatzen duen irizpen teknikoa eman izana, eta minusbaliotasuna % 33tik gorakoa izatea.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

1. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak ordenantza honen I. eranskinean zehazten dira.

2. Aparkatzeko txartela erabiltzeko baldintza hauek bete beharko dira:

1._Txartela titularrarentzat izanen da soil-soilik, eta honako bi kasu hauetan baizik ezin izanen da erabili: txartelaren titularra den mugikortasun urriko pertsona ibilgailuan eramaten dutenean edo berak ibilgailua gidatzen duenean.

2._Txartela haizetakoan jarriko da, haren aurrealdea kanpotik irakurri ahal izateko moduan, eta agintari eskudunei edo haien agenteei aztertzen utzi beharko zaie hala eskatzen dutenean.

_Berariaz seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du.

5. artikulua. Txartela indargabetzea.

Txartela erabiltzeko baldintzak edo poliziako agenteen aginduak betetzen ez badira, txartelaren erabilera bertan behera utzi eta aparkatzeko eskubideak deuseztatu ahal izanen dira, gertaerak egiaztatu eta gero.

6. artikulua. Baldintzak.

Valtierrako udalerrian bizi direnak aparkatzeko txartelaren titular izaten ahalko dira honako baldintzak betetzen badituzte:

_Errolda. Valtierrako Udalean erroldatuta egotea.

_Adina. 2 urtetik gorakoa izatea.

_Minusbaliotasuna. Minusbaliotasuna onartzeko behar den ebazpena edukitzea, erakunde eskudunak emana.

_Mugikortasun murriztua. Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinean dagoen baremoa aplikatuz zehaztuko da (minusbaliotasun gradua onartu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko Errege Dekretua, 2000ko urtarrilaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), balorazio unitate egokiak emandako irizpenaren bidez.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura. Valtierrako Udalak emanen du txartela, ondoko prozedura betez:

1. Interesatuak eskatuko du espedientea abian jartzeko, inprimaki egokiaren bidez. Titularrak berak nahiz haren legezko ordezkariak eskatu ahal izanen du. Betiere, ordenantza honen 6. artikuluko baldintzak betetzen dituen pertsona izanen da txartelaren titularra.

2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

_Eskatzailearen NANaren fotokopia.

_Legezko ordezkaririk baldin badago, haren ordezkaritzaren egiaztagiria eta N.A.N.aren fotokopia.

_Titularraren bi argazki, karnet neurrikoak.

_Minusbaliotasuna onartzeko ebazpenaren fotokopia.

_Udalerrian bizi izatearen egiaztagiria.

3. Balorazio unitate egokiaren irizpena espedienteari erantsiko zaio eta Udalak eskabideari buruz ebatziko du, irizpena aintzat hartuta. Interesatuari ebazpena jakinaraziko zaio hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartelaren eskabidea Udaleko erregistroan sartzen den egunetik hasita.

4. Aparkatzeko txartela ematea onartu ondoren, titularrari txartela aurkeztuko zaio sinatzeko. Behin sinaturik, Udalak plastifikatu eginen du eta interesatuari emanen dio.

5. Udalak, txartelarekin batera, udalerrian eta Europar Batasuneko herrialdeetan hura erabiltzeko baldintzen laburpena emanen du.

8. artikulua. Indarraldia.

Txartelean bertan agertuko da noiz arte izanen den baliozkoa. Bi faktoreren menpe egonen da: titularraren adina, eta mugikortasunari buruzko irizpenaren ezaugarriak, iraunkorra edo aldi baterakoa den zehazteko.

_18 urtetik gorakoentzat, indarraldia 5 urtekoa izanen da txartela ematen den egunetik aurrera, irizpenean mugikortasuna behin betiko murriztuta dagoela adierazten baldin bada.

_Mugikortasuna aldi baterako murriztuta dagoenean, txartelaren indarraldia ezintasun horren iraupenaren araberakoa izanen da.

_Titularra 18 urtetik beherakoa bada, indarraldia gehienez 2 urtekoa izanen da, baina irizpenean mugikortasun murriztuaren epe laburragoa aipatzen bada, indarraldia epe horretara egokituko da.

9. artikulua. Txartela berritzea

1. Irizpen iraunkorra dutenak, 18 urtetik gorakoak badira: 5 urteren buruan berrituko dute. Udalak bizi izatearen eta erroldatuta egotearen baldintzak egiaztatuko ditu eta interesatuak karnet tamainako bi argazki aurkeztu beharko ditu.

2. Aldi baterako irizpena dutenak, 18 urtetik gorakoak badira: indarraldia amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan interesatuak mugikortasunari buruzko irizpen berria eta karnet neurriko bi argazki aurkeztu behar ditu; gainera, bizi izatearen eta erroldatuta egotearen baldintzak betetzen dituela frogatu behar ditu.

3. 18 urtetik beherakoak: mugikortasun murriztuaren iraupenaren arabera berrituko dute, gehienez ere 2 urteren buruan, eta irizpen berria aurkeztu beharko dute.

4. Interesatuak indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko du eskabidea, txartel berria edukitzeko aurrekoaren epea amaitzen denerako.

5. Betiere, interesatuak txartel zaharra Udalari emandakoan jasoko du txartel berria.

6. Txartel berriak aurrekoaren zenbaki bera izanen du.

7. Txartela lapurtu, ebatsi edo galduz gero, berritu eginen da. Txartela ebatsiz gero, interesatuak salaketaren egiaztagiria aurkeztu beharko du. Txartela hondatuz gero, interesatuak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak aurreko txartelaren iraungipen data bera jarriko dio txartel berriari.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau aplikagarria izanen da berak indarra hartu baino lehen minusbaliatuei aparkatzeko txartelak emateko hasitako prozeduretan. Halaber, ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako txartelak indargabetu eginen dira hemen ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte. Indargabetzea titularrari eta Udaltzaingoari jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gaur egun "Minusbaliatuentzako aparkatze txartela" dutenek sei hilabeteko epea izanen dute haren trukean Europar Batasuneko ereduaren arabera egindako txartel berria eskuratzeko, "Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela" deritzona alegia, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartelaren Europar Batasuneko ereduari buruzko xedapenak

A._Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartelaren neurriak, Europar Batasuneko ereduaren arabera, honakoak izanen dira:

_Luzera: 106 mm.

_Zabalera: 148 mm.

B._Aparkatzeko txartela urdin argia izanen da, gurpil-aulkiaren ikurra izan ezik; hau zuria izanen da, hondo urdin ilunaren gainean.

C._Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela plastifikatua izanen da, atzeko ezkerraldean titularrak sinatzeko dagoen tartea izan ezik.

D._Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartelak atzealdea eta aurrealdea izanen ditu, goitik behera erdibituak. Aurrealdeko ezkerreko erdian ondokoak agertuko dira:

_Gurpil-aulkiaren ikur zuria hondo urdin ilunaren gainean;

_Aparkatzeko txartelaren iraungipen data;

_Aparkatzeko txartelaren zenbakia;

_Txartela eman duen agintari edo erakundearen izena eta zigilua.

Aurrealdeko eskuineko erdian ondokoak agertuko dira:

_"Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela", letra handiz inprimatua. Jarraian, nahikoa urrun eta letra txikiz, "Aparkatzeko txartela", Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

_"Europako Erkidegoen eredua" inskripzioa.

Hondoan, Espainiaren ezaugarria (E) Europar Batasunaren ikurraren barnean (hamabi izarrak biribilean).

Atzealdeko ezkerreko erdian ondokoak agertuko dira:

1._Titularraren abizenak;

2._Titularraren izena;

Titularraren sinadura, edo baimendutako beste marka bat, legeria nazionalean onartzen bada;

3._Titularraren argazkia.

Atzealdeko eskuineko erdian ondokoak agertuko dira:

1._Ohar hau:

_"Txartel honen titularrak, Europar Batasuneko edozein herrialdetan dagoenean, bertan indarra duten erraztasunak izanen ditu aparkatzeko.";

2._Ohar hau:

_"Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aurrealdean jarri behar da, txartelaren aurrealdea ongi ikusteko moduan, kontrolatu ahal izan dadin."

II. ERANSKINA

Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela eskatzeko eredua

Ezgaitasuna duen pertsonaren datuak.

Izena: ..................................................., N.A.N.: ......................., bizilekua: ........................., kalea: ..............................., P.K.: ........................, telefonoa: ..........................

Legezko ordezkariaren datuak.

Izena: ............................................., N.A.N.: ...................., bizilekua: ........................., kalea: ................................., P.K.: ........................, telefonoa: .........................., ezgaitasuna duen goiko pertsona horren legezko ordezkari gisa.

ESKATZEN DUT:

Ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela emateko, atzean zehazten diren baldintzen arabera, 2005eko ...................aren ......(e)ko Ordenantzan xedatutakoarekin bat; horren bidez Europar Batasuneko eredura egokitu da ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela, eta hura emateko baldintzak ezarri dira.

Valtierran, 200...(e)ko ...............aren .....(e)(a)n.

Eskatzailea. Legezko ordezkaria.

Sin.: ................... Sin.: .................

VALTIERRAKO ALKATE UDALBURUA.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZE TXARTELA ERABILTZEKO BALDINTZAK

_Baimen hau titularrarentzat da soil-soilik eta titularrak ibilgailua gidatzen duenean edo hura ibilgailuan eramaten dutenean baizik ezin izanen da erabili.

_Txartel hau haizetakoan jarriko da, haren aurrealdea kanpotik irakurri ahal izateko moduan, eta agintari eskudunei edo haien agenteei aztertzen utzi beharko zaie hala eskatzen dutenean.

_Berariaz seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du; baita aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ere, behar-beharrezkoa den denboran eta toki hauek salbu:

_Oinezkoentzako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoentzako pasabideak.

_Gelditzea debekaturik dagoen tokiak.

_Pasabideak edo larrialdietako irteerak.

_Zirkulatzeko erreiak ("bigarren ilarak").

Une oro udaltzainen oharrei kasu egin beharko zaie."

Iragarkiaren kodea: L0602345