38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CORELLA

Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko Erregelamendua behin betiko onetsirik

Komunikazioari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Erregelamendua hasiera batean onesteko erabakia 2004ko 93. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 4an, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, Erregelamendua behin betiko onetsi da.

Hori aditzera ematen da eta testu osoa argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa betez. Hona hemen:

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Definizioa

Erregelamendu hoi dagokionez, Udalaren kirol instalaziotzat hartuko dira publikoak eta Udalaren titulartasunekoak izan eta kirol jarduerak egiteko erabiltzen diren lokal, dotazio edo eremuak, estaliak nahiz estali gabeak. Zehazki honako hauek dira Udalaren kirol instalazioak: "Miguel Indurain" kiroldegia, "Udal Igerilekuak" kirolgunea, Kirol Hiria, eta Udalarenak izanik berak zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen gainerako guztiak.

2. artikulua. Kudeaketa

1. Udalak zuzenean edo zeharka kudeatuko ditu bere kirol instalazioak, Kirol Zinegotzigoa eskuordetuz kudeaketa mota bakoitzari dagozkion eginkizunetarako, eta klub edo entitateekin instalazioen erabilerari buruz berariaz egindako hitzarmenetan ezartzen diren moduan eta baldintzetan.

2. Halaber Udalaren kirol instalaziotzat hartuko dira xede horretarako diren ondasun higigarriak eta Corellako Udalaren kirol instalazioren bati modu iraunkorrean atxikita daudenak.

3. Kirol Zinegotzigoaren ardura izanen da Udalaren kirol instalazioak mantentzea, kontrolatzea eta eskatzen zaizkien betekizunetara egokitzea. Indarra duten foru araudiak eta Estatukoak (osasun arlokoak, hezkuntzakoak, hirigintzakoak, kirol arlokoak...) aplikatu daitezen eta erabiltzaileen eskariak bete daitezen begiratuko du.

4. Erregelamendu honetan arau orokorrak eta arau zehatzak ezarri dira Udalaren kirol instalazioen funtzionamendua eta erabilera zuzentzeko.

Arrazoi batengatik edo bestearengatik Erregelamendu honek Udalaren kirol instalazioren bat edo haren barnean kirola egiteko erabiltzen den tokiren bat berariaz arautzen ez badu edo dauden arauak noizbait osatu eta/edo aldatu nahi badira, Kirol Zinegotzigoak eskubidea izanen du garaia denean komenigarritzat jotzen dituen arauak emateko, eta eskubide hori beste entitate batzuei laga ahal izanen die.

3. artikulua. Helburuak

1. Behar diren guneak sortzea herriko biztanleek kirola egin dezaten eta kirol kultura herrian zabaldu dadin, jarduera fisikoa eta josteta, ariketa fisikorako programak eta kirola direla medio, indarra duten arauetan eta Erregelamendu honetan toki entitateei ematen zaizkien eskumenak erabiliz.

2. Beste kultur jarduera batzuk egitea kirolaz gainera, betiere Udalaren kirol instalazioen izaeraren aurkakoak ez badira.

Aurreko kasuetan, idatziz baimena eskatuko zaio Udaleko kirol teknikariari, baina horrek ez du inor salbuetsiko jarduerak egiteko behar diren legezko baimenak eskuratu beharretik.

3. Legegintzaldi bakoitzerako onesten den Udalaren Kirol Planeko jarraibideak garatzea.

4. artikulua. Instalazioen erreserbak: arau orokorrak, lehentasunak eta eskabideak

Arau orokorrak

1. Udalaren kirol instalazioetan kirola egiteko guneetako batzuk erreserbatu ahal izanen dira, Erregelamendu honetan edo hura garatzeko arauetan aurreikusten direnak soilik. Instalazioen erabilera demokratikoa eta horren araberako lehentasunak bermatu behar dira, eta Erregelamendu honetan Udalaren kirol instalazioei ezarri zaizkien xedeak bete behar dira. Erreserbak egiteko aukera baldintza horien menpe egonen da.

Udalaren kirol instalazioak erreserbatzeko baldintza horiek erabiltzen diren kirol eremuetan nahiz erabiltzaileei haietara sartzeko jartzen ahal zaizkien mugetan izanen dute eragina.

Inola ere ezin izanen da kirol eremu osagarririk erreserbatu, Kirol Zinegotzigoak berariaz baimena eman ezean.

2. Udalaren kirol instalazioak lehentasunez erabiltzeko aurretiazko betekizun gisa, Kirol Zinegotzigoak ratioen eta instalazioak erabiltzeko erreserba egin dezaketen gutxieneko pertsona taldeen menpe jarri ahal izanen ditu bere erabakiak, Erregelamendu honetan edo hura garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera.

3. Betiere, Kirol Zinegotzigoak Udalaren kirol instalazioetan kirol minoritarioek lekua izan dezaten sustatuko du, teknika aldetik ahal den guztietan, kontuan izanik haien kategoria, kalitatea eta eragina.

Lehentasunak

1. Hezkuntza arloko agintari eskudunek urtero ezartzen duten eskola ordutegiaren barnean, Corellako ikastetxe ofizialek Udalaren kirol instalazioetara sartzeko lehentasuna izanen dute, gorputz-hezkuntzako klaseak bertan emateko.

2. Eskola ordutegitik kanpo eta eskola umeen oporraldietan, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko ondoko ordena honi jarraituko zaio, Erregelamendu honetan aurreikusitako baldintzak betez:

a) Corellako Udalak antolatutako kirol programak.

b) Kirol instalazioetako abonatuak eta Corellan diharduten tokiko kirol klubak.

c) Udalaren kirol programetan eskuzabaltasunez laguntzen duten norbanako edo talde abonatu gabeak.

d) Corellan bizi diren gainerako abonatu gabeak.

e) Corellatik kanpo bizi diren abonatu gabeak.

3. Goian aipatutako lehentasun orokorrak eta Erregelamendu honetan oinarrituta Zinegotzigoak herriko kirol klubentzat aurreikusten ahal dituen kontzesioak gorabehera, Kirol Zinegotzigoak aldaketak egin ahal izanen ditu instalazioak modu jarraituan erabiltzeko prestatzen diren egutegi eta ordutegietan.

4. Eskola umeen gorputz-hezkuntzarako erreserbaren gehieneko iraupena ikasturte bakoitzeko egutegian irakasgai horretarako ezarritakoa izanen da. Gainerako taldeentzat, abonatuak nahiz abonatu gabeak izan, egunean hirurogei minutuko erreserba egin ahal izanen da gehienez pertsona edo talde bakoitzeko. Aparteko beste eskari batzuk, hemen aurreikusi gabeak, Kirol Zinegotzigoak kasuz kasu aztertu ondoren ebatziko dira.

Eskabideak

1. Betiere Udalaren kirol instalazioak erabili baino hamar egun natural lehenago gutxienez aurkeztu beharko dira eskabideak, instalazio bakoitzari buruzko berariazko arauetan beste epe bat ezarri ezean.

2. Eskabideak onartzeko orduan aintzat hartuko dira, lehenik, aurreko atalean ezarritako lehentasunak, eta bigarrenik, aurkezpen ordena.

3. Baimena eman ahal izanen da Udalaren kirol instalazioak erabili ahal izateko Corellako ikastetxe ofizialek, Corellan diharduten tokiko kirol klubek edo Udalaren kirol programek erreserbatuak dituzten orduetan, betiere instalazioa hutsik eta inori agindu gabe baldin badago.

4. Entitate publiko edo pribatuak, Corellan diharduten tokiko klubak barne, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko aurreikusita dauden kontzesioak edo Erregelamendu honi jarraituz aurreikusten ahal direnak jasotzen badituzte, erreserbarako eskabidea aurkeztu beharretik salbuetsiko dira.

Ikastetxe ofizialentzat

Ikastetxeek doan erabiliko dituzte Udalaren kirol instalazioak. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak idatzizko eskaera eginen dio Kirol Zinegotzigoari, honek eskuratuko dion inprimaki bateratuan; Kirol Zinegotzigoak eskabideari baiezkoa edo ezezkoa ematearen aldeko txostena eginen du egokitzat jotzen duen moduan.

Betiere eskabidearen sinatzaileak izanen du erantzukizuna Udalaren aurrean, Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.

Abonatuentzat eta herriko kirol klubentzat

Udalaren kirol instalazioetako abonatuek eta Corellan diharduten tokiko kirol klubek doan erabiliko dituzte instalazio horiek. Udalaren kirol instalazioan emanen dieten inprimaki bateratua bete beharko dute horretarako, eta ikastetxe ofizialek edo Udaleko Kirol Zerbitzuaren programek betetzen ez dituzten orduak eskatu beharko dituzte.

Udalaren kirol instalazioak aurretiaz erreserbatuta erabiltzen dituzten abonatuek abonatu txartela eduki beharko dute den-denek.

Betiere eskabidearen sinatzaileak izanen du erantzukizuna Udalaren aurrean, Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.

Udalaren kirol programetan eskuzabaltasunez laguntzen duten norbanako edo talde abonatu gabeentzat.

Udalaren kirol programetan eskuzabaltasunez laguntzen duten norbanako edo talde abonatu gabeek doan erabiliko dituzte Udalaren kirol instalazioak. Horretarako idatzizko eskabidea igorriko diote Kirol Zinegotziari, inprimaki bakarrean. Kasua aztertu ondoren, Zinegotzigoak baimena eman ala ukatu zaion jakinaraziko dio eskatzaileari. Gainera, ikastetxe ofizialek, Udaleko Kirol Zerbitzuaren programek edo herriko abonatu eta kirol klubek eskatu ez dituzten orduak hartu beharko dituzte.

Betiere eskabidearen sinatzaileak izanen du erantzukizuna Udalaren aurrean, Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.

Gainerako abonatu gabeentzat, Corellan bizi nahiz ez.

Gainerako abonatu gabeek, Corellan bizi nahiz ez, sarrera ordainduta erabili ahal izanen dituzte Udalaren kirol instalazioak. Horretarako idatzizko eskabidea igorriko diote Kirol Zinegotziari, inprimaki bakarrean. Kasua aztertu ondoren, Zinegotzigoak baimena eman ala ukatu zaion jakinaraziko dio eskatzaileari. Gainera, ikastetxe ofizialek, Udaleko Kirol Zerbitzuaren programek, herriko abonatu eta kirol klubek eta Udalaren programak antolatzen eskuzabaltasunez laguntzen duten norbanako edo taldeek eskatu ez dituzten orduak hartu beharko dituzte.

LABURPEN TAULA

P R E Z I O A

Doan

Doan

Doan

Sarrera ordaindu behar da

D E N B O R A

Ikastetxeko G.H.ko ordutegia.

60 minutu egunean

60 minutu egunean

60 minutu egunean

BETEKIZUNAK

1._Ikastetxea Corellan egotea.

2._Kirol Zinegotzigoari idatziz eskatzea inprimaki bakarrean.

1._Udal txartela (abonatuak).

2._Sozietatearen helbidea eta jarduera Corellan izatea.

3._Kirol Zinegotzigoari idatziz eskatzea inprimaki bakarrean.

Kirol Zinegotzigoari idatziz eskatzea inprimaki bakarrean.

Kirol Zinegotzigoari idatziz eskatzea inprimaki bakarrean.

5. artikulua. Irekitzeko eta ixteko ordutegiak eta egunak

Kirol Zinegotzigoak ezarriko ditu Udalaren kirol instalazioak irekitzeko ordutegiak (egunekoak edo gauekoak) eta urteko sasoiak, hautematen dituen behar eta eskarien arabera.

Kirol Zinegotzigoak instalazioak aldi baterako ixtea erabaki ahal izanen du horretarako arrazoiak daudenean. Neurri hori aurretiaz emanen du aditzera, ahalik eta arinen.

6. artikulua. Publizitatea Udalaren kirol instalazioetan

1. Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak proposatuz gero, Corellako Udalak baimena eman ahal izanen du publizitatea jartzeko, finkoa nahiz mugikorra, iraunkorra edo ez, zeinahi elementu tekniko edo euskarrirekin egina, entitate publiko edo pribaturen batek hala eskatzen badu, betiere edukiz edo esanguraz indarkeriara bultzatzeko modukoa ez bada.

2. Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuaren iragarki eta argibideak berariazko eta aparteko panel edo tokietan jarriko dira.

3. Norbanakoek ezin izanen dute salmenta eta alokairuen edo bestelako informazioen iragarkirik jarri, ez bada tokiren bat atontzen berariaz halako iragarkiak jartzeko, kirol informaziotik aparte.

4. Betiere, Udalaren kirol instalazioetako informazioa kirolari buruzkoa izanen da soilik. Salbuespenez onartuko da herritar guztientzat interes nabarmena duten beste programazio batzuen gaineko informazioa.

7. artikulua. Sartzeko muga eta debekuak

1. Norbanakoei instalazioetara sartzeko eta haiek erabiltzeko mugak ezarri ahal izanen zaizkie, legezko arauetan edo Erregelamendu honetan ezarritakoa betetzen ez den kasuetan. Bereziki, Udalaren kirol instalazioetara sartzea debekatuko zaie ondoko objektuak dakartzaten pertsonei:

a) Edukiz edo esanguraz indarkeriara bultzatzeko moduko diren pankarta, sinbolo, enblema edo lemak.

b) Armak edo armatako erabiltzeko moduko objektuak.

c) Bengalak edo su artifizialak.

d) Erregelamendu honetan zehazten diren gainerako objektu edo tresnak.

2. Kasu guztietan ere, sartzeko mugak jarriko dira instalazioaren edukieraren arabera.

3. Emakumezkoentzat edo gizonezkoentzat bakarrik diren tokietan ezin izanen dira sartu beste sexukoak.

4. Ezin izanen da ibilgailu pribaturik sartu horretarako egokituta ez dauden tokietan.

5. Ezin izanen da animaliarik sartu, kirol jardueretan erabili behar direnak izan ezik, gidazakurrei buruz indarra duen araudian ezarritakoa salbu.

6. Ezin izanen dira sartu higiene eskasa agertzen duten pertsonak (usain txarra, arropa zikinak eta abar), ustez edo ziurtasun osoz gaixotasun kutsakorrak edo bestelakoak dituztenak, eta beste patologiaren baten ondorioz, Udaleko Kirol Zerbitzuko langileen edo Kirol Zinegotzigoaren iritziz, bere osasuna eta instalazioak erabiltzen ari diren gainerako pertsonena arriskuan jar dezakeen edonor.

7. Udalaren kirol instalazioetara sartzeak Erregelamendu honetako arauak onartzen direla esan nahi du.

8. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako honakoak dira kiroleko oinarrizko jarrera etikoak: Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileek eta instalazio horietara sartzen diren erabiltzaileek kirola egitean, kirol instalazioak erabiltzean eta horiek kudeatzean nahitaez hartu behar dituzten jarrera egokiak.

2. Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileek Erregelamendu honetan eskatzen diren kiroleko oinarrizko jarrera etikoak kontrolatuko dituzte eta bete daitezen begiratuko dute. Gizabidez eta zuzentasunaren oinarrizko arauei jarraituz jokatuko dute, gainerako erabiltzaileei eta jendeari oro har begirunea izanen diete, ez dute keinu eta hitz gordin edo itsusirik ez oihurik eginen eta indarkeriazko jarrerak baztertuko dituzte.

3. Erabiltzaileek Erregelamendu honetan eskatzen zaizkien kiroleko oinarrizko jarrera etikoak izan beharko dituzte.

9. artikulua. Galdutako gauzak

Corellako Udalak ez du inoiz erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazioetan galtzen diren gauzengatik, dena delako instalazioan erabiltzaileen gauza pertsonalak gordetzeko berariazko tokiak egon zein ez.

10. artikulua. Osasun eta lege estaldura

Corellako Udalak ez du erantzukizunik izanen bere instalazioetan kirola egiten dutenek izan ditzaketen istripuengatik, Legearen arabera istripuaren errua zerbitzuari egozten ahal zaion kasuetan izan ezik.

Udalaren kirol instalazioek botikin bana izanen dute zauri arinei jaramon egiteko edo sendaketa txikiak egiteko. Betiere, Udalaren kirol instalazioetako langileek behar diren kudeaketak eginen dituzte medikuntzako laguntza espezializatua behar duen edonor toki egokira eramateko.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak

11. artikulua. Udalaren kirol instalazioetara sartzea eta haiek erabiltzea.

1. Erabiltzaileek, bakarka nahiz taldean, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea izanen dute Erregelamendu honetan edo hura garatzeko arau zehatzetan ezartzen den moduan.

2. Udalaren kirol instalazioen erabilera ezin izanen da esklusiboa izan erabiltzailearentzat, eta Corellako Udalaren edo Kirol Zinegotzigoaren beharren menpean geratu ahal izanen da.

3. Udalaren kirol instalazioetan herritarrek sarrera librea, borondatezkoa, berdintasunezkoa eta bereizkeriarik gabekoa izanen dute. Prezio publikoa ordaintzea beste mugarik ez dute izanen instalazioak erabili ahal izateko, udal ordenantza egokian ezarritako erabilera-arau, ordutegi eta tarifen arabera.

4. Erabiltzaileak Udalaren kirol instalazioetako edozein tokitara sartu ahal izatea Erregelamendu honetan aurreikusitako sarrera-muga edo debekuen menpe egon daiteke, baita guneen erreserbaren menpe ere. Nolanahi ere, Kirol Zinegotzigoak, zuzenean edo zeharka, egokitzat jotzen duenean kirol jarduerak antolatu ahal izanen ditu gune horiek zati batean edo osorik mugatuz. Erabiltzaileei behar adina denbora lehenago jakinaraziko zaie.

5. Udalaren kirol instalazioetara sartu eta haiek erabiltzeko tasak ordaintzeak ez du eskubiderik sortzen erabiltzaileak instalazio horietan barruti mugatuak egiteko, Kirol Zinegotzigoak berariaz baimena eman ezean.

12. artikulua. Udalaren kirol instalazioen kudeaketan parte hartzea.

1. Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioen kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute, iradokizun, ideia, erreklamazio edo bestelako ekarpenen bidez.

Parte-hartze hori idatziz gauzatuko da, instalazioetan beretan eskura jarriko diren bideetatik (iradokizunetarako postontziak), eta Udaleko kirol teknikariarekin hitz egiteko ere eskatu ahal izanen da.

13. artikulua. Argibideak

1. Erabiltzaileek informazioa eskatzeko eskubidea izanen dute: aurreko urtean egindako jardueren memoriaz, Erregelamenduaz, instalazioen segurtasun eta osasungarritasunaren inguruko barne-arauez, eskaintzen diren zerbitzuez eta, hala tokatzen denean, zerbitzuei dagozkien tasa, kuota eta berriztapenez.

2. Aurreko puntuan aipatutako informazioa eskatzeko, erabiltzaileek eskaera-orria aurkeztu beharko diote Kirol Zinegotzigoari.

14. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileek tratu egokia emanen diete erabiltzaileei.

15. artikulua. Abonatuak

1. Abonatu txartela eta berari lotutako onurak pertsonalak eta besterenezinak dira.

2. Udalaren kirol instalazioetako abonatuek kuota murriztua izanen dute Udalaren kirol eskola eta ikastaroetarako izena ematerakoan.

3. Abonatuek Udalaren kirol instalazioak erreserbatzeko lehentasuna izanen dute beste talde batzuen aurretik, Erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat.

4. Abonatuek Udalaren kirol instalazioetako kirol materiala erabili ahal izanen dute, Kirol Zinegotzigoak baimena emanez gero eta berak aurreikusten dituen egoera eta baldintzetan.

5. Udal ordenantza egokiaren arabera bereganatzen ahal dituzten gainerako eskubide guztiak izanen dituzte.

16. artikulua. Datuen babesa

1. Erabiltzaileek eskubidea izanen dute txartelak izapidatu edo Udalaren kirol eskaintzan inskribatzeko ematen dituzten datu pertsonalak babestu daitezen, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen betebeharrak

17. artikulua. Betebehar orokorrak

1. Udalaren kirol instalazioak beren xedeetarako erabiltzea, Erregelamendu honetako arauei eta hura garatzen duten xedapenei jarraituz; instalazioetako langileek erabileraren gainean ematen dituzten jarraibideei kasu egitea, eta instalazioak erabili ahal izateko eduki behar den dokumentazioa aurkeztea, haiek eskatuz gero.

2. Ezarritako tasa edo prezio publikoak behar den garaian ordaintzea.

3. Indarra duen legerian ezarritako beste betebehar guztiak.

18. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak

1. Behar bezala erabiliko dira Udalaren kirol instalazioak, ekipamendua eta kirol ikastaro eta eskoletako kirol materiala. Axolagabekeriaz edo nahita eragiten den edozein kalte beraren erantzulearen edo erantzuleen kontura izanen da.

2. Debeku da baloi, pilota, irristailu, bizikleta eta bestelako tresnekin korrika edo jolasean ibiltzea aldagela, korridore, harmaila eta atsedenlekuetan, beste kirol eremu osagarri batzuetan eta Erregelamendu honek instalazio bakoitzerako ezarritako arau berariazkoetan zehazten diren kirol eremuetan. Erabiltzeko ordutegi finkoa duten kirol eremuetan, denbora amaitu eta gero alde egin beharko da, bertan geratzeko baimena eskuratu ezean.

3. Debeku da kirol eremuetako hesi, horma edo itxituretan gora igotzea edo beste aldera salto egitea.

4. Debeku da tabernatik kanpo beirazko ontziak edo hautsiz gero erabiltzaileei kalte egin diezaieketen ontziak eduki edo erabiltzea. Betiere debeku izanen dira beiraren erabilera horiek kirola egiteko eremuetan eta kirol eremu osagarrietan, korridoreak eta aldagelak kasu.

5. Debeku da listua botatzea, edozein motatako likidoak isurtzea eta edozein hondakin lurrera botatzea (txikleak, poltsak, zigarrokinak, fruitu lehorren azalak, paperak, pilak etab.). Horretarako zakarrontziak eta berariaz atondutako tokiak erabili behar dira.

6. Udalaren kirol instalazioak betiere kirol jantzietan erabiliko dira (kirol arropa, oinetakoak eta beste edozein osagarri jantzita), eta instalazio bakoitzerako zehazki eskatzen den janzkera errespetatuko da, Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituz. Halaber debeku izanen da aldageletatik kanpo jantzi edo eranztea.

7. Beste erabiltzaile guztien eta instalazioko langileen eskubideak errespetatuko dira.

8. Udalaren kirol instalazioen egiturazko akats edo anomaliak Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuko langileei jakinaraziko zaizkie, horretarako berariaz ezarritako bideetatik.

9. Erabiltzaileek ezin dituzte Udalaren kirol instalazioen elementuak manipulatu Kirol Zinegotzigoak, Udaleko kirol teknikariak edo instalazioko atezainak horretarako baimena eman ezean.

10. Erabiltzaile guztiek abonatu txartela eduki behar dute, edo bestela, sarrera ordaindu dela egiaztatzeko agiria. Instalazioko atezainak edo arduradunak txartela erakusteko eskatu ahal izanen dio erabiltzaileari, egokitzat jotzen badu, eta erakutsi ezean, ordenantza fiskalean instalazioen unean uneko erabilerarako ezarritako eskubideak ordainarazi ahal izanen dizkio.

11. Debeku da Udalaren kirol instalazioen barnean erretzea, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan.

12. Jatea debeku da kirola egiteko erabiltzen diren eremuetan, baita eremu osagarrietan ere, erregelamenduz debekatzen den kasuetan.

13. Erabiltzaileek puntualtasunez errespetatuko dute instalazioak erabiltzeko erreserbatua duten edo eman zaien denbora, baita Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak ere.

14. Txukuntze pertsonala (garbitu, orraztu eta abar) aldageletan baizik ez da eginen.

15. Erregelamendu honetan ezarritako kiroleko oinarrizko jarrerei eutsiko zaie.

19. artikulua. Abonatuak

1. Erregelamendu honetan abonatuentzat ezartzen diren onurak lortzeko, ezinbesteko baldintza izanen da abonatu txartela edukitzea, Corellako Udalak zehazten dituen tasa, indarraldi eta berriztapen epeen arabera.

IV. KAPITULUA

"Udal Igerilekuak" kirolguneko arau partikularrak

20. artikulua. Kirola egiteko eremuak eta eremu osagarriak "Udal Igerilekuak" kirolgunean.

Kirola egiteko eremuak

_Haurrentzako igeri-ontzi estali gabea, 12 metro luze eta 10 metro zabal, Erregelamendu honetako testuan azaltzen den erakoa.

_Irakaskuntzarako igeri-ontzi estali gabea, 14,8 metro luze eta 8 metro zabal, Erregelamendu honetako testuan azaltzen den erakoa.

_Kirolerako igeri-ontzi estali gabea, 50 metro luze eta 16,25 metro zabal, Erregelamendu honetako testuan azaltzen den erakoa.

_Haurrentzako parkea.

_Teniseko bi pista, estali gabeak, erregelamenduzko neurriak dituztenak, beren jatorrizko eran.

_Pilotaleku handia eta pilotaleku txikia, biak estali gabeak.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

Kirol eremu osagarriak

_Belarguneak.

_Aldagelak eta komunak.

_Taberna eta taberna-eremua.

_Iraganguneak.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

21. artikulua. Sartzeko muga partikularrak

1. Igeri-ontzien gehieneko edukiera dela eta, sektoreko araudi aplikagarrian legez zehazten diren mugak ezarriko dira haietara sartzeko; betiere, arau orokor gisa, haurrentzako igeri-ontzian 30 pertsona sartuko dira gehienez, irakaskuntzarako igeri-ontzian 60 eta kirolerako igeri-ontzian 400. Dena den, Corellako Udalak zilegi izanen du gehieneko edukierak murriztea uraren kalitatea behar bezala zaintzeko eta erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko.

2. Tenis pista bakoitza lau pertsonak erabili ahal izanen dute aldi berean, gehienez ere.

3. Kirol Zinegotzigoak, Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betez, erabiltzaileek zein kirol eremu erreserbatzen ahal dituzten zehaztu ahal izanen du.

22. artikulua. Erabilerari buruzko arau berariazkoak

Haurrentzako igeri-ontzia edo ontzi txiki estali gabea

1. Sei urtetik beherakoek erabiltzen ahal dute, adin nagusiko norbait lagun dutela, haien ardura har dezan.

2. Igeri egiteko tresna ez oso handiak erabiltzen ahal dira: flotagailuak, burbuilak edo mahukak, betiere gorputzari lotuta. Ezin da jolaserako materialik erabili (pilotak, urpeko betaurrekoak, hegatsak, etzaulkiak, puxikak...).

Irakaskuntzarako igeri-ontzia edo ontzi ertain estali gabea

1. Orokorrean, sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzat da, oraindik kirolerako igeri-ontzian beren kasa ibiltzeko gauza ez direnentzat, eta hobe oina hondoan jartzen ahal badute.

2. Arau orokor gisa, igeri-ontzian ezin da inolako materialik erabili ez jolasteko (pilotak, urpeko betaurrekoak, hegatsak, etzaulkiak, globoak...) ez igeri egiteko, gorputzari lotutako materiala izan nahiz ez. Salbuespenez, eta betiere soroslearen baimenarekin, uretan behar bezain ongi moldatzen ez direnek gorputzari lotutako materialak erabili ahal izanen dituzte igeri egiteko, esate baterako burbuilak, mahukak edo flotagailuak. Guztiek erabiltzen ahal dituzten tresna bakarrak babeserako betaurreko txikiak dira.

3. Igeri-ontzi honetako erabiltzaileak uretan ongi moldatzen den adin nagusiko norbaitek lagunduta egotea gomendatzen da.

Kirolerako igeri-ontzia edo ontzi handi estali gabea

1. Orokorrean, hamabi urte baino gehiago izan eta uretan behar bezain ongi moldatzen diren erabiltzaileentzat da.

2. Ezin da inolako materialik erabili, gorputzari lotuta zein aske, igeri egiteko (flotagailuak, kortxoak, txurroak, mahukak...) edo igeri-ontzian jolasteko (pilotak, hegatsak, urpeko betaurrekoak, etzaulkiak, puxikak...). Babeserako betaurreko txikiak baizik ezin dira erabili.

Haurrentzako parkea

1. Bakar-bakarrik hamabi urtetik beherako haurrentzat izanen da. Sei urtetik beherakoek adin nagusiko norbait lagun izan behar dute, haien ardura har dezan.

2. Gomendatzen da sei eta hamabi urte bitarteko erabiltzaileak adin nagusiko norbaitek lagunduta egotea, haien ardura har dezan.

3. Parkeko materialez aparte ezin da beste ezer erabili jolasteko (pilotak, puxikak...) edo atseden hartzeko (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak).

Teniseko bi pista, estali gabeak

1. Bakar-bakarrik sei urtetik gorakoentzat dira. Gomendatzen da sei eta hamabi urte bitarteko erabiltzaileak adin nagusiko norbaitek lagunduta egotea, haien ardura har dezan.

2. Teniseko materialez aparte ezin da beste ezer erabili jokatzeko, ezta atseden hartzeko ere (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak...).

3. Debeku da txikleak eta zorua mantentzea bereziki zailtzen duten beste hondakin batzuk lurrera botatzea.

Pilotaleku handi estali gabea

1. Oro har, hamabi urtetik gorakoentzat da.

2. Ezin da jokatzeko beste materialik erabili kirol eremu horretan egin ohi diren kiroletakoak baino (areto-futbola, eskubaloia, frontenisa, pilota); halaber debeku da pilotalekuan atseden hartzeko materialak erabiltzea (etzaulkiak, hamakak, aulkiak, eguzkitakoak...).

3. Ezin da pilotalekua erabili, ezta bertara sartu ere, kirol oinetako egokiak jantzi gabe. Instalazioari kalte egin diezaioketen kirol oinetakoak ere ez dira onartuko (gainazal urratzaileak dituztenak, takodunak etab.).

Pilotaleku txiki estali gabea

1. Oro har, sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzat da. Gomendatzen da adin nagusiko norbaitek lagunduta egotea, haien ardura har dezan.

2. Ezin da jokatzeko beste materialik erabili kirol eremu horretan egin ohi diren kiroletakoak baino (frontenisa eta pilota); halaber debeku da pilotalekuan atseden hartzeko materialak erabiltzea (pilotak, etzaulkiak, hamakak, aulkiak, puxikak eta abar).

3. Ezin da pilotalekua erabili, ezta bertara sartu ere, kirol oinetako egokiak jantzi gabe. Instalazioari kalte egin diezaioketen kirol oinetakoak ere ez dira onartuko (gainazal urratzaileak dituztenak, takodunak etab.).

Belarguneak

1. Debeku da eguzkitakoak, hamakak, etzaulkiak, aulkiak, koltxonetak, igerileku puzgarriak eta aisiarako edo atsedenerako beste edozein elementu erabiltzea, Corellako Udalak horretarako egokitutako guneetan paratutakoak ez badira.

2. Belarguneetako altzariek berentzako egokitutako eremuaren barnean egon behar dute.

3. Debeku da belarguneetan oinetakoak modu jarraituan erabiltzea eta belarra hondatzen duen edozer egitea.

4. Belarguneak atseden hartzeko dira eta ez jolasteko.

Taberna eta taberna-eremua

1. Debeku da mahaiak norberarentzat hartuta edukitzea mahaian inor egon gabe.

2. Otordu garaian, jantokiko mahaiak jateko erabiliko dira lehentasunez, eta behar izanez gero bestelako jarduerak baztertuko dira (mahai jokoak eta horrelakoak).

3. Tabernako altzariak establezimendu horretan soilik erabiliko dira, berentzat atondutako aldeetan.

Iraganguneak

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, iragangunetzat hartuko dira kirola egiteko erabiltzen diren eremuetara eta eremu osagarrietara sartzeko eta haietatik irteteko nahitaez zeharkatu behar diren tokiak. Toki horietan ezin izanen da utzi bidean traba egiten duen ezer (poltsak, aulkiak eta abar).

23. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Igeri-ontzietan bainujantzia nahitaez erabili behar da. "Udal Igerilekuak" kirolgune osoan debeku dira exhibizionismo-jarrerak, baita top-less delakoa ere.

2. Erabiltzaileen higienea edo segurtasuna bermatzeko beharrezkotzat jotzen den edozein jantzi derrigorrez erabili beharko da.

3. Ekaitza denean, erabiltzaileek igeri-ontzietatik irten beharko dute. Atezainak edo sorosleek irteteko aginduko diete.

4. Erregelamendu honetan "Udal Igerilekuak" kirolgunerako berariaz ezarritako arauak beteko dira, kirola egiteko erabiltzen diren eremuei eta kirol eremu osagarriei dagokienez.

5. Gomendatzen da txankletak erabiltzea ahal den toki guztietan.

6. Debeku da igeri-ontzietan betaurreko graduatuak (ukipen-lenteak izan ezik) edo ikusmena babesteko betaurrekoak erabiltzea, salbu eta begiak klorotik babesten dituzten betaurreko txikiak. Betaurreko babesle horiek plastikozkoak edo hautsezinak izan behar dute.

7. Debeku da abiada hartuta, atzeraka edo airean bueltaka uretara salto egitea.

8. Igeri-ontzietan sartu aurretik dutxa hartu behar da derrigorrez. Gomendatzen da bainatu ondoren dutxatzea.

9. Udalaren kirol eskola eta ikastaroetan eta Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen gainerako jardueretan, laguntzaileek adierazten zaien tokian egon beharko dute, kirola egiten den barrutiaren kanpoaldean, edo, itxiturarik ez badago, berariaz egokitutako tokietan (harmailak eta horrelakoak).

24. artikulua. Jantzitegia.

1. Jantzitegiko zerbitzua eskainiko zaie erabiltzaile guztiei. Jantzitegian langileak izanen dira jantziak zaintzeko.

2. Abonatu txartela edo norbera identifikatzeko beste edozein agiri ofizial aurkeztu beharko da jantziak uzteko eta jasotzeko.

3. Jantzitegiko zerbitzuaren barnean, garbitasun eta higienerako edo kirolerako objektu pertsonal txikiak onartuko dira, bizkar-zorroetan edo poltsa txikietan behar bezala gordeta; inoiz ere ez dira onartuko objektu handiak edo solteak.

4. Jantzitegiko zerbitzuak egun bakar batez gordeko ditu aurrean aipatutako objektuak, kirolgunea irekita dagoen orduetan. Jabeek jasotzen ez dituzten gauzak ez dira itzuliko eta Corellako Udalak zehazten duen xedea emanen zaie.

5. Inoiz ez da erantzukizunik sortuko jantzitegian utzitako arropa edo objektu baliotsuengatik.

V. KAPITULUA

"Miguel Indurain" kiroldegiko arau partikularrak

25. artikulua. Kirola egiteko eremuak eta eremu osagarriak "Miguel Indurain" kiroldegian

Kirola egiteko eremuak

_Auzo-aretoa.

_Bi sauna (emakumezkoena eta gizonezkoena).

_Erabilera anitzeko areto edo gimnasio bat. Alde batean ariketa eta muskulazio aparatu eta makinak daude eta beste aldean ariketa libreak egiten dira.

_Tatamia.

_Rokodromoa.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

Kirol eremu osagarriak

_Harmailak.

_Aldagelak eta komunak.

_Taberna eta taberna-eremua.

_Iraganguneak.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

26. artikulua. Sartzeko muga partikularrak

1. "Miguel Indurain" kiroldegian, kirola egiteko eremuen eta kirol eremu osagarrien gehieneko edukiera dela eta, sektoreko araudi aplikagarrian legez zehazten diren mugak ezarriko dira haietara sartzeko; betiere, arau orokor gisa, auzo-aretoan hirurehun pertsona sartuko dira gehienez; areto horretako harmailetan, bostehun; erabilera anitzeko aretoko edo gimnasioko aldeetako bakoitzean gehienez hogei lagun sartu ahal izanen dira; tatamian gehienez hamabi lagun; eta sauna bakoitzean bost lagun.

2. Kirol Zinegotzigoak, Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betez, erabiltzaileek zein kirol eremu erreserbatzen ahal dituzten zehaztu ahal izanen du.

Bereziki, auzo-aretoa eta erabilera anitzeko aretoan ariketa librerako erabiltzen den zatia lehentasunez erreserbatu ahal izateko honako baldintza hau bete beharko da aldez aurretik: gutxienez sei-zortzi laguneko taldea osatu beharko da hura osorik edo zati bat erabiltzeko.

27. artikulua. Erabilerari buruzko arau berariazkoak

Auzo-aretoa

1. Miguel Indurain kiroldegiko atezaindegian ikusi ahal izanen da auzo-aretoa erabiltzeko asteko egutegia, bai eta ondorengo egunetan areto hori erabiltzeko dauden aukerak ere. Betiere, Kirol Zinegotziak edo honek bere erabakiak betearazteko eskuordetzen duen pertsonak hartuko du erreserbari buruzko azken erabakia.

2. Orokorrean, 16 urtetik beherakoek 20:00ak arte soilik erabili ahal izanen dute auzo-aretoa edo horren zati bat.

3. Areto horretan kirolerako oinetakoak baizik ez dira erabiliko, ahal dela zola bigunekoak, eta inoiz ere ez kaleko oinetakoak edo kirolerako izanik ere aretoko zorua hondatu dezaketenak. Salbuespenez, Kirol Zinegotzigoak baimena emanez gero, inoiz edo behin kaleko oinetakoak erabili ahal izanen dira saloiko dantza edo kirol dantza bezalako jarduera fisikoetarako. Horrelakoetan takoi baxu eta zabala duten oinetakoak erabili behar dira. Erregelamendu honetan aurreikusi gabeko beste edozein oinetako motaren erabilera Kirol Zinegotzigoak erabakiko du.

4. Ikastetxeek auzo-aretoa erabiltzen duten orduetan eta Udalak antolatutako kirol jarduerak, eskola eta ikastaroak kasu, bertan egiten diren bitartean, harmailetako sarrerak itxita egonen dira.

Saunak

1. Erabilerari buruzko arau berariazkoak saunetan ikusgai egonen dira, fabrikatzaileen jarraibideen arabera. Kirol Zinegotzigoak arau horiek aldatu edo osatzeko eskubidea izanen du.

2. Oro har, ezin izanen dira erreserbatu lasaipenerako gune hauek.

Erabilera anitzeko aretoa _muskulazio aparatuak_

1. Hamasei urtetik gorakoek bakarka erabili ahal izanen dute, eta 14-16 urte bitarteko adingabeek adin nagusiko norbaitek lagundurik erabili ahal izanen dute, Udalak antolatutako kirol jarduerak egitera doazen kasuetan izan ezik. Adin nagusiko pertsona horrek adingabearen ardura izanen du eta atezaindegian baimen-orria beteko du.

2. Areto honetan kirolerako oinetakoak baizik ez dira erabiliko, ahal dela zola bigunekoak, eta inoiz ere ez kaleko oinetakoak edo kirolerako izanik ere aretoko zorua hondatu dezaketenak.

3. Oro har, ezin izanen da erreserbatu ariketarako gune hau.

Erabilera anitzeko aretoa _ariketa librerako gunea_

1. Miguel Indurain kiroldegiko atezaindegian ikusi ahal izanen da erabilera anitzeko aretoko ariketa librerako gunea erabiltzeko asteko egutegia, bai eta ondorengo egunetan gune hori erabiltzeko dauden aukerak ere. Betiere, Kirol Zinegotziak edo honek bere erabakiak betearazteko eskuordetzen duen pertsonak hartuko du erreserbari buruzko azken erabakia.

2. Hamasei urtetik gorakoek bakarka zein taldean erabili ahal izanen dute, eta 14-16 urte bitarteko adingabeek adin nagusiko norbaitek lagundurik erabili ahal izanen dute, Udalak antolatutako kirol jarduerak egitera doazen kasuetan izan ezik. Adin nagusiko pertsona horrek adingabearen ardura izanen du eta atezaindegian baimen-orria beteko du.

3. Areto honetan kirolerako oinetakoak baizik ez dira erabiliko, ahal dela zola bigunekoak, eta inoiz ere ez kaleko oinetakoak edo kirolerako izanik ere aretoko zorua hondatu dezaketenak.

Tatamia

1. Ezin izanen da inolako oinetakorik erabili tatamiaren gainean. Oinutsik edo galtzerdi hutsetan erabili ahal izanen da.

Rokodromoa

1. Jatorrizko diseinuan, rokodromoa top rope motako eskaladarako soilik eraikita dago (soka goian edo polean jarrita egiten den eskalada). Horretarako, sokak jarrita daudela baino ezin izanen da eskalatu.

2. Oro har, bakarka erabili ahal izanen dute 16 urtetik gorakoek, eskalada modalitateko lizentzia badute, federazioak emana eta indarrean dagoena. Kasu berezietan Corellako Udalak hamasei urtetik beherakoak eta/edo federatu gabeak direnei erabiltzen utzi ahalko die. Betiere, federazioak emandako eskalada modalitateko lizentzia indarrean duen adin nagusiko batek lagundu eta haien ardura hartu behar du, eta kirol aseguruaren gutxieneko prestazioak izan behar dituzte bederen. Talde berezi horretako erabiltzaileak eskaladan derrigorrez joanen dira sokako bigarren, eta haien ardura duen pertsona federatuak baimen-orria bete beharko du kiroldegiko atezaindegian.

3. Sistema autoblokeatzailearekin bermatuko da (Petzl markako Grigri modeloaren gisakoa), asegurua duen mosketoiarekin, eta sokak zortzi formako korapiloa izanen du. Erabiltzen diren material guztiek EEko UI A segurtasun arauak edo legez indarra dutenak bete behar dituzte. Parte-hartzaileak berak prestatuko du materiala, eta hori zaindu edo berritzeko ardura ere izanen du.

4. Goiko mosketoiak, soka polean jartzen zaion eraztunekoak, asegurua itxita eduki beharko du.

5. Giharrak berotzeko zeharka edo sokarik gabe egiten den eskalada gehienez ere 2,5 metroko altueran eginen da.

6. Bide bakoitzean gehienez bi lagun ibiliko dira: eskalatzen duena eta laguna aseguratzen duena.

7. Toki honetan kirolerako oinetakoak baizik ez dira erabiliko, ahal dela eskalatzeko zapatilak, eta inoiz ere ez kaleko oinetakoak edo kirolerako izanik ere rokodromoa hondatu dezaketenak.

Taberna eta taberna-eremua

1. Taberna eta taberna-eremua (mahaiak, aulkiak eta tabernako gainerako altzariak dauden gunea) taberna zabalik dagoen orduetan atseden hartzeko, jateko edo edateko bakarrik erabiltzen ahal diren tokiak dira. Beraz, toki horietan baimenduta dago beirazko ontziak eta antzekoak eraman edo erabiltzea. Tabernan janariak prestatu edo zerbitzatu ahal izanen dira irekita dagoen orduetan soilik.

2. Tabernako altzariak (mahai, aulki, joko makina eta abarrekoak) establezimendu horretan baino ezin izanen dira erabili, eta taberna gisa mugatutako aldean soilik.

28. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Udalaren kirol eskola eta ikastaroetan eta Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen gainerako jardueretan, laguntzaileek adierazten zaien tokian egon beharko dute, kirola egiten den barrutiaren kanpoaldean, edo, itxiturarik ez badago, berariaz egokitutako tokietan (harmailak eta horrelakoak).

2. Debeku da auzo-aretoan poltsak, maletak, liburuak, haurren gurditxoak, kaskoak eta parte-hartzaileen integritate fisikoa arriskuan jarri nahiz kirola egiteko oztopo izan daitekeen edozer sartzea.

3. Debeku da "Miguel Indurain" kiroldegiko aldageletan, korridoreetan eta kirola egiteko erabiltzen den edozein tokitan jatea.

4. Debeku da erabat harmailetatik auzo-aretora eta alderantziz egitea, harmailen behealdean dagoen hesia pasatuz.

5. Debeku da harmailetatik auzo-aretora indarkeriara bultzatzen duen edo bultza dezakeen edozein objektu edo tresna botatzea.

6. Saunen erabiltzaile bakoitzak gutxienez eskuoihal bat eraman beharko du aldean, izerdiak zura ukitu ez dezan.

7. Erabilera anitzeko gelan muskulaziorako materiala erabiltzen duten guztiek jarduera amaitu ondoren material hori bere lekuan utziko dute.

VI. KAPITULUA

Kirol Hiriko arau partikularrak

29. artikulua. Kirola egiteko eremuak eta eremu osagarriak Kirol Hirian.

Kirola egiteko eremuak

_"Arrese Estadio Berria" futbol estadioa.

_Estadioko futbol zelaia.

_Atletismo pistak.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

Kirol eremu osagarriak

_Belarguneak.

_Aldagelak eta komunak.

_Harmailak.

_Taberna eta taberna-eremuak.

_Iraganguneak.

_Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

30. artikulua. Sartzeko muga partikularrak

1. Kirola egiteko erabiltzen diren eremuen eta kirol eremu osagarrien gehieneko edukiera dela eta, sektoreko araudi aplikagarrian legez zehazten diren mugak ezarriko dira haietara sartzeko, edo, halakorik ezean, Erregelamendu honetako arauak erabiliko dira.

2. Kirol Zinegotzigoak, Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betez, erabiltzaileek zein kirol eremu erreserbatzen ahal dituzten zehaztu ahal izanen du.

31. artikulua. Erabilerari buruzko arau berariazkoak

Arrese estadio berria eta futbol zelaia

1. Club Deportivo Corellano kirol elkarteak prekarioan erabiliko ditu "Arrese Estadio Berria" eta bertako futbol zelaia, ordain materialik eta denbora mugarik gabe, entitate horrek iraun eta bere sorrerako xede diren jarduerak garatzen dituen artean.

Atletismoko pistak

1. Club Atletismo Corella kirol elkarteak prekarioan erabiliko ditu atletismo pistak, kontraprestazio materialik eta denbora mugarik gabe, entitate horrek iraun eta bere sorrerako xede diren jarduerak garatzen dituen artean.

32. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Atletismo pistak lasterketak egiteko baizik ez dira. Ezin da erabili takodun zapatilarik, atletismoko kirol modalitateetakoak izan ezik.

VII. KAPITULUA

Zehapen eta diziplina araubidea

33. artikulua. Eremua

1. Zehapen araubidea kapitulu honetan zehazten diren arau-hauste administratiboetarako erabiliko da, Udalaren kirol instalazioetan halako arau-hausterik eginez gero.

2. Halaber aplikagarria izanen da ingurumena babesteko jarduera sailkatuei eta ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzko foru araudian ezartzen den zehapen araubidea, bai eta legez aplikatu beharrekoak diren gainerako arauak ere.

34. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzea

1. Toki Administrazioak eta Foru Komunitateko Kirol Administrazioak erabili ahal izanen dute zehatzeko ahalmena, zeinek bere eskumeneko eremuan, edozein pertsona fisiko edo juridikoren gain, kapitulu honetan edo legez aplikatu beharreko beste arau batzuetan tipifikaturik dauden arau-hauste administratiboak direla eta.

Toki Administrazioaren eremuan, kapitulu honetan tipifikaturiko zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak honakoak dira, garrantzi handienetik txikienera: alkate udalburua, Kirol Zinegotzigoa, Udaleko kirol teknikaria, Udalaren kirol instalazioetako atezain edo arduradunak.

2. Kirol Zinegotzigoak, Udaleko kirol teknikariak edo Kirol Zinegotzigoak eskuordetutako beste pertsona batzuek erabiltzaile eta kirolarien ustezko arau-hausteak jaso ahal izanen dituzte zehapen ahalmena erabili ahal izan dadin.

3. Arau-hausteengatik, doloz, erruz edo utzikeria hutsez haien erantzule ateratzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoek hartuko dute zehapena.

35. artikulua. Arau-hausteak

1. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

Arau-hauste oso larriak

1. Kirol lehiaketak ofizialak balira bezala antolatzea, kirolarien segurtasuna eta osotasuna arriskuan jartzen badira.

2. Edukiz edo esanguraz indarkeriara bultzatzeko moduko diren pankarta, sinbolo, ikur edo lemak, armak edo arma gisa erabil daitezkeen gauzak, bengalak edo su artifizialak Udalaren kirol instalazioetara sartzea.

3. Legezko beste arau aplikagarri batzuetan aurreikusten diren gisa bereko arau-hausteak.

4. Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Arau-hauste larriak

1. Kirol jarduerak ofizialak balira bezala antolatzea, hartarako Nafarroako kirol federazioen edo Foru Komunitateko Administrazioaren baimenik izan gabe.

2. Nafarroako goi mailako kirolariek Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean edo haren garabideko xedapenetan ezartzen diren eginbideak ez betetzea.

3. Corellako Udalaren Kirol Zerbitzuaren kirol materiala edo Udalaren kirol instalazioetakoa ebatsi edo hondatzea.

4. Udalaren kirol instalazioetako erabiltzaileen gauzak ebatsi edo hondatzea.

5. Uretako jarduera fisikoetarako erabiltzen diren ontzietako ura zikintzea.

6. Erabiltzaile edo kirolarien artean nahiz Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuko langileen kontra borrokak, eraso fisikoak edo ahozko erasoak eragitea eta/edo horrelakoetan parte hartzea.

7. Erreserbatzen ahal diren Udalaren kirol instalazioak Udalaren baimenik gabe erabiltzea.

8. Erabiltzaile edo kirolariek Udalaren kirol instalazioen elementuak manipulatzea, Kirol Zinegotzigoak, Udaleko kirol teknikariak edo instalazioko atezainak horretarako baimena eman gabe.

9. Erretzeko egokituta ez dauden tokietan erretzea.

10. Ezarritako tasa edo prezio publikoak ordaindu gabe Udalaren kirol instalazioak modu jarraituan erabiltzea, dela Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen jardueretarako, dela nork bere kasa kirola bakarka zein taldean egiteko.

11. Ibilgailu pribatuak berariaz egokituta ez dauden tokietan sartzea.

12. Udalaren kirol instalazioetara sartzea higiene eskasa duten pertsonak (usain txarra, arropa zikinak eta abar), gaixotasun kutsakorrak edo bestelakoak dituztenak, eta beste patologiaren baten ondorioz beren osasuna eta instalazioak erabiltzen ari diren gainerako pertsonena arriskuan jar dezakeen edonor.

13. Hiru hilabeteko epean hiru arau-hauste arin egitea.

Arau-hauste arinak

1. Beste sexuko pertsonentzat erreserbaturiko tokietara sartzea.

2. Baloi, pilota, irristailu, bizikleta eta bestelako tresnekin korrika edo jolasean ibiltzea aldagela, korridore, harmaila eta atsedenlekuetan, beste kirol eremu osagarri batzuetan eta Erregelamendu honek instalazio bakoitzerako ezarritako arau berariazkoetan zehazten diren kirol eremuetan.

3. Kirol eremuetako hesi, horma edo itxituretan gora igotzea edo beste aldera salto egitea.

4. Tabernatik kanpo beirazko ontziak edo hautsiz gero erabiltzaileei kalte egin diezaieketen ontziak aldean eraman edo erabiltzea.

5. Jatea kirola egiteko erabiltzen diren tokietan, edo erregelamenduz jatea debekaturik dagoen eremu osagarrietan.

6. Animaliak sartzea, kirol jardueretan erabili behar direnak izan ezik, gidazakurrei buruz indarra duen araudian ezarritakoa salbu.

7. listua botatzea, edozein motatako likidoak isurtzea eta edozein hondakin lurrera botatzea (txikleak, poltsak, zigarrokinak, fruitu lehorren azalak, paperak, pilak etab.).

8. Udalaren kirol instalazio bakoitzerako derrigorrez eta zehazki eskatzen diren kirol jantziak ez erabiltzea (kirol arropa, oinetakoak eta beste edozein osagarri).

9. Abonatu txartelik edo sarrera ordaindu dela egiaztatzeko agiririk ez eramatea.

10. Instalazioak erabiltzeko erabiltzaileak erreserbatua duen edo eman zaion denbora eta Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak puntualtasunez ez errespetatzea, horretarako baimena izan ezean.

11. Txukunketa pertsonala aldageletatik kanpo egitea.

12. Erregelamendu honetan Udalaren kirol instalazio bakoitzera sartzeko ezarritako mugak gainditzea.

13. Erregelamendu honetan Udalaren kirol instalazio bakoitzaren erabilerari buruz ezarritako arau berariazkoak ez betetzea, salbu eta ez-betetze hori arau-hauste larriagoa denean. Horrelako kasuetan zehapen araubide egokia aplikatuko da.

14. Erregelamendu honetan Udalaren kirol instalazio bakoitzerako ezarritako kiroleko oinarrizko jarrera etikoak ez betetzea, salbu eta ez-betetze hori arau-hauste larriagoa denean. Horrelako kasuetan zehapen araubide egokia aplikatuko da.

36. artikulua. Arau-hauste oso larriengatiko zehapenak

1. Arau-hauste oso larriek zehapen hauek izan ditzakete:

a) Urte batetik bostera arteko epean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 3.000tik 30.000 eurora bitarteko isuna.

c) Kirol instalazioetatik behin betiko kanporatzea, abonatu edo erabiltzaile gisa bereganatutako eskubideak urte batetik bostera arteko eperako kentzea.

d) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

37. artikulua. Arau-hauste larriengatiko zehapenak

1. Arau-hauste larriek zehapen hauek izan ditzakete:

a) Hilabetetik urtebetera arteko aldian kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 601etik 2.999 eurora bitarteko isuna.

c) Kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, abonatu edo erabiltzaile gisa bereganatutako eskubideak hilabetetik urtebetera arteko eperako kentzea.

d) Arau-hauste larrien ondorioz Udalaren kirol instalazioetan edo Udaleko Kirol Zerbitzuaren materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

e) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

38. artikulua. Arau-hauste arinengatiko zehapenak

1. Arau-hauste arinek zehapen hauek izan ditzakete:

a) Gehienez hilabetean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

c) Udalaren kirol instalaziotik aldi baterako kanporatzea, egun batetik hogeita hamarrera bitarteko aldirako.

d) Ohartarazpena.

e) Jendaurreko ohartarazpena.

f) Buruz buruko ohartarazpena.

g) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

39. artikulua. Proportzionaltasun irizpideak

1. Zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko da zer inguruabar gertatzen ziren arau-haustea egin zen momentuan; hauek bereziki:

a) Zenbat jenderi erasan dion arau-hausteak eta zenbateko arriskuak sortu dituen.

b) Arau-haustearen irispide soziala.

c) Corellaren eta Nafarroaren irudiari eta interes publikoei zenbateko kaltea egin dien.

d) Aurrez ohartarazpen ofizialik egin ote zitzaion.

e) Arau-haustea jakinaren gainean egina den.

f) Erantzuleak teknikoki zenbateraino zuen jokabideko xehetasunen berri, bere lanbidearen arabera edo kirol jardueren arloarekin duen loturaren arabera.

g) Gertaera ezkutatu nahi izan den.

h) Zenbateraino parte hartu den.

2. Hauek hartuko dira betiere inguruabar larrigarritzat:

a) Berrerortzea, Kirolari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat.

b) Prezioa.

3. Inguruabar aringarritzat hartuko dira damu izatea eta Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak proposaturiko borondatezko kirol jardueretan parte hartzeko prest egotea.

40. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa

1. Kapitulu honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenek honako preskripzio epeak izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinek eta haiei dagozkien zehapenek, bi hilabetekoa.

b) Arau-hauste larriek eta haiei dagozkien zehapenek, urtebetekoa.

c) Arau-hauste oso larriek eta haiei dagozkien zehapenek, bi urtekoa.

2. Zehapenen preskripzio epeak direla eta, Kirolari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

41. artikulua. Prozedura

1. Zehapen ahalmena erabili baino lehen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko arauen araberako prozedura batek tramitatuta beharko du.

2. Arau orokor gisa, Kirol Zinegotzigoak berariaz baimendutako pertsonek akta eginen dute zehapena izan dezaketen gertaera eta gorabeheren berri jasotzeko; akta hori zehapen ahalmena duten organoei aurkeztuko zaie eztabaidatu eta gauzatu dezaten; neurri zehatzak direnean, berehala gauzatuko dute. Akta hori (bertan, besteak beste, behatzailearen eta ustezko arau-hauslearen datu zehatzak jarriko dira, baita gertaerak ere, ahalik eta xeheen) Udaleko bulegoetan herritarren kexa, iradokizun edo ekarpenak jasotzeko erabiltzen den bera izaten ahalko da.

3. Behin zehapena ezarrita, fitxa batean erregistratuko dira arau-haustea egin duen entitate edo pertsonaren izena, gertatutakoa eta zehapena. Fitxa hori ikusgai egonen da kirol instalazio guztietan, zehapena bete arte. Zehapena bete ondoren, fitxa hori Udaleko Kirol Zerbitzuan artxibatuko da.

Corellan, 2006ko otsailaren 15ean._Alkatea, Ramón Miguel Jiménez González.

Iragarkiaren kodea: L0603099