38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Berriozarko Udalaren kirol instalazioak arautzen dituen erregelamendua behin betiko onetsita

Berriozarko Udalak, 2005eko apirilaren 27an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Berriozarko Udalaren kirol instalazioak arautzen dituen Erregelamendua. Onesteko erabakia 2005eko 62. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 25ean, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, Berriozarko Udalak 2006ko otsailaren 22ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, erregelamendua behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Berriozarren, 2006ko otsailaren 22an._Alkatea, Benito Ríos Ochoa.

KIROL INSTALAZIOEI BURUZKO ARAUDIA

Sarrera

Arau hauek lanerako tresna izanen dira enpresa kudeatzailearentzat, eta aldi berean erabiltzaileei beren eskubide eta betebeharrak erakutsiko dizkiete.

Instalazioen bilakaeraren arabera, araudi hau berritu eta eguneratu ahal izanen da osoko bilkuran. Aldez aurretik instalazioen Jarraipen Batzordeak txostena eginen du.

Arau orokorrak

1. Berriozarko kirol instalazioak Berriozarko Udalarenak dira eta kirol zerbitzuen arloko enpresa batek kudeatzen ditu errentamendu bidez.

2. Enpresaren eta Udalaren arteko harremanetan arau izanen dira indarra duen errentamendu kontratu administratiboa, klausula administratiboen plegua eta enpresa kudeatzailearen proposamen tekniko eta ekonomikoa.

3. Esparru horrek kirol erabilerak baino ez ditu onartzen; instalazioa beste edozertarako erabili ahal izateko beharrezkoa izanen dira Udalaren baimena eta kasuan kasuko jarduera egiteko behar diren gainerako baimen guztiak.

4. Berriozarko bizilagun guztiek udal instalazioak erabili eta haietan egiten diren kirol jardueretan parte hartu ahal izanen dute, hala eskatzen badute eta Udalak enpresa kudeatzailearekin bat etorririk horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Egungo abonatuen lehen graduko ahaideak ere abonatuak izaten ahalko dira. Aipatutako baldintza horiek eskaera-orrietan ageri dira. Instalazioko abonatua izateko baldintza orokor hau bete beharko da: hasierako diru kopurua eta hilero igorriko diren ordainagiriak ordaintzea. Baja eskatuz gero, abonatuak hasierako diru kopurua likidatu beharko du, finantzatua izan bada, eta abonatua izateari utziko dio; hortaz, noizbait alta berriz eskatzen badu, berriz ordaindu beharko du hasierako diru kopurua. Halaber, baja aurkezten duen hileko ordainagiriaren zenbatekoa ordaindu beharko du; beraz, bajak hil horren amaieratik aurrera izanen ditu ondorioak.

5. Erabiltzaile guztiek eskubide berberak dituzte instalazioak erabiltzeko, enpresa kudeatzaileak zehazten dituen egutegia, ordutegia eta erabilerari buruzko araudia kontuan hartuta. Araudi hori instalazioen erabilerari eta erabiltzaileen portaerari dagokie, bai eta kuotak eta jarduerak administratu, antolatu eta ordaintzeko sistema osoari ere.

6. Zortzi urtetik beherako haurrak abonatu ahal izateko, frogatu egin beharko da badela adin nagusiko pertsonaren bat, instalazioko abonatua, haurra zaintzeaz arduratuko dena.

7. Enpresa kudeatzaileari ez ordaintzeagatik edo bankuko ordainagiriak behin eta berriz atzera botatzeagatik zehapena ezarriko da, instalaziora sartzeko eskubidea murriztuko baita aldi baterako. Bi ordainagiri baino gehiago ordaindu gabe utziz gero, abonatua izateari utziko zaio eta horrek bere ondorio guztiak ekarriko ditu. Pertsona horiei behin betiko baja emanen zaie zehapen gisa, eta abonatuak izateari utziko diote. Gerora berriz ere abonatu nahi badute, instalazioarekin duten zorra kitatu beharko dute, berriz ordaindu beharko dute hasierako diru kopurua eta abonatu berritzat hartuko dituzte.

8. Udalak eskubidea izanen du ordutegiren bat salbuespen gisa aldatzeko betiere, horretarako behar adinako arrazoiak baldin badaude, eta instalazio edo zerbitzuren bat aldi batez erabiltzeko, garrantzizko edo interes publikoko ekitaldiak egiteko.

9. Berriozarko Udalak enpresa kudeatzailearekin batera ezarriko du instalazioa irekita egoteko ordutegia, ikusten dituen behar eta eskariak kontuan harturik. Ordutegi horiek urtero emanen dira aditzera "Barrutira sartu eta bertako zerbitzuak erabiltzeko arauak" agiriaren barnean, eta instalazioan agerian jarriko dira ongi ikusten diren tokian.

10. Udalak, enpresa kudeatzailearekin ados jarrita, instalazioa edo haren zati bat aldi baterako ixtea erabaki ahal izanen du, bidezko arrazoiak daudenean. Neurri hori aurretiaz emanen du aditzera, lehenbailehen.

11. Enpresa kudeatzaileak erantzukizuna izanen du zerbitzua 24 ordutik gorako aldirako etetea erabakitzen denean, betiere etenaldiaren kausa enpresari egozteko modukoa baldin bada. Igerileku estalia eta beste edozein kirol eremu urtero itxita egonen dira behar den denboran, desinfekzio eta garbiketa lanak eta behar diren konponketak egiteko. Igerileku estalietan lan horiek udan eginen dira, kanpoko igerilekuak zabalik dauden garaian.

Bizikidetzarako arauak

1. Funtsezkotzat jotzen da erabiltzaileen arteko errespetuaren kontzeptuari eustea. Horregatik, erabiltzaileek instalazioen barnean gizalegez jokatu beharko dute, bai ekintzaz bai hitzez, ez dituzte gainerako erabiltzaileak gogaitaraziko eta gizarteko bizikidetzak ezartzen dituen mugen barnean jokatuko dute betiere.

2. Halaber funtsezkotzat jotzen da erabiltzaileen eta langileen arteko errespetuari eustea; hori dela eta, arau orokor gisa, langileen jarraibide guztiak onartu beharko dira.

3. Erabiltzaileek behar bezala erabiliko dituzte instalazio eta toki guztiak, zaindu eta zainaraziko dituzte, eta gaizki erabiltzearen ondorioz egozten ahal zaizkien kalteez erantzun beharra izanen dute.

4. Erabiltzaileek arreta berezia jarriko dute erabiltzen dituzten tokiak garbi edukitzeko, zakarrontziak, hautsontziak eta hondakin bilketarako gainerako elementuak erabiliz.

5. Erabiltzaile guztiek arau hauek bete daitezela eskatzeko eskubidea izanen dute, igerilekuetako langile eta arduradunen bitartez, eta ahal duten neurrian lagundu beharko diete instalazioa txukun eta garbi mantentzen.

6. Haurrak, bereziki 8 urtetik beherakoak, gurasoen edo gurasoek idatziz baimendutako pertsonen ardurapean egonen dira, istripurik ez izateko eta gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko. Gurasoek baimendutako pertsona horiek 14 eta 18 urte arteko adingabeak izaten ahalko dira.

7. Erabiltzaileek une oro errespetatuko dituzte instalazioaren funtzionamenduaren ordutegiak, eta langileen aginduak beteko dituzte horri dagokionez.

8. Istiluak eragin, ohiko bizikidetza eragotzi, arduragabekeriaz jokatu edo honelako instalazioak erabiltzeko edozein arau urratzen duten erabiltzaileak instalazioetatik bidali ahal izanen dituzte berehala, eta erabiltzaile gisa izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

9. Arau hauetan aipatzen ez den gai orotan eta arauak interpretatu behar direnean, instalazioan dagoen arduradunak erabakiko du hasiera batez. Bidezkoa bada, arazoa Berriozarko Udaleko Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio, Jarraipen Batzordea jakinaren gainean jarri ondoren, eta hark hartuko du behin betiko erabakia. Erabiltzaileak beti onartu beharko du instalazioan dagoen arduradunak hasiera batez hartutako erabakia.

Barrutira sartu eta bertako zerbitzuak erabiltzeko arauak

1. Instalaziora sartzeko nahitaez pasatu beharko da sarreren kontroleko irakurgailutik, eta/edo NANa harrera lekuko langileari erakutsi, berak eskatzen badu.

2. Debeku da 8 urtetik beherako haurrak sartzea, barnean dauden bitartean haien ekintza guztien ardura hartuko duen pertsona batek laguntzen ez baditu.

3. Debeku da igerilekuetako barrutira animaliak sartzea.

4. Debeku da igerilekuetako barrutira bizikletak, patinak eta monopatinak sartzea.

5. Instalazioa eta bertako zerbitzuak ireki eta ixteko ordutegiak enpresa kudeatzaileak ezarriko ditu urtero, Udalak ontzat emanda.

Hona hemen udako eta neguko irekiera eta itxiera orduak:

U D A N IREKI ITXI

Instalazioa 09:00 22:00

Aldagelak 09:00 22:00

Kanpoko igerilekua 10:00 20:30

Erretegiak 09:00 21:30

Botikina 09:00 21:30

Taberna 09:00 22:00

Igerileku estalia 09:00 21:30

Gimnasioa-pilotalekua 09:00 21:30

N E G U A N IREKI ITXI

Instalazioa 08:30 22:30

Aldagelak 08:30 22:30

Igerileku estaliko igeri-ontziak 08:30 22:00

Saunak, solariuma 08:30 22:00

Botikina 08:30 22:00

Gimnasioa (fitness-a) 08:30 22:00

Pilotalekua 09:00 22:00

Gimnasioa (jarduerak) 08:30 22:00

6. Bizikletak sartu eta aparkatu ahal izanen dira kanpoaldean horretarako egokituta dagoen tokian soilik.

7. Debekatutako tokian (kanpoko zelaiko pasabidea) eta ordutegian ibilgailuak uztea zirkulazio kodearen kontrako arau-haustetzat hartuko da eta garabiari dei eginen zaio.

Aldageletan bete beharreko arauak

1. Instalazioetako erabiltzaileek beti erabiliko dituzte aldagelak arropaz aldatzeko. Debeku da aldageletatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.

2. Gizonezkoen aldagelak eta emakumezkoen aldagelak daude. Zortzi urte arteko haurrak haietako edozeinetan sartu ahal izanen dira, heldu batekin baldin badoaz.

3. Aldageletan badaude hiru hilabeterako alokatzen diren armairuak abonatu edo erabiltzaileen jantziak gordetzeko.

4. Eguneroko armairuak, berriz, honela erabiliko dira:

Ixteko: euro bateko txanpona sartu, atea itxi eta giltza gorde behar da.

Irekitzeko: giltza sartu, atea zabaldu eta txanpona berreskuratu behar da. Horrela armairua libre geratuko da beste pertsona batek erabil dezan.

Giltza blokeatuta egonen da beste txanpon bat sartu arte.

5. Debeku da erabat eguneroko armairu bat hartu eta hurrengo egunera arte itxita uztea.

Arau hori betetzen ez dutenei 5 euroko isuna jarriko zaie. Armairuan sartu duten materiala hartu eta bulegoetan edukiko da isuna ordaintzen duten arte.

6. Giltza galduz gero, erabiltzaileak instalazioko arduradunari jakinaraziko dio eta hark armairu barneko gauzak itzuliko dizkio, jabea dela frogatzen badu. Hori frogatzeko modurik ez badu, egunaren amaierara arte itxaron beharko du materiala berreskuratzeko.

Gainera, halakoetan erabiltzaileak sarraila aldatzeko kostua osorik ordaindu beharko du (10 euro), armairua berriro erabili ahal izan dadin.

7. Enpresa kudeatzaileak ez du erantzukizunik izanen aldageletan utzitako gauza baliotsuengatik. Hortaz, horrelako gauzarik ez ekartzea edo beti aldean eramatea gomendatzen da.

8. Ez dago inolako objekturik (etzaulkiak, baloiak etab.) gordetzeko zerbitzurik.

9. Badira sarraila finkoko beste armairu batzuk ere, hiru hilabeterako alokatzen ahal direnak. Hauek dira alokatzeko baldintzak:

Armairua hiru hilabeterako alokatu behar da gutxienez.

Hiru hilabeteko alokairuaren prezioa unean unekoa izanen da.

Hiru hilabeteak iraganik, 5 eguneko epean giltza itzultzen ez bada, abonatuak alokairuari eutsi nahi diola ulertuko da. Beraz, harrera lekuan alokairuaren zenbatekoa ordaintzen ez badu, bankuko ordainagiria bidaliko zaio.

Armairua hartu zen egoera berean utziko da. Giltza galduz gero 10 euro ordainduko dira, hau da, sarraila berriaren kostua.

Armairua alokatzen duenak erantzun beharko du bertan egiten den edozein kalterengatik.

Instalazioak ez du inolako erantzukizunik izanen armairu horietan zerbait ebatsi edo galtzen bada.

Igerilekuetako ur bazter eta igeri-ontzietan bete beharreko arauak

Igeri-ontzi guztietarako arau orokorrak (udako igerilekua)

1. Igeri-ontzira edo ur bazterreko eremura sartzeko nahitaez pasatu behar da dutxetatik. Nahitaez dutxa hartu behar da uretan sartu aurretik.

2. Inor ezin da oinetakoak jantzita sartu ur bazterreko eremura, garbiketa, mantentze edo zainketa lanak egiten dituzten langileak izan ezik.

3. Debeku da igerilekuetako pasabideetan edo igeri-ontzian erretzea, jatea eta hondakinak sortzen dituen beste edozer egitea.

4. Debeku da igerilekuetako belargunean etzaulkiak sartzea eta pasabideetan eskuoihalak jartzea eguzkia hartzeko.

5. Debeku da igeri-ontzian beste erabiltzaileei traba egiten ahal dieten gauzak sartzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, pilotak, baloiak, etab.), salbu eta enpresa kudeatzaileak espresuki izendatutako egun, ordu eta aldeetan, edo sorosleak baimena ematen badu, egokitzat jotzen duenean.

Honako objektu hauek salbuetsiko dira: igeri egiteko betaurrekoak, mahukak, haurrentzako burbuilak, eta akats fisiko edo erredurak estaltzeko elastikoak.

6. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza edo jarduerak. Beraz, ezin izanen da korrika ibili, baloiarekin jolastu, jolas bortitzetan aritu, uretara arrapaladan salto egin, eta, oro har, baztertu eginen dira erabiltzaileak gogaitarazi eta uraren kalitatea txartzen dituzten ekintza guztiak.

7. Debeku da igerilekuko ura zikintzea, xaboia erabiltzea eta igeri-ontzietako uraren propietate fisiko edo kimikoak aldaraz ditzakeen edozein produktu azalean ematea.

8. Debeku da mozkortuta uretan sartzea.

9. Debeku da uraren bidez kutsatzen ahal diren eritasunak dituzten pertsonak uretan sartzea.

10. Igeri-ontzi bakoitzean batera egon daitezkeen pertsonen gehieneko kopurua araudi bidez ezartzen da. Muga horretara iritsita, sorosleak edo mantentze lanetako langileek igeri-ontzira ez sartzeko agindu ahal izanen dute aldi baterako.

11. Igeriketa ikastaroak eta antolatutako beste jarduera batzuk egiten ari diren bitartean, horretarako hartzen diren gune edo kaleak ezin izanen dituzte erabili jarduera horietan izena emanda ez dauden pertsonek.

12. Sorosle edo begiralea, igeri-ontzian edo igerilekuko ur bazterrean, beste edozein langile bezalakoa da, eta badu ahalmena arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartzeko eta zehapena ezartzeko.

13. Zortzi urte arteko haurrak betiere guraso baten edo arduradun heldu baten ardurapean sartuko dira uretan. Horregatik beti egon behar dute guraso edo heldu batek lagundurik. Bestela, sorosleak emanen du baimena haurra uretan bakarrik sar dadin, baina inoiz ez du haren erantzukizunik izanen. Sorosleak baimenik eman ezean, adin horretako haurrak ezin izanen dira bakarrik sartu uretan.

14. Eguraldia edo osasun arazoak direla eta, instalazioko langileek igeri-ontzia ixtea erabaki ahal izanen dute beharrezkotzat jotzen dutenean.

Haurrentzako igeri-ontzi estali gabeetarako arauak

1. Debeku da 5 urtetik gorako haurrak, gazteak eta helduak haurrentzako igeri-ontzietan sartzea, haur txikiak zaintzen dituzten helduak izan ezik. Zaintzaile horiek ur bazterrean eta inguruetan egon behar dute. Beharra dagoenean, haur bakoitzeko heldu bat baizik ez da sartuko uretan.

2. Oso txikiak izanda ere, haur guzti-guztiei jarri beharko zaie pixoihala edo kuleroa.

3. Ezin zaie haurrei jaten eman igeri-ontziaren barnean.

Igeri-ontzi estalirako arauak

1. Gehieneko edukiera: 70 pertsona.

2. Sakonera 1,10 eta 1,60 metro bitartekoa da.

3. Nahitaez dutxa hartu behar da igerilekuan sartu aurretik.

4. Nahitaez erabili behar da bainu txanoa.

5. Igerilekuan bainujantzian eta txankletak jantzita ibili ahal izanen da soil-soilik.

6. Debeku da uretara jauzi arriskutsuak egitea eta gainerakoak gogaitarazten dituzten jolasetan ibiltzea.

7. Igerileku estalia igeri egiteko da, ez jolasteko.

8. Kaleetan betiere eskuinaldetik egin behar da igeri; ez geratu kortxoei helduta. Kale bakoitzeko igeriketa maila errespetatzen saiatu behar da, karteletako oharrei kasu eginez.

9. Zortzi urtetik beherako haurrak une oro gurasoen ardurapean ibiliko dira uretan.

10. Igeriketa ikastaroen ordutegian, ikastaroetako parte-hartzaileek igerilekua erabiltzeko lehentasuna izanen dute.

11. Une oro kasu eginen zaie soroslearen jarraibideei.

12. Arauak betetzen ez dituzten guztiak igerilekutik bidali ahal izanen dituzte.

Hidromasaje eta jardueretarako ontzirako arauak

Ontzi horrek bi gune desberdin ditu: hidromasajeetarako gunea eta igeri egiten ikasteko kalea. Kaleak ere baditu hidromasajeko zurrusta bana hasieran eta amaieran, baina araudiaren ondorioetarako horiek hidromasaje gunean sartzen dira.

1. Nahitaez dutxa hartu behar da uretan sartu aurretik.

2. Gehieneko edukiera jacuzzi bakoitzean: 6 pertsona.

3. Hamasei urtetik aurrerakoek erabiltzen ahal dituzte.

4. Gehieneko denbora: 10 minutu. Denbora hori iragandakoan nahitaez utzi behar da lekua libre, inor itxaroten badago.

5. Jacuzzia neurri gabe erabiltzeak osasunari kalte egiten dio.

6. Ez dira ukitu behar ontziaren barnean airea edo ura botatzen duten zuloak.

Atsedenerako eta ikasteko eremua

7. Zortzi urtetik beherako haurrak betiere gurasoen ardurapean ibiliko dira uretan.

8. Gehieneko edukiera: 15 pertsona.

9. Ikasketa eremua igeri egiteko eta atseden hartzeko da, ez jolasteko.

10. Une oro kasu eginen zaie soroslearen jarraibideei.

11. Sorosleak igerilekutik bidali ahal izanen ditu arauak betetzen ez dituzten guztiak.

12. Haur txikientzako igeriketa ikastaroak eta aquagim jarduera egiten direnean, jarduera horietako parte-hartzaileek bakarrik erabiliko dute ikasketarako igerilekua. Jacuzziak kortxo-ilararen atzean erabili ahal izanen dira soilik.

Saunaren eta turkiar bainuaren eremurako arauak

Sauna

1. Saunan gehienez ere 8 lagun sartzen dira eserita. Sauna erabiltzerakoan beterik dagoela ikusten bada, sauna-aurrean itxaron beharko da erabiltzaileren bat irten arte.

2. Saunan eserita nahiz etzanda egon daiteke. Etzanda, 4 pertsona sartzen dira gehienez. Beste lagun bat agertzen den momentuan gainerako erabiltzaileak eseri eginen dira, etorri berriari lekua egiteko.

3. Sauna irekita dago 16 urtetik gorako erabiltzaile eta abonatu guztientzat. 16 urtetik 18ra bitarteko abonatuek sauna erabili ahal izateko, haien gurasoek baimen agiria sinatu eta aurkeztu beharko dute.

4. Sauna-aurrean txankletak jantzita ibili behar da, eta saunara oinutsik sartu behar da.

5. Saunan biluzik edo bainujantzian egon daiteke. Biluzik sartzen direnek eskuoihala eraman behar dute, gainean eseri edo etzateko.

6. Nahitaez dutxa hartu eta gorputza ongi lehortu behar da saunara sartu baino lehen.

7. Saunara sartu baino lehen komeni da sauna-aurrean ikusgai dauden aholku eta gomendioak irakurtzea.

8. Erabat debekaturik dago saunaren barnean bizarra egitea, gorputzeko bestelako garbiketak egitea, jatea eta hondakinak uzten dituen beste edozer egitea.

9. Debeku da saunara liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

10. Ezin da gorputzean inolako kremarik eman saunara sartu aurretik.

11. Ezin dira sartu larruazaleko eritasun kutsakorrak dituzten pertsonak eta mozkor daudenak.

12. Beti errespetatuko da saunako zerbitzu-sistema eta berak zehaztuko du pertsona eta ordu bakoitzeko prezioa. Hori ez betetzea hutsegitetzat hartuko da.

Turkiar bainua

1. Turkiar bainuan edo lurrun bainuan gehienez 8 pertsona sartzen dira eserita.

2. Lurrun bainua erabiltzerakoan beterik dagoela ikusten bada, kanpoan itxaron behar da norbait irten arte.

3. Turkiar bainua irekita dago 16 urtetik gorako erabiltzaile eta abonatu guztientzat. 16 urtetik 18ra bitarteko abonatuek turkiar bainua erabili ahal izateko, haien gurasoek baimen agiria sinatu eta aurkeztu beharko dute.

4. Turkiar bainura sartu baino lehen komeni da sauna-aurrean ikusgai dauden aholku eta gomendioak irakurtzea. Higieneari dagokionez, sauna lehorrean bezalako arauak bete behar dira.

5. Beti errespetatuko da saunako zerbitzu-sistema eta berak zehaztuko du pertsona eta ordu bakoitzeko prezioa. Hori ez betetzea hutsegitetzat hartuko da.

6. Enpresa kudeatzaileak ez du erantzukizunik izanen norbaitek arazoak baditu gehiegizko edo gomendatu gabeko erabileraren ondorioz.

Solarium artifiziala (UVA izpiak)

1. Irekita dago 16 urtetik aurrerako erabiltzaile guztientzat. 16 urtetik 18ra bitarteko abonatuek erabili nahi badute, gurasoen baimena aurkeztu beharko dute, beraiek aurkeztua.

Solariumera sartu baino lehen nahitaez irakurri behar dira hura erabiltzeko arauak. Honakoak dira:

_Harrera lekuan erreserba egin eta giltza jasoko da.

_Giltza jasotzerakoan ordainduko da.

_Giltza jaso eta 15 minutura itzuli behar da.

_Solariumeko saio bakoitzak 10 minutu iraunen du.

2. Solariuma behar bezala erabiltzeko aholkuak kontuan hartzea gomendatzen da.

3. Enpresa kudeatzaileak ez du erantzukizunik izanen norbaitek arazoak baditu gehiegizko edo gomendatu gabeko erabileraren ondorioz.

4. Solariuma erabiltzeko erantzukizun-orria sinatu beharko da nahitaez, indarra duen araudiari jarraituz.

Fitness aretoan eta jardueretarako gimnasioan bete beharreko arauak

1. Fitness aretoko sarreran erabiltzaile bakoitzaren eskuaren irakurketa biometrikoa eginen da ataka irekitzeko.

2. Fitness aretoan kirol arropak eta gomazko zola duten kirol oinetakoak jantzita sartu behar da. Debeku da bestelako janzkeran edo oinutsik sartzea.

3. Fitness aparatuek eta batik bat muskulaziokoek kalte handia egin diezaiekete behar ez bezala erabiltzen dituzten pertsonei. Horregatik, fitness aretoa erabili nahi duten guztiek aholku eskatu beharko diote begirale espezialistari. Hori egin ondoren, makinak nahi den moduan erabili ahal izanen dira.

4. Fitness aretoa irekita dago 16 urte baino gehiago izan, abonaturik egon eta makinak erabiltzeko jarraibideak jaso dituzten erabiltzaile guztientzat.

5. Taldeko jardueretarako gimnasiora sartu ahal izateko, "Kirol Abonua" deritzon kuota ordaindu behar da. Begiraleak egiaztatuko du baldintza hori bete dela, berariaz egindako kontrol-zerrenden bidez. Noiznahi begiraleak edo instalazioko langileek identifikatzeko eskatu ahal izanen diote edozein erabiltzaileri, "Kirol Abonua" deritzon kuota hori baduela egiaztatzeko.

6. Begiraleek aginpidea izanen dute baldintza hori betetzen ez dutenak aretotik kanporatzeko, harrera lekuan datuak egiaztatu eta gero.

7. Begirale espezialistak erabiltzaileei jaramon eginen die banakako jarraipenerako programen bidez, bakoitzak zer eskatzen duen kontuan izanik.

8. Arau horiek ez betetzea hutsegitea izanen da. Instalazioko edozein langilek aplikatu ahal izanen du, bereziki aretoko begiraleak.

9. Aretoan bertan berariazko araudia dago, hainbat alderdi arautzen dituena: makinen eta musika aparatuaren erabilera, makinen garbiketa, eskuoihalaren erabilera, materialen bilketa etab.

10. Jarduera gidatuetan begiraleak kontrolatuko du kirol-abonua dutenen sarrera, jarduera-zerrenden bidez. "Jardueraren titularrek" erreserbatua izanen dute beren lekua. Kirol-abonua duten gainerakoak ere sartu ahal izanen dira, jarduera hasterakoan lekurik baldin badago.

Pilotalekuan bete beharreko arauak

1. Pilotalekuan kirol arropak eta gomazko zola duten kirol oinetakoak jantzita sartu behar da. Debeku da bestelako janzkeran edo oinutsik sartzea.

2. Pilotalekua irekita dago 16 urte baino gehiago izan, abonaturik egon eta erreserba egiten duten erabiltzaile eta abonatu guztientzat. Adin horretatik beherakoek eskatzen dutenean, instalazioko arduradunak berak emanen die baimena. "Kirol Abonua" dutenek kuota horri dagozkion deskontuak izanen dituzte.

3. Pilotalekua pilotaren modalitateetan aritzeko baino ez da erabiliko. Debeku da baloiarekin, eskubaloian, futbolean eta horrelako kiroletan aritzea.

4. Pilotalekuaren erreserban prozedura honi jarraituko zaio:

Hiru hilabeterako alokairuaren baldintzak:

_Hiru hilabeterako alokairua ordainduko da, garaia denean ezartzen den prezioan.

_Eskabidea betez gero, zozketa batean parte hartuko da, hiruhilekoaren aurreko hilaren 25ean.

_Abonatu bakoitzak 2 ordutegi desberdin eskatu ahal izanen ditu hiruhileko bakoitzerako, eta haietako bat onartuko diote.

_Pilotalekua alokatzen duenak erantzun beharko du bertan egiten den edozein kalterengatik.

_Inoiz inor ezin izanen da pilotalekura sartu harrera lekutik pasatu gabe. Horrela, abonatu gabeek pilotalekua erabili nahi badute instalazioko sarrera ordaindu beharko dute. Arau hori bete ezean, abonatuari zehapena ezarriko zaio, pilotalekuan sartzea debekatuz urtebeterako. Arau hori aplikagarria da erabilera ordu solteetarako.

_Instalazioak ez du inolako erantzukizunik izanen zerbait lapurtu, galdu edo beste kalteren bat gertatzen bada.

Egun baterako alokairuaren baldintzak:

_Erreserba gehienez ere 48 ordu lehenago egin ahal izanen da.

_Giltza jasotzean kantxa ordainduko da, baita argia ere, beharrezkoa bada.

5. Abonatu gabeek pilotalekua erabiltzeko ordaindu egin beharko dute harrera lekuan, orduaren hasieran, giltza jasotzerakoan. Arau hori bete ezean, ordua erreserbatu duen abonatuari urtebeteko zehapena ezarriko zaio pilotalekuaren alokairuan.

6. Arau horiek ez betetzea hutsegitea izanen da. Instalazioko edozein langilek aplikatu ahal izanen du.

Belargunean bete beharreko arauak

1. Oinetakoak jantzita ibili ahal izanen da eremu zolatuetan, eta toki jakinetara joateko, eremu zolatuetatik irispiderik ez dutenean.

Gainerako kasuetan oinutsik edo txankletak jantzita ibili behar da.

2. Debeku da jatea, horretarako mugatutako aldeetan izan ezik (taberna, terrazak, erretegiak eta haurren jostalekua).

3. Debeku da berdegunera botilak edo beirazko ontziak eramatea.

4. Belargunean debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazi edo arriskua sortzen ahal duten ekintza edo jarduerak. Beraz, debeku da kirolean, jolas bortitzetan edo lasterka ibiltzea, norberaren musika aparatuak erabiltzea, orratzak erabiltzea eta, oro har, gainerako erabiltzaileak gogaitarazi edo belarra hondatzen ahal duen edozer egitea.

5. Berdegunean debeku da eguzkitakoak erabiltzea.

6. Berdegunean debeku da hamaka edo etzaulkiak erabiltzea. Osasun arrazoiengatik bakarrik emanen da baimena, instalazioko zuzendaritzari idatziz eskatuz gero.

Taberna-jatetxean, terrazan eta erretegietan bete beharreko arauak

1. Badira taberna-jatetxearen funtzionamenduari buruzko arauak, osorik aplikatzekoak. Luzeak direnez, erregelamendu honi eranskin gisa batuko zaizkio.

2. Ezin da mahairik erreserbatu tabernan eta terrazan.

3. Erretegietan mahaiak erreserbatzen ahal dira instalazioa irekitzen den unetik hasita.

4. Udako terrazetan, belarretik hurbilen dagoena norberak ekarritako janari-edariak hartzeko erabiltzen ahal da. Udako tabernaren ondoko terrazan establezimendu horretako gauzak kontsumitu behar dira.

5. Erabiltzaile bakoitzak bere mahaia jasoko du kontsumizioa amaitutakoan, eta mostradorera itzuliko ditu mahaira ekarri dituen ontziak.

6. Erretegietan, erabiltzaileek arreta jarriko dute eserleku eta mahaiak behar bezain garbi uzteko. Halaber hondakinak kenduko dituzte, zabor poltsetan sartuta.

7. Instalazioetan debeku da ausazko joko sendoetan edo diru kopuru handiak jokatzen aritzea.

8. Elkarren errespetuagatik, erabiltzaileei eskatzen zaie otordu garaian aulki eta mahaiak ez ditzatela hartu kartetan edo solasean aritzeko, jatera edo kontsumizioa hartzera doazenek lekua izan dezaten.

9. Taberna-jatetxeko errentariek badute Berriozarko Udaleko Gobernu Batzordearen baimena ezarritako arauak taberna-jatetxearen barnean betearazteko.

Beste arau batzuk

1._Galdutako gauzak.

Enpresa kudeatzaileak eta Udalak ez dute erantzukizunik izanen instalazioetan galtzen diren gauzengatik.

Erabiltzaileei eskatzen zaie bakoitzak arretaz zaindu ditzala bere gauzak.

Egunero instalazioa garbitzean aurkitzen diren gauza baliotsuak, edo abonatuek aurkitzen dituztenak, bi astean harrera lekuan edukiko dira eta ondoren udaltzainei emanen zaizkie, legez ezarritako izapideak bete daitezen.

2._Istripuak.

Enpresa kudeatzaileak eta Udalak ez dute erantzukizunik izanen instalazioen erabiltzaileek izan ditzaketen istripuengatik, instalazioaren akatsek eragindako istripuak ez badira.

Enpresa kudeatzaileak erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatu du instalazioen akatsek eragindako istripuetarako eta bertan aurreikusten den neurriko erantzukizuna hartuko du bere gain.

3._Udalaren jarduerak.

Enpresa kudeatzailea eta Udala ados jarriko dira Udalak instalazioa erabil dezan berak antolatzen dituen jarduerak egiteko, aldizkakoak nahiz bereziak.

4._Kiroldegira sartzea.

_Betiere kiroldegia kudeatzen duen enpresaren baimena beharko da harmailetara sartzeko.

_Kiroldegiko jardueren erabiltzaileak baizik ez dira sartuko kiroldegira eta aldageletara.

5._Osasun zerbitzua.

_Zerbitzu horiek profesionalei berei ordainduko zaizkie, kontsulta egiten denean.

_Kontsultarako hitzordua hartuz gero, huts egiten bada kontsultaren prezio osoa ordaindu beharko da.

6._Kirol jarduerak.

_Abonatu guztiek parte hartu ahal izanen dute enpresa kudeatzaileak prestatutako planeko jardueretan. Beti errespetatu beharko dituzte izena emateko epeak, izena emateko sistema, itxaron zerrendak, plaza kopurua eta abar.

Diziplina araubidea

1. Berriozarko Udaleko Gobernu Batzordeari dagokio abonatu edo erabiltzaileen kontrako diziplina neurriak hartzea, erabilerari buruzko erregelamendua betearazteko eta instalazioan Udalak dituen ondasunak babesteko.

2. Instalazioko langileek ahalmena dute beren jarraibide edo ahozko ohartarazpenei jaramonik egiten ez dieten abonatu edo erabiltzaileak berehala kanpora bidaltzeko. Gainera, arau-hausleari gero zehapena ezarri ahal izanen zaio.

3. Zehapena ezartzeko urratsak honakoak izanen dira:

_Erregelamendu honetako edozein arau hautsiz gero, instalazioko edozein langilek berehala kanpora bidali ahal izanen du arau-hauslea, prebentzio neurri gisa.

_Gertatutakoa azaltzen duen zehapen-gaztigua eginen da eta arau-hausleari emanen zaio, eskura edo postaz.

_Zehapena ezarri arte, arau-haustea egin duen erabiltzaileari instalaziora sartzea eragotziko zaio.

_Zehapen gisa instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen bazaio, sartzeko debekuak zehapena bete arte iraunen du, behar adina egun.

_Egun horiek igarotakoan abonatua berriro sartu ahal izanen da instalaziora.

4. Instalazioaren jarraipenerako Batzordeak hutsegitea eta dagokion zehapena zehazteko ahalmena emanen dio batzordekide bati edo gehiagori. Berriozarko Udaleko Gobernu Batzordeak hutsegitea eta zehapena berretsi beharko ditu. Jarraipen Batzordearen txostena ez da inoiz loteslea izanen, eta honako arau hauek beteko dira:

Hutsegiteak honela sailkatuko dira:

a) Hutsegite arinak.

b) Hutsegite larriak.

c) Hutsegite oso larriak.

d) Hutsegite ekonomikoa.

a) Ondokoak dira hutsegite arinak:

Erregelamendu honetan ezarritako funtzionamendu arauetako edozeinen kontrako hutsegitea, hutsegite larri edo oso larritzat jotzen direnak izan ezik.

b) Ondokoak dira hutsegite larriak:

Hutsegite arinak behin eta berriz egitea.

Inori datuak lagatzen saiatzea, barrutira edo bertako instalazioren batera sar dadin. Atal honetan sartzen da, adibidez, inori saunara sartzen uztea norberak jasotako giltzarekin.

Beste erabiltzaile batzuen edo arau-hauslearen beraren segurtasuna arriskuan jar dezakeen edozein arau-hauste; bereziki, igerilekuak behar bezala ez erabiltzea.

Instalazioko ondasun higigarri edo higiezinak hondatzea.

Instalazioaren barnean ordenaren nahaste larria eragiten duen edozein ekintza edo omisio.

c) Ondokoak dira hutsegite oso larriak:

Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

Instalazioaren barneko bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten hutsegite larriak.

d) Ondokoak dira hutsegite ekonomikoak:

Bankuko ordainagiriak behin eta berriz atzera botatzea.

Hileko ordainagiriren bat ordaindu gabe izatea.

5. Hutsegite arina egiten dutenei instalazioa erabiltzea eragotziko zaie 3 egunetik 5era bitarteko aldian, jakinarazpenaren egunetik hasita.

6. Hutsegite larria egiten dutenei instalazioa erabiltzea eragotziko zaie 15 egunetik hilabetera bitarteko aldian, zehapenaren abisua ematen zaien egunetik hasita.

7. Hutsegite oso larriak instalazioaren jarraipenerako Batzordeari aurkeztuko zaizkio, hutsegite bakoitza eta dagokion zehapena azter ditzan. Haren txostena Berriozarko Udaleko Gobernu Batzordeari igorriko zaio eta berak bidezko iruditzen zaion erabakia hartuko du. Gutxienez hilabeterako kenduko da instalazioa erabiltzeko eskubidea eta zehapenik larriena izanen da eskubide hori behin betiko kentzea, Udalak edo enpresa kudeatzaileak arau-hauslearen kontra legez erabiltzen ahal dituen akzioez gainera.

8. Hutsegite ekonomikoa egiten dutenei instalaziora sartzea eragotziko zaie egoera zuzendu arte. Ordaintzeko dauden ordainagiriak eskudiruz ordaindu ahal izanen dira instalazioko harrera lekuan bertan. Ordaindu gabeko ordainagiria berriz ere bankuaren bidez igortzen bada, 3 euro gehituko zaizkio administrazio kostuak ordaintzeko.

9. Ematen diren ebazpenen aurka, indarra duen legerian orokorki onartzen diren errekurtsoak jarri ahal izanen dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin izanen da instalaziora sartu.

Iragarkiaren kodea: L0603397