38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AGOITZ

Agoizko herritarrendako laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantzaren onespena

2005eko 145. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 5ean, argitara eman zen Agoizko herritarrek kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespenaren iragarkia.

Jendaurreko epean inolako erreklamaziorik jaso ez denez, behin betikoz onetsita dago aipatu ordenantza.

Horiek horrela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik ematen da argitara Agoizko herritarrek kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

Agoitzen, 2006ko otsailaren 23an._Alkatea, José Javier Esparza Abaurrea.

AGOIZKO HERRITARREK KULTUR ETA KIROL JARDUERETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Udalak bitartekoak jarri nahi dituelako, banakako laguntzak emanez, baliabide ekonomiko eskasak dituzten Agoizko herritarrek aukera izan dezaten Agoitzen antolatutako kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko.

2. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren babesean ezarri da Agoizko herritarrek kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

3. artikulua. Ordenantza honetako laguntzak jasotzeko, ondoko baldintzak bete beharko dituzte onuradunek:

a) Agoizko bizilagun erroldatua izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, eta egoera juridiko horretan egotea Agoizko Udalak emandako laguntzak iraun bitartean.

b) Laguntza ekonomikoa noiz eskatzen den, aurreko urteko errenta aitorpenean famili unitatearen per capita likidazio-oinarria 300 eurotik beheitiko izatea. Zuzeneko zenbatespeneko araubidean tributatzen duten subjektu pasiboen kasuan, edo dirusarrerak edozein modulu-sistemaren bidez kalkulatzen bazaie, kontabilitatetik egiaztatzen diren datuen arabera kalkulatuko da errenta aitorpenaren likidazio-oinarria.

c) Agoizko Udalarekin tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

d) Zuzenbidean onartutako edozein bide erabilita egiaztatuko da Agoitzen antolaturiko kirol nahiz kultur jardueretan parte hartu izana, dela Udalak berak antolatutako jardueretan, dela bertze edozein entitate publiko zein pribatuk antolatutakoetan.

4. artikulua. Honenbertzeko laguntza ekonomikoak emanen dira kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko:

a) Erabiltzaileak kultur edo kirol jardueran parte hartzeko ordaindu behar duen kostuaren % 25, familia unitatearen per capita errenta Ordenantza honen 3. artikuluko b) atalean ezarritakoaren azpitik badago.

b) Erabiltzaileak kultur edo kirol jardueran parte hartzeko ordaindu behar duen kostuaren % 50, familia unitatearen per capita errenta Ordenantza honen 3. artikuluko b) atalean ezarritakoaren azpitik badago eta eskatzailea erretiratua, pentsioduna edo minusbaliatua bada.

Senar-emazteen kasuan, ezkontideetako bat erretiratua edo pentsioduna bada eta bertzea lanean ari bada etxeko lanez arduratzen delako, % 50eko laguntza ekonomikoa jasoko dute batak nahiz bertzeak.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako laguntzak jaso nahi dutenek ondoko agiriak aurkeztuko dituzte Agoizko Udalaren erregistro orokorrean:

a) Ordenantzaren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko ziurtagiriak.

b) Kultur edo aisialdiko jardueraren antolatzailearen ziurtagiria, jarduera Agoitzen egin(en) dela frogatuz.

c) Kontu-zenbaki bat, laguntza ekonomikoa bertan ordaintzeko.

d) Matrikularen egiaztagiria, ordaindu izanaren ziurtagiria, etab., kultur edo kirol jardueraren kostua egiaztatzeko.

Agoizko Udalak bertze edozein agiri eskatu ahalko die eskatzaileei, interesatuek edo antolatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten frogatze aldera.

6. artikulua. Kultur edo kirol jarduera egin aitzin eskatu beharko dira laguntza ekonomikoak edo, bertzela, jarduera bukatu eta beranduenez ere hilabeteko epe luzaezinaren barnean.

7. artikulua. Laguntzen onuradunak kultur edo kirol jarduera osorik egiteko konpromisoa hartzen du, eta laguntza kendu ahalko zaio hala egiten ez badu, betiere ezinbertzeko kasuetan izan ezik.

Onartu egiten ditu, orobat, Udalak emandako diruaren gaineko egiaztapenak nahiz kontrol finantzarioak.

8. artikulua. Onuraduna Agoizko Udalarekin zorretan sartuko balitz, honek ofizioz kobratu ahalko luke zorra, emandako dirulaguntzari zorraren zenbatekoa kenduz.

9. artikulua. Ordenantza honetako laguntza ekonomikorako eskaera jaso ondoren, eta ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, laguntzaren kontzesioa bi hilabeteko epean ebatziko da, ordenantzaren 6. artikuluan aipatzen den egunetik hasita.

10. artikulua. Jarduera baten antolatzaileek ezin dute inola ere ordenantzan bildutako laguntzak eskatu, ezta parte-hartzaile guzti-guztiek baldintzak betetzen dituztenean ere.

11. artikulua. Hartutako diru guztia itzuli beharko da eta Udalak dirulaguntza eman zuenetik aitzinako berandutza interesak ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Agoizko Udalak laguntzak jasotzeko baldintzak egiaztatzeko agiri osagarriak eskatu eta agiriak aurkezten ez badira.

b) Dirulaguntza eskuratzea, horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

c) Dirulaguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

12. artikulua. Jarduera burutzen ari den bitartean, onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzeari utziz gero, berehala jakinarazi beharko zaio Udalari. Horrelakoetan emandako laguntza hainbanatuko da, ordenantzako baldintzak bete izan diren denbora tartea kontuan hartuz.

13. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira, dirulaguntza eta laguntza publikoei dagokienez, honako hauek:

a) Dirulaguntza jasotzea, hartarako eskatutako baldintzak faltsutuz.

b) Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

14. artikulua. Ordenantza honen indarrez jasotzen diren laguntzak guztiz bateragarriak dira jasotzen ahal diren bertzelako laguntza nahiz dirulaguntzekin, are Agoizko Udalarenak badira ere, baina betiere laguntza eta dirulaguntza guztien batura ez bada kultur edo kirol jarduerak eskatzaileari dakarkion kostua baino handiagoa.

15. artikulua. Arau-hauste administratiboengatik ezarriko den isuna izanen da gaizki lortu, aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru.

Ezarri daitekeen isunaz gain, Agoizko Udalak bere esku duen dokumentazioa igorri ahalko die jurisdikzio organo eskudunei, bertze mota bateko erantzukizunak badiren zehazteko.

16. artikulua. Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira arau-hausteak eta zehapenak, eta interesatuari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera izapidatuko da espedientea.

17. artikulua. Ordenantza honen oinarrien eta hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka Nafarroako toki entitateendako aurreikusitako errekurtsoak aurkeztu ahalko dira.

ERANSKINA

Agoitzen antolatutako kultur eta kirol jardueretan parte hartzeko laguntza ekonomikoak jaso ahalko dira ondoko jardueretan parte hartzeagatik:

_Erretiratuen Elkarteko kuotak.

_Agoizko Kirol Klubeko bazkide-kuotak.

_Igerilekuetako abonuen kuotak.

_Agoizko Udalak antolatutako zinema saioetarako sarrerak.

_Agoizko Udalak antolatutako antzerki saioetarako sarrerak.

_Agoizko Udalak antolatutako pilota partidetarako sarrerak.

_Agoizko Udalak antolatutako gainerako kultur jardueretarako sarrerak.

_Agoizko Udalak antolatutako ikastaroak.

_Francisco Yndurain Unibertsitateko kuotak.

_Agoizko kultur elkarteetako kuotak.

_Ehiztarien elkarteko kuotak Agoizko ehiza barrutirako.

Iragarkiaren kodea: L0603374