38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

307/2006 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, honako instalazio proiekturako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena: "Leitzako udal mugapeko (Nafarroa) Leitzako hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

2005eko azaroaren 28an, Gas Navarra, S.A.k ondoko instalazio hauek egiteko administrazio baimena eskatu du eta, horrekin batera, proiektuaren onura publikoa onets dezatela: "Leitzako udal mugapeko (Nafarroa) Leitzako herrigunean gas naturala banatzeko sarea", Julián Diéz Gómez bide ingeniariak prestatutako proiektuan zehaztua eta Elkargo Ofizialak 2005eko azaroaren 16an ikus-onetsia, 130808 zenbakiaz.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Gas naturala banatzeko sarea Landako bidearen ondoko AP-7 industria eremuan den ERM APA/MPAtik abiatuko da eta Elgoien, Elbarren, Amazabal kaleetan eta 2 eta 6 ezezagunetan barna joanen da, polietilonozkoa (PE-100) izanen da, eta diametro nominala 200 eta 160 mm-koak; ondoren, herri guztian barna 90 mm-ko adarretan banatuko da.

Guztira, sarearen luzera 7.802 metrokoa da; horietatik 570 200 mm-koak, 2.038 metro 160 mm-koak eta 5.194 metro 90 mm-koak.

Banaketa sarearen diseinuaren presioa 4 bar da eta tenperatura 15ºC, aurreikusi den gehieneko emaria 3.000 N m³/h-koa eta gasaren lastertasun handiena, 20 m/seg-ko.

Aurrekontuak laurehun eta berrogeita hamazazpi mila ehun eta bi euro eta berrogeita hiru zentimo egiten du (457.102,43 euro).

Gas Navarra, S.A. administrazio baimen batzuen titularra da, Nafarroako zenbait herritan gas naturala banatzeko, etxeetan, saltokietan eta industrietan erabil dadin; beraz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Industria Segurtasunerako Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean jarri baitu, 2005-12-23ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen eta 2006ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 11n, argitaratuta, baita Leitzako udaletxeko iragarki oholean ere. Ez da alegaziorik aurkeztu arauzko epean.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak onartuko ditu enpresa titularrak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, ondoko instalazioen proiektua gauzatzeko: "Leitzako udal mugapeko (Nafarroa) Leitzako hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Navarra, S.A.k bi hilabeteko epean 9.142,05 euroko bermea jarri beharko du, hau da, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta haien muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendua). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua galdetuz gero.

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena._Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena._Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta abenduaren 30eko ITC/4100/2005 Aginduan eta ondoko berrikuspenetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena._Industria Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zuzen betetzen diren edo ez begiratuko du.

Instalazioak egin eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntadurak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, puntu horiei buruzko akta eginen du, Zuzendaritza Nagusi honetara igortzeko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari, aldez aurretik.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

2. Gas Navarra S.A.k Leitzako udal mugapean, Leitzako herrigunean, gas naturala banatzeko sarea eraikitzeko aurkeztu duen proiektua onestea, eta hura egiteko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta 5 urteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

4. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraztea eta ohartaraztea, bide administratiboa agortzen ez baitu, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 15ean._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0603061