38. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

75/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, abenduaren 15eko 78/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen.

Otsailaren 24ko 38/2005 Foru Dekretuaren bidez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organiko berria ezarri zen. Foru agindu hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak garatu zuen bulegoen mailan, uztailaren 29ko 78/2005 Foru Aginduaren bidez. Bakoitzari dagozkion eginkizunak adierazten dira.

Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari dagozkion eginkizun batzuk Gizarte Segurantzaren kudeaketari lotuak daude, Nafarroako funtzio publikoan babes sistema nagusia denari. Gainera, komeni da haren kudeaketa organoekin lankidetza eta koordinazioa areagotzea, gehienbat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak Gizarte Segurantzako kuotak pagatzeko harremanen arauei buruz hitzarmen bat izenpetu ondoren. Horiek denak arrazoiak dira Gizarte Segurantzaren Bulegoa sortzeko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari atxikirik, zehazten diren eginkizunak egin ditzan.

Horregatik denagatik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa Zerbitzuaren adostasun txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 24. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak uztailaren 29an eman 78/2005 Foru Aginduko II. kapitulua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari buruzkoa, aldatu, beste atal bat, bigarrena, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari buruzkoa, sortu, eta 8 bis artikulua gehitzea, hauxe dioena:

8. bis artikulua. Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari atxikitako Gizarte Segurantzaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietako Gizarte Segurantzaren kudeaketa koordinatzea, eta kudeaketa horretarako beharrezkoak diren informazio komunak mantentzea.

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren arteko harreman eta komunikazio guztiak bideratzea.

_Gizarte Segurantza kudeatzea erregimen horri loturik dauden langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean betiere.

_Gizarte babeserako beste araubide batzuk kudeatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako bahituretxeetako langileena izan ezik, betiere Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen barruan.

_Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko martxoaren 16an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0604755